☉ Galdakao
Ur-beltzen irteera “guztiak” identifikatu eta kolektore orokorrera eramateko lanak burutuko ditu Galdakaok
Ibaizabal ibaian eman diren “ur-beltzen isurketaren” inguruan kezka agertu dute Galdakaoko eta Usansoloko EAJk. Alderdi jeltzalearen arabera, ibaiaren kanalizazioa Udalaren ardura da, “eta Udalak erantzun behar du”: “2023ko urtarrilaren 18an ospatutako Hirigintza batzordean azalpenak eskatu genizkion EH Bilduri, Ibaizabalen emandako isurketaren inguruan egindako kudeaketari buruz. EAJko bozeramaileak hainbat galdera egin zizkion batzordeko arduradun politikoari, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso”, salatu du alderdi jeltzaleak.
Ibaizabal ibaia bideratzeko hirugarren faseko lehen hitzarmena 2019ko maiatzaren 16an sinatu zuen Galdakaoko Udalak, EAJ eta PSE gobernu taldea osatzen zutenean. “Hitzarmen horretan argi jasotzen da, aurreikusitako obrak behar bezala burutzen ari direla egiaztatzeko jarraipena egitea, eta, horretarako, bi erakundeek bata bestearen informazioa izan dezaten eta elkarrenganako konpromisoak behar bezala bete ditzaten irizpide eta moduak ezartzea”, diote alderdi jeltzaletik, eta gaineratu dute, “hitzarmenak edo hori betearazteak sortarazitako interpretazio arazoak jarraipenerako batzordeak konponduko dituela”.
2021eko maiatzaren 24an, Galdakaoko udal gobernu taldeak (EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemos) hitzarmena eguneratu zuen URArekin. GEURIA udal gobernu taldearekin harremanetan jarri da eta ondorengoa adierazi digute: “Udalak, arduraz jokatuz, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin hitz egin du eta egoera honi erantzun egoki bat emateko akordio batera heldu da. Proiektuak dituen ur-beltz irteera guztiak identifikatu ditu eta Partzuergoarekin batera hauek kolektore orokorrera eramateko lanak proiektatu eta burutuko ditu”. Ildo horretan, “urte anitzeko” plan bat egingo dutela adierazi digute udal gobernutik: “2023ko apirilean, aurrekontuaren lehenengo moldaketan, beharrezko diru partida jarriko dugu”, diote.
15 milioi euroko obrak
“URArekin sinatutako hitzarmenak klausula ugari ditu; horien artean, jarraipen batzordea arautzen dutenak. Hitzarmen horrek argi adierazi behar lituzke hainbat alor, besteak beste, ibaia bideratzeko proiektuak hartzen ez dituen baina beharrezkoak diren beste obra batzuk nork egin behar dituen. Baina ez du zehaztasunez adierazten. Jarraipen batzorde honek, bere eskumena den heinean, proiektutik kanpoko lan horiek zeintzuk diren eta nola gehitu behar diren aztertu du; horien artean, ur beltzen jarioaren gaia. Horrela adierazi da hainbat batzordetan; besteak beste, 2023ko urtarrileko Hirigintza batzordean. Era berean, Udal honetako ordezkariok, beharrezko gaiak aztertu eta ordaintzeko dirua eskaini diegu URA Agentziaren ordezkariei bilera guztietan”, diote Galdako udal gobernuko ordezkariek.
Udalak egindako proposamena “ontzat” eman zuten, “baina 2021eko euriteen ostean, beste hainbat arazo izan ziren obraren baitan eta aurrekontuaren moldaketa handi bat egin behar izan zuten euriteek eragindako kalte guzti horiek konpondu ahal izateko”, diote udal gobernutik: “Moldaketa ekonomiko hori %40a baino handiagoa zenez, ezin izan zuten Udalarekin hitzartutakoa aurrera eraman, eta beraz, ezin izan zituzten Udal honek eskatutako moldaketak proiektuaren baitan hartu, Galdakaoko Udalak beharrezko diru guztia jarriko lukeen arren. Halako obra bat moldatzea proposatzen denean, aldaketak ezin dira aurreikusitako kostua baino % 45 altuago izan”.
URAk egin zuen kontratazio prozesuan, Viuda de Saiz enpresa kontratatu zuen 11 miloi euroko lanak aurrera egiteko eta 2021eko azaroko euriteen ostean obraren kostea 4 miloi gehiago handitu zen: “Beraiek COJUAra (Euskadiko Aholkju Batzorde Juridikoa) eraman zuten moldaketa egiteko proposamena eta COJUAk onartu egin zien, baina beti ere % 45etik beherakoa baldin bazen moldaketa hori. Beraz, ezinezkoa zitzaien ur-beltzen lana beregain hartu eta horren kostua obrari gehitzea, dirua Galdakaoko Udalak berak jarri arren”, diote udal gobernutik.
“Egoera hori izanik, Udal honek argi utzi nahi du: hitzarmena egin zen garaian ez zela aurreikusi ur-beltzak bideratzeko lanak egitea; bideratze hori ez dela ibaiaren azpitik egin behar; jarraipen batzordean integraturik dauden alde bien artean borondate ona izan dela, eta Galdakaoko Udalak, hitzarmenaren bitartez, ur-beltz horiek bideratzeko beharrezko diru kopurua jartzeko asmotan izan dela; hala eta guztiz ere, lanen garapenean izandako aurreikusi ezineko gertaerek moldaketa ekonomiko osoa egoera horiei erantzuteko erabiltzera behartu du URA Agentzia”, diote udal gobernu taldetik.
☉ Galdakao
Tokiko produktuak goi-mailako sukaldaritzara eramateko jardunaldiak antolatu dituzte Galdakaon
KM0 Jardunaldi Gastronomikoak antolatu dituzte Galdakaon urriaren 15etik 17ra bitartean.
Ekimenak tokiko produktuak goi-mailako ostalaritzara eraman nahi ditu, “sukaldaritza sortzaile, berritzaile eta ausart baten aldeko apustua eginez, sustraiak ahaztu gabe eta lehengai nagusi gisa gertuko eta kalitateko produktua aldarrikatuz”, diote udal ordezkariek.
Jardunaldiak Galdakaoko Ostalaritza Eskolan izango dira, 17:00etatik 20:00etara.
Galdakaoko Udalak eta Ostalaritza Eskolak antolatu dituzte jardunaldiok, “tokiko jarduera ekonomikoa sustatzeko konpromisoaren ildotik”.
Erakustaldi praktikoak
Jardunaldien helburua da diziplina anitzeko prestakuntzaren bidez Galdakaon ostalaritza sektore indartsuagoa eta nabarmenagoa ezartzea.
Horretarako erakustaldi praktikoak eta hitzaldiak antolatu dituzte. Hizlariak “lehen mailakoak” izango dira: Beñat Ormaetxea Jauregibarria jatetxeko eta Palacio Arriluze hoteleko nagusia; Jon Bastante Berrizko Ibarra Baserriko barazki ekoizlea; Jose Pablo Larrea Baserria Km0 kooperatibako bozeramailea; eta Gari Rios Itsasmendi upategiko zuzendari teknikoa.
☉ Galdakao
Muguru parkeko jolasak berritzeko 88.000 euro bideratuko ditu Galdakaoko Udalak
Muguru parkeko jolasak berrituko ditu Galdakaoko Udalak. “Denboraren eta erabileraren ondorioz hondatu eta apurtu egiten dira zabuak eta berritzeko beharra sortzen zaie”, diote udal arduradunek.
Zehazki, zabuak margotuko dituzte, zorua aldatuko dute eta txirrista berria jarriko dute.
Lanak hilabetez luzatuko dira, eta konponketa lanek irauten duten bitartean jolas parkea ezingo da erabili.
