→Galdakao

Iñigo Hernando izango da berriro EH Bilduko alkategai Galdakaon

2019an Iñigo Hernando Galdakaoko alkate izendatu zuten momentua // Geuria

Galdakaoko EH Bilduk jakinarazi berri duenez, Iñigo Hernando izango da zerrendaburu 2023ko udal hauteskundeetan. EH Bilduren Galdakaoko oinarrien artean primarioen prozesu bat egin ondoren aukeratu dute Hernando, eta gehiengo osoa lortu du.

Gaur egun Galdakaoko alkate da Hernando. EH Bildurekin batera, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemos daude udal gobernuan. “Historia egin genuen. 40 urte baino gehiago igaro ondoren, Galdakao gobernatzeko beste modu bati ireki dugu. Hamarkadetan zehar eraindako lanak 2019an fruituak eman zituen, zalantza barik. Baina Galdakaoko historioaren inflexio puntua marraztu genuen, herrian argi eta garbi geratzen ari da gure erakunderik hurbilena, udaletxea, eraginkortasunez eta zintzotasunez kudeatzeko gai garela eta orain aldaketa egonkortu behar dugu”, adierazi du gaur Hernandok.

EH Bilduren alkategaiaren aurkezpena egin dute gaur Santi Brouard plazan // Aitzol Zamalloa

“Denbora honetan guztian erakutsi dugu gure kudeatzeko gaitasuna. Guztion artean herri parte-hartzaileagoa, harroagoa, gardenagoa, koloretsuagoa eta askoz erosoagoa eraiki dugu. Azken batean, esan bezala, leihoak ireki eta haize freskoa sartzen utzi genuen”, dio Hernandok.

“Erronka berriak”

Galdakaoko EH Bildutik adierazi dutenez, “Iñigo Hernando buru izanda, erronka berriak lortzea posible izango dugula uste dugu. Gure helburua da 2019an hasi genuen bideari jarraipena ematea beste lau urtez. Asko egin dugu, baina oraindik askoz gehiago dugu egiteko”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak