→Galdakao

Ione Ibarretxe: «Gaur egungo artista batek hamaika musika-estilo jorratu ditzakeen arren, jendeak betikoa nahi du gehienetan»

Ione Ibarretxek ez du musikarik gabeko mundurik irudikatzen eta erronka modura gitarra jotzen ikasteko erabakia hartu zuen

Ione Ibarretxe, Galdakaoko Ardantza parkean // Geuria

2020an heldu zen pandemiak eta hark eragindako itxialdiak makina bat ondorio izan zuen herritarrengan. Giltzapean bizi izandako denbora tarte horretan jendeak etxea txukundu, kozinatu, ordenagailuaren bidez lan egin, kirola praktikatu, eta esperientzia berriak bizitzeko erronkari heldu zion. Musika entzuteko tarterik ere izan zen, eta hori biziki maite du Ione Ibarretxe Arnaizek (Galdakao, 2004).

Ez du musikarik gabeko mundurik irudikatzen eta erronka modura gitarra jotzen ikasteko erabakia hartu zuen. Hasiera “katastrofikoa” izan zuela aitortu digun arren, astiro-astiro eta jarraikortasunarekin, zaldiekin bezala, instrumentua nolabait “hezi” zuen eta kalera irteteko aukera azaldu zenean, gitarra hartu eta herriko hainbat ekintzatan parte hartzen hasi zen Ken7ren edo Hertzainaken bertsioak jotzen. Leku batetik eta bestetik, Ioneren “kontzertu” horien eskariak gora egin eta egun batetik bestera Galdakaoko Artisten Katalogoan ipini zuten bere eskaintza. Hori dela eta, beragaz elkartu gara Ardantza parkean, eta musikarekiko maitasunaz gain herrian duen inplikazio aktiboaz aritu gara Momoak Talde Feministako kideagaz.

Nola hasi zinen musikaren munduan? Galdakaon, presoen aldeko manifestazioetan eta Covidaren haritik sortu diren ekintzetan parte hartzen hasi nintzen. Leku batetik eta bestetik deitzen zidaten abestitxoak kantatzeko manifestazio edo kontzentrazio baten ostean. San Juanetan, Zizpak Gazte Sortzaileen Plaza sortu zuen, herriko sortzaileei gune bat eskaintzeko. Bertan Elene Uribarri galdakoztarra eta ni izan ginen, besteak beste.

Inoren laguntzarik izan duzu musikaren munduan murgiltzeko? Beñat Armentiaren laguntza izan dut. Nik lehen ez nekien gitarra jotzen eta asko lagun dit. Udalak Gazte Sortzaileen Plaza ikusi eta 2021eko ez-jaietan, besteak beste, Gotx Elektrotxaranga eta Aker taldeek jo zuten, baita nik ere. Ordutik, Galdakaoko hainbat ekintzatan parte hartu izan dut.

Eta Beñaten laguntzaz gain, bakarrik ikasi duzu musika? Bai. Hasiera batean pilo bat frustratzen nintzen gitarrarekin. Musika eskolan hasi eta hiru hilabetera utzi nuen. Sekula ez nuela ikasiko uste nuen. 2021ean batxilergo eszenikoa egiten hasi nintzen. Bertan, instrumenturen bat jotzea edo horretan saiatzea eskatzen ziguten. Klaseen artean, lagunen gitarra hartzen hasi nintzen, akorde batzuk jotzen. Hasiera desastrea izan zen. Batxilergoko ikasketak bukatu nituenean lagun baten gitarra hartu eta etxera eraman nuen iazko udan. Udalekuetan umeei gitarra jotzen nien eta horrela hasi nuen harremana instrumentuarekin.

Bertsioak dira jotzen dituzunak. Zeintzuk dira gehien eta hoberen funtzionatzen dutenak? Presoentzat jotzen dudanean Ken7 edo Eñaut Elorrietarenak oro har, Hertzainak-en ‘564’, beti gai berdinarekin. Baina beste batzuetan Izaro, Olatz Salvador, Idoia kantautoreen lanak abesten ditut. Askotan kantatu ditut euren abestiak. Orain Olaia Intziarte entzuten hasi naiz bere lehen diskoaren haritik eta bere bertsioak ere egiten hasi naiz.

Pentsatu al duzu inoiz egiten dituzun bertsio horiek guztiak batu eta taularatzea? Bai, pentsatu dut baina sentitzen dut eszenatokira igo eta bertsioak joko banitu ez nintzatekeela beteta sentituko. Nahiago nuke itxaron eta proiektu propioa sortu, ondoren eszenatokira igotzeko. Momentuz, gitarrarekin egiten ditudan saioak Instagramera igotzen ditut, eszenatoki baten gainean Gasteizen baino ez dudalako jo, lagunen artean gainera.

Bertsioek oso ondo funtzionatzen dute publikoaren artean eta, aldi berean, ateak ixten dizkiete proiektu propioak dituzten taldeei. Zergatik gustatzen zaizkigu hainbeste bertsioak? Ez dakit gorrak edo oso betikoak garelako izan daitekeen. Gaur egun sortzen ari den musika ez da betikoa, gainera: ez gaude estilo bakarrean trabatuta. Artista batek hamaika estilo jorratu ditzake gaur egun, baina hala eta guztiz ere jendeak betikoa nahi du. Duela gutxi kartel bat irakurri nuen. Zera zioen: “Gora musika herrikoia eta pikutara reggaetoia!”. Ez nuen ulertzen. Reggaetoia beste musika mota bat da, besterik gabe. Esaten da musika estilo hau matxista edo sexista dela, baina hori abestiaren letraren kontua da. Jendeak musika estiloa kontzeptu batekin erlazionatzen du zuzenean eta, ikusten denez, erosoago dago betidanik entzun duenarekin, belarriak zabaldu barik. Datorren apirilaren 6an Elorrion antolatu duten aurtengo Ernaiko Gazte Topagunean talde gehienak berriak dira eta jende askok “moderno” bezala definitu ditu, zentzu txarrean. Segmentu horrek betiko musika taldeak nahi ditu Topagunean: Soziedad Alkoholika, Brigade Loco eta beste talde bi. Azkenean, eta egindako presioagatik, betiko talde horiek sartu behar izan dituzte.

Eta nola ikusten duzu proiektu propio horren ideia? Gaur egun Gasteizen nabil unibertsitateko ikasketekin eta, azken batean, han-hemenka nabil. Ez dakit non zentratuko naizen eta non eratuko nukeen taldea. Gasteizen Parral izeneko taberna dago. Bertan, talde hasiberriak ikusteko aukera dago asteazkenero eta bertan jotzea esperientzia polita izan litekeela uste dut, hasteko bada ere.

Hasieran egon bazaude jada: Galdakaoko Artisten Katalogoan topatu zaitugu. Azken bi urteetan, pandemia dela eta, Galdakaoko sortzaileak pilo bat hazi dira. Horren haritik, Udala bertan agertzen diren artistekin harremanetan jarri zen jendeak Galdakaoko artistak ezagutzeko helburuarekin. Pandemiak diru galera izugarria ekarri du kultura arloan eta katalogo honek kulturaren mundu hori biziberritzea du xede; artistek merezi duten ikusgarritasuna lortzeko, beste hitz batzuetan esanda. Gainera, erreminta oso praktikoa da katalogoa: inor artista jakin baten bila badabil, webgunean sartu eta bertan denetarik topa dezake: abeslariak, taldeak, pailazoak… Zerbitzu honen bidez lana emango lioke zerbitzu eskatzaileak galdakoztar bati.

Nolako garrantzia dauka musikak zure bizitzan? Musikarik gabe ez naiz pertsona. Itzartu bezain pronto egiten dudan lehen gauza musika jartzea da. Edozein gauzatarako behar dut: sukaldatzeko, dutxatzeko, janzteko… Arazo bat daukat baina: aurikularrak ez zaizkidala behar bezala sartzen belarrian eta kasko handirik ez dudanez, gimnasioan ezin dut musikarik entzun. Eskerrak bozgorailuetatik jartzen duten bertan musika. Musikarik ez balego, pikutara gimnasioa.

Galdakaoko Momoak Talde Feministako kide ere bazara. Zerk ekarri zintuen bertara? 2020ko urrian hasi nintzen Momoaken parte hartzen. Hainbat hilabete isolatuta egon ostean, talde honen parte izatera animatu nintzen, barruan grina handia nuelako. DBHn nengoela feminismoaren aldeko borrokan parte hartu nahi nuen, baina ez nekien nola. Orduan, Momoak Talde Feministak bilera ireki bat egingo zuela entzun nuen. Animatu eta bertara joan nintzen, beste jende askorekin batera. Militantzia gure arnasgunea eta ihesbidea izan zen bertara hurbildu ginenontzat. Beraz, taldean sartu eta bileraz bilera antolatzen joan ginen.

Gazteak izango zarete Momoaken. Bai, 18-25 urte bitarteko emakumeok hartzen dugu parte bertan, herrikoak, eta giroari dagokionez hasieratik oso gertukoa izan da. Taldeko kontuez gain, edozer gauza egiteko elkarrekin irteten gara, baita parrandan edo Cola Cao bat hartzeko ere (barreak). Militantziaz aparte lagunak gara bereziki.

Herrian eraso matxistak gertatu direnetan talde oso aktiboa zaretela garbi geratu da: mobilizazioak arin antolatzen dituzue eta jende asko hurbiltzen da deialdietara. Izaera hau beste herrietara esportatzeko beharra ikusten duzu Hego Uriben, talde feministak egon arren? Herri bakoitzak, esan duzun bezala, bere taldeak ditu. Ondo legoke, baina, herri guztien arteko taldeen artean sare antzeko bat sortzea. Helburu zaila da, koordinazio itzela eskatzen duelako horrek eta jendeari denbora falta zaiolako. Eraso matxistak gertatzen direnean, esaterako, erantzun zuzena eman behar da eta horrek esan nahi du esku artean daukagun hori bertan behera utzi behar dugula, dena geldituz, eraso matxista momentuan salatu ahal izateko. Horrek lan handia ematen du, baina egin beharrekoa da aldi berean, pertsona erasotuak babesa behar duelako alde batetik eta herri bezala erantzun kolektiboa eman behar dugulako bestetik. Galdakaon eraso matxista bi gertatu ziren otsaileko lehen astean. Momentu hartan M8ko jarduerak prestatzen ari ginen. Dena geldiarazi behar izan genuen mobilizazioa gauzatu ahal izateko. Zorionez, Galdakaoko Udalarekin harreman zuzena daukagu eta bozgorailu lanak egiten ditu kasu hauetan.

Protokolo feministek gero eta eraginkortasun handiagoa dutela ere egia da. Protokolo feministak plan eraginkorrak dira, zalantzarik gabe, ez goazelako esku hutsik. Herritar guztiek ezagutzen dute jarraitu beharreko bidea. Jaien kasuan, txanda egiten ari den pertsonak argibide guztiak dakizki. Protokoloari esker edozein herritarrek lagundu dezake jarraibideei so eginez.

M8a ate joka dago. Zer prestatu duzue Galdakaon? Martxoaren 8ko goizean tailer bat antolatu dugu eta kotxe karabana bat antolatu nahi dugu. Eguerdi aldera mobilizazioa egiteko asmoa dugu, aurreko urtean ez bezala. Iaz uste baino herritar gehiago hurbildu zen gogotsu mobilizaziora eta horren haritik aurten manifestazioa deitu nahi dugu. Gainera, martxoaren 8a mugarria da Zaintzak erdigunea dinamikan. Ez dago grebarik baina mobilizazioak antolatuko dira eta zaintzak garrantzia hartuko du berriro ere.

Momoak Talde Feminista alde batera utzita, beste esparru batzuetan ere inplikazio handia duzu herrian. Hala da. Galdakaoko Zizpa eta Ernaiko taldean nago. Jende askok parte hartzen du bertan. Ekintza guztien artean Gazte Eguna prestatzen laguntzen dut, bai norbanako bezala eta baita Zizpa taldeagaz ere.

Zure zaletasunei begirada arina botaz eta batxilergo eszenikoko ikasketak dituzula ikusita, zertan ari zara orain Gasteizen? Euskal Filologia ikasten nabil, lehenengo urtean.

Batxilergo eszenikoa eta Euskal Filologia ikasketa oso ezberdinak dira. Esperientziarik izan al duzu arte eszenikoen munduan? Loraldiak programak sormen egonaldiak antolatu zituen eta horren ondorioz astebete eman nuen Lekeition. Bertan, diziplina ezberdinetan aritu nintzen: gidoigintzan, musikan, ikus-entzunezkoetan… Azken egunean kale-antzerkia landu nuen Ander Lipus aktore eta antzerki-ikertzailearekin. Antzerkian hiru aldiz aritu naiz bizitza osoan, baina kale antzerkian sekula ez. Pilo bat gustatu zitzaidan eta etorkizunean jorratu nahi nituen ikasketak zalantzan jarri zizkidan esperientzia hark. Arte dramatikoa ikasteko zalantzak izan nituen. Azken batean, sormenak, idaztean eta kantatzean bereziki, garrantzi handia dauka niretzat eta askotan nire barrenak husteko erreminta bezala erabili dut. Azkenean Euskal Filologia ikasteko erabakia hartu nuen .

Agian loturaren bat sor daiteke mundu eszenikoaren eta Euskal Filologiaren artean etorkizunean. Bizitzak bira asko eman ditzake. Euskara irakaslea izatea gustatuko litzaidake batxilergo eszenikoko arte eszenikoak irakasgaian, antzerkiaren historia eta literaturaren ingurukoan. Horregatik aukeratu nuen Euskal Filologia: literaturarengatik eta antzerkiarengatik. Are gehiago, nire azken euskara irakaslea bezalakoa izatea gustatuko litzaidake. Igor Martin deitzen da eta Euskal Filologia ikasi zuen, euskaraz jakin barik. Apunte guztiak gaztelaniaz hartzen zituen eta benetan inspiratu nauen pertsona izan da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak