Sareak

☉ Galdakao

Saharako, Hondurasko, Kolonbiako, El Salvadorreko eta Guatemalako emakumeen bizipenak entzungai izango dira Galdakaon

|

'Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileak' foroa Galdakaon izango da azaroaren 19an // Argazkia: Herribabesarea, V. Foru Ibiltaria

‘Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileak’ foroa antolatuko dute azaroaren 19an, asteartez, Galdakaon. Zehazki, mundu zabaleko emakumeek bizi dituzten eskubide urraketak azaleratuko dituzte jardunaldi horretan.

Horretarako, Saharako, Hondurasko, Kolonbiako, El Salvadorreko eta Guatemalako emakumeek euren bizipenak kontatuko dituzte. Horiek dira: Mansoura Bachari (Sahara), Diana Carolina Maradiaga (Honduras), Astrid Torres Ramírez (Kolonbia), Amaranta Margarita Portillo (El Salvador) eta Lin Valenzuela (Guatemala).

“Jardunaldian zehar, giza eskubideen defendatzaile diren erakunde horiek izaten dituzten erresistentziak ikusaraziko dira, haiei babesa emateko jasaten dituzten erasoen, mehatxuen, jazarpenaren eta hilketen aurrean”, diote udal ordezkariek.

Jardunaldiaren helburua da mundu osoko giza eskubideen urraketei buruz hausnartzea eta kontzientziatzea, eta nazioarteko elkartasuna lantzea.

‘Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileak’ foroaren seigarren edizioa azaroaren 19an, asteartez, izango da udaletxeko bilkura aretoan, 18:00etan. Herritarrentzat irekia izango da jardunaldia.

Nor da nor

Mansoura Bachari. Saharako Emakumeen Batasun Nazionala (Mendebaldeko Sahara). Elkartea 1974an sortu zen, autodeterminazio eskubidearen alde eta Saharako gizartean eta haren garapenean emakumeek duten protagonismoa ikusaraztearen garrantziaren alde saharar herria batzeko beharraren aurrean. Horretarako, eta beste ekintza batzuen artean, emakumeek espazio politiko, soziokultural eta profesionaletan parte hartzea bultzatzen dute.

Diana Carolina Maradiaga. Giza Eskubideen Defentsa Sare Nazionala (Honduras). Giza eskubideak defendatzen dituzten emakumeen borrokarako espazio kolektiboa da. Bere lana ekintzak babestea eta ahotsak, salaketak eta lortzen duten ezagutza zabaltzea da. Emakume defendatzaileek eta beste pertsona batzuek duten arriskua agerian uzten dute, eta haien autobabesean eta autozaintzan lan egiten dute. Herri komunikazio feminista egiten dute, irratsaioen eta sare sozialen bidez beren pentsamendua, sentimendua eta egitekoa eremu publikora eraman ahal izateko.

Astrid Torres Ramírez. Defendatzaileak gara (Kolonbia). Giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeek osatutako babesgunea. Kolonbiako indarkeriak eragindako talde sozialen eta komunitateen giza eskubideak defendatzeko egiten duten lanagatik arriskuan dauden pertsonak babesteko proposamen integral bat garatu nahi du.

Amaranta Margarita Portillo. Mélida Anaya Montes ‘Las Mélidas’ Emakumeen Elkartea (El Salvador). Erakunde feminista, emakume heldu eta gazteen ahalduntzean laguntzen duena, kultura patriarkala eta haien aurkako zapalkuntza eta bidegabekeria mota guztiak desagerrarazten laguntzeko. Aliantza estrategikoak sortzen dituzte mugimendu feministarekin eta gizarte mugimenduarekin, gizarte bidezkoagoa eta naturarekin harmoniatsuagoa eraikitzeko.

Lin Valenzuela. Guillermo Toriello Fundazioa (Guatemala). Guatemalako lurralde aniztasunetik abiatuta, tokiko garapen prozesuak bultzatzen ditu, bake akordioen esparruan, gizartea eta demokrazia eraldatzen lagunduko duten erabakiak hartzeko proposamen gaitasunarekin. Memoria historikoaren, tokiko boterearen demokratizazioaren, landa garapen parte hartzailearen eta komunitate sarea sendotzearen alde lan egiten dute.

2020an bat egin zuen Galdakaoko Udalak Giza eskubideen defendatzaile diren pertsonak babesten laguntzea helburu duen eta tokiko erakundeek osatzen duten Herri Babesarea ekimenarekin. Euskal erakundeen sare honek bultzatzen duen lankidetza horren barruan, Mundu Bat elkarteak Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileak lelopean sustatzen duen 6. foro ibiltaria hartuko du Galdakaok azaroaren 19an.

☉ Galdakao

Fernando Izagirrek ukatu egin du epaiketan DYAren dirua desbideratu izana

DYAko presidente izan zen garaian (2016-2021) ustez egindako irregulartasunengatik epailearen aurrean deklaratu du Izagirrek. Epaiaren zain dago galdakoztarra

|

Izagirre 2016-2021 urte bitartean izan zen DYAko presidente // DYA

Fernando Izagirre Bizkaiko DYAko presidente ohiak ukatu egin du gobernuz kanpoko erakundearenak ziren 4,75 milioi euro bereganatu izana.

Bere asmo bakarra Kataluniako osasun-garraioaren sektorean DYAren jarduera indartzea zela adierazi du galdakoztarrak epaiketan.

Izaguirrek azaldu zuenez, ez daki “ezertxo ere” kontabilitateari buruz, eta DYAk biltzen zituen 5 milioiko funtsak langile bati eskualdatu zizkion.

Epaiketa azaroaren 4an eta 5ean izan da Bizkaiko Auzitegian. Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du Izagirrerentzat: 4 urte eta erdi administrazio desleialeko delitu jarraituengatik eta 2 urte eta erdi DYAren egoera ekonomikoa islatu behar zuten dokumentuak faltsutzeagatik.

Izagirrez gain, Juan Diego Gallardo bere bazkidea ere epaituko dute. Gallardorentzat 4 urteko kartzela-zigorra eskatu du Fiskaltzak.

Kekukoek, perituek eta akusatuek deklarazioa eman ostean, epaiaren zain daude.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Zuhatzu eta N-634 errepidea lotuko dituen zubi berria otsailean zabaltzea aurreikusi dute

Zuhatzu eta N-634 errepidea lotuko dituen zubia jartzeko lanak hasi dituzte Galdakaon. Muntaketa aste batean egingo dute eta ondoren urbanizazio lanak hasiko dituzte

|

Egituraren muntaketa aste batez luzatuko da eta gero urbanizazio lanak hasiko dituzte // Argazkia: Galdakaoko Udala

Zuhatzu eta N-634 errepidea konektatuko dituen zubi berria instalatzeari ekin diote gaur, Galdakaon. Egituraren muntaketa aste batez luzatuko da eta gero urbanizazio lanak hasiko dituzte.

Aurreikuspenaren arabera zubi berria otsailean zabalduko dute. Pasabideak bi noranzkoetan izango ditu erreiak, baita alde bietan oinezkoentzako espaloi zabalak ere.

Azpiegitura berri honen eraikuntza Txomin Egileor kalearen berrantolaketarekin bat dator: “Horiek amaitzean, kaleak noranzko bakarreko zirkulazioa izango du. Beraz, zubi berriak Txomin Egileorren izaten diren trafiko pilaketak arinduko ditu eta mugikortasunaren fluxua hobetuko du, Zuhatzurantz eta handik Galdakao zein Bilborantz egiten diren ibilbideak erraztuz”, diote udal ordezkariek: “Zubia eremu horretako mugikortasuna hobetzeko funtsezko elementua izango da”.

Proiektu hau Txomin Egileor eta bere ingurunea berritzeko, lasaitzeko eta modernizatzeko prozesuaren barne dago, eta trafikoaren fluxua eta segurtasuna, eta oinezkoen mugikortasuna hobetzea ekarriko du.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Fernando Izagirre DYAko presidente izandakoaren aurkako epaiketa bihar hasiko da

Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du Izagirrerentzat: 4 urte eta erdi administrazio desleialeko delitu jarraituengatik eta 2 urte eta erdi dokumentuak faltsutzeagatik

|

galdakao fernando izagirre 2018 alkategai eaj argazkia dya
2022tik ikerketapean egon da Fernando Izagirre galdakoztarra // Artxiboa

DYAko presidente izan zen garaian (2016-2021) ustez egindako irregulartasunengatik ikerketapean egon da Fernando Izagirre galdakoztarra.

Ikerketa 2022an hasi zuten eta, hiru urte ostean, bihar hasiko da epaiketa.

Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du Izagirrerentzat: 4 urte eta erdi administrazio desleialeko delitu jarraituengatik eta 2 urte eta erdi DYAren egoera ekonomikoa islatu behar zuten dokumentuak faltsutzeagatik.

Izagirrez gain, Juan Diego Gallardo bere bazkidea ere epaituko dute. Gallardorentzat 4 urteko kartzela-zigorra eskatu du Fiskaltzak.

Era berean, bi inputatuek DYAri 4,75 milioi euro baino gehiagoko kalte-ordaina ematea eskatu du Fiskaltzak. Eta akusatuen “bizibideak” eta “ondasunak” ikertzeko agindu dio Poliziari, etorkizunean gerta daitezkeen enbargoei begira, kondena bete behar badute.

Ikerketa 2022tik

DYAko zuzendaritza batzorde berriak salaketa jarri zuen 2022an, barne-auditoria batek alarmak piztu ondoren. Zehazki, “gauza arraro askorerekin” egin zuten topo auditorian, besteak beste, “diru txartelen erabilera okerra”.

Salaketa publiko egin eta Izagirrek Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako zuzendari karguari eta Galdakaoko Udaleko EAJren bozeramailetzari uko egin zuen.

1986an hasi zen boluntario gisa Izagirre DYAn eta 2016an izendatu zuten presidente. 2021ean kargua utzi zuen Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaritza hartu ondoren.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Gizon bat espetxeratu dute Galdakaon bere lehengusina adingabeari sexu abusu jarraituak egiteagatik

Gizona, 50 urtekoa, Basauriko espetxean sartu dute. Sei urteko zigorra ezarri diote adingabeari sexu-abusu jarraitua egiteagatik 2016tik 2020ra bitartean

|

Basauriko espetxean dago 50 urteko gizona eta sei urteko zigorra bete behar du // Geuria

Gizon bat espetxeratu dute Galdakaon bere lehengusina adingabeari sexu abusu jarraituak egiteagatik.

El Correo egunkariak publikatu duenaren arabera, gizona, 50 urtekoa (G.Y.I.), Basauriko espetxean sartu zuten urriaren 17an. Bizkaiko Auzitegiak 2022an ezarri zion espetxe zigorra, baina kondenatuak epai bakoitza errekurrituz joan da azken instantziara iritsi arte, Auzitegi Gorenera, hain zuzen.

Sei urteko zigorra ezarri diote adingabeari sexu-abusu jarraitua egiteagatik 2016tik 2020ra bitartean, haurrak 8 eta 12 urte artean zituenean. Kondenatuak 42 urte zituen sexu abusuekin hasi zenean.

Gertaerak biktimaren amak aurkitutako gutun batzuen bitartez azaleratu ziren.

Lehen sententziak adierazten duenez, “musuak ahoan eman ohi zizkion eta ipurdia ukitzen zion”. Gainera, “zakila praken gainetik ukitzeko eskatzen zion eta bideo pornografikoak erakusten zizkion”.

Era berean, gizonaren mugikorrean haurren argazki sexualak aurkitu zituzten, eta adingabearen deklarazioaz gain, froga nagusietako bat izan zen adingabeari bideo bat grabatu ziola, zinta batean biluzik korrika, kamerak genitalak fokatzen zituela.

Epaiketan gizonak alegatu zuen bere jarduerek ez zutela “konnotazio sexualik”, eta “zaintzaile rola nahastu” zuela.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Xanduli-manduli kirrikiki… Gau Beltza ospatu dute Galdakaon!

|

“Xanduli-manduli kirrikiki, eman goxokiak guri!”. Horrela ospatu dute Gau Beltza Galdakaon. Aurten elkarlanean antolatu dute arimen gaua Eguzkibegi Ikastolako eta Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek, Udalarekin lankidetzan. Ikusi hemen argazkiak!

Osorik irakurri