Galdakaoko Udalak 88.000 euro bideratuko ditu lan horietara.
☉ Galdakao
Garapen jasangarriaren alde gazteen pentsamendu kritikoa sortzea bilatuko dute Galdakaon
Ekoizpen eta kontsumo arduratsua, pobrezia desagerraraztea, desberdintasunak murriztea, kalitatezko hezkuntza eta helburuak lortzeko aliantza landuko dituzte Gazte Plazaren bidez
Garapen jasangarrirako helburuak gazteei ezagutarazi eta horietako batzuen inguruan sakontzeko jarduerak antolatu dituzte Galdakaon urriaren 17tik 22ra bitartean.
Gazte Plaza ekimenaren bidez, ekoizpen eta kontsumo arduratsua, pobrezia desagerraraztea, desberdintasunak murriztea, kalitatezko hezkuntza eta helburuak lortzeko aliantzak bezalako gaiak landuko dituzte gazteek.
Ardanza parkean jarriko duten karpan erakusketa bat egongo da, 12:00etatik 19:00etara bitartean. Karpa zabalik egongo da edozein herritarrentzat; hala ere, 12:15etik 16:00etara bitartean DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak bertaratuko dira.
Gainera, bisita gidatuak, tailerrak, ihes-gela eta orientazio saioak ere antolatuko dituzte. “Jokoaren bidez Garapen Jasangarrirako Helburuei buruzko ezagutza areagotzeko, hainbat ihes-gela saio egingo dira. Saio horiek ordubetekoak izango dira, zazpi proba izango dituzte eta eskola ordutegitik kanpo egingo dira”, diote udal ordezkariek.
“Gazte Plazan proiektua gazteen artean pentsamendu kritikoa sortzeko beharrari lotutako ekimena denez, Garapen Jasangarrirako Helburuak gaurkotasuneko gaiekin lotuko dira, parte-hartzaileek jarrera desberdinak landu ditzaten”, diote.
Ildo horretan, orientazio saioa egingo dute herriko kaleetatik: “Gazteak taldeka banatu, eta, Gazte Plazatik abiatuta, herriko espazio eta dinamikak ezagutuko dituzte hainbat proben bidez. Horrela, hiri eta kolektibo inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak nolakoak diren hausnartzeko aukera izango dute”, diote.
Gazte Plaza 2024
Urriak 17, osteguna
09:00-13:30 UN Etxeko tailerrak
09:30-11:30 Plazatik kaleetara jarduerak
12:00-19:00 Karpako erakusketaren irekiera
17:00-20:00 GJHen Ihes-gela
Urriak 18, ostirala
09:00-13:30 UN Etxeko Tailerrak
09:30-11:30 Plazatik Kaleetara jarduera
12:00-19:00 Karpako erakusketa ibiltariaren irekiera ordutegia
17:00-20:00 GJHen Ihes-gela
Urriak 19, larunbata
12:00-19:00 Karpako erakusketa ibiltariaren irekiera ordutegia
17:00-20:00 GJHen Ihes-gela
Urriak 20, igandea
12:00-19:00 Karpako erakusketa ibiltariaren irekiera ordutegia
Urriak 21, astelehena
09:00-11:00 UN Etxeko Tailerrak
12:00-19:00 Karpako erakusketa ibiltariaren irekiera ordutegia
Urriak 22, asteartea
12:00-19:00 Karpako erakusketa ibiltariaren irekiera ordutegia
☉ Galdakao
Gurseko kontzentrazio-esparrua ezagutzeko irteera antolatu du Galdakao Gogorak urrian
Galdakao Gogora elkarteak irteera bat antolatu du Gurseko kontzentrazio-esparrua ezagutzeko. Urriaren 26an, larunbatez, izango da irteera: “Gurseko kontzentrazio zelaia bisitatuko dugu, baita ondoan dagoen Navarrens herria ere”, diote Galdakao Gogoratik.
