☉ Galdakao
Argazkiak / Galdakaoko Ibilaldiko abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte gaur: ‘Magaletik herrire’
Gotzon Barandiaran eta ikastolako ikasle talde batek idatzitako hitzei Oxabi taldeak jarri die musika ‘Magaletik herrire’ izeneko abestian
Hiru hilabete falta dira Bizkaiko Ikastolen aldeko jaia Galdakaon ospatzeko: Ibilaldia maiatzaren 25ean izango da.
Eguzkibegi Ikastola antolaketa lanetan ari da eta iazko ekainean leloa eta logoa iragarri ondoren, gaur abestia eta bideoklipa aurkeztuko dute, GEURIAn duela hilabete aurreratu genuen bezala.
Gotzon Barandiaranek eta ikastolako ikasle talde batek sortu dute letra. Ikasle horiek dira: Amaia Gojenola Zorroza, Aritz Gortazar Tutor, Libe Dilan Bikim Euba, Naroa Elorriaga Zorroza, Nora Vellido Doistua, Oier Zelaia Belar, Urtzi Larrabeiti Zubero eta Uxue Rasche Cuñado.
Musika Oxabi talde galdakoztarrak jarri du. Abestiaren izena da ‘Magaletik herrire’.
Torrezabal Kultur Etxean egin dute aurkezpena 19:00etan eta areto nagusia bete-beterik egon da. Ekitaldia Joana Lasheras eta Gaizka Uriarte Eguzkibegiko gurasoek aurkeztu dute.
Era berean, Arkaitz Estiballesek, Gorka Madrazo LH4ko irakasleak eta Taupadak Dantza Eskolako kideek parte hartu dute ekitaldian.
☉ Galdakao
Galdakaoko Adiskide Pilota Elkarteak 50 urteko ibilbidea ospatuko du jai giroan igandean
Adiskidek 1975ean ekin zion ibilbideari, bost lagunen ekimenez, eta gaur egun 60 pilotari inguruk osatzen dute taldea. Urte hauetan zehar, Urrutikoetxea, Elezkano edo Larunbe bezalako pilotariak igaro dira bertatik

Adiskide Pilota Elkarteak 50. urteurrena bete du aurten, eta ospakizun berezia antolatu du domekan, azaroaren 10ean, Kurtzeko frontoian, 10:30etik aurrera. Aurretik, gaur arratsaldean, 50.urteurreneko txapelketako finalak jokatuko dituzte: 19:00etan emakumeak arituko dira: Aldai-Gaminde Ibarrola-Capellanen aurka, eta ordubete geroago gizonezkoak: Victor-Urbisu alde batetik, Carregal-Merino II bestetik.
Igandeko ospakizunari dagokionez, belaunaldien arteko partidek emango dio hasiera egunari, eta ondoren bazkari herrikoia egingo dute.
Ez dira hauek, ordea, urteurrenaren harira egin dituzten ekitaldi bakarrak: argazki-erakusketa ere jarri zuten martxan Torrezabal Kultur Etxean, Adiskideren 50 urteko ibilbideko une eta oroitzapen garrantzitsuenak jasotzen dituena. Erakusketa gaur arte egongo da ikusgai.
Elkarteko presidente Gaizka Uriarte Zearrak GEURIAri emandako elkarrizketan aipatu bezala, taldeak betidanik argi izan ditu bere oinarriak: “euskara, auzolana eta esku pilota”.
Adiskidek 1975ean ekin zion ibilbideari, bost lagunen ekimenez, eta gaur egun 60 pilotari inguruk osatzen dute taldea. Urte hauetan zehar, Urrutikoetxea, Elezkano edo Larunbe bezalako pilotariak igaro dira bertatik.
Egun handia izango dute domekan, Adiskideko kideentzat ez ezik, euskal pilotazale eta galdakoztar guztientzat ere.
☉ Galdakao
Auzolana eta musika oinarri, Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak jaialdia antolatu du Basauriko Txarraska Gaztetxean
Aurkezpenaren aurretik eta ondoren fj Muff, Tarisko, Vulcanizafas eta Marlon Random arduratuko dira musikaz eta festa girotzeaz

Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak (GES) jaialdi berezia antolatu du gaur, azaroaren 7an, ostirala, Basauriko Txarraska gaztetxean, 17:00etatik aurrera. Ekimena sarearen filosofia jarraituz antolatu dute, auzolanean eta autogestioan oinarrituta.
Jaialdian Burgoseko Escuela de Pueblos kolektiboa izango da gonbidatu berezi gisa, euren proiektua aurkezteko. Talde honek ere elkarlaguntzan eta komunitatearen indarrean oinarritutako jarduera sozialak garatzen ditu, eta horregatik gonbidatu dute Galdakaoko Elkarlaguntza Sareko kideek.
Aurkezpenaren aurretik eta ondoren fj Muff, Tarisko, Vulcanizafas eta Marlon Random arduratuko dira musikaz eta festa girotzeaz.
Jaialdian bildutako diru guztia Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea (GES) finantzatzeko erabiliko da, kolektiboak egiten duen elkartasun-lana bideragarri egiteko asmoz.
☉ Galdakao
Fernando Izagirrek ukatu egin du epaiketan DYAren dirua desbideratu izana
DYAko presidente izan zen garaian (2016-2021) ustez egindako irregulartasunengatik epailearen aurrean deklaratu du Izagirrek. Epaiaren zain dago galdakoztarra

Fernando Izagirre Bizkaiko DYAko presidente ohiak ukatu egin du gobernuz kanpoko erakundearenak ziren 4,75 milioi euro bereganatu izana.
Bere asmo bakarra Kataluniako osasun-garraioaren sektorean DYAren jarduera indartzea zela adierazi du galdakoztarrak epaiketan.
Izaguirrek azaldu zuenez, ez daki “ezertxo ere” kontabilitateari buruz, eta DYAk biltzen zituen 5 milioiko funtsak langile bati eskualdatu zizkion.
Epaiketa azaroaren 4an eta 5ean izan da Bizkaiko Auzitegian. Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du Izagirrerentzat: 4 urte eta erdi administrazio desleialeko delitu jarraituengatik eta 2 urte eta erdi DYAren egoera ekonomikoa islatu behar zuten dokumentuak faltsutzeagatik.
Izagirrez gain, Juan Diego Gallardo bere bazkidea ere epaituko dute. Gallardorentzat 4 urteko kartzela-zigorra eskatu du Fiskaltzak.
Kekukoek, perituek eta akusatuek deklarazioa eman ostean, epaiaren zain daude.
☉ Galdakao
Galdakaoko Zuhatzu eta N-634 errepidea lotuko dituen zubi berria otsailean zabaltzea aurreikusi dute
Zuhatzu eta N-634 errepidea lotuko dituen zubia jartzeko lanak hasi dituzte Galdakaon. Muntaketa aste batean egingo dute eta ondoren urbanizazio lanak hasiko dituzte

Zuhatzu eta N-634 errepidea konektatuko dituen zubi berria instalatzeari ekin diote gaur, Galdakaon. Egituraren muntaketa aste batez luzatuko da eta gero urbanizazio lanak hasiko dituzte.
Aurreikuspenaren arabera zubi berria otsailean zabalduko dute. Pasabideak bi noranzkoetan izango ditu erreiak, baita alde bietan oinezkoentzako espaloi zabalak ere.
Azpiegitura berri honen eraikuntza Txomin Egileor kalearen berrantolaketarekin bat dator: “Horiek amaitzean, kaleak noranzko bakarreko zirkulazioa izango du. Beraz, zubi berriak Txomin Egileorren izaten diren trafiko pilaketak arinduko ditu eta mugikortasunaren fluxua hobetuko du, Zuhatzurantz eta handik Galdakao zein Bilborantz egiten diren ibilbideak erraztuz”, diote udal ordezkariek: “Zubia eremu horretako mugikortasuna hobetzeko funtsezko elementua izango da”.
Proiektu hau Txomin Egileor eta bere ingurunea berritzeko, lasaitzeko eta modernizatzeko prozesuaren barne dago, eta trafikoaren fluxua eta segurtasuna, eta oinezkoen mugikortasuna hobetzea ekarriko du.
☉ Galdakao
Fernando Izagirre DYAko presidente izandakoaren aurkako epaiketa bihar hasiko da
Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du Izagirrerentzat: 4 urte eta erdi administrazio desleialeko delitu jarraituengatik eta 2 urte eta erdi dokumentuak faltsutzeagatik

DYAko presidente izan zen garaian (2016-2021) ustez egindako irregulartasunengatik ikerketapean egon da Fernando Izagirre galdakoztarra.
Ikerketa 2022an hasi zuten eta, hiru urte ostean, bihar hasiko da epaiketa.
Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du Izagirrerentzat: 4 urte eta erdi administrazio desleialeko delitu jarraituengatik eta 2 urte eta erdi DYAren egoera ekonomikoa islatu behar zuten dokumentuak faltsutzeagatik.
Izagirrez gain, Juan Diego Gallardo bere bazkidea ere epaituko dute. Gallardorentzat 4 urteko kartzela-zigorra eskatu du Fiskaltzak.
Era berean, bi inputatuek DYAri 4,75 milioi euro baino gehiagoko kalte-ordaina ematea eskatu du Fiskaltzak. Eta akusatuen “bizibideak” eta “ondasunak” ikertzeko agindu dio Poliziari, etorkizunean gerta daitezkeen enbargoei begira, kondena bete behar badute.
Ikerketa 2022tik
DYAko zuzendaritza batzorde berriak salaketa jarri zuen 2022an, barne-auditoria batek alarmak piztu ondoren. Zehazki, “gauza arraro askorerekin” egin zuten topo auditorian, besteak beste, “diru txartelen erabilera okerra”.
Salaketa publiko egin eta Izagirrek Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako zuzendari karguari eta Galdakaoko Udaleko EAJren bozeramailetzari uko egin zuen.
1986an hasi zen boluntario gisa Izagirre DYAn eta 2016an izendatu zuten presidente. 2021ean kargua utzi zuen Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaritza hartu ondoren.







































