☉ Galdakao
Indarkeria matxisten protokolo berria lantzen ari da Galdakaoko Udala
Galdakao Indarkeria Matxisten II. Protokolo Interinstituzionala lantzen ari da. Herrian indarkeria matxistaren arloko politikak hobetzea da protokolo berriaren helburua, eta bereziki, indarkeria matxistaren biktimak artatzeko eta arreta hori koordinatzeko erakundeen arteko protokolo berria egitea.
Biolentzia matxista kasuetan biktimak artatzen dituzten agente guztien arteko informazio fluxuak sortu nahi ditu dinamika berriak, hausnarketa espazioak ere bai protokoloan mekanismo berriak txertatzeko, eta entzute guneak, hausnarketa partekatuetara iristeko.
Protokolo berria idazteko talde eragile bat sortu dute, Galdakaoko Udaleko Berdintasun Arloko, Gizarte Zerbitzuetako eta Udaltzaingoko, Ertzaintzako eta Osakidetzako ordezkariekin.
☉ Galdakao
Ipar Kanalaren erronkari buruzko hitzaldia eskainiko dute gaur Galdakaon Iskander Sagarminagak eta Eider Eibarrek
Iskander Sagarminaga igerilari galdakoztarrak Zazpi Itsasoen Erronka burutu nahi du. Zazpi itsaso horiek dira: Ipar kanala, Cook itsasartea, Molokaiko kanala, Mantxako kanala, Katalinako kanala, Tsugaruko itsasartea eta Gibraltarko itsasartea.
Iaz Mantxako kanala zeharkatu zuen galdakoztarrak, Erresuma Batutik Frantziaraino, eta aurtengo abuztuaren 31n Ipar Irlandatik Eskoziara bitarteko zeharkaldia egiteari ekin zion, baina ezin izan zuen burutu, “itsasoa oso bortitz jarri zelako”.
Iskanderrek GEURIAri aitortu zion abuztuan bertan “oso zaila” zela egun bat topatzea zeharkaldia egiteko: “Eguraldia oso ezegonkorra da Ipar Kanalean, eta haizea da arazorik handiena; zeharkaldia beri egin behar da marea hiletan, bizietan ezinezkoa da”.
Ipar Kanalaren erronka herritarrek gertutik ezagutzeko, Iskanderrek berak eta Eider Eibar ilustratzaileak —eta Iskanderren bidelagunak— hitzaldia emango dute gaur, urriak 3, Galdakaoko Basoa tabernan, 19:00etan.
☉ Galdakao
Galdakaon zehar mugitzeko moduei buruz hausnarketa egingo dute Ondare Jardunaldietan
Galdakaon bi hitzaldi antolatu dituzte urrian: ‘Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa’ eta ‘Erromeria topaleku Gorbeialdean’
Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu berriro Bizkaiko Foru Aldundiak urrian zehar lurraldeko 71 udalerritan. Hego Uribe eskualdean hainbat jarduera antolatu dituzte.
Galdakaon bi hitzaldi antolatu dituzte urriaren 3an eta 17an, hurrenez hurren: ‘Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa’ eta ‘Erromeria topaleku Gorbeialdean’.
Juanjo Olaizola Elordi historialari gipuzkoarrak eskainiko du ‘Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa’ hitzaldia urriaren 3an, 19:00etan Torrezabalen: Galdakaoko garraio publikoen bilakaeraz arituko da Olaizola, lehen diligentziatik hasi eta eraikitzen ari den Metroa izango dena arte.
“Historia horretan, funtsezkoa izan da 1882an inauguratu zen Bilbotik Durangorako trenbidea, Euskadiko bide estu eta zerbitzu komertzialeko lehena, bai eta Bilbotik Durangora eta Arratiara zihoan tranbia ere, 1902an martxan jarri zena. Azken hori duela 60 urte desagertu zen arren, trena Galdakaoko komunikazioen bizkarrezurra izango da”, diote udal ordezkariek.
Bigarren hitzaldia Juan Manuel Etxebarria Ayesta galdakoztarraren eskutik izango da, urriaren 17an, 19:00etan, Torrezabalen: ‘Erromeria topaleku Gorbeialdean’. Euskal erromeriek topaleku legez izandako ibilbidea jorratuko du Etxebarriak, leku-denboretako aldaketak kontutan hartuta.
“Besteak beste, hitzaren etimologia aztertuko du, eta eliza, santutegi eta ermiten inguruko erromerietatik dantza folklorikora izandako bilakaera historian zehar. Horretarako, bibliografía idatziaz gain, Gorbeialdeko berriemaileengandik jasotako testigantzak ere erakutsiko ditu Etxebarriak”, diote.
Hausnartzeko tartea
“Jardunaldietan proposatutako gaia herritarrekin hausnarketa bat partekatzeko ere baliatu nahi dugu”, diote udal arduradunek: “Erabil ditzagun herri barruko bideak oinez mugitzeko. Kotxeak alboratu eta leku batetik bestera oinez mugitzeak ingurumena zaintzen lagunduko digu, osasunez bizitzen eta herritarrekin harremantzen”.
Ildo horretan, Bizi Galdakao Oinez leloa duen mapa sortuko du Galdakaoko Udalak, “herriko auzo eta gune desberdinen arteko distantziak adierazita”: “Batetik bestera oinez behar den denbora ere adieraziko du mapak eta erakutsiko digu herriko leku gehienetara joateko 15 minutu baino gutxiago behar ditugula”, diote.
Metrominutu ekimenaren bidetik sortuko da mapa, Europako Batasunaren 2030 agendaren printzipioetan oinarrituta; hain zuzen ere, herri eta hiri barnean oinez mugitzea sustatzea da helburua. Basaurin 2021eko irailean aurkeztu zuten Metrominutu ekimena.
☉ Galdakao
Programa / Elexaldeko jaiak 2024
Elexaldeko jaiak izango dira Galdakaon, urriaren 5ean eta 6an. Goiko Elizako Batzarra Kultur Elkarteak hamaika jarduera antolatu ditu, hala nola, kultur irteera, artzain txakurren erakustaldia, soka-dantza, herri bazkaria eta erromeria.
Programa / Elexaldeko jaiak 2024
Urriak 5, larunbata
08:30 Kultur irteera Xabier Orue-Etxebarriaren eskutik eta Ganguren Mendi Taldearen laguntzagaz
09:00 Kalejira auzotik
10:00 Artzain txakurren nazioarteko zortzigarren topaketa
11:00 Hamaiketakoa jai esparruan
13:00 Sari banaketa
13:30 Inguruko fruta, barazki eta produktuen enkantea, Eguzkik animatuta
14:30 Soka-dantza Andra Mari dantza taldearekin
15:00 Herri bazkaria herriko txoko eta taldeekin
16:30 Musika girotzea eta bertsolariak
17:00 Umeentzako herri jolasak eta buruhandiak
18:00 Musika emanaldia Andra Mari elizan
19:00 Erromeria jai esparruan
Urriak 6, igandea
13:00 Elexaldeko hildako guztien omenezko meza
☉ Galdakao
Galdakaoko ekintzaileek 1.500 eurora arteko laguntza jasoko dute negozio berriak sortzeko
Galdakaoko ekintzaileak edo herrian bertan negozio bat sortuko dutenak diruz lagunduko ditu Udalak.
Hain zuzen ere, negozio bat abian jartzea pentsatzen ari diren baina oraindik autonomo gisa ari ez diren langabeei 1.500 eurora arteko dirulaguntza emango die Udalak.
Bi laguntza ildo zehaztu ditu Galdakaoko Udalak Lanbiderekin elkarlanean: alde batetik, negozio ideiak garatzera bideratutakoak, eta, bestetik, proiektuak garatzera bideratutakoak, behin ideiak definituta daudenean.
Laguntza hauetan interesa duten pertsonek Galdakaoko Udaleko Toki Sustapen eta Enplegu Arlora jo dezakete 94 401 05 80 telefonora deituz, janirebehargintza@galdakao.eus helbide elektronikora idatziz edo Zabalea auzoa 35, atzealdea helbidean dagoen Behargintzako bulegora hurbilduz. Dirulaguntza eskatzeko azken eguna urriaren 24a da.
Aholkularitza, prestakuntza eta laguntza
“Autoenplegu zerbitzuaren bitartez, aholkularitza, prestakuntza eta laguntza eskainiko diegu laguntza horien eta beste batzuren eskaerak aurrera eramateko beharrezkoak diren izapideak egiteko eta ezinbesteko betekizunei buruzko beharrezko informazioa lortzeko”, diote udal ordezkariek: “Gainera, Behargintzako bulegoak ekintzaileei aholkularitza zerbitzua eskaintzen die gainerako laguntza eta izapideetan, deialdi berriak ireki ahala eta pertsona bakoitzaren beharren arabera”.
Ildo horretan, aurten dagoeneko 50 herritar baino gehiago artatu ditu Galdakaoko Udaleko Toki Sustapen eta Enplegu Arloak: “Horietatik, 25 enpresa berri sortu dira Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, guztira 119.000 euroko laguntzak izapidetuz”.
☉ Galdakao
Galdakaoko dendek “gangak” kalera aterako dituzte salmentak handitzeko asmoz
Urriaren 3tik 5era bitartean izango da Outlet Gu Dendari ekimena Galdakaon: herriko dendek beherapenetan dauden produktuak lokaletik kanpo aterako dituzte
Galdakaoko dendek euren gangak kalera aterako dituzte beste urtez batez. Aurten, urriaren 3tik 5era bitartean izango da Outlet Gu Dendari ekimena.
Herriko dendek beherapenetan dauden produktuak lokaletik kanpo aterako dituzte: “Beheratutako produktuen eskaintzarik onenak aprobetxatu ahal izango dira dendetara sartu beharrik gabe”, diote udal ordezkariek.
Kanpaina honen helburua da saltoki bakoitzak dituen gangak kalean erakustea, salmentak handitzea eta herritarrek gure udalerriko saltoki txikiek eskaintzen dituzten eskaintzarik onenak aprobetxatu ahal izatea.
Gu Dendari Merkatari Elkarteak antolatzen du Outlet ekimena, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin.