Sareak

☉ Galdakao

Irune Zubiete: «Bestela bizitu ezingo nukeen esperientzia oparitu dit Panamak»

Joan den udaren hasieran Irune Zubietek (Galdakao, 2000) ez zekien aurtengo oporrak hain bereziak izango zirenik. Lagun batek gomendatuta, Ruta Inti izeneko programan izena eman, Tapón del Darien oihanari buruzko testu humanistikoa idatzi eta hainbat elkarrizketen ostean, zoriak Panamara eraman zuen, mundu mailako elkartruke ahaztezina bizitzera

|

Irune Zubiete, Ruta Intin // Utzitakoa

Joan den udaren hasieran Irune Zubietek (Galdakao, 2000) ez zekien aurtengo oporrak hain bereziak izango zirenik. Lagun batek gomendatuta, Ruta Inti izeneko programan izena eman, 'Tapón del Darien' oihanari buruzko testu humanistikoa idatzi eta hainbat elkarrizketen ostean, zoriak Panamara eraman zuen, mundu mailako elkartruke ahaztezina bizitzera. Ruta Inti proiektuak munduko lurraldeak arakatzen ditu edizioz edizio eta aurtengoa Panaman izan da. 'Panama, mundua aldatu zuen zubia' izenburuarekin, aurtengo edizioak globalizazioa, bertako indigenak eta afroantillanoak aztergai izan ditu eta Irunek begiak ireki dizkion bidaia ahaztezin honen xehetasun guztiak eman dizkigu.

Udan urrutira joan zarela ikusi dugu opor berezi samar batzuk igarotzera. Aurtengo uda nahiko ezohikoa izan da. Ruta Inti proiektuan parte hartzeko aukera izan dut eta Panaman egon naiz 4 astez bertako kultura ezagutzen. 28 eguneko bidaia horrek beste modu batean bizitu ezin izango nukeen esperientzia oparitu dit. Izan ere, Ruta Inti proiektua mundu osoko gazteentzako programa sozial eta kulturala da, helburu nagusiak parte-hartzaileen artean elkartruke kulturala sustatzea eta testuinguru sozial desberdinak ezagutzea izanik. Urtero herrialde bat hautatzen da bertako kulturan murgiltzeko eta aurten Panama izan da aukeratutako herrialdea. Beraz, herrialde txiki hau ezagutzeko aukera paregabea izan dut, eta bertako mendi, komunitate, hiri, hondartza eta oihanak arakatu ditut beste 179 lagunekin batera, gure motxila astunak lagun.

Nola heldu zitzaizun Ruta Inti proiektuan parte hartzeko aukera? Iazko proiektua Espainian barrena izan zen pandemia zegoelako, eta nire lagun batek parte hartu zuen. Argazki batzuk ikusi nituen eta jakin-mina piztu zitzaidan. Leirek, nire lagunak, ez zidan asko kontatu, baina esperientzia horrek bere bizitza aldatu zuela esan zidan, eta aurten Panaman izango zela. Momentu horretan ulertu nuen saiatu behar nuela, bestela damutuko nintzela. Gainera, Panamak beti nire arreta erakarri du hainbat arrazoirengatik: kanala, oihana, herrialde tropikala baina ez hain turistikoa.

Zu, beste lau neskekin batera (Alejandra Martínez Rueda, Maider Aranguren Garay, Leire Rodríguez Díez eta Natalia Martínez), aukeratua izan zinen. Espero al zenuen? Egia esateko, ez. Proiektuan apuntatu nintzen nire helburuak edo ametsak lortzen ez saiatzea ez zaidalako gustatzen, eta behintzat saiatu nahi nuelako. Proiektuan sartzeko hautaketa prozesu zehatza dago eta ez nengoen ziur nire profila Ruta Intirako erakargarria izango zen edo ez. Lehendabizi, gai zehatz batzuei buruzko txosten bat prestatu behar da eta formatua era askotakoa izan daiteke: txosten historikoa, zientifikoa, literarioa, humanistikoa edota musikala ere. Halaber, Panamarekin zerikusia duten gai batzuen artean hautatu behar da. Nik Panama eta Kolonbia herrialdeak bereizten dituen oihanari buruzko testu humanistikoa idatzi nuen, 'Tapón del Darien' deitzen dena. Bertan, oihan tarte horrek sortzen dituen arazoak deskribatu nituen, nire iritzi pertsonalarekin batera. Organizazioak lan onenak hautatzen ditu eta gero elkarrizketa pertsonalak egiten ditu txosten onenen egileekin. Elkarrizketan arrakasta lortzeak ahalbidetzen du pertsona bat parte-hartzaile bihurtzea. Nik ez nuen espero aukeratua izatea, baina pixkanaka faseak gainditzen joan nintzen eta apirilean nire uda Panaman igaroko nuela jakin nuen.

Proiektuan emakumeek soilik hartu zezaketen parte edo edonorentzako zabalik zegoen? Proiektuan edonork parte har dezake, baldintza bakarra gaztelaniaz hitz egitea da, eta 18 eta 26 urte arteko adina edukitzea. Bi baldintza hauek betetzen dituen edonork parte har dezake, hautaketa prozesua gainditzen badu, noski. Proiektua ez da emakumeentzako bakarrik, baina egia da aurten gizon baino emakume gehiago zeudela.

Nolako formatua izan du bidaiak? Zaila da eguneroko errutina deskribatzea, egun bakoitza oso desberdina zelako eta inoiz ez genekielako zer gertatuko zen hurrengo egunean. Proiektuaren leloa 'Ruta bizirik dago' da eta, funtsean, edozein ezustekori aurre egiteko prest egon behar ginela esan nahi du. Izan ere, 180 pertsona antolatzea ez da erraza, eta oso ohikoa zen janariarekin arazoak edukitzea, edota bertako eguraldi aldakorraren ondorioz, ekintzak bertan behera utzi behar izatea. Baina, orokorrean, ia egunero goizeko 6etan esnatzen ginen, kirola egiten genuen eta ekintzak egiten genituen (oihanean ibili, emakume indigenekin batzarrak, snorkel Karibeko koraletan, Espainiako enbaxada bisitatzea edota Panamako kanala ikustea).

Bidaiak etapak izan ditu. Zer egin duzue etapa bakoitzean? Bidaia hiru etapetan banatu da: lehenengoan, Panama koloniala ezagutu genuen. Horretarako, globalizazioaren eragina ikusi genuen herrialdeko kapitalean. Panamako kanala bisitatu genuen, herrialdeari diru sarrera itzelak ematen dizkion enpresa eta herrialde hau mantentzen duen euskarrietako bat. Etapa honetan Panamako oihana ezagutu genuen lehen aldiz, 'Camino de Cruces' eta 'Camino Real' izeneko antzinako ibilbideak eginez. Izan ere, ibilbide hauek Espainiatik etorri ziren kolonizatzaileek erabili zituzten altxorrak, janaria edota esklaboak garraiatzeko. Bigarren etapan komunitate indigenak ezagutzeko aukera izan genuen. Bereziki, bi komunitate ezagutu genituen: Emberá eta Ngöbe herriak. Komunitate bakoitzean astebete igaro genuen gutxi gora-behera eta asko ikasi genuen beraiekin. Nahiz eta globalizazioak zalantzarik gabeko eragina izan, herri hauen bizitza oso desberdina da mendebaldeko gizarteekin konparatzen badugu, zentzu guztietan: lana, ikastola, elikagaia eskuratzeko metodoak, medikuntza, erlijioa, ohiturak. Etapa honen helburua gaur egun emakumeek eta inguruneak komunitate indigenetan duten rola ikastea zen. Azkenik, hirugarren etapan Karibeko herrietan jarri genuen arreta. Herri hauetan afroantillano deitutako jendea bizi da, antzina esklabo moduan kanalean lan egiteko emigratu behar izan zutenen ondorengoak. Pertsona hauek euren ohitura bereziak dituzte, eta beraiekin ikasteko aukera izan genuen.
Panama herrialde oso anitza da, bertako gizartearen historia jatorri askotakoa delako, eta hiru ikuspuntu hauetatik herrialdea ezagutzea oso aberasgarria izan da niretzat.

Lehen etapan Panama hiri koloniala ezagutu zenuten, munduko 'Lehen Globalizazioa'. Euskal Herriarekin alderatuta, aldeak handiak dira? Bai, oso desberdina da. Panamako gizartearen oinarria aniztasuna da. Ia pertsona guztien iraganak emigrazioarekin zerikusia du. Harrigarria da Panamako hirian ibiltzea etxe orratzen artean, eta bat-batean txabola narras batzuk ikustea hiriaren eraikin altuenaren alboan. Globalizazioaren ondorioak argi ikusten dira hirian, baina arazo sozialak badaudela ere oso agerikoa da. Hirian barrena buelta bat eman ostean erraza da herrialdeak duen aberastasuna oso txarto bananduta dagoela ondorioztatzea. Euskal Herrian, berriz, ez da ikusten hainbesteko ezberdintasun sozialik, lehen begi-kolpean behintzat.

Nolakoa da bertako jendearen bizitza? Panamako jendea biziki jatorra da; beti laguntzeko edo elkarrizketa bat edukitzeko prest. Zentzu horretan ere alde handia dago mendebaldeko gizartearekin. Nire ustez, Europan jendea askoz ere indibidualistagoa da eta ez gara hainbeste ahalegintzen elkarri laguntzen. Joaten ginen herri eta leku guztietan Panamako jendea hurbiltzen zitzaigun eta gure inguruan galdetzen zuten. Biziki interesatzen zitzaien gure proiektua, gure jatorria eta gure helburuak, eta beti kontatzen zizkiguten beraien istorio eta arazoak. Askotan, euren etxeetara gonbidatzen gintuzten eta janaria ematen ziguten. Nire ikuspuntutik, asko ikasi behar dugu haien eskuzabaltasun eta adeitasunaz.

Zu zeu emakume izanda eta bidaiaren bigarren zatia kontuan izanda, nolako aldea ikusten duzu gaur egungo emakume indigenen eta ez-indigenen gizarteen artean? Globalizazioak ere eragina izan du komunitate indigenetan; hortaz, emakumearen rola ere garatu da azken urteetan. Hala eta guztiz ere, ez da berdina emakumeak Euskal Herrian edo Enbera Komunitatean (adibidez) duen papera. Oraindik ere, komunitateetan oso bereizita daude emakumeek eta gizonek egin behar dituzten ekintzak. Adibidez, gizonak dira arrantzan eta ehizan joaten direnak, eta emakumeak janaria prestatzen gelditzen dira, edota gero saltzeko eskulanak egiten. Horrek ez du esan nahi emakumeek gizartean euren paperik ez dutenik, baizik eta oraindik antzinako ohituretara oso lotuta dihardutela. Dena dela, ahalegin asko egiten ari dira emakumearen rola azpimarratzeko eta pare bat elkarte daude helburu honekin. Pixkanaka, emakumeek eta gizonek antzeko eskubideak edukitzea lortu dute, beti ere euren testuingurua kontuan hartuta.

Nolako