Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Galdakao

Ibarluzeko etxebizitzetarako izena ematea izango da urriaren 30etik azaroaren 30era

|

Ibarluzeko etxebizitzen obrak urte amaiera eta 2024. urte hasierarako bukatuko dituzte // Geuria

Ibarluzeko alokairu baxuko etxebizitzen obrak laster bukatuko dituzte. Aurreikuspenaren arabera, urte amaiera eta 2024. urte hasierarako bukatuko dituzte lanak, eta etxebizitzerako sarrera 2024ko bigarren hiruhilekorako aurreikusita dago.

Ildo horretan, Galdakaoko Udalak 60 zuzkidura bizitokietan izena emateko epea zabalduko du urriaren 30etik azaroaren 30era bitartean. Eskaerak udal webgunearen bidez soilik egin ahalko dira (Zerbitzuak atalean, Etxebizitza eta Sustapen Publikoen barruan, Zuzkidura-bizitokiak), eta beharrezkoa izango da BAKQ identifikazio elektronikoa izatea eta Etxebiden izena emanda egotea, soilik alokairuko etxebizitzen eskatzaile gisa. Onartuen behin betiko zerrendak urtarrilean publikatuko ditu Udalak.

Bizitokiak gazte galdakoztarrentzat, guraso bakarreko familientzat eta mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat izango dira batez ere. Etxebizitza horiek erabiltzeko hilean 150 eta 300 euro arteko kanona ordaindu beharko da alokairu kontzeptuan, erabiltzaile bakoitzak dituen diru sarreren arabera, eta gehienez ere bost urtez bizi ahal izango dira bertan.

Hauek dira eskainiko dituten etxebizitzak: logela bakarreko 42 bizileku 18 eta 33 urte bitarteko gazteei zuzenduta (A kupoa); bi logelako 16 etxebizitza guraso bakarreko familientzat bideratuta (B kupoa); eta mugikortasun urri iraunkorra dutenentzat gela bakarreko 2 bizileku (C kupoa).

Pertsona bakoitzak kupo horietako batean bakarrik aurkeztu ahal izango du eskaera. Bi pertsonarentzako eskaera bateratua bada, bi eskatzaileek aurkeztu eta sinatu beharko dute eskakizuna BAKQ bidez.

Zozketarik ez

“Eskatzaileek kontuan izan behar dute bizitokiak esleitzeko prozesua baremazioaren bidez egingo dela eta, beraz, ez dela zozketarik egingo”, diote udal ordezkariek. Baremazioari, bizitokiei eta sartzeko baldintzei buruzko informazio guztia udal webgunean kontsultatu daiteke.

Izena emateko epea izan bitartean (urriak 30-azaroak 30), eskatutako baldintzak betetzen direla Udalak egiaztatuko du zuzenean kasu gehienetan, “eskatzaileak aurka dagoela adierazten ez badu”, diote udal arduradunek. Hala ere, hainbat dokumentu eskabidearekin batera aurkeztu behar dituzte interesdunek: Etxebiden soilik alokairuko etxebizitzen eskatzaile gisa izen emanda dagoela edo eskaera egina dagoela ziurtatzen duen agiria; mugikortasun murriztuarena; seme-alaben jaiotza ziurtagiria; eta guraso bakarreko familien kasuan banantzea erakusten duen epaia edo erabakia. “Behar edo egoera espezifikoak egiaztatzen dituzten beste dokumentu batzuk ere erantsi beharko dira, baremazioari begira puntuatzeko”, diote Udaletik.

Eskaera egiteko zailtasunak dituztenentzat edo Interneterako konexiorik ez dutenentzat ordenagailu bat jarriko du Udalak Esan bulegoan eta laguntza presentziala eskainiko dute astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:15era. Era berean, Galdakaoko Udaleko Etxebizitza Sailak ere, NonBizi zerbitzuaren bitartez, aholkularitza eta laguntza zuzena eta pertsonalizatua eskainiko ditu eskaerak egiteko, 944 010 529 telefonoaren bitartez edo nonbizi@galdakao.eus helbide elektronikoaren bitartez.

☉ Galdakao

Euskaraldia antolatzeko lehen bilera deitu dute Galdakaon urtarrilaren 22an

|

Aurten maiatzaren 15etik 25era bitartean izango da Euskaraldia // Euskaraldia

Euskaraldia udaberrian izango da aurten: maiatzaren 15etik 25era bitartean. Lau hilabete falta direla, Galdakaon Euskaraldia koordinatzeko taldea martxan jartzeko lehen bilera deitu dute Udalak eta euskalgintzako eragileek.

Urtarrilaren 22an, asteazkenez, izango da lehen bilera hori, 18:00etan udaletxeko bilkura aretoan. Bilera horretara Galdakaoko taldeak, eragileak eta norbanakoak daude gonbidatuta.

“Bertan, Euskaraldia koordinatzeko talde motorra martxan jarriko da eta bigarren erronka lortzeko oinarriak jarriko dira: maiatzeko ariketan lortutako aurrerapena egunerokoan mantentzea”, diote udal ordezkariek.

Ohikoa den elkarlanaz gain, herritarren inplikazioa “funtsezkoa” dela adierazi dute udal arduradunek eta herriko euskalgintzako eragileek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaok 80 zuhaitz berri landatuko ditu herriko hainbat eremutan

|

Juan Bautista kalean zuhaitzak berrantolatu eta 32 ale berri landatuko dituzte // Galdakaoko Udala

Kaltetutako edo gaixotutako zuhaitzak ordezkatzeko eta berriak jartzeko lanak hasi ditu Galdakaoko Udalak. Guztira 80 zuhaitz berri landatuko dituzte herriko hainbat eremutan:

  • Juan Bautista Uriarte kalearen hegoaldeko espaloian: 32 zuhaitz berri
  • Gandasegin, Plaza Gorrian eta Simon Linazan: 17 zuhaitz berri
  • Juan Sebastian Elkano kalean: 6 zuhaitz berri
  • Iturrondon: 4 ale berri
  • Ganguren kalean: 3 zuhaitz berri
  • Sixta Barrenetxean: 3 zuhaitz berri
  • Gernika kalean: 3 zuhaitz berri
  • Aranzelai 5-7 kalean: 3 zuhaitz berri
  • Zuhatzun: 2 zuhaitz berri
  • Ardanza parkean: 2 zuhaitz berri
  • San Inazion: 2 zuhaitz berri
  • Mugu kalean, udal igerilekuetan, Elexalden eta Lapurdin ale berri bana

Bestetik, Bizkai kalean jarraipena emango diote duela bi negu hasitako ordezkapenei, eta Urretan zuhaitz bat ere ordeztuko dute. Gainera, Juan Bautista Uriarte kalean aurreko faseetan landatutako zuhaitzak berrantolatuko dituzte, “eta aurreko zereginetan landatutakoak haztea zailtzen duten zuhaitzak kenduko dira”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Udalak 49.000 euro bideratuko ditu zuhaitzak ordezkatzen eta berriak landatzen. Lanak sei hilabetez luzatuko dira, eta aurrena Bizkai eta Juan Bautista Uriarte kaleetan hasiko dira.

2022an udalerriko zuhaitz eta landare guztien egoeraren azterketa orokorra egin zuen Udalak. “Eta analisiak ondorioztatu zuen zuhaitz asko hilda edo gaixorik zeudela, eta beraz, Udalak modu ordenatuan antolatu zuen haien ordezkapena, faseka”, diote udal ordezkariek. Oraingoa hirugarren fasea da.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Ganguren Mendi Taldearen 233 argazki eta dokumentu digitalizatu dituzte bere sorreraren 80. urteurrenean

|

2025ean 80 urte bteko ditu Ganguren Mendi Taldeak // Ganguren MT

Galdakaoko Ganguren Mendi Taldeak 80 urte beteko ditu aurten. Eta urteurrena aprobetxatuz, mendi elkartearen funtsaren zati bat digitaliatu du Udalak, Gangureneko kideen laguntzarekin.

Guztira, elkartearen 233 argazki, plano, araudi edota estatutu digitalizatu dituzte. Gainera, euskaraz eta gazteleraz bakoitzaren deskribapena osatu dute eta sailkatu dituzte.

Ganguren Mendi Taldearen funts digitala esteka honen bitartez ikus dezekete herritarrek.

“Horren bidez, Ganguren Mendi Taldeak egindako jardueren lagin bat zaindu, kontserbatu eta herritarrei zabaldu nahi zaie, bai eta haren historia zabalaren zati bat aurkeztu ere”, diote udal ordezkariek.

Hasierak, ezkutuan

1945. urtean eratu zuten Ganguren Mendi Taldea Jesus Altunak, Victor Legorburuk eta Kepa Yurrebasok, eta 1946an legeztatu zuten 50 bazkiderekin.

Ganguren Mendi Taldeko lehen bazkideak 1945an, Balzolan // Ganguren MT

“Nabarmentzekoa da bere estatutuetan (Athletic Clubekoak hartu zituzten erreferentzia gisa) emakumeak bazkide bezala sartzen zirela eta lehenengo bi asteetan 11 bazkidetu zirela”, diote.

Murrizketa ekonomiko eta politikoak zirela eta, elkartearen lehen urteetako ekintzak hurbileko jardueretara bideratu ziren. Hauek Josu Altunaren bizartegiko lonjan, ezkutuan, planifikatzen ziren.

Ekintzen artean, Gorbeiatik gertu dauden mendietarako sarbidea erraztuko zuen babesleku propioa izateko asmoarekin, Gangurengo mendizaleek Arrabako zelaian babesleku bat eraikitzea erabaki zuten 1949an, eta 1953an inauguratu zuten.

Arrabako aterpetxean Gangureneko bazkideak // Ganguren MT

Garai haietan 151 bazkide zituen Gangurenek, “eta garai horretan hasi ziren mendi garrantzitsuetara egindako lehen igoerak; Aneto eta Naranjo de Bulnes, esaterako”, diote. Denboran zehar, aterpea handitu eta hobetu egin dute bazkideen eskaera gero eta handiagoari erantzuteko.

Aldaketak eta egokitzapenak

Hurrengo hamarkadako lehen urteetan geldialdia gertatu bazen ere, 1968tik aurrera Ganguren bere historiaren etapa berri batean sartu zen. Urte horretan bertan egoitza berri bat inauguratu zuen eta 1970ean, 647 bazkiderekin, zilarrezko ezteiak ospatu zituen.

“Denboraldi horretan, klubak bere jarduerak dibertsifikatu zituen, haurrentzako eta familientzako txangoak sustatuz, eta kultura, jolas eta goi mendiko jardueren arloak sortuz. Horren ondorioz, 44 lagunek Mont Blanc (4.807m) eta Gran Paradiso (4.061m) igo zituzten Alpeetan”, diote.

Ganguren Mendi Taldeko emakumeak Gorbeian, 1949an // Ganguren MT

Horrek guztiak zuzenean eragin zion klubaren hazkundeari eta hamarkada amaierarako lokal sozialean zegoen espazioari. Horregatik, 1980an Gangurenek gaur egun Galdakaoko Gipuzkoa kalean duen egoitza inauguratu zuen.

Hurrengo bi hamarkadetan kultur bultzada berri bat egin zuten: “Azpimarratzekoak dira liburutegi berria eratzea, eta argazki lehiaketa eta Zinemaren eta Argazkigintzaren Asteak antolatzea. Gainera, ingurumen ekimenak egiten ere hasi ziren, hala nola, Arraban zuhaitzak landatzea eta Gorbeiako garbiketa uxaldiak”, diote.

1982an eskalada sustatzeko rokodromoa inauguratu zuten: “Gazte asko erakarri zituen, eta eski atala ere sortu zuten”.

Iñaki Apellaniz bazkidea McKinley (AEB) igo zuenekoa, 1986an // Ganguren MT

Bestalde, nazioarteko espedizioak ere egiten hasi ziren, hala nola, Iñaki Apellanizena McKinleyra 1986an, eta Jesus Gomezenak Baruntsera 1989an, Everestera 1990ean eta Cho Oyura 1993an. Eta, azkenik, klubak 3 gurutzeen (Gorbeia, Sabigain eta Lemoatxa) eta Mugarriz Mugarriz ibilaldi luzeei hasiera eman zien 1998an.

2.700 bazkide

Gaur egun Ganguren Mendi Taldeak 2.700 bazkide baino gehiago ditu, eta udal ordezkariek adierazi dutenez, “mendiarekiko grina galdakoztarrei erakusteko asmoari eutsi diote”.

Ganguren Mendi Taldeko bazkideak Candanchun eskiatzen // Ganguren MT

“Hala, azken urteotan klubak hainbat ekintza bultzatu ditu horretarako, hala nola udalerriko bideak eta mendi kotak seinaleztatzea edo familientzako, haurrentzako eta eskolen eta guraso elkarteen bidezko kultura eta mendi irteerak sustatzea. Gainera, herriko jaietan parte hartzen du eta ekitaldiak antolatzen ditu, Gangureneko igoera herrikoia, ‘Zazpi Trokak’ trail lasterketa, eta hainbat mendi irteera eta jarduera urte osoan zehar, adibidez”, diote.

Klubak 80 urte bete ditu eta gora-beherak izan arren beti asmatu du garai bakoitzera nola egokitu galdakoztarrei mendiarekiko grina erakusten jarraitzeko. Kudeaketa eta informazioa hobetu ditu aplikazio informatikoen, webgunearen edo sare sozialetan duen presentziaren bidez, besteak beste.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakao Emisio Gutxiko Eremu izendatzeko Eusko Jaurlaritzak duen asmoaz: “Momentuz ez dira Udalarekin harremanetan jarri”

Metroa Galdakaora heltzeak “mugikortasun eredua aldatuko” duela zehaztu du Udalak. Era berean, gaur gaurkoz Galdakaok 25.000 biztanle ez dituela adierazi dute udal ordezkariek

|

Emisio Gutxiko Eremua izendatzearen neurria Metroko lanak bukatu ostean aztertuko dutela zehaztu dute Galdakaoko udal ordezkariek // Geuria

Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko zazpi herritara zabaldu nahi ditu auto kutsagarrien murrizketak, Emisio Gutxiko Eremuak hedatuz.

Gaur egun, neurri hori derrigorrezkoa da 50.000 biztanletik gorako hirietan, baina orain, 25.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietako erdigunerako sarbidea mugatzea proposatzen du Mugikortasun Jasangarriaren Euskal Planak.

El Correo egunkariak publikatu duenaren erabera, zazpi udalerri horien artean daude Basauri eta Galdakao. 

GEURIA bi Udalekin jarri da harremanetan, eta Galdakaoko udal ordezkariekin hitz egitea lortu dugu: “Momentuz Eusko Jaurlaritzatik ez dira Galdakaoko Udalarekin harremanetan jarri. Hala ere, esan beharra dago gaur gaurkoz Galdakaok ez dituela 25.000 biztanle”, zehaztu dute udal arduradunek. Oraingoz Basauriko Udalak ez du adierazpenik egingo.

Eusko Jaurlaritzak plana egin zuenean Galdakaok 29.000 biztanle inguru zituen, baina Usansolo herri independiente bihurtu ostean, 25.000 biztanleko langa ez du gainditzen Galdakaok.

Metroaren etorrera

Bestetik, Metroa Galdakaora heltzeak mugikortasun eredua aldatuko duela adierazi dute Galdakaoko Udaletik: “Metroak aldaketa bat ekarriko du Galdakaora mugikortasunari dagokionez. Hori aprobetxatuko dugu eta herria egokituko dugu erdigunea trafikoari dagokionez lasaitzeko”, diote.

Gauzak horrela, Emisio Gutxiko Eremua izendatzearen neurria Metroko lanak bukatu ostean aztertuko dutela zehaztu dute Galdakaoko udal ordezkariek.

Emisio Gutxiko Eremuak ezartzea onartu zuen aho batez Galdakaoko udalbatzak iazko ekainean, EAJk mozio bat aurkeztu ondoren.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Urreta Taekwondo Taldeko Sare Sagredok zilarra irabazi du Bizkaiko Kopan

|

Kadete aurreko mailan debutatu zuen lehen aldiz Galdakaoko klubak, lau ordezkarirekin: Ager Esteban, Peio Fernandez, Oier Palma eta Sare Sagredo // Urreta Taekwondo Kluba

Bizkaiko Taekwondo Federazioak bere lehen Bizkaiko Kopa antolatu zuen urtarrilaren 11n. Estatuko, Frantziako eta Portugalgo taldeak bertaratu ziren, tartean Galdakaoko Urreta kluba.

Kadete aurreko mailan debutatu zuen lehen aldiz Galdakaoko klubak, lau ordezkarirekin: Ager Esteban, Peio Fernandez, Oier Palma eta Sare Sagredo.

“Sarek zilarrezko domina irabazi zuen. Gainerakoek ezin izan zituzten final-laurdenak gainditu. Hala ere, oso pozik gaude egin duten lanarekin”, adierazi dute Urreta Taekwondo Klubetik.

Osorik irakurri