Sareak

☉ Galdakao

Hiri Antolaketa Plana eguneratzeko herritarren hitza kontuan hartuko du Galdakaoko Udalak

HAPOa berrikusteko Udal Plangintzako Aholku Batzordea eratuko du Udalak eta horren parte izateko herritarrek izena eman dezakete

|

Galdakao, drone bidez // Geuria

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) eguneratuko du Galdakaoko Udalak. Hala erabaki zuen udalbatzak 2021ean, osoko bilkura batean.

HAPOa herriko udal mugarteko lurzoruaren erabilerak definitzen dituen hirigintza tresna da: “Udalerriaren etorkizuna definitzeko garrantzi handiko dokumentua, hain zuzen”, diote udal ordezkariek, eta gaineratu dute: “Bertan, Galdakaoko hazkundeari, naturguneen babesari, mugikortasunari, ekipamenduei, jarduera ekonomikoei eta abarri buruzko estrategiak eta zehaztapenak ezartzen dira”.

HAPOa berrikusteko Udal Plangintzako Aholku Batzordea eratuko du Udalak eta horretan herritarrak parte izatea nahi du gobernu taldeak.

Interesdunek izena eman behar dute ekainaren 2tik 8ra bitartean erabaki.galdakao.eus plataforman edo 688 830 479 telefonora deituta edo Telegram edo Whatsapp mezua bidalita.

Ekainaren 23an 18:00etan bilera bat deituko dute udaletxean izena eman duten pertsona guztiekin, kideen hautaketa adosteko, “aniztasunaren irizpideei jarraiki”, diote udal arduradunek.

Udal Plangintzako Aholku Batzordea kontsultarako eta eztabaidarako toki organoa da, eta berrikuspen prozesuan zehar eginkizun espezifikoak izango ditu.

☉ Galdakao

Bideoa | “Euskal selekzioa-Palestina partida aitzaki, gure kaleak aldarriz bete ditugu”

|

Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko lagunartekoa jokatuko dute gaur San Mamesen. Hori aitzakia hartuta, Zizpak elkartasun ekintza antolatu du Galdakaon: eskailera margoketa. Malen Agirre Espilla zizpakidearekin berba egin genuen atzo ekintza honen inguruan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko PSEk ez du 2026ko aurrekontua negoziatuko, “2025eko proposamen gehienak bete gabe dauden bitartean”

Aurrekontua negoziatzeari uko egin dioten arren, emendakinak aurkeztuko dituztela esan dute alderdi sozialistako ordezkariek

|

Maximo Moreno parkea eta Ibaizabal ibaiaren ertza berreskuratu eta hobetzeko proposamenak egin zituen PSEk // @PSEGaldakao

Galdakaoko Udalak oraindik ez du 2026ko aurrekontua onartu, baina PSEk dagoeneko aurreratu du ez duela negoziaziorik egingo gobernu taldearekin.

Arrazoia, honakoa: “Udal Talde Sozialistaren aldetik ezinbestekotzat jotzen dugu, 2026ko aurrekontuari buruzko edozein elkarrizketa eduki baino lehen, gobernu taldeak 2025eko aurrekontuan sartzea onartu zituen gure taldearen proposamenen egoeraren buruzko informazioa ematea”, diote talde sozialistatik.

“Ez zaigu oso serioa iruditzen 2026ko aurrekonturako proposamen berriei buruzko eztabaida hasteko planteamendua bultzatzea, 2025eko proposamen gehienak bete gabe dauden bitartean”, diote.

Eta adibideak eman dituzte: “Galdabusari buruzko edo negoziazioa azterlana, Ibaizabalen inguruko jarduketak, Maximo Moreno parkea eraberritu eta egokitzea edo Elexaldeko igerilekuak estaltzeko proiektua”.

“Beraz, jakinarazi nahi dugu ez dugula aurrekontu-negoziaziorik egingo Gobernuarekin, aurrez aipatutako gaiak konpontzen ez diren bitartean”, diote.

Negoziazioa ez, emendakinak bai

Alderdi sozialistako zinegotziek aurrekontua negoziatzeari uko egin dioten arren, emendakinak aurkeztuko dituztela esan dute.

“Bidezkotzat jotzen ditugun enmendakinak ohiko bideetatik erregistratuko ditugu, udalerriaren onerako zuzenketa horiek herritarrei ekar diezazkiekeen onuren arabera baloratuko direlakoan, eta ez jarrera errebantxisten, interes alderdikoien edo kontakizun politikoaren beharren arabera”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Eskailera margoketa egingo dute gaur Galdakaon, Euskal Selekzioren eta Palestinaren arteko partidaren atarian

Ekintza Zizpa Gazte Konpartsak antolatu du: irekia da eta Iturrondo plazan izango da

|

Espainiako Vueltan, Elorritxuetan, ikurrina eta Palestinako bandera // Geuria

Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko futbol partida jokatuko da bihar, azaroak 15, San Mamesen.

Eta, partida horren atarian, Galdakaon, elkartasun ekitalkia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak gaur, azaroak 14, ostiralez.

Eskailera margoketa irekia antolatu dute Iturrondo plazan 17:00etatik aurrera.

“Herrialde askeen aldeko elkartasun keinua egin nahi dugu. Bi herri, borroka bakarra”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Ganguren Mendi Taldeak hamaika ekitaldi antolatu ditu Galdakaon bere sorreraren 80. urteurrenean

Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da, baina azaroan Mendi Astearen barruan erakusketa, dokumentalak eta hitzaldiak antolatu dituzte

|

Mendi Astea azaroan antolatu ostean, abenduan ekitaldi nagusia antolatuko dute // Galdakaoko Udala

Ganguren Mendi Taldeak 80 urte bete ditu aurten, eta azaroa eta abendua bitartean ekintza bereziak antolatuko dituzte.

Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da. ‘Iragana bihotzean, etorkizuna bidean’ lelopean, topaketa egingi dute Torrezabal Kultur Etxean (19:00).

Topaketa horretan, iraganeko pasadizoak gogoratuko dituzte, oraina ospatuko dute eta etorkizunera begiratuko dute.

“Topaketa xumea baina sentitua izango da. Bertan, klubaren azken 30 urteak laburbiltzen dituzten liburua eta bideoa aurkeztuko ditugu, eta ekitaldia mokatu baten bueltan bukatuko da”, diote.

Mendi Astea

Bestetik, ekitaldia nagusia baino lehen, Mendi Astea antolatuko dute.

Erakusketak, proiekzioak eta hitzaldiak eskainiko dituzte, mendizaletasunaren arloan aditu diren profesionalen parte hartzea barne.

Pou anaiek, Txomin Uriartek, Elixabete Arbek, Joanna Maluendak eta Bego Gonzalezek hartuko dute parte jardunaldietan.

Hona hemen Mendi Asteko egitaraua:

Azaroak 3-28
Erakusketa Ganguren MTren egoitzan: ‘Everesterako lehen euskal espedizioa’
11:30-22:00

Azaroak 13, osteguna
MendiTour Mendi Film zirkuitua: ‘Hiru Haundiak. Taupadak eta Gailurrak’ eta ‘Of a Lifetime’ film luzeak eta ‘Red Rock Revolution’ film laburra
19:00 Torrezabal

Azaroak 20, osteguna
Dokumentala eta hitzaldia: GR11 ibilbidea. Elixabete Arbe, Joana Maluenda eta Bego Gonzalez
19:30 Ganguren MTren egoitza

Azaroak 29, larunbata
Dokumentala eta hitzaldia: ‘Bizitzari sokaz lotuta’. Eneko eta Iker Pou anaiak
19:00 Torrezabal

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Etxebizitza prefabrikatuak Urretan eraikitzeko lanek trafikoan eta aparkalekuetan izango du eragina, Galdakaon

Ganguren eta Ramon Rubial kaleak trafikoari itxita egongo dira abenduaren 19ra arte. Gainera, ezin izango da aparkatu eskuineko lerro osoan

|

Ramon Rubial eta Ganguren kaleetan trafiko mozketak eta aparkatzeko murrizketak egongo dira azaroaren 14tik abenduaren 19ra arte // Google Maps

Etxebizitza prefabrikatuak eraikiko ditu JIT Housing enpresak Galdakaon. Ekintza pribatua da eta Urreta auzoan eraikiko dituzte, Ganguren eta Ramon Rubial kaleen artean.

Moduluka eraikitzen dituzte etxebizitza mota hauek eta lanak azaroaren 14an, ostiralez, hasiko dituzte. Materialak ekarri eta jarriko dituzte, eta Galdakaoko udal ordezkariek adierazi dutenez, trafikoan eta aparkalekuetan eragina izango dute obrek.

“Lehenengo fasea hilabete batez luzatuko da, abenduaren 19ra arte. Epe horretan, Ganguren eta Ramon Rubial kaleetan trafiko mozketak eta aparkatzeko murrizketak izango dira, makineria instalatzeko beharrezkoa den espazioa eta izango diren kamioien joan etorriak direla eta”, diote.

Zehazki ,Ramon Rubial kalearen sarreratik eta Ganguren kaleko 7. zenbakiraino sarbidea itxita egongo da abenduaren 19ra arte, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:00etara.

Era berean, ezin izango da aparkatu zirkulazioaren norabideko eskuineko aparkaleku lerro osoan.

“Bizkai kaleko 92, 94 eta 96. zenbakietako bizilagunei pasabidea baimenduko zaie. Horretarako, seinale emaileak egongo dira ibilgailuen pasabide txandakatua koordinatzeko, muntaketa lanen faseen arabera”, diote udal arduradunek.

Herritarren joan etorriak ahalik eta gehien errazteko, gunea behar bezala babestuklo eta seinaleztatuko dute.

Osorik irakurri