Sareak

☉ Galdakao

Argazkiak / Zapi horiak soinean, Gazte Eguna ospatu dute Galdakaon

|

XII. Gazte Eguna ospatzen ari dira gaur Galdakaon. Maria Casillas eta Aitor Ibarrondo gazteek ostegunean GEURIAri aurreratu bezala, giroa paregabea da: kuadrilla askok paellak prestatu dituzte goizean zehar eta 600 lagun inguru batu dira herri bazkarian. Arratsaldean musika izango da protagonista: elektrotxaranga eta kontzertuak! Egitaraua hemen!

Hona hemen bidali dizkiguten argazkiak:

 

Eta hauek Imanol Aguilarren argazkiak, Gazte Eguneko antolakuntzak GEURIAri bidalitakoak:

☉ Galdakao

Galdakaoko Ibilaldia aurkeztu du Eguzkibegik Euskaltzaindiaren egoitzan

|

Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolako eta Getxoko San Nikolas Ikastolako ordezkariak Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean // Argazkia: Eguzkibegi Ikastola

2025eko maiatzaren 25ean Ibilaldia antolatuko du Eguzkibegi Ikastolak Galdakaon. Duela hilabete leloa eta logoa aurkeztu zituzten Kurtzeko plazan, eta Oihane Arana Eguzkibegi Ikastolako lehendakariarekin berba egiteko aukera izan genuen GEURIAn.

Gaur, uztailak 11, Galdakaoko Ibilaldiaren aurkezpena egin dute Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon. Eguzkibegi Ikastolako ordezkariez gain -tartean Oihane Arana lehendakaria-, aurten Ibilaldia antolatu duten Getxoko San Nikolas Ikastolako ordezkariak ere izan dira aurkezpenean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Olabarrietako Katamar Haurreskolako jolastokiak estalkia izango du ikasturte berritik aurrera

|

Estalkia jartzeko lanak uztailaren 15ean hasiko dituzte eta sei astez luzatuko dira // Galdakaoko Udala

Estalkia jarriko diote Galdakaoko Olabarrietako Katamar Haurreskolako jolastokiari. Lanak uztailaren 15ean hasiko dituzte eta sei astez luzatuko dira, Galdakaoko Udaletik zehaztu dutenez.

Estalkiaren egitura metalezkoa eta egurrezkoa izango da eta sabaia zeharrargia izango da, “argi naturala sar dadin”. Led motatako argi puntuak ere izango ditu.

Estalkia jartzearekin batera, jolastokian gomazko zoru berria ipiniko du Udalak.

Aurreikuspenen arabera, ikasturte hasterako jarrita egongo da estalkia. Udalak 60.000 euroko inbertsioa egin du.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Maria Casillas igerilari galdakoztarrak Munduko eta Europako errekorrak hautsi ditu errelebotan, Master kategorian

Casillasekin batera erreleboen taldea osatu dute Lara Vicandi Telleriak (Donostia), Ane Ibarrondo Garciak (Getxo) eta Naia Ibarrondo Garciak (Getxo), denak Swim Camp Getxo klubekoak

|

Maria Casillas (zutunik, eskuman), Lara Vicandi, Ane Ibarrondo eta Naia Ibarrondorekin batera // Utzitakoa

Maria Casillas Chueca igerilari galdakoztarrak Munduko eta Europako errekorrak hautsi ditu errelebotan, asteburuan São João da Madeiran (Portugal) izandako XXV. Masters Verão txapelketan.

Casillasekin batera erreleboen taldea osatu dute Lara Vicandi Telleriak (Donostia), Ane Ibarrondo Garciak (Getxo) eta Naia Ibarrondo Garciak (Getxo), denak Swim Camp Getxo klubekoak.

Munduko errekorrari dagokionez, 4×50 crol +100 proban 1’49”9ko denbora egin zuten, zegoen errekorra —2016koa— hautsiz (1’50”28).

Munduko errekorra hausteaz gain, Europakoa ere hautsi zuten lau igerilariek 4×100 estilos +100 proban, 4’37”39 denborarekin (aurreko marka 4’42”20koa zen).

“Gogor prestatu genuen txapelketa eta atzetik entrenamendu asko dago. Errekorrak haustea zaila zen: laurok ia gure markarik onenak egin behar genituen, eta motibazioarekin lortu genuen bi markak haustea. Sekulakoa izan zen!”, adierazi dio GEURIAri Mariak.

Igeriketa “oso kirol sakrifikatua” dela dio Mariak: “Oso gutxitan ematen ditu fruituak, baina kasu honetan eman ditu eta oso pozik gaude!”.

“Talde honetan oso argi daukagu ondo igeri egiteko denon artean oso ondo konpondu behar dugula eta giro oso ona egon behar duela. Eta hori da gure errealitatea”, dio Mariak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Kurtzeko frontoiko estalkia eta teilatu-hodiak konpontzeko lanak udazkenean hasiko dituzte

Uztailean frontoiko tabernaren estalkiko arazoak konponduko dituzte, eta irailetik aurrera ekingo diete lan handiei. Kasu batean zein bestean obrek ez diote frontoiko erabilerari eragingo

|

Aste honetan frontoiko tabernaren estalkiko arazoak konpontzen hasiko dira // Google

Kurtzeko frontoian dauden ur-filtrazioak konponduko ditu Galdakaoko Udalak. Aste honetan frontoiko tabernaren estalkiko arazoak konpontzen hasiko dira: estalkiko lamina iragazgaitza aldatuko dute, zaharra zulatua baitago eta ura sartzen baita.

Lan hauek “egun gutxitan” amaituko dituztela adierazi dute udal ordezkariek, eta frontoiaren eta tabernaren erabileran eraginik ez dutela izango zehaztu dute.

Bestetik, estalkiko hegal nagusia berritzeko lanak egingo ditu Udalak: alde batetik, teilatu-hodi berria jarriko dute aurrealdean, txapa ordezkatuko dute eta erremateak egingo dituzte; eta bestetik, atzealdeko teilatu-hodia ere konponduko dute.

Obra horiek iraila amaieran edo urrian hasiko dituzte, “Santakurtze jaiak bukatu ostean”. Kasu honetan ere kanpotik egingo dutenez lan, Udaletik aurreikusi dute lanek ez dutela eragingo frontoiaren erabileran, eta entrenamenduek “normaltasunez” jarraituko dutela adierazi dute.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Urreta kiroldegia itxita egongo da uztailaren 15etik abuztuaren 31ra bitartean, eraberritze-lanengatik

Uztailaren 1ean hasiko dituzte obrak, baina uztailaren 15era arte ez dute kiroldegia itxiko. Irailetik aurrera berriro irekiko dute, handitze lanak egiten dituzten bitartean

|

Lanak uztailaren 1ean hasi eta 22 hilabetez luzatuko dira // Galdakaoko Udala

Urretako kiroldegiaren barnealdea eraberritzeko eta handitzeko obrak uztailaren 1ean hasiko ditu Galdakaoko Udalak. Lanak 22 hilabetez luzatuko dira, baina faseka burutuko dituzte, “erabiltzaileei ahalik eta kalte txikiena eragiteko”, diote udal ordezkariek.

Uztailaren 1etik 14ra bitartean hormak eta zorua berritu, aldagelen distribuzioa aldatu eta irisgarritasuna hobetuko dute, baina kiroldegia zabalik egongo dela zehaztu dute Udaletik. “Fase honetako lanek eragina izango dute solairu nagusiko aldagela eta bainugela batzuetan”, diote.

Uztailaren 15etik abuztuaren 31ra bitartean, ordea, itxita egongo da kiroldegia bere osotasunean: “Beste aldagelak berritzeko lanak hasiko dituzte langileek eta dutxa zein komuna barruan dituzten aldagela irisgarriak eraikitzeari ekingo diote”, diote.

Zentzu horretan, Galdakaoko Udaletik gogorarazi dute Urretakoa itxita egongo den bitartean, Elexaldeko kiroldegia zabalik egongo dela, “erabiltzaileen kaltea arintzeko”. Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 22:00etara, larunbatetan 09:00etatik 20:00etara, eta igandetan eta jaiegunetan 09:00etatik 14:00etara egongo da zabalik Elexaldeko kiroldegia.

Irailetik aurrera hasiko dituzte Urreta kiroldegia handitzeko obrak: “Solarium gisa ezagutzen den gunea da eraikitzeko erabiliko dena: hutsik dagoen kuboa erabilgarri jarriko da, eta bi solairu eraikiko dira gune horretan.

Fase horretan egingo den lehen gauza lur azpian dagoen sotoa egokitzea izango da, eta, besteak beste, suteen aurkako babesak areagotuko dira”, diote udal arduradunek. Handitze lan horiek egiten diren bitartean kiroldegia zabalik egongo da. Eta lan horiek bukatu ondoren ekingo diote solarium gunean bi solairu eraikitzeari eta teilatua jartzeari.

1.000 metro karratu berri

Guztira 1.000 metro karratu berri izango ditu Urreta kiroldegiak, sotoa egokituta eta beste bi solairu berri sotoaren gainean eraikita.

Besteak beste, ariketa kardiobaskularrak, indar ariketak edota yoga egiteko erabilera anitzeko aretoak sortuko dituzte eta horretarako eraikin berri bat eraikiko dute kiroldegiaren sarreraren eta igerilekuaren arteko gune hutsean, solariuma deitzen dioten gunean, alegia.

“Gune berriak 370 lagunentzako lekua izango du”, adierazi zuen duela bi urte Iñigo Hernando alkateak, proiektua aurkeztu zutenean.

“Sotoa aprobetxatu nahi dugu eta aireztatzeko prozesuak hobetuko ditugu. Gainera, igerilekiko zein saskibaloi kantxetako aldagelak berrituko ditugu, eta berriak sortuko ditugu sotoan. Urteetan zehar erabileratik gabeko gunea aprobetxatu nahi dugu”, adierazi zuen Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak.

Osorik irakurri