Sareak

☉ Galdakao

Erreportajea | Guzur Aretxak 40 urte: alaitasuna eta militantzia

Guzur Aretxa Kultur Elkarteak 40 urte bete ditu aurten eta urriaren 31n eta azaroaren 1ean egitaraua antolatu dute. Lau hamarkada hauetan elkarteak izan duen bilakaera eta gaur egungo erronkez berba egin dugu eurekin

|

Guzur Aretxako zenbait kide, aurtengo Santakurtzen hasieran // Utzitakoa

Elexaldeko aretx zaharraren azpian herriko arbasoak hitz eta pitz elkartzen zireneko espiritua mantendu du urtez urte eta hamarkadaz hamarkada Guzur Aretxa Kultur Elkarteak. Aurten 40 urte bete ditu elkarteak eta urriaren 31n eta azaroaren 1ean egitarau oparoa antolatuko dute.

Besteak beste, bakarrizketak, DJak, memoria antifaxistaren aldeko mendi ibilbide gidatua, umeentzako puzgarria, herri bazkaria eta kontzertuak izango dira Galdakaon urriko azken asteburuan. “Hasieratik argi izan dugun gauza bakarra formatua izan da. Ekitaldi eta anbizio handiko ikuskizunetaz urrundu eta gure inguruko jendearekin elkartu eta gozatzeko aukera izatea da gure asmoa. Eta horri begira hartu dira erabaki gehienak. Zentzu honetan, kantitatea baino kalitatea lehenesten saiatu gara, genero ezberdin zein genero disidentzien presentzia bermatuz, esaterako. Ane Lindane eta Raquel Torresen bakarrizketa izango dugu, Dj ezberdinak, Burdin Hesitik ibilbidea zapatu goizean, umeentzako puzgarriak, herri bazkaria, talde lokalak eta Samantha Hudson artista ezaguna, besteak beste!”, adierazi diote GEURIAri.

Azaroaren 1ean memoria antifaxistaren alde ibilaldi historikoa antolatu dute: “Guzur Aretxa beti egon da herrian sustraituta eta zentzu honetan, argi daukagu bidean aurrera egiteko nondik gatozen argi izan behar dugula. Helburu honekin, zapatu goizerako, burdin hesi ingurutik memoria antifaxista lantzeko bisita gidatua antolatu dugu herriko istorialari den Ander Aperribairen laguntzarekin. Benetan plazera izango da bere eskutik atzera begirada hori egitea eta gure arbasoek herriaren defentsan emandako guztia gurera ekartzea”, diote.

Batasunetik herria antolatzea

Guzur Aretxa Kultur Elkartea ez da soilik izen bat. Herri baten memoria, militantzia eta alaitasuna dira haren sustraiak. Lau hamarkada hauetan, errepresioari aurre eginez eta ospakizun kolektiboak sortuz, Galdakaoko bizitza sozial eta kulturalaren erdigunean egon da elkartea. “Guzur Aretxaren sorrera urtean, 1985ean, Euskal Herria krisi industrial gogor batek jotzen zuen, gatazka politikoa lehen lerroan zegoen eta GALek hainbat euskal herritar erahil zituen. Galdakaon, frankismo osteko testuinguru horretan antolatzen hasiak ginen, baita inguruko herrietan ere noski, baina oraindik ilegalizazio, jazarpen, atxiloketa eta gobernuaren konfiskazio politikaren mehatxua gainean genuela. Gure kideek ere, horrelakoak pairatu behar izan zituzten”, diote.

“Genero ezberdin zein genero disidentzien presentzia bermatuko dugu urteurreneko ospakizunetan”

Hutsune bat betetzeko sortu zuten elkartea: “Nazio ikuspegi ezkertiar konprometitu batetik, gizartearen espektro ezberdinak saretzera bideratutako ekintza herrikoiak eskaintzea, hain zuzen”, diote. “Garai haietan herria mugitzen hasia zen, eta Galdakaon elkarte batzuk martxan zeuden dagoeneko dinamika berriak egiten, hala nola, euskal dantzak edo futbola. Testuinguru horretan dena zegoen egiteko eta momentuan herrian somatutako hutsunea betetzera etorri zen Guzur Aretxa”.

Guzur Aretxa elkartearen helburuetako bat izan zen “herri proiektua osatzea”. Frankismoaren osteko testuinguru batean, askatasunaren beharra “uholdea” izan zela diote elkartekideek: “Hala ere, Francok “ondo lotuta utzitakoek” bere lanarekin jarraitzen zuten, eta errepresioa egunerokoaren parte zen: ilegalizazioak, atxiloketak, Intxaurrondo, La Salve… Egoera horretan, batasunetik herri bezala antolatuz erantzun zitekeela soilik argi genuen eta horretarako herri bezala sareak ehuntzera ekin genion. Herriaren erantzuna zentzu honetan ikaragarria izan zen eta kideen konpromiso eta sakrifizio maila, gaur egunera arte mirestekoa”.

“Azken 40 urteotan Euskal Herrian ezkerreko militante politikoa izateak prezio altua oraindu behar izatea suposatu izan du sarri eta Euskal Herri osoan gertatu modura, gure kide eta ingurukoek ere errepresioaren aurpegi guztiak ezagutu behar izan dituzte. Espainiako Audientzia Nazionalak Guzur Aretxa bera ilegalizatu zuen, besteak beste, jarduera kultural eta sozialarekin jarraitzeko elkartea birfundatzera derrigortzen”, esan dute. Ildo horretan, herriaren erantzuna “irmoa” izan dela gogorarazi dute: “Guzur Aretxaz haratago, ezker independentismoaren kontra izandako oldarraldi ezberdinen aurrean Galdakaok herri bezala irmotasunez erantzun izan du beti. Eta Guzur Aretxak ere, elkartasun militante horren beroa sumatu izan du. Horren aurrean, herriaren erantzuna elkartasuna izan da. Herritarron erantzunak posibilitatu zuen garai hartan, txanda eta lan boluntarioari esker, Herriko Taberna aurrera eramatea”.

Herri-ohiturak berreskuratzea

Galdakaoko Herriko Taberna 1988an sortu zuten, “Guzur Aretxako kideek egindako esfortsu pertsonal, ekonomiko eta militanteari esker”, diote. Era berean, elkartearen sorreratik hainbat eta hainbat ekintza antolatu eta antolatzen dituzte Guzur Aretxa elkartetik. “Konpromiso militante batetik antolatzen ziren ekintzak, baina ondo pasatzeko eta borroka alaitasunetik bideratzeko beharra zegoen, nola ez zen egongo ba! Zentzu honetan, Guzur Aretxak inauterietan aurrera eramaten zituenak ez ziren makalak izan! San Juan gaua —gaur egunerarte Mugurun mantendu dena, txokolatada barne—, Mugurun egiten ziren harezko gazteluen lehiaketak edota kaleetan zehar egiten ziren ur-guda zabalek herriko bazter guztiak aztoratzen zituzten”, diote.

Hamaika ekintza horiez gain, oraindik berreskuratu gabeko herri-ohitura bat dute buruan elkarteko kideek: “Guzurren Aretxa izena bera berreskuratzeke dugu oraindik. Elexalde inguruan herriko arbasoak txutxu-mutxuka aretxaren azpian elkartzen zireneko garaiari egiten dio erreferentzia izenak. Hizkimizki horiek, noski, euskaraz egiten ziren, behintzat euskaraz mintzatzearen arriskua handiegia ez zenean! Frankismoak, ostera, errepresioak, beldurrak, eta hizkuntzarekiko politika oso neurtuek, besteak beste, euskararen erabileran eragin zuzena izan zuten eta ukaezina da gaztelerak hein handi baten esparru zabalak irentsi dizkigula. Horretan, esaterako, talde eta herri modura, badugu oraindik premiazkoa den lan handia egiteko”, diote.

Gizartearen aldaketa

Lau hamarkada hauetan Galdakaok eta oro har Euskal Herriak aldaketa nabarmenak izan dituzte. Eta Guzur Aretxaren egitekoa 40 urte hauetan ere aldatu egin da. “Zoriononez eta borroka luzeen ondorioz, urte hauetan eta bereziki arlo zehatz batzuetan, gizartearen salto kualitatiboa nabarmena izan da eta honen adibide garbia da esaterako, Guzur Aretxak, bere lehentasunen artean, Transmaribibollo borroka ere hartu izana. Horrela, naziogintzan, kulturan edota gizarte esparru edo kolektibo ezberdinak artikulatzearen alde egiten ditugun ekarpenetaz gain, Galdakaon transfeminismoan ekarparpen errealak egiteko antolatzen ari gara. ‘Denak ala inor ez’ horren barruan, denak gaudelako”, diote. Elkarte bezala Guzur Aretxak herriari “eskaintza zabala” egiten diola nabarmendu dute elkarteko kideek: “Hor ditugu orain gutxi jaietan antolatutako ekintza sorta edo txosna bera, urtean zehar antolatutako hitzaldi, aurkezpen edo eztabaida irekiak, Agate Deuna, Euskal Presoen aldeko urtarrileko manifestazioari urtero egiten diogun ekarpena, Ekainak 28 eta esku artean dugun jaialdia, adibidez. Edozein kasutan, herriari egiten diogun ekarpenaren zati bat, beste eragile batzuentzat laguntzaile izaten saiatzetik datorrela uste dugu. Zentzu honetan, ditugun baliabideak aliatu bezala hartzen ditugun herri mugimendu ezberdinen esku uzten saiatzen gara”, diote.

Konpromisoaren balioa

Guzur Aretxa hamarnaka kidez osatuta dago gaur egun eta denentzat “konpromisoa, elkar-zaintza, saretzea, militantzia eta elkarlana” suposatzen du elkartearen parte izateak: “Momentu on asko bizi ditugu, eta askotan erantzukizun handia suposatu du guretzat pertsonalki Guzur Aretxako kide izateak”.

“40 urteotan ezkerreko militante politikoa izateak prezio altua ordaintzea suposatzen zuen: gure kide eta ingurukoek ere errepresioaren aurpegi guztiak ezagutu behar izan dituzte”

“Aurreko belaunaldiek egindako lanak ekarri du Guzur Aretxa gaur egunera arte eta lan horri, gaur eguneko testuinguru politiko eta sozialean jarraipena ematea, borroka ezinegon berriei ere bide emanez eta hurrengo belaunaldientzat borrokarako tresna erakargarria uzten saiatzeak erantzukizuna suposatzen digu sarri. Uko egin ezineko erronka”, diote.

Belaunaldi berriei zein balio transmititzen dizkioten ere galdetu diegu Guzur Aretxako kideei: “Transmititu nahiko genukeen baliorik nagusiena agian konpromisoa litzateke; herri aske batean bizitzera eramango gaituen borrokarekiko, kulturarekiko eta hizkuntzarekiko, transfeminismoarekiko, munduko askapen borroka ezberdinekiko, faxismo, arrazakeria eta kapitalismo basatiaren kontrako borrakarekiko konpromisoa, hain zuzen”, diote.

Ezkur berri bila

“Belaunaldi berriak zein belaunaldi zaharrak motibazioagatik mugitzen gara. Eta hor dago gure erronka. Eguneroko lanak sortzen du erakusleihorik handiena eta kideen arteko zaintza eta errespetuak definitzen ditu militanteon arteko erlazio eta egunerokoa. Hemen dago gakoa gure ustez. Orain dela 30 urteko dinamikek gaur egun zergatik ez duten funtzionatzen galdetzen diogu sarri gure buruari, eta gazteei inplikazio faltari egozten diogu. Belaunaldi berriek, eurak nahi duten hori egiteko espazioa behar izaten dute, ez besterik. Eta Guzur Aretxaren helburuetako bat hori da, belaunaldi berriei egin nahi duten hori egiteko beharrezkoak dituzten baliabideak euren esku jartzea. Gure erronka? Gure espazioa euren espazioa dela ikusaraztea. Balio dezala bozgorailu honek [GEURIAk] gurera hurbiltzeko gonbidapen ofizial modura”, diote. Oraindik elkartea ezagutzen ez dutenei hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute Guzur Aretxatik: “Etor daitezela konpromiso barik eta lagun gaitzatela sarea zabaltzen! Esaterako, urteurrenaren antolakuntzan edo txanda lanetan laguntzeko prest egonez gero, boluntario bila gaude eta besoak zabalik hartuko zaituztegu! Hurbildu gurera edo kontaktatu sareen bidez beldur barik”. Era berean, duela 40 urte lehehengo Guzur Aretxaren ezkurra landatu zutenak gogoan izan dituzte egun elkartean dauden kideek: “Gure miresmena eurei. Euren borrokak ekarri gaitu gaur egunera”. Eta belaunaldi berriarentzat ere mezua zabaldu dute: “Astindu dezatela Aretxa behingoz ezkur berri bila eta erein ditzatela enbor beretik kimu berriak”.

☉ Galdakao

Auzoakeko zinegotziek eta “batzarraren erdiak baino gehiagok” ez zuten sare sozialetan publikatu den komunikatuaren berririk

“Auzoak osatzen dugun batzarraren erdiak baino gehiagok ez genuen Facebooken argitaratu dutenaz ideiarik ere ez. Harrituta gaude denok”, esan diote GEURIAri

|

Toño Gonzalez eta Monika Bailon Auzoakeko zinegotziak, UHko zinegotzien ondoan, atzo aurrekontuari buruzko ez-ohiko osoko bilkuran // Geuria

“Harrituta”. Horrela daude Auzoak plataformako hainbat kide, tartean, Toño Gonzalez eta Monika Bailon zinegotziak.

Atzo, 2026ko aurrekontua onartzeko ez-ohiko bilkura baino bi ordu eta erdi aurretik, Auzoak Galdakao Facebook profilean komunikatu bat kaleratu eta herriko hedabide batzuk etiketatu zituzten, GEURIA barne.

Honakoa dio oharrak: “Jakinarazi behar dugu EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Auzoak osatzen duten gobernu taldeak gaur aurkeztuko duen aurrekontua ez dela gure Auzoakeko batzarrean ez proposatu, ez alderatu, ez eztabaidatu, ez bozkatu ez onartu. Auzoakeko batzarretik behin baino gehiagotan eskatu dugu parte hartzeko interesa, baina Auzoak ordezkatzen duten bi zinegotziek ez diote jaramonik egin gure eskaerari”.

Adierazpena Auzoakeko Batzarra osatzen duen “gehiengoak” sinatu duela adierazi dute.

Komunikatuaren berri izan orduko, Galdakaoko Udalean Auzoaken ordezkari diren zinegotziekin eta plataformako beste kide batzuekin jarri zen harremanetan GEURIA eta “harrituta” zeudela esan zuten.

Eta gauean euren erantzuna idatziz jaso genuen: “Auzoak osatzen dugun batzarraren erdiak baino gehiagok ez genuen Facebooken argitaratu dutenaz ideiarik ere ez. Harrituta gaude denok”, esan diote GEURIAri.

Zentzu horretan, “laster” bilera bat izango dutela esan dute, “gai honi buruz gehiago jakiteko”.

“Sare sozialen bidez jakin dugu Auzoakeko batzordearen kide garen hainbat eta hainbat pertsona. Plataformako kide batzuen aldetik ekitaldi koldar samarra izan dela uste dugu”, esan dute.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Zein da euskarazko hitz politena? Galdakaoko Mintzodromoan galdera bota dugu!

|

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, gaur, abenduak 4, Mintzodromoa antolatu dute Galdakaon [hemen argazkiak!]. Bertan izan gara eta eguna aprobetxatuta, galdera bakarra bota diegu parte hartzaile batzuei: zein da euskarazko hitz politena? Entzun erantzunak!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

2026ko aurrekontua onartu dute Galdakaon gobernu taldearen aldeko botoekin

Oposizioaren “borondate falta” salatu du gobernu taldeak. EAJk eta PSEk adierazi dute gobernu taldearengan “konfiantza galdu” dutela

|

Ez-ohiko osoko bilkura egin dute gaur Galdakaon 2026ko aurrekontua onartzeko // Geuria

EH Bilduren, Usansolo Herriaren eta Auzoaken aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren kontrako botoekin onartu dute Galdakaoko 2026ko aurrekontua.

Guztira 47,6 milioi euro kudeatuko ditu Udalak datorren urtean, eta aurrekontuak herritarren “benetako beharrizanei” erantzuten diela esan du Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak, “galdakoztarren bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin”.

Urtarrilaren lehen astetik aurrera indarrean egongo da aurrekontu berria, Edurne Espilla jarduneko alkateak ez-ohiko osoko bilkuran adierazi duenez.

Oposizioa kontran

EAJk eta PSEk kontran bozkatu dute gobernu taldearen aurrekontu proposamena.

Alfredo Olea jeltzaleak adierazi duenez, gobernu taldearen aurrekontu proiektua “kontinuista” da: “Gardentasunik eza, marketing politikoa eta autobonboa nabarmentzen ditugu”.

Ildo horretan, “oinarrizkoa betetzeko” aurrekontua dela adierazi dute, eta salatu dute gerora gobernu taldeak aurrekontu-aldaketak egingo dituela: “Datorren ekitaldian ziur makromoldaketak bozkatu beharko ditugula, gehiengoa gastu arrunta finantzatzeko”, esan du Oleak.

EAJk ez du emendakinik aurkeztu, eta arrazoia honakoa: “Iaz adostasuna lortu genuen, akordio batzuk lortu genituelako, baina orain errealitatea bestelakoa da, atsekabegarria da. Adostutako proiektu asko egin gabe daude; gure konfiantza eman genuen iaz, eta orain konfiantza hori hautsita dago”, esan du Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleak.

Kontran, PSEk zortzi emendakin aurkeztu ditu, milioi bateko balioarekin. Hala ere, ez dute bat bera ere onartu: gobernu taldeak kontran eta PSEk eta EAJk alde bozkatu dute.

“Izateko bokazioarekin eta oposizio konstruktiboa eginez analisia egin dugu. Emendakinak aurkezten ditugunean horiek baloratzea eskatzen dugu, baina ez da horrela izan gobernu taldearen aldetik”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.

Gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proposamena “urria” dela deitoratu du alderdi sozialistako zinegotziak.

“Iaz abstentziora jo genuen 2025eko aurrekontuaren bozketan gobernu taldearekin proiektuak adostu genituelako, baina gaurdaino ez dira egin”, salatu du Trimiñok: “Ez dute gure konfiantza berriro merezi”.

Alberto Ealo EH Bilduko zinegotziak oposizioaren “borondate falta” salatu du: “Urriaren 24an jakinarazi genien proposamenak jasotzeko prest geundela —oraindik zirriborroa osatu gabe zegoenean, ekarpenak errazago txertatzeko moduan— eta horretarako bi aste eman genizkien. Epea amaituta, ez genuen proposamenik jaso. Ondoren, bi alderdiekin partekatu genuen aurrekontuaren zirriborroa, eta berriro ere ekarpenak egiteko aukera zabaldu genuen”.

“PSEk emendakinak aurkezteari ekin beharrean, prentsara jotzea erabaki zuen, marketing edo propaganda ariketa gisa; gainera, emendakinak epez kanpo aurkeztu zituen. EAJ alderdiak, ez du emendakinik aurkezteko saiakera ere ez egin”, esan dute EH Bilduko ordezkariek.

Zentzu horretan, negoziaketarako “eskua luzatuta” izan dutela argudiatu dute ezker koaliziotik, “nahiz eta udalbatzan gehiengoa izan”.

Eta adibide gisa azaldu dute 2021etik oposizioaren 23 emendakin onartu dituztela: “Horietatik 13 eginda daude, eta beste bost bideratuta ditugu”, esan du Espillak, eta gaineratu du: “Egia da asko iaz onartutako proiektuak direla, baina egia da ere batzuk bideratuta daudela dagoeneko, bidean daudela”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Auzoak plataforman desadostasunak daude 2026ko Udal Aurrekontua dela eta

|

Auzoak plataformako kideak, 2023ko udal hauteskundeen aurkezpenean // Auzoak Galdakao

EH Bilduk, UHk eta Auzoakek osatzen duten Galdakaoko gobernu taldeak 2026ko aurrekontu proposamena aurkeztu dute gaur goizean prentsaurrekoan, arratsaldean ez-ohiko osoko bilkuran eztabaida egon aurretik.

Eta, bitarte honetan, Auzoak plataformak komunikatu bat argitaratu du sare sozialetan 14:00ak aldera, herriko hedabide batzuk etiketatuta, GEURIA barne.

“Jakinarazi behar dugu EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Auzoak osatzen duten gobernu taldeak gaur aurkeztuko duen aurrekontua ez dela gure Auzoakeko batzarrean ez proposatu, ez alderatu, ez eztabaidatu, ez bozkatu ez onartu. Auzoakeko batzarretik behin baino gehiagotan eskatu dugu parte hartzeko interesa, baina Auzoak ordezkatzen duten bi zinegotziek ez diote jaramonik egin gure eskaerari”, salatu dute Facebooken publikatu duten komunikatuan.

Adierazpena Auzoakeko Batzarra osatzen duen “gehiengoak” sinatu duela adierazi dute.

“Atzerapauso larria”

“Udalbatzan onartzeko tramiteak gure batzarraren onespena behar ez badu ere, Auzoaken egoera hau atzerapauso larria da Auzoak proiektuaren funtzionamendu parte-hartzailean eta espiritu asanblearioan”, gaineratu dute.

Auzoakeko bi zinegotziek “zer bozkatuko duten ez” dakiela esan du Auzoakeko batzordearen gehiengoak; “nolanahi ere ziur gaude gure auzoen eta auzotarren ongizaterako erabakirik onena hartuko dutela”.

GEURIAk udalbatzan ordezkaritza duten zinegotziekin hitz egin du eta euren balorazioaren zain gaude. Gainera, Auzoakeko beste kide batzuekin ere jarri gara harremanetan eta adierazi dute plataformako kide guztiak ez zeudela komunikatu horren jakinaren gainean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Galdakaoko Mintzodromoak 120 lagun batu ditu gaur Kurtzeko frontoian

|

Mintzodromoa antolatu dute gaur Galdakaon. Berbalagunak, euskaltegietako eta Bengoetxe, Eguzkibegi eta Elexalde ikastetxeetako ikasleak, herriko elkarteetako ordezkariak eta norbanakoak batu dira euskaraz berba egitera Kurtzeko frontoian. Guztira 120 lagun elkartu dira euskaraz modu parte hartzaile eta lasaian aritzeko.

 

Osorik irakurri