Sareak

☉ Galdakao

Argazkiak / Ibilaldiaren urteari hasiera emateko Herri kirolen desafioa giro bikainean ospatu dute Galdakaon

|

Ibilaldia antolatuko du maiatzaren 25ean Eguzkibegi Ikastolak Galdakaon. Herrian giroa prestatzeko ekintzak antolatzen hasi dira: gaur, urtarrilak 18, Herri kirolen desafioa izan da Kurtzeko plazan. Eguraldi bikainarekin, giroa ezin hobea izan da! Hona hemen GEURIAn egin ditugun 86 argazki!

☉ Galdakao

Patxi Zubizarreta idazlearekin, Eñaut Izagirre glaziologoarekin eta Oihane Zuberoa filosofia irakaslearekin mahai-ingurua antolatu dute Galdakaon

Mahai-ingurua martxoaren 11n izango da eta Elexalde, Bengoetxe eta Eguzkibegiko ikasleei dago zuzenduta. Uxue Alberdi izango da saioaren gidaria

|

Patxi Zubizarreta, Eñaut Izagirre eta Oihane Zuberoa // Txalaparta + Elhuyar Zientzia + Amezti.eus

Irakurraldi Jarraitua proiektua lantzen ari dira Galdakaoko ikastetxeetan. Udaleko Euskara arloak antolatzen du ekimena ikastetxeekin elkarlanean, eta helburua da literatur esperientzia ikasleen pentsamendu kritikoarekin eta ekintza sozialarekin lotzea.

Aurtengoa bosgarren edizioa da, eta proiektu hezitzaile eta kolektibo horren barruan urte osoan zehar hainbat jarduera finkatu dituzte.

Aurten, Elexalde, Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako DBHko 2. mailako ikasleak Patxi Zubizarreta idazle ordiziarraren ‘Zerria’ liburua landu dute, baita Eñaut Izagirre Estibaritz glaziologoaren ‘Glaziarrak (ag)urtzen’ dokumentala ikusi ere.

Otsailean Zubizarretak eta Izagirrek hitzaldiak eman zituzten ikasleen aurrean, eta martxoan eurekin eta Oihane Zuberoa filosofia irakaslearekin mahai-ingurua antolatu dute.

Martxoaren 11n izango da mahai-ingurua 10:30ean Torrezabal Kultur Etxean, eta Uxue Alberdi Estibaritz idazle, bertsolari eta kazetariak gidatuko du saioa.

Mahainguru horretan, ikasleek irakurritako liburuan eta aurreko hitzaldietan ikasitako gaiak sakondu ahal izango dituzte.

Irakurketa ozena maiatzean

Hitzaldiez gain, maiatzaren 19an ‘Zerria’ liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute Elexalde, Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako ikasleek eta Galdakaoko zenbait elkarteetako kideek.

Torrezabal Kultur Etxean izango da irakurketa ozena eta lan horretarako, Maria Urcelay antzerki adituaren laguntza izango dute irakurleek. Gainera, Patxi Zubizarreta idazlea ere bertan izango da.

Irakurketa jarraitua Sormene astearen baitan antolatu dute. Udaberriko Sormene maiatzaren 18tik 25era bitartean izango da.

Eta, Sormenen ekitaldia egin aurretik, apirilean eta maiatzean ikasleek boz gora irakurtzeko tailerretan parte hartuko dute.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Manifestazioa egin dute Galdakaon, ‘Beste mundu bat feminismotik’ lemapean

|

Martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna da eta Hego Uribe eskualdean aldarrikapen-ekitaldi desberdinak deitu dituzte asteburuan zehar. Galdakaon, esaterako, gaur egin dute manifestazioa Kurtzeko plazatik Santi Brouard plazaraino. Aurretik, gainera, auzoen arteko martxa feminista egin dute Aperribaitik abiatuta.

Hauek Aitzol Zamalloa Galdakaoko argazkilariak utzitako argazkiak:

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Iritzia | Segurtasunaren izenean, etxegabetzerik eta arrazakeriarik ez!

|

Martxoaren 4an hustu zuten eraikina Bengoetxe auzoan // Elkarlaguntza Sarea

Segurtasunaren aitzakia oso erabilia da jarrera arrazistak justifikatu eta bultzatzeko: kalean bizi den jendea gure segurtasunerako mehatxua dela, “beste kultura batzuetako” gizonak “gure” emakumeentzako mehatxu direla, jende pobreak gure segurtasuna kaltetzen duela… Oraingo honetan, Galdakaoko Bengoetxe auzoan, ikusi dugu migratuen euren segurtasuna izan dela haien kontrako eraso baten ataria. Etxe okupatu batean bizi ziren 15 pertsona migratu kaleratu dituzte, eraikina erortzeko zorian zegoela-eta, haien segurtasunerako arriskutsua zelako. 

Kontua da, alde batetik, segurtasun neurri hori erabili duela Espainiako Polizia Nazionalak, etxerik gabe geratu berri diren pertsonen aurkako operazioa egiteko: banan banan beraien identitateak eta erresidentzia baimenak begiratu dituzte, eta kasu batean, zuzenean atxilotu dute, atxilotze-agindu baten harira. Beraz, bertan bizi zirenentzako segurtasun neurria zena, haien kontrako sarekada arrazista bihurtu da. Kale gorrian geratzearen egoera zaurgarriari, egoera administratibo ilegalak ekarri ditzakeen ondorio judizialak gaineratu dizkiete.

Horretaz gain, ezin aipatu gabe utzi poliziak ohikoa duen jarrera oldarkorra. Ustez lagundu behar zituzten pertsonez babesteko eta erasotzeko ekipaje osoa eraman dute, bai polizia nazionalak eta bai ertzaintzak: kaskoak, ezkutuak, porrak… Banan banan identifikatu dituzten gazteak susmagarri edo gaizkile gisa tratatuz identifikatu eta atxiki dituzte, lurraren kontra estutuz batzuk. Gainera, elkartasuna erakustera eta gertatzen ari zena grabatzera azaldutako auzokide baten kontra ere jardun dute, urruntzeko aginduz eta identifikatuz.

Poliziaren jardunbidea zaintzea herritarron eginbeharra da, ondo baitakigu zein biolentzia mailarako gai den polizia, eta horren probak jasotzea ez da delitua.

Espainiako Polizia eta Ertzaintza // Elkarlaguntza Sarea

Beste alde batetik, segurtasuna ez da soilik teilatua gainera ez erortzea eta ongizate fisikoa. Segurtasuna bermatzen dute inguru eta babes sozial hurbilak, osasun arreta dohako eta baldintza gabeak, hezkuntza eskubideak, herrialdez migratu eta helmugako herrian ondo jasoa izateak, poliziaren etengabeko mehatxurik gabe bizitzeak, etxebizitza eskubidea gauzatzeak… Hortaz, 15 pertsonaren segurtasuna bermatzeko neurri gisa etxerik gabe eta kale gorrian uztzi badituzte, izan beharko litzateke badagoelako alternatiba hoberik pertsona horientzat: etxebizitza, gizarte eta osasun arreta, haietaz kezkatu eta zeozer behar duten galdetzen dieten herritar sarea, haien familiekin harremana bermatzeko teknologia, hezkuntza edo lan beharrak asetzeko baliabideak… Hori guztia baino lehen iritsi da etxegabetzea. Abisurik gabe gainera. Galdetu gabe haientzat zer den segurtasuna, zer behar duten, etxe hori gabe geratzekotan nora joango diren… Bertan bizi zirenek bazekiten etxearen egoeraz, eta seguruenik ez zen haien ametsa bertan bizitzea. Baina erabakitzeko, baloratzeko eta neurriak hartzeko zilegitasun eta gasitauna kendu egiten diegu etengabe, haien gainetik eta haiek gabe erabakiz.

Bukatzeko, etxe barrutik haien gauza pertsonalak hartzeko aukerarik ere ez diete eman. Etxerik gabe eta gainera, paperik gabe, argazkirik, arroparik, telefonorik gabe… Gauza ugari geratu dira betirako tapiatutako etxe horretan, denbora luzean beste inork eskaini ez dien aterpe izan den etxe ezegonkor horretan.

Horrelako egoeren aurrean, ehundu ditzagun sare herritarrak, hurbildu gaitezen laguntza eskaintzera, antolatu gaitezen gure baliabideak gehien behar dutenen alde erabiltzeko, presionatu ditzagun instituzioak soluzioak eman eta arazo gehiago ez sortzeko, bijilatu dezagun polizia, inpunitate osoz jokatzea ekiditeko. Arrazakeriaren, atzerritartasun legearen eta pobreon kontrako gerraren aurrean, antolatu gaitezen!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaon erortzeko arriskuan dagoen eraikin bat hustu dute Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak

Guztira 15 pertsona aterarazi dituzte. Galdakaoko Udaleko hirigintza-teknikari batek egiaztatu du eraikinaren egitura egoera txarrean dagoela eta eraikina erortzeko arriskuan dagoela

|

Galdakaoko Bengoetxe auzoan erortzeko arriskuan dagoen eraikin abandonatu bat hustu zuten atzo Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak.

Guztira 15 pertsona aterarazi zituzten. Eraikinean gaua ematen zuten pertsonen “integritate fisikoa arrisku larrian” zegoela ikusirik hustu dute eraikina. Izan ere, Galdakaoko Udaleko hirigintza-teknikari batek egiaztatu du eraikinaren egitura egoera txarrean dagoela eta eraikina erortzeko arriskuan dagoela.

Zentzu horretan, Galdakaoko Udaleko obretako langileek eraikina hormatu dute, berriro inor barrura sar ez dadin.

Espainiako Poliziaren Atzerritarren eta Mugen Probintzia Brigadako agenteak arduratu ziren eraikinetik ateratako pertsonen nortasunak egiaztatzeaz. Horietako bi haien egoitzara eraman zituzten, Estatuan duten lege-egoera egiaztatze aldera.

Era berean, Ertzaintzak 30 urteko gizon bat atxilotu zuen, atxilotzeko errekisitoria judiziala baitzuen indarrean.

Osasun-arloko langile batek eraikinetik atera zuten beste pertsonetako bat artatu behar izan zuen, berak eragindako ebaki bat baitzuen bekokian, eta osasun-zentro batera eraman behar izan zuten.

Horrez gain, identifikatuetako bi elkarri joka hasi ziren, eta Ertzaintzako Brigada Mugikorreko agenteek esku hartu behar izan zuten borrokan jarrai ez zezaten; horietako hiruk asistentzia medikoa behar izan zuten.

Galdakaoko Elkarlaguntza sareak 13 pertsona kale gorrian utzi dituztela salatu du, “aurretik inongo abisu barik”, eta mobilizazioak iragarri ditu.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Dinamita lantegiko ehun urteko artxiboa digitalizatu eta sailkatu du Galdakaoko Udalak

1880 eta 1980 urte arteko 161 argazki digitalizatu, deskribatu eta sailkatu ditu Udalak eta herritarren eskura jarri

|

Jaurtigaiak kargatzeko lantegia 1940. urtean // Maxam-Galdakaoko Udala

Galdakaoko Udalak Dinamita enpresaren argazki funts digitala sortu du, herriko memoria industriala eta soziala berreskuratzeko lanean.

Zehazki, 1880tik 1980ra bitarteko argazkiak digitalizatu, deskribatu eta sailkatu ditu Udalak. Guztira 161 argazki.

Argazkiek ez dute solik fabrikaren hazkundea erakusten, baizik eta Galdakaorekin zuen lotura sakona ere. Izan ere, bere jarduera industrialaz harago, enpresak langileen kolonia bat eraiki zuen, ekonomatoa, eliza eta ikastetxe propioak barne, lana eta bizitza soziala uztartzen zituen testuingurua sortuz.

“Errealitate horrek herrian eragin izugarria izan zuen, eta hori argazki bakoitzean islatzen da, garapen industriala eta komunitate osoaren nortasun kolektiboa jasotzen baitute”, diote udal ordezkariek.

Emakume dinamitariak

Argazkien artean emakume dinamitariei eskainitako 17 irudiak nabarmendu dituzte. 

“Emakume aitzindari horiek enpresaren lehen urteetatik lan prozesuan parte hartu zuten, hasiera batean dinamita kartutxetan sartzeko ardura hartuz. Horien presentzia funtsean lan talde barruan eta herriaren historian izan zuten funtsezko rolaren aitortza da”, diote.

Iñigo Arriandiaga alkatea, Aitor Elorrieta Maxameko zuzendaria, Leire Mendibe Maxameko Giza Baliabideen zuzendaria, Ana Martinez Udaleko Artxibo Teknikaria eta Edurne Espilla Udaleko Kultura zinegotzia // Galdakaoko Udala

Galdakaon bertan Emakume dinamitarien plaza inauguratu zuen Udalak 2018an [ikusi hemen orduko argazkiak]. “Galdakaoko garapen ekonomikoan emakumeek bete zuten papera ahanzturaren zulotik atera gura dugu, hain zuzen ere, udalerriko historiari berari lotuta dagoen enpresan lan eginez, Galdakaoko ekonomiaren, jendartearen eta familien garapenean lagundu zutelako”, adierazi zuen 2018an Ibon Uribek, orduko Galdakaoko alkateak.

Herritarren eskura

Dinamitako argazki-funtsa herritarren eskura jarri du dagoeneko Galdakaoko Udalak. Interesa duenak Udal Artxibo digitala kontsulta dezake.

Ekimena Udalaren eta Maxamgroup enpresaren arteko lankidetza hitzarmenaren ondorioa da, eta proiektua azken hilabeteetan garatu dute.

Gainera, ondare historikoa berreskuratu eta zabaltzeko lan honen baitan, Suediako Nobel Fundazioarekin harremanetan ere jarri da Udala.

“Horrek funtsa kontuan izango du bere jarduera kultural eta dibulgatzailearekin lotutako etorkizuneko erakusketa, ikerketa edo ekimenetan. Horrela, Maxam enpresaren artxibo historikoaren ikusgarritasuna Alfred Nobelen jaioterriraino hedatuko da; haren izena daramaten sarien sortzailea izan zen Nobel, eta Sociedad Anónima Española de la Pólvora Dinamítica-Priviliegioren hastapenekin lotura estua izan zuen”, diote udal arduradunek. 

Dinamita 1872. urtean zabaldu zuen Galdakaon Alfred Nobelek. Zuhatzu auzoan kokatua, zonaldearen nortasuna definitu zuen, langile kolonia bat sortuz eta emakume dinamitariak kontratatzen aitzindaria izanez [irakurri GEURIAn publikatutako albisteak emakume dinamitarien inguruan]. Gaur egun, Maxam du izena fabrikak, 1974an ekoizpen-mugarriek eta leherketa larri batek markatutako historia luze baten ondoren.

Osorik irakurri