Irteera 09:00etan izango da Galdakaoko udaletxetik, eta “iluntze aldera” itzuliko dira. Irteerara joan nahi duenak izena eman behar du urriaren 20a baino lehen galdakao.oroimena@gmail.com helbide elektronikora idatzita, eta 25 euro ordainduko ditu.
“Euskal Herritik nahiko gertu dagoen kontzentrazio zelaia izanik, aukera paregabea da zuzenean esparrua ezagutzeko. Izan ere, 1939. eta 1946. urteen artean, bertako barrakoietatik 64.000 preso pasa ziren, euretatik 6.555 euskaldunak, eta batzuk galdakoztarrak”, diote.
Irteera honen jatorria Galdakao Gogorak maiatzean antolatu zuen berbaldian dago: “Jabi Bilbaok hitzaldia eman zuen aurtengo jardunaldietan eta irteera honetan ere gurekin izango dugu, zelaiaren inguruko zehaztasunak azaltzeko”, diote.
Irteerari buruzko argibideak eta informazioa jasotzeko 667 488 691 eta 695 787 349 telefono zenbakiak jarri dituzte herritarren eskura.
☉ Galdakao
Leihotikan eta Tapia eta Leturia dira euskal ordezkariak Musika Bizianen
Musika Bizian jaialdiaren 10. edizioak Euskal Herriko taldeez gain, Herrialde Katalanetako, Ipar Irlandako eta Man uharteko taldeak ekarriko ditu Iturrondora urriaren 25ean eta 26an
Estaturik gabeko herrialdeen Musika Bizian jaialdiak 10 urte beteko ditu aurten Galdakaon, eta Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Ipar Irlandako eta Man uharteko taldeak ekarriko ditu urriaren 25ean eta 26an: Leihotikan eta Tapia eta Leturia (Euskal Herria), Xavi Sarrià (Herrialde Katalanak), Brian Finnegan & Hunger Of The Skin (Ipar Irlanda) eta Tomas Callister & Friends (Man uhartea) dira Iturrondo plazako eszenatokira igoko diren taldeak.
Kontzertuez gain, luthierrek eta musikari artisauek leku berezia izango dute jaialdian: “Musika ulertzeko eta bizitzeko abagunea erakutsiko da; luthierrik eta musikari artisau barik ez legokeelako musikarik, funtsezkoak dira”, dio Uxue Bejarano Andra Mari Dantza Taldeko kideak. Hain zuzen ere, Andra Mari Dantza Taldeak antolatzen du urtero Musika Bizian jaialdia, Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Taberna Ibiltaria
Bizkaitik, Arabatik, Gipuzkoatik, Nafarroatik, Galiziatik, Kataluniatik eta Gaskoniatik etorriko dira aurten luthierrak eta musikari artisauak euren lanak erakustera, urriaren 26an. Gainera, kale animazioak ere ez du hutsik egingo edizio honetan: urtero moduan, Taberna Ibiltariak girotuko du Galdakaon urriaren 25eko arratsaldea, eta urriaren 26an Xistra de Coruxo talde galiziarra eta Galdakaoko Ad Libitum Txistu Banda arituko dira kalez kale.
“10 urtez musika bizitzen”
2014. urtean antolatu zuen lehendabiziko aldiz Musika Bizian jaialdia Andra Marik, eta ordutik ez du hutsik egin Galdakaoko egutegi kulturalean: “Munduko kultura aniztasunaren isla izan nahi du Musika Bizianek eta hori erakutsiko du aurten ere atzerritik etorritako taldeekin, finean, kultura gutxiengotu eta zapalduen arteko elkartasun jaialdia baita”, dio Unai Zabala Andra Mari Dantza Taldeko presidenteak: “Hamar urtez hogei lurralde desberdinetako musika bizi izan dugu”.
Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariez gain, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea eta Edurne Espilla Kultura arloko zinegotzia, eta Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria izan dira gaur prentsaurrekoan.