→Galdakao

Alokairu soziala, migrazioa eta Emakumeen Etxea: Galdakaok 100 neurriko gobernu planaren balorazioa egin du

Asteazkenean, ekainaren 29an, kontu emateko bilera irekia egin du Galdakaoko Udalak. Gobernu planaren 100 neurriak 2020ko urtarrilean adostu zituzten.

Galdakaoko gobernu planaren kontu emateko ekitaldia // GEURIA

“Balantzea oso positiboa da”. Horrela definitu du Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak gobernu taldeak bi urte eta erdian egindako lana. Gobernu planaren 100 neurriak 2020ko urtarrilean adostu zituzten; horietatik 45 exekutatu dituzte, 51 martxan daude, eta beste lau baztertu dituzte. Asteazken honetan, ekainaren 29an, kontu emateko bilera irekia egin du Udal taldeak, eta neurri guztien errepasoa egin dute EH Bilduko bost zinegotziek, Usansolo Herria (UH) taldeko biek, Auzoak taldeko hirurek eta Podemoseko ordezkariak.

Irisgarritasuna bultzatzeko asmoz, bi igogailu eraiki dituzte Galdakaon bi urte hauetan, eta beste bi igogailu (Aperribaikoa eta Tximelarrekoa) eraikuntza prosezuan daude, Pontxi Zabala kaleko arrapalak bezala. Aperribaiko osasun zentroan anbulantziek aparkatu ahal izateko lekuak ere ahalbidetuko dituzte, eta profesionalek artatu bitartean, erabiltzaileek autoa utzi ahal izateko lau plaza prestatu nahi dituzte.

Etxebizitzaren eremuan, alokairu soziala bultzatzeko Non Bizi etxebizitza lehiatilaren proiektua jarri dute martxan: herritarrei etxebizitzaren inguruan aholkuritza eta laguntza emateko aurrez aurreko, telefono bidezko zein web bidezko programa. Era berean, gazteen emantzipazioari begira, alokairu baxuko 60 etxebizitza izango dituen eraikin bat egiteko fase administratiboan dago Udala.

Hartu diren beste neurrien artean, migrazioari lotutakoak daude. Nerea Orozko migrazio gaien eta berdintasunerako zinegotziaren arabera, 1.700 migratu inguru daude Galdakaon. Halere, herrian bizi arren, Udalak egindako azterketaren arabera, ez dira guztiz integratuta sentitzen. Gobernu plan berriarekin, beren kultura ahaztu gabe, euskal kulturara eta hizkuntzara hurbildu nahi dituzte herrikide horiek, “kulturak eta euskarak denon beharra duelako”.

Feminismoaren inguruan ere eman nahi dira aurrerapenak. Horrela, Galdakaon Emakumeen Etxea eraikitzeko prozesua martxan jarri dute. Orozkoren arabera, “emakumeen aniztasunetik eta feminismotik lan egiteko abagunea izango den etxea” nahi dute, eta izapide administratiboak bukatuta, proiektu arkitektonikoaren hasi dira orain.

Memoria historikoari dagokionez, hainbat neurri daude betetzeko bidean. Herri barneko memoriaren ibilbidea osatuta dago, eta uda bukaerarako, Jakako hobi komun batean aurkitutako Pedro Asua galdakaoztarraren gorpuzkiak (1938an fusilatu zuten) herrira bueltatuko dituzte. Era berean, Gerra Zibilean hildako beste bizkaitarrentzako kolunbario bat egitea dago etorkizuneko proiektuen artean.

Baztertutako neurriak

Aurrera egingo ez duten neurriei dagokionez, lau aipatu dituzte gobernu taldetik. Bengoetxen egin nahi duten urbanizazio lana izan da horietako bat. Eskolei eta ikastolei lotuta, parke inklusiboak eraikitzeko proiektua eta jantokietan zero kilometroko jakiak eskaintzekoa hezkuntza zentroekin adostu behar dituzte. Azkenik, udal igerilekuetako ura garbiketarako zein ureztatzeko berrerabiltzeko neurria alde batera utzi dute, azterketen arabera, ingurumenarentzako kaltegarria izan baitateke hori egitea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak