☉ Galdakao
Programa / Mozolloker pertsonaia magikoak hasiera emango die otsailaren 9an Inauteriei
Inauterietako desfilea hilaren 9an izango da eta bertan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago otsailaren 7ra bitartean.

Inauterietako desfilea hilaren 9an izango da eta bertan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago otsailaren 7ra bitartean
Otsailaren 9tik 13ra bitartean ospatuko dira Inauteriak Galdakaon. Mozolloker pertsonaia magikoa herrian gertatu diren zoritxar guztien erruduna da eta bera izango da Inauterietako pertsonaia nagusia. “Otsailaren 9an Mozollokerren aurkezpena egingo da eta egun batzuen ostean berriro azalduko da, azken egunean, herritarren aurrean epaitua izan dadin“, dio Ainhoa Agirregoikoa Kultura zinegotziak.
Inauterietako jarduerarik jendetsuena izaten da mozorroen desfilea. Otsailaren 9an, ostiralez, izango da desfilea 19:00etatik aurrera Plazakoetxetik Kurtzea plazaraino. Bertan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute otsailaren 7a baino lehen Torrezabal Kultur Etxean.
Usansolon eta Urretan Inauteri jaiak antolatuko dituzte, 3 eta 15 urte arteko haur eta gazteei zuzenduta. “Programa zabala eta askotariko jarduerak hartzen dituen egitaraua eskaini gura izan dugu eta horretarako elkarteek eskaini diguten laguntza aitortu eta eskertu beharrean gaude“, azpimarratu du Agirregoikoak.
800 euro saritan
Galdakao herriguneko mozorro lehiaketa hilaren 9an izango da eta guztira 800 euro banatuko ditu. Lehenengo saritik hamargarrenera sari hauek emango dituzte: 225 euro, 150 euro, 100 euro, 80 euro, 60 euro, 40 euro, 30 euro, 25 euro eta 20 euroko bi sari. Horiez gain, 50 euroko sari berezi bat entregatuko diote eguneko mozorro onenari.
25 urte lehen kalejiratik
Mozolloker pertsonaia 1992an sortu zuen Hezkuntza eta Euskara arloak, udalerriko elkarte ezberdinen laguntzarekin eta harrez geroztik Galdakaoko Inauterien irudi nagusia da. Urtebete geroago Galdakaoko Inauterien melodia eratu zuten. Zentzu horretan, aurten 25 urte beteko dira Juan Carlos Irizar udal bandako zuzendaria zenak, “Galdakaoko Inauteriak” kalejira konposatu zuenetik. “Gero eta ezezagunagoa da Irizarren kalejira eta urtero inauterien hasieran jotzen da“, dio Agirregoikoak. Pieza musikal hau Zeberion jasotako Santa Ageda bezperako nota berezi batzuetan oinarrituta dago, Mikel Zamalloaren eskutik.
[Programa] Galdakaoko Inauteriak 2018
Otsailak 9, ostirala
17:30 Haur berbena Kurtzeko plazan: “Jau-Jau”
19:00 Desfilea: Plazakoetxe – J.B. Uriarte – Kurtzeko plaza
20:00 Mozollokerren epaiketa Kurtzeko plazan
20:00 Andra Mari Dantza Taldearen kalejira Santi Brouard plazatik: Goizuetako Zaragi-dantza eta Arizkungo Sagar-dantza
Otsailak 10, larunbata
12:00 Migas extremeñas kafearekin La Morenita Centro Extremeñoren eskutik Kurtzeko plazan
17:00 Inauteriak Urretan (3-15 urte): tailerrak, futbolin, pin-pon eta igle txapelketak
19:00 Mozorro desfilea Urretan
19:00 Altsasuko Inauteriak Kurtzeko plazatik Santi Brouard plazara (Andra Mari Dantza Taldea)
20:00 Mozorro lehiaketa Kurtzeko plazan (Zizpa Gazte Konpartsa)
+ Erromeria Kurtzeko plazan: Luhartz
Otsailak 11, igandea
17:30 Haurrentzako tailerrak Kurtzeko plazan
Otsailak 12, astelehena
17:15 Mozorro desfilea Gorosibaiko Kultur Etxean
Otsailak 13, asteartea
17:30 Haurrentzako tailerrak eta mozorro desfilea Unkina plazan (Usansolo)
17:30 Haur berbeba Kurtzeko plazan: Bualá
19:00 Mozollokerren epaiketa eta erretzea Kurtzeko plazan
Otsailak 17, larunbata
12:30-13:00 Iñude eta Artzaiak kalejira eta antzezpena Unkina plazan
13:30 Kalejira Usansolon
☉ Galdakao
Galdakaoko auzoak hobetzen jarraitzeko eta proposamen berriak definitzeko bilerak deitu ditu Udalak
‘Auzotik Galdakao’ proiektuaren barruan sei bilera ireki deitu ditu Udalak, proposamenak egokitzeko, lehentasunak definitzeko eta neurri berriak erabakitzeko

Auzoetan egindako aurrerakuntzak aztertzeko eta hobekuntza proposamen berriak definitzeko ‘Auzotik Galdakao’ proiektuaren barruan sei bilera ireki deitu ditu Udalak.
Eremuka banatuta, egun hauetan izango dira bilerak: Upomendi, Zuhatzu, Bengoetxe, Troka eta Ergoien eremuko (laugarren eremua) kontseilua otsailaren 12an batuko da 18:30ean Ostalaritza Eskolan; Aperribai, Olabarrieta, Txistulanda eta Jugu auzoetako (lehenengo eremua) bilera otsailaren 17an 18:30ean izango da Olabarrietako pertsona nagusien lokalean; Urreta, Urtebieta, Tximelarre Goikoa eta Zuhatzaurre auzoetako (bigarren eremua) bilera otsailaren 18an 18:00etan izango da Urreta 2ko areto nagusian; Berezikoetxe eta Zabalea auzoetako (seigarren eremua) kontseilua otsailaren 19an bilduko da 18:30ean udaletxean; Galdakaoko landa eremua (hirugarren eremua) otsailaren 25an 18:30ean udaletxean; eta Zabalgane, Kurtzea eta Tximelarre Bekoa auzoetako (bosgarren eremua) bilera martxoaren 4an 18:30ean izango da udaletxean.
“Bilerak proposamenak egokitzeko, proiektuen lehentasuna definitzeko eta auzo bakoitzean beharrezkoak diren neurriak modu zehatz eta adostuetan erabakitzeko balioko dute. Bertan, herritarrak, gizarte eragileak eta udal teknikariak eta politikariak elkarlanean arituko dira, Galdakao herri parte hartzaileagoa eta konektatuagoa izan dadin”, diote udal ordezkariek.
Bilerak publikoak dira, baina bertaratzeko interesa dutenek abisua eman behar dute 688 830 479 telefono zenbakira deituz edo partaidetza@galdakao.eus helbide elektronikora idatziz.
Auzoen garapen integrala eta orekatua
Auzoen garapen integral eta orekatua sustatzeko asmoz, ‘Auzotik Galdakao’ dinamika jarri zuen martxan Udalak 2023an.
Dinamikarekin hasteko bi eremu hartu zituzten udal ordezkariek: alde batetik, Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai Zaharra eta Jugo (lehenengo eremua); eta bestetik, Tximelarre Goikoa, Urtebieta, Zuatzaurre eta Urreta (bigarren eremua).
Eta, horien ostean, herri osora zabaldu zuen dinamika Udalak, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren eremuak gehituz.
“Une honetan, eremu guztiak estrategiaren ezarpen eta garapen fasean daude: lehenengo eta bigarren eremuak 2023ko martxoan hasi ziren lanean, eta hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren eremuak, berriz, 2024ko otsailean. Kontseiluak eratu zirenetik jarduera desberdinak egin dituzte etengabean, eta orain proposamen horiek gauzatzeko bidean daude”, diote udal arduradunek.
Auzotik Galdakao proiektuaren bidez, Udalak auzo bizidun eta parte hartzaileagoekin duen konpromisoa berresten du, herritarren eta administrazioaren arteko elkarlana indartuz eta horrela herri osoan bizi kalitatea hobetuz.
☉ Galdakao
Galdakaoko auzoetan hobekuntzak “etengabeak” direla esan du gobernu taldeak, PSEren kritikei erantzuna emanez
“Gobernuaren kuadeaketaren irudi ezkorra marraztu nahi dute eta uste dugu hori ez dela errealitateak islatzen duena”, esan dute EH Bildu, Auzoak eta UHko ordezkariek

Galdakaoko PSEk gobernu taldearen “utzikeria eta paralisia” salatu zituen otsaila hasieran. Era berean, EH Bildu eta Auzoak udaltalde”ek —Usansolo Herria ere gobernu taldearen parte da, baina ez dute euren oharrean aipatu— “auzoen errealitateari buruzko eztabaida politikoari izkin egitea” kritikatu zuten.
GEURIA gobernu taldearekin harremanetan jarri da eta adierazi dute: “Udalaren dinamika osasuntsu baterako legitimoa den oposizio-lan baten barruan kokatzen ditugu oposizioaren komunikazioak. Hala ere, gobernuaren kudeaketaren irudi ezkorra marraztu nahi dute eta uste dugu hori ez dela errealitateak islatzen duena, marketing politikoari erantzuten dion estrategia baizik”.
Zentzu horretan, auzoetan eta erdigunean hobekuntza lanak “etengabeak” direla adierazi dute. Eta, adibideak eman dituzte: “Zuhatzuko zubia eta Txomin Egileor, kiroldegiko handitze lanak, Aperribaiko laugarren igogailua, asfaltatuak eta argiak Jugun”.
“Aldi berean, obrak kontratatzeko prozesuak ditugu jomugan, ahal bezain laster hasteko: Emakumeen etxea, Haurreskola, Errekaldeko eta Elexaldeko saneamendua berrizteko obrak”, gaineratu dute.
Eta, auzo desberdinetako irisgarritasuna hobetzeko igogailuen azterketa geoteknikoak kontratatuta dituztela, eta Berezikoetxen lurazpiko aparkalekua eraikitzeko proiektuarekin aurrera jarraitzen dutela adierazi dute gobernu taldetik. “Hori ez da paralisiaren argazkia”, diote.
“Elkarlanerako prest”
Gobernu taldetik esan dute oposizioaren ekarpenak jasotzen prest egon direla eta badaudela: “2026ko aurrekontuak negoziatzeko aukerak eskaini genizkien, birritan prozesuan zehar, eta ez genuen inolako erantzunik jaso”, diote.
“Hori zen proposamenak egiteko momentua, Bengoetxeko parkea eta Zabalganeko aparkalekua hobetzeko aukera aztertzeko, adibidez; baina PSEk nahiago izan zuen kanpora begirako komunikazio lana egin, gobernuarekin elkarlana egin baino”, diote.
2021etik 2025era oposizioaren 23 emendakin onartu dituztela azaldu dute gobernu taldetik: “Haien balioa 1.5 milioi eurokoa izan da”. “Gaur egun, eginda edo egiten ari dira 18 emendakin, balio osoaren % 81,4. Honek esan nahi du arduraz eta errespetuz hartzen ditugula oposizioaren emendakinak”, esan dute.
“EH Bildu, Auzoak eta UH taldeek osatzen dugun gobernu taldeak elkarlanerako prest jarraitzen du; udaletxe barruan eta udal kudeaketak markatzen duen uneetan lan egiteko prest”, diote.
☉ Galdakao
Playback txapelketa, Herri Kirol “bereziak” eta gazte afaria antolatu ditu Zizpak Galdakaoko inauterietan
Galdakaoko kuadrillak eta gazteak animatzeko programa berezia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak, Gazte Berpizturen eta Udalaren babesarekin

Inauteriak ospatuko dituzte Galdakaon otsailaren 13tik 18ra. Herriko elkarteek Udalarekin elkarlanean hamaika ekintza antolatu dituzte [egitaraua osorik hemen!].
Besteak beste, herriko kuadrillak eta gazteak animatzeko programa berezia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak ostailaren 14an, larunbatez, Gazte Berpizturen eta Udalaren babesarekin. Aurtengo gaia izango da talde kirolak.
Herri Kirolen probak, kalejira-poteoa, gazte eta helduen playback lehiaketa, gazte afaria eta DJ emanaldiak prestatu dituzte.
Egitaraua | Zizpainauteriak 2026
Otsailak 14, larunbata
12:00 Herri Kirol bereziak Santi Brouard plazan, Gazte Berpiztu proiektuko kideekin batera.
– Izena ematea 11:45ean edo 688 680 840 telefono zenbakira idatzi
13:30 Perejilek Folklore Taldea: kalejira eta poteoa Santi Brouard plazatik
18:00 Gazte eta helduen Playback lehiaketa Kurtzeko plazan.
– Izena ematea egunean bertan
21:00 Gazte afaria Kurtzeko plazan
– Txartelak salgai Zurrut eta Oñarte tabernetan: 6 euro (soldata gabeak) / 8 euro (soldatapekoak)
– Elikadura beharrizanak izatekotan idatzi: zizpagaztekonpartsa@gmail.com
23:30 DJ Gork + DJ Desi eta Presi Kurtzeko plazan
☉ Galdakao
Egitaraua | Galdakaoko inauteriak 2026
Aurten prestatutako egitarauan, inauterietan oinarritutako Galdakaoren eta Altsasuren arteko harremanari keinua egin diote

Otsailaren 13tik 18ra bitartean izango da inauteriak Galdakaon. Herriko elkarteek eta Udalak elkarlanean hamaika ekintza antolatu dituzte.
Egitaraua | Galdakaoko Inauteriak 2026
Otsailak 13, ostirala
09:20 Eguzkibegi Ikastolako desfilea Juan Bautista Uriarte, Zamakoa eta Muguru kaleetatik, eta amaierako jaia Agirre Lehendakaria plazan
10:00 Urreta Eskolako desfilea Bizkai kalean zehar, eta amaierako jaia Urreta Eskolan
11:15 Gandasegi Eskolako desfilea Juan Bautista Uriarte, Zamakoa eta Muguru kaleetatik, eta amaierako jaia Iturrondo plaza
17:00 Umeentzako tailerrak Kurtzeko plazan
17:30 Jolasak, aurpegi margoketa eta ginkana Aperribaiko frontoian, Ludoteka eta Topaguneek antolatuta
18:00 Andra Mari Dantza Taldea: Koko dantzak Iturrondo plazan
18:30 Mozorro desfilea, zozketak eta sariak Aperribaiko frontoian
19:00 Mozorro desfilea Plazakoetxetik: Ad Libitum Txistu Banda, Maximo Moreno Musika Eskolako ikasleak, Taupadak Dantza Eskola eta herriko kuadrillak. Ondoren, Mozollokerren aurkezpena
19:00 Talo salmenta Santi Brouard plazan, Patakon Kultur Elkartearen eskutik
19:30 Txokolatada, musika, photocalla eta festa Aperribaiko frontoian, Aperribai, Olabarrieta eta Txistulandako Auzo Elkartearen eskutik
20:15 Andra Mari Dantza Taldea: Goizuetako zaragi-dantza eta Baztaneko sagar-dantzak Santi Brouard plazatik
Otsailak 14, larunbata
12:00 Herri Kirolak Santi Brouard plazan, Zizpa Gazte Konpartsak eta Gazte Berpiztuk antolatuta
13:30 Perejilek Folklore Taldea Santi Brouard plazatik
17:00 Playback lehiaketa Kurtzeko plazan. Gaia: talde kirolak
19:30 Andra Mari Dantza Taldea: Altsasuko Inauteriak udaletxetik, Bizkai kaletik, Mugurutik, Zamakoatik eta Santi Brouard plazan
20:00 Lekittoko Deabruak: Nafarroa kalea, Juan Bautista Uriarte, Santi Brouard, Ardanza parkea eta Iturrondo plaza
21:00 Herri afaria Kurtzeko plazan, Zizpa Gazte Konpartsak antolatuta
23:00-01:30 DJ Gork + DJ Desi eta Presi Kurtzeko plazan, Zizpak antolatuta
Otsailak 15, igandea
12:30 Umeentzako ikuskizuna Kurtzeko plazan: ‘Diskopuntx’
17:00 Umeentzako tailerrak, jolasak, ginkana, tokolatada eta desfilea Urreta Eskolako jolastokian, Argizai Eskaut Taldeak antolatuta
Otsailak 16, astelehena
11:30 + 16:30 Umeentzako tailerrak Kurtzeko plazan, Galdakao TEAyuda Elkartearen eskutik: ‘Sentitzen, sortzen eta ikertzen duten eskuak’
Otsailak 17, asteartea
17:30 Gospel kontzertua Kurtzeko plazan: ‘Blue Velvet Gospel Singers’
19:00 Mozollokerren epaiketa eta Da Capo Musika Banda Kurtzeko plazan. Ondoren, Mozolloker erretze eta inauteri bukaerako sua
Otsailak 18, asteazkena
11:00 Nagusien egoitzetako inauteri desfilea Victor Anaia kalean. Ondoren, hamaiketakoa eta inauteri jolasak Zuhatzu auzoko aparkalekuan
☉ Galdakao
Eñaut Izagirre glaziologoak Pirinioetako glaziarrak desagertzeko arriskuaz hitzaldiak emango ditu bihar Galdakaon
‘Glaziarrak (ag)urtzen’ dokumentalaren inguruan izango dira hitzaldiak otsailaren 12an: goizean ikasleentzat eta arratsaldean herritar guztientzat

Irakurraldi Jarraitua proiektua lantzen ari dira Galdakaoko ikastetxeetan. Udaleko Euskara arloak antolatzen du ekimena ikastetxeekin elkarlanean, eta helburua da literatur esperientzia ikasleen pentsamendu kritikoarekin eta ekintza sozialarekin lotzea.
Aurtengoa bosgarren edizioa da, eta proiektu hezitzaile eta kolektibo horren barruan urte osoan zehar hainbat jarduera finkatu dituzte.
Urtarrilean Elexalde, Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako DBHko 2. mailako ikasleek Eñaut Izagirre Estibaritz glaziologoaren ‘Glaziarrak (ag)urtzen’ dokumentala ikusi zuten, eta otsailean Izagirre bera izango da Galdakaon.
Lau ataleko dokumentalak (Primeran-en ikusgai) Aneto, Infiernos, Perdido eta Vignemale Pirinioetako glaziarrak desagertzeko arriskuaz berba egiten du, eta lau glaziarren bilakaera eta egungo egoera azaltzen du.
Hitzaldia emango du otsailaren 12an, ostegunez, ikasleen aurrean: 12:00etan izango da Torrezabalen.
Era berean, herritarrei irekita egongo den hitzaldia ere emango du Izagirrek otsailaren 12an 18:30ean Torrezabalen.












