→Galdakao

Iker Lima preso galdakoztarraren lagun batek istripua izan du Leoneko espetxean bisita egin ostean

Istripua orkatz batek errepidera salto egin zuenean gertatu zen. Furgonetan bakarrik zihoan Limaren laguna eta ez zuen kalte fisikorik jasan.

Argazkia: Etxerat

Iker Lima Sagarna preso galdakoztarraren lagun batek kotxe-istripua izan zuen larunbatean Leoneko espetxetik etxerako bidean bueltan zetorrela. Etxeratek jakinarazi duenez, ezbeharra AP-15ean gertatu zen, Iruñerako noranzkoan, Zuastiko ordainlekua pasatu eta kilometro batera. Istripua orkatz batek errepidera salto egin zuenean gertatu zen. Furgonetan bakarrik zihoan Limaren laguna eta ez zuen kalte fisikorik jasan. “Gidariak bolante-kolpe batez erreakzionatu zuen, baina ibilgailuak aurrez aurre jo zuen animalia, eta orkatza bertan hil egin zen”, diote Etxeratetik. 

“Euskal presoak gero eta gertuen diren espetxeetara hurbiltzen ari dira, baina hala ere, ezin dugu ahaztu bisitak egiteko errepidera ateratzen garenean arriskuak berdin mantentzen direla. 400 bat ezbehar izan dira urrunketa politika indarrean denetik eta, tamalez, 16 senide eta lagunen bizitzak bidean geratu dira. Horregatik berriro diogu, preso guztiak Euskal Herrira hurbildu behar direla lehenbailehen”, diote Etxeratetik. Duela lau urte, Limaren lagun batek ere auto istripua izan zuen Huelvako espetxetik etxera bideko itzuleran.

Iker Lima duela gutxi lekualdatu dute espetxez. Hain zuzen ere, Huelvatik (1.000 kilometro) Leonera (370 kilometro) hurbildu zuten duela hilabete inguru.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak