Azaroaren 5ean ospatuko da Galdakaon herri-galdeketa erabakitze eskubidearen alde, Gure Esku Dago taldeak deituta. Horren harira, Galdakaoko gaur egungo zinegotziek eta aurreko beste legegintzaldietan zinegotzi izan direnek babesa erakutsi diote kontsultari.
“Adierazpen hau hainbat legislaturatan Galdakaoko Udalean zinegotzi kargua izan duten 60 pertsonek baino gehiagok sinatu dute“, diote Galdakaoko Gure Esku Dago taldetik: “Herri galdeketak tresna egokienak dira herritarren borondatea modu demokratikoan adierazteko eta erabakitzeko eskubidea egikaritzeko. Horregatik, azaroaren 5ean egingo den herri kontsultan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak“.
Zein izango da galdera?
Irailaren 26an, asteartez, azaroaren 5ean planteatuko den galdera zein izango den erabakiko du Galdakaoko Gure Esku Dago plataformak, bilera ireki baten bitartez. Asanblada irekia 19:30tan izango da Gandasegi eskolan.
Urriaren 1ean 12:00etan galdera zehatza zein izango den aurkeztuko dute publikoki Iturriondo plazan, Kataluniari elkartasuna adierazteko ekitaldiaren barruan.
