→Galdakao

Galdakaon Gizarte Zerbitzuei egindako biztanleko inbertsioa 109 eurokoa izan zen iaz, EAEko handienetarikoa

“Bikaintasun” aitortza jaso du Galdakaok Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien Elkartearen eskutik.

"Bikaintasun" aitortza jaso du Galdakaok Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien Elkartearen eskutik // Galdakaoko Udala

“Bikaintasun” aitortza jaso du Galdakaok Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien Elkartearen eskutik. Hain zuzen ere, elkarteak berak egin duen analisian, 20.000 biztanletik gorako Udalek Gizarte Zerbitzuak eta Gizarte Sustapena egiteko erabiltzen dituzten aurrekontuak zehazten dira, Ogasun Ministerioak argitaratutako 2020ko aurrekontu likidatuari dagozkion datuak aintzat hartuta. Datuak datu, Galdakaon biztanle bakoitzeko 109,58 euro bideratu ziren Gizarte Zerbitzuetan, pandemiaren lehen urtean. “Azterketak punta puntan kokatu du Galdakao, eskaintzen dituen gizarte zerbitzuetan bikaintasunean kokatuta. Aurrerantzean ere, inbertsio soziala oinarri hartuta jarraituko dugu”, diote udal ordezkariek.

Galdakaoz gain, Zarautz ere “bikain” gisa kalifikatu du Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien Elkarteak, baita espainiar estatuko beste 35 udalerri ere. Hau da, Galdakao eta Zarautz dira bikaintasun aitortza jaso duten euskal udalerri bakarrak. Zarautzen kasuan, biztanle bakoitzeko 170,36 euroko inbertsioa egin zuten iaz. Espainiako estatuko 20.000 biztanletik gorako 369 udalerrietatik % 10,2ak soilik jaso du “bikaintasun” aitortza. Estatuan, inbertsio sozial handiena Alcalá la Realen (Jaén) egin zen (243,28 euro biztanleko), Bartzelona (230,24 euro biztanleko) eta Esparreguera (Bartzelona) ondoren (198,28 euro biztanleko).

Gizarte Zerbitzuetan inbertsiorako “bikaintasun” irizpideen artean daude, besteak beste: biztanle bakoitzeko 100 euro baino gehiago bideratzea; 2021eko aurrekontuan biztanleko gastu soziala ez murriztea 2020ko likidazioaren aldean; edota 2020an gastu sozialak gutxienez Udalaren guztizko aurrekontu ez-finantzarioaren % 10 izatea.

Bikaintasunaz gain, beste hiru kategoria sailkatu ditu Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien Elkarteak: pobreak, sentikorrak (aurreko ekitaldiarekin alderatuta, % 20 baino gehiago handitzea aurrekontua pandemiaren urtean) eta insolidarioak (gastuaren bataz bestekoa baino inbertsio txikiagoak egin zituztenak, eta pandemia betean egindako inbertsioa % 5 baino gehiago murriztea aurreko ekitaldiarekin alderatuta). EAEko ezta Hego Uribe eskualdeko udalerririk ez da ageri sailkapen horietan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak