Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Galdakao

Igor Anton: «Tourra ikusteko, motxila hartu eta Elorritxuetara oinez joatea gomendatzen dut»

Tourreko txirrindulariak Larrabetzutik helduko dira larunbatean, Gumuziotik, eta Elorritxueta leku estrategikoa izango da txirrindulari askorentzat, Antonen arabera

|

Igor Anton, Elexalden // Geuria

Uztailaren 1a egun benetan berezia izango da txirrindularitzarako Galdakaon. Egun horretan Frantziako Tourra hasiko da eta lehen etapa Bilbo-Bilbo izango da. Mundu mailako lasterketa hau Bilbon hasten den lehen aldia da. Hego Uribe eskualdeari dagokionez, txirrindulariak Larrabetzutik helduko dira, El Gallotik Galdakaora, eta Elorritxueta leku estrategikoa izango da txirrindulari askorentzat. Hau guztia Igor Anton Hernandez txirrindulari galdakoztarrak (Galdakao, 1983) aurreratu digu xehetasun guztiekin.

Kaskoa burutik ezertarako kendu barik eta Galdakaoko bihotzean kafea edan bitartean elkarrizketa egin, eta jarraian Elexaldeko atletismo pistara abiatu gara, Antonek txikitan entrenamenduak egiten zituen lekura. Han bertan Gela txirrindulari eskolako ikasleekin jarduten du gaur egun. Azken bolada honetan makal samar ibili da osasunez eta hurrengo hilabeteei begira prestaketa lanetan hasi da berriro, eta duela astebete 1.000 kilometro inguruko Transpiriniotar proba egin zuen bizpahiru egunetan.

Igor Anton, Elexaldeko aldapa eskalatzen // Geuria

Egun benetan berezia izango da Galdakaoko txirrindularitza zaletuentzat uztailaren 1a. Eta zuretzat? Nire bizitza kirol honetan eman dut eta sekulakoa da Frantziako Tourra nire herritik igarotzea. Profesional moduan ibilbidea utzi banuen ere, txirrindularitza zainetan daramat. Orain Italiako Giroa ikusten nabil baina Frantziako Tourra aparta da eta gure zaletuentzat opari izugarria izango da, ziur.

Non eta Galdakaon! Zorte itzela izan dugu. Lehen etapa izango da eta jende mordoa izango da herrian, ziur nago. Gainera, 29 kilometro faltan Elorritxuetatik igaroko dira txirrindulariak eta momentu oso erabakigarria izango da. Tentsio handia biziko da bertan eta guretzat festa itzela izango da. Ziur nago bertara kotxez hurbiltzeko aukerarik ez dela egongo. Beraz, galdakoztarrei motxila hartu eta Elorrixuetara oinez joatea gomendatzen diet. Altamiratik edo Elexaldeko tiro zelaitik abiatuta 30 minutuko ibilbidea da eta benetan mereziko du esperientziak, zalantza barik.

“Txirrindularitza zaletasunetik garraiobidera eramatea da betidanik izan dudan ametsa”

Iaz La Vuelta izan genuen Elorritxuetan. Horrelako giroa espero duzu? Ez dago alderatzerik! Tourrak jende gehiago erakarriko du eta gehienak frantziarrak izango dira. Gainera, Tourra Bilbon hasten den lehen aldia dugu aurtengoa, txirrindularitzaren historian ez dugu horrelakorik izan momentura arte. Gertuenen Donostian izan genuen Tourraren hasiera, 1992an.

Igor Anton, Elexaldeko atletismo pistan // Geuria

Zuk hiru aldiz hartu duzu parte Frantziako Tourrean. Nola sentitu zinen lasterketa honetan? Hiru irteera bizi izan ditut: 2007an, 2009an eta 2013an. Lehen urtean bertan behera utzi behar izan nuen lasterketa eta beste bietan lasterketa amaitzeko gai izan nintzen. Hasierako momentuak benetan bereziak dira eta presio itzela nabari izaten da, lasterketa benetan famatua delako. Uztailean ez dago beste kirol aipagarririk; futbola amaitu da, kirolariak “oporretan” daude, eta gainera uda da. Frantziako Tourrak hasi nituenean urduritasun asko nabaritu nuen txirrindulari profesional modura, baina esan behar dut ikusle bezala ere antzeko zerbait sumatzen dudala: ikusmin izugarria.

Zati aipagarririk ikusten duzu lehen etapan? Edozein lasterketatan lehen ihesaldia benetan interesgarria izan ohi da mendiko sariak eskuratu ahal izateko. Demagun lehen etapako ihesaldian euskaldun bat sartzen dela (kasu interesgarria). Horrela izatekotan, Tourra politagoa eta interesgarriagoa izango litzateke: 21 eguneko lasterketa bizia da eta horietako 18 Frantzian lehiatzen dira.

Jendea etorriko dela ikusita, nolako eragina izango du Frantziako Tourrak Galdakaon? Ekonomikoki eragin izugarria izango du. Litekeena da jendeak herrian kontsumitzea edo inguruko ostatuak jendez gainezka egotea, besteak beste. Bilbotik gertu ere bagaude eta, ondorioz, turismoa erakar dezakeela pentsatzen dut. Urtero lez, ziurrenik atzerritar askok hemen emango dituzte udako oporrak Tourraren eraginez. Edizio guztietan gertatzen da. Hala ere, ondo legoke Galdakao Txirrindularitza Eskolak diru gehiago jasotzea Frantziako Tourra bezalako ekimen hauen haritik: lehen etapak dirutza handia ekarriko du Bilbo eta inguruetara, eta behin lehen etapa igarota txirrindularitza eskolakook “ahaztuta” geratuko gara; ondo legoke diru horren zati bat behintzat eskoletara bideratzea, haurren hezkuntzarako.

Igor Anton, Elexaldeko atletismo pistan // Geuria

Galdakoztarra izanik eta lasterketa zure herritik igaroko delarik, nola gogoratzen dituzu txirrindularitzarekin herrian bertan bizi izandako lehen hastapenak? Lehen jaunartzean oparitu zidaten errepiderako nire lehen bizikleta. Galdakaoko txirrindulari elkartean hasi nintzen eta ume ugari zeuden garai hartan. Egia da denborak aurrera egin ahala eskola kideak galtzen joan zela desagertzeraino. Urte politak izan ziren eta zorte izugarria izan nuen bertako kide izateagatik. Orain, garai horietara bueltatu garela esan dezaket: lehen entrenamenduak Elexalden egin nituen atletismo pistan bertan eta Galdakaoko Txirrindulari Eskolak bertan egiten ditu saioak gaur egun ere.

Elexaldera heltzeko aldapa laburra baina gogorra igo behar da. Agian zure estiloko txirrindularientzat benetan egokia izan daiteke entrenamendu saioak bertan egitea. Txirrindulari eskalatzailea naiz eta igoera tenteetan eroso sentitzen naiz, hala da. Elexaldeko aldapak kilometro bateko luzera dauka baina desnibel metatu handikoa da. Entrenamenduetarako astean zehar hiru aldiz igotzen nuen aldapa hura. Horrez gainera, Galdakaotik irten eta herrira nindoanean mendiko bizikletarekin entrenamendu saioak egiteko leku aparta neukan 1.000 metrotik 1.500erako igoerarekin.

Hala ere, txikitan ez zenuen kirol bakarra txirrindularitza. Baina bai gustukoena. Eskola garaian esku-pilota gustuko nuen, baina txirrindularitzak gehiago asetzen ninduen, askatasun handiagoa eskaintzen didan kirola da. Gurasoek arrisku bezala ikusi izan dute txirrindularitza, baina hala ere, kirol hura praktikatzeko aukera eman zidaten.

Nolako erabilera ematen diete gaur egun gazteek bizikletei? Ume askok bizikletak herrian ibiltzeko erabiltzen dituzte. Agian udako oporretatik itzuli ostean txirrindularitza eskola baten parte izateko gogoa izan dezakete, eta ziur nago kasu bat baino gehiagotan gurasoek ez dutela kirol seguru bezala ikusten. Gainera, umeen gehiengoak futbola bezalako kirol “nagusiak” praktikatzen dituenez txirrindulariak galtzen dira erabaki horietan. Hala ere, azken urteko joerari erreparatzen badiogu, bizikleten erabilerak gora egin du eta ez kirol bezala, egunero leku batetik bestera joateko garraiobide jasangarri bezala baizik.

Galdakaon horixe sustatzeko ekimen proiektua esku artean duzue. Bizibusa! Galdakaoko Udalaren baietza jasota, Eguzkibegi ikastolarekin froga bat egin genuen, zentroa malda ondoan kokatuta dagoelako. Aitzakia horretaz baliatuz gure helburua finkatu dugu: Galdakaoko umeak eskolaraino bizikletan joatea.

Igor Anton, Elexaldeko atletismo pistan // Geuria

Bizibusaz gainera, bestelako ekintzak antolatu dituzue Udalaren babesarekin Galdakaon: Ongi Etourri eguna eta martxa zikloturistak, esaterako. Handia da bizikletarekiko zaletasuna hemen. Txirrindulari ugari bizi da herrian eta Yurrebaso denda topa dezakegu Galdakaon. Inoiz ez zaie lanik faltako bertakoei. Batez ere zaletasun modura erabiltzen da bizikleta gure herrian eta horixe aldatzea gustatuko litzaidake: nire ametsa txirrindularitza zaletasunetik garraiobidera eramatea da.

Amets hori posible egiteko auzo eta eskualdeko herrien arteko bidegorri sarea eratzea berebizikoa litzateke. Durango eta Zornotza arteko tartea eginda dago eta bigarren faseak Zornotza Bilborekin lotzea du helburu. Bien artean Galdakao dago. Egia esateko bigarren fase hau hasi eta bukatzeko gogo izugarria daukat, gaur egun zati hori bizikletaz egin nahi bada zonalde oso arriskutsua delako Bi-634 errepidearen tarte hori. Bidegorria bertan jartzeko lekua egon badago, baita dirua ere. Pausoa ematea bakarrik falta da, eta 6 urtetan eginda egon beharko litzateke. Duela gutxi Muskizera joan nintzen bizikletan. Itzultzeko Barakaldotik eta Bilbotik igaro nintzen. Bada, Bilbo eta Galdakao artean, Etxebarrin, bidegorri zati interesgarriak daude, baina hasi eta amaitu egiten dira. Ez daude guztiz lotuta eta bidegorri osotu bat egotea beharrezkoa da: kontuan izan astebururo 1.000 txirrindulari baino gehiago irteten direla kirola praktikatzera.

GELA Galdakaoko Txirrindularitza Taldeari dagokionez, zelan daude bertako kideak? Urte bi on daramatzagu eta ezin dugu erritmoa jaitsi, kideek eskola edozein momentutan utz dezaketelako. 12 eta 15 urte bitarteko kadeteen taldea ez da oso egonkorra, hainbat arrazoiengatik: ikasketen kontua, txirrindularitza mailak gora egiten duela eta gero eta “zailagoa” dela, eta horixe da gure erronka: gazte horiek taldean mantentzea, hain zuzen ere. Bestalde, eskoletan ziklokrossa bezalako neguko modalitateak berpizten ari direla ikusten ari gara.

Igor Anton // Geuria

Kirolariak GELAn hazten diren heinean mailak ere gora egiten duela diozu. Taldean ba al dago etorkizuneko Frantziako Tourrean parte hartu ahal izango duen profilik? Lasterketak eskolako atal txiki bat baino ez dira, egia esateko. Uste guztien kontra, Galdakaoko GELAko helburuak bestelakoak dira: gure baloreen artean laguntasuna, talde lana, errespetua…sustatzen ditugu. Urteek aurrera egin ahal ikusi dugu lasterketetan parte hartzeko konpetentzia horiek etorkizunean lehenago edo geroago helduko direla, ikasleek hala nahi izanez gero. Gure entrenamendu saioen helburua haurrek ondo pasatzea da: behin baino gehiagotan, entrenamendu saioak egin ditugunean auzo jakin batzuetan izan gara bertako baserrietako auzotarrak ezagutzen; kobazuloak ere bisitatu ditugu gure saioetan; neguko gauetan, goiz iluntzen duenez, fokuak jartzen ditugu mendi aldean eta entrenamenduak argiekin egiten ditugu…

Eta alde teknikotik, nolakoak izan ohi dira entrenamenduetan egiten dituzuen ariketak? Espezifikoak dira, baina beti elkarlanean. Ariketak adinaren arabera doitzen ditugu eta ikasleak gaitasunak lortzen doaz, bakoitza bere erritmoan.

Eta zuri dagokizunez, ibilbide profesionala amaitu zenuenetik zeri eskaintzen diozu zure denbora? Zorte onekoa naiz eta lehen egiterik ez nituen jarduerak egiten ditut orain: duela gutxi Nepalen izan nintzen aitarekin, adibidez. Era horretako proiektu “txikiak” dauzkat. Furgonetan kanperizazio lana egin nuen nire kabuz, Europan zehar bidaia zoragarria egiteko. Bidaia hura fisikoa eta barne bidaia ere izan zen. Egia esateko, ibilbide profesionala bukatu nuenetik beti nago proiektu pertsonal batean murgilduta. Egun hauetan etxean dudan ortu batean nabil buru belarri, bizikletan ere bai, eta nire Citröen 2cvean konponketa-lanak egin ditut motorra desmontatu eta montatuz…

Bizikleta albo batera utzi barik betiere, ezta? Bai, noski! erretiro hartu nuenetik nire barrenetan nituen behar batzuetatik jaiotako erronka pertsonal batzuk prestatzen hasi nintzen: lehen erronka Bizkaian ibilbide perimetrala egitea izan zen 2019an, txirrindularitzan hazi nauen lekuari omenaldia egiteko. 408 kilometroko bidaia izan zen eta txirrindulari ohi batzuekin egin nuen. Komunikabideak hurbildu ziren ere! Nik neuk antolatutako ekimena izan zen, era horretako jarduerak nola antolatzen diren ikasteko balio izan zitzaidan. Erronka hura egin baino lehen beti ematen zidaten dena eginda: ibilbidea, epeak…, Oso aberasgarria izan zen omenaldi hura nire kabuz prestatzea. Monitore lanak ere ikasi nituen Miguel Madariagak Derion daukan txikien gela pedagogikoan.

Proiektu polita izan zen eta ondorioz Galdakaoko GELA jarri nuen martxan. Esperientzia hark kudeaketarako erremintak eman zizkidan eskola sortu ahal izateko. Gandasegiko eskoletan lau hitzaldi eskaintzen ditut urtero eta jendaurrean berba egitea beste erronka bat izan da niretzat eta Pello Bilbao edo Jonathan Castroviejo, Agurtzane Elorriaga eta Ander Txakartegi bezalako esparru anitzetako gonbidatuak izan ditugu Galdakaon. Omar Fraile ekartzea falta zait! (barreak). Bigarren erronkan Euskal Herriko zazpi kapitalak batu nituen Txakartegirekin berarekin, eta amaitzean hitzaldi bat antolatu nuen moderatzaile lez. Hori ere ikasketa prozesuaren parte da. Txirrindularen atal ezberdinak ukitzea oso polita da.

Igor Anton, Elexaldeko atletismo pistan // Geuria

Eta zertan ari zara momentu honetan? Orain Transpiriniotar erronkatik bueltatu naiz. Kirol proba oso gogorra izan da eta atseden egunak dira niretzat: zikloturista lez 10 egunetan egin daitekeen ibilbidea da, egunero 100 kilometro eginez, errepidez. Nik ia jarraian egin dut. Joan den ekainaren 3an Everesting proban hartu nuen partet Galdakaoko Gela Erronkan. Proba horretan 29 aldiz igo nintzen Elorritxuetara pedalei eraginez. Everestera txirrindulaz igotzea bezalako esperientzia izan zen. Gainera, Mallorcara joan nintzen lagunekin. Haiek hegazkina hartu zuten eta ni bizikletaz joan nintzen.

“Sufritzen disfrutatzen dut, baina oraingo honetan ez dit inork eskatu; nik horrela nahi dudalako izan da”

Bizikletan Mallorkara? Irlara joateko ferrya hartu behar izan nuen, jakina (barreak). Mallorkatik bueltan Transpiriniotarrean parte hartu nuen. Momentura arte egun bitan egin du lasterkari arinenak 1.000 kilometroko proba. Nik ez nuen erokeririk egin nahi; erritmoa hartu eta gozatzea izan da nire asmoa. Sufritzen disfrutatzen dut, baina oraingo honetan ez dit inork eskatu; nik horrela nahi dudalako izan da.

Denboraz nahi eran gozatzeko garaia da zuretzat. Hala da, baina ez pentsa: denbora uste baino arinago joaten da. Orain, gutxienez, familiarekin egoteko astia daukat. Lehen pentsaezina zen hori eta erretiroa hartu nuenetik proiektu zoragarriak egiten ari naiz beraiekin.

☉ Galdakao

Julen Gabiria galdakoztarrak euskaratu duen ‘Elkanoren herriari bueltaka’ liburua aurkeztuko dute Durangoko Azokan

|

Julen Gabiria idazle eta itzultzaile galdakoztarrak ‘Elkanoren herriari bueltaka’ liburua euskaratu du aurten, eta Durangoko Azokan salgai egongo da abenduaren 5etik 8ra bitartean.

Ander Izagirre idazle donostiarrak argitararatu zuen gazteleraz liburua 2022an, eta bi urte ondoren, euskarazko bertsioa aurkeztuko dute euskal liburuen eta diskoen azoka handian.

Bai Gabiriak bai Izagirrek liburuaren aurkezpena egingo dute abenduaren 8an, igandez, Ahotsenea-Literatura gunean, 16:30etik 17:00etara bitartean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Durangoko Azokan izango dira ‘Margo Pitarak’ proiektua aurkezten

|

Eider Eibar ilustratzailea, Iskander Sagarminga igerilaria eta 'Margo Pirtak' proiektua // Kokoak.eus

Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Durangoko Azokan izango dira ‘Margo Pitarak’ proiektua aurkezten. Abenduaren 6an, ostiralez, izango da 17:30etik 17:50era Landakoguneako Kabi@n.

Proiektu transmedia da eta igerilari galdakoztarrak eta Eider Eibar ilustratzaileak 7 itsasoen erronkak igerian eta marraztuz euskaraz sorturiko eduki digitalak biltzen ditu: eskulanak, euskarazko sticker animatuak, mapa interaktiboak, bideoak edota animazioak.

Beste alde batetik, Galdakaon bizi den Eider Eibarrek ‘Kokoak’ liburua argitaratu du aurten, eta Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo du. Abenduaren 5ean, ostegunez, izango da 16:30etik 17:00etara Saguganbara gunean.

‘Kokoak’ liburua 3 urtetik gorako umeentzat dago zuzenduta eta Kokoen unibertsoa ezagutaraztea du helburu: “Koko Mako, Maki Moko, Kako Mako eta Koko Miko hitz-joko magikoa abestu eta Kokoak azaldu dira, izaki fantastiko txikiak, gure sorkuntza artistikoko lanetan laguntzen digutenak marrazkietan zulotxoak egin eta bertara sartuz”, dio sinopsiak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Zein da euskarak duen hitzik politena? Galdakaon erantzun dute!

|

Abenduak 3 ditu gaur: Euskararen Nazioarteko Eguna. Galdakaon goizean Mintzodromoa egin dute Iturrondoko karpan (hemen argazkiak!) eta jarduera aprobetxatuta Maria, June, Naroa, Aitor eta Rebeca galdakoztar saltseroak GEURIAko mikroaren aurrean jarri ditugu!

Zein da eurentzat euskal abestirik onena? Eta liburu bat aukeratu beharko balute? Zein da euskarak duen hitzik politena? Euren erantzunak jaso ditugu!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Euskara ahoan, 120 lagunek hartu dute parte Galdakaoko Mintzodromoan

|

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur. Galdakaon Mintzodromoa egin dute Iturrondo plazako karpan eta guztira 120 lagun batu dira: Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako eta euskaltegietako ikasleak eta irakasleak, herriko eragileetako ordezkariak eta norbanakoak elkartu dira eta euskara ahoan izan dute ordu t’erdiz. Hiru gai izan dituzte hizpide: ‘Urak har ditzakeen eremuetan eraikitzea’, ‘Zeregin gehiegi, baina denbora gutxi’ eta ‘Ikasgai berria proposatzea’.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi galdakoztarrek ‘Momotxorroak’ dokumentala aurkeztuko dute Durangon

‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala abenduaren 5ean aurkeztuko dute Irudienean. Bertan izango dira Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariak

|

Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi Andra Mari Dantza Taldeko kideek zuzendu dute 'Momotxorroak: Kaos baten istorioa' dokumentala // Durangoko Azoka

Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala egin du Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi taldekideek zuzenduta.

Dokumentalak Altsasuko (Nafarroa) inauteri tradizionalak berreskuratzeko eta biziberritzeko prozesua jasotzen du: “Antzinate handiko jaia izan zen, eta ahaztuta geratu zen, harik eta Ricardo Aldasorok, herriko nagusienetako batek, momotxorro mitikoak (ospakizun horren elementu nagusia) gogora ekarri zituen arte. Hain zuzen ere, oroitzapen horrek bultzatu zuen Altsasuko inauterien berpiztea, ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentalak jasotzen duen prozesua”, diote.

Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak inauteri horiei buruzko ikerketa eta berreskuratze lanari ekin zion, Juan Antonio Urbeltz folkloristak bultzatuta, azken horrek Jose Maria Satrustegiren ‘Neguko solstizioa’ lanean oinarrituta.

“Urteetan ikertu ondoren, 1978an Andra Mari dantza taldeak lehen aldiz plazaratu zuen inauteria Altsasun, interes handia piztuz eta Altsasuko komunitatea mugiaraziz, bereziki belaunaldi berriak, non, jai hau biziberritzeko erronka hartu baitzuten. 1982an, inauteriak gogo biziz ospatu ziren berriro Altsasun, eta, ordutik, tradizio horri eutsi dio urtez urte, 2012an Nafarroako Gobernuaren interes turistikoko festa gisa aitortuta”, diote.

Galdakao-Altsasu konexioa

Ikus-entzunezkoaren helburu nagusia da Andra Mari Eusko Dantzari Taldearen lana eta tokiko komunitateak ospakizun hori berpizteko hartu zuen konpromisoa erakustea, XX. mende hasieran azken aldiz antzeztu zenetik, 70eko hamarkadan berpiztu zen arte.

“Dokumentalaren helburu nagusia da belaunaldi berriei euskal kulturaren balioa eta esanahia helaraztea, inauteri horien berreskurapenean parte hartu zutenen testigantza zuzenen bidez”, diote.

Euskal folklorearen arloko pertsona aipagarrienen esperientziak eta testigantzak jaso dituzte dokumentalean. Besteak beste, Mikel Zamalloa, Manu Jauregi eta Koldo Telleria Andra Mariko kideek; Patxi Goikoetxea, Amaia Oiarbide, Enrique Zelaia eta Satur Leoz Altsasuko kultur eragileek; eta Juan Antonio Urbeltz Euskal Herriko folklore maisua zein kultur eragileak hartu dute parte dokumentalean.

Era berean, ikus-entzunezkoak Galdakao eta Altsasuren arteko lankidetza-harremanei balioa eman diela adierazi dute Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariek.

Durangoko Azokan

‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala Durangoko Azokan aurkeztuko du Andra Mari Dantza Taldeak.

Abenduaren 5ean, ostegunez, Durangoko Zugaza zineman, Irudienean, ikusi ahal izango da dokumentala, 17:30etik aurrera. Emanaldiaren ostean solasaldia egongo da.

Osorik irakurri