Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu du Galdakaon, bikotekidearen etxeari su ematea leporatuta. Era berean, emakumearen gertuko pertsona baten furgonetari ere su eman zion ikertzen ari dira. Bilboko epaitegiak ebatzi du atxilotutako gizona Basauriko espetxean sartzea. Gizonak polizia-aurrekariak ditu, eta genero-indarkeriaren delitu bat, ibilgailu bat erre eta eraikineko fatxadan kalteak egiteagatik atxilotu dute.
Atzo goizaldean atxilotu zuten gizona Galdakaon. Segurtasun Sailak adierazi duenez, aurreko egunean gizonak bikotekidea jo eta iraindu zuen eta gainera, hiltzeko mehatxuak egin zizkion —aurretik antzeko gertaerak jasan zituen emakumeak gizonarengandik—. Eztaidaren ondoren, emakumea lotara joan zen eta gizonak etxetik alde egin zuen, aurretik etxeko gela bati eta eraikinaren ondoan aparkatuta zegoen furgoneta bati su eman ondoren. Keak emakumea eta gainerako bizilagunak irtenarazi zituen eta larrialdi zerbitzuetara deitu zuten.
Suhiltzaileak, osasun-zerbitzuak eta Ertzaintza berehala hurbildu ziren lekura, eta sua itzali eta biktima artatu zuten. Bi pertsona kea arnasteagatik artatu behar izan zituzten. Agenteek inguruak miatu zituzten sua sortu zuen pertsonaren bila, eta eraikineko goiko aldean, eremu komun batean, ezkutatuta aurkitu zuten. Gizonak kedar arrastoak zituen arropetan, eta ke-usain handia zuen.
Atzo arratsaldean bertan utzi zuten epailearen esku, eta honek espetxeratzeko agindua eman zuen. Bestalde, egiaztatu dutenez, gizonak atxilotzeko lau errekisitoria judizial zituen indarrean ebatzi gabeko beste auzi batzuengatik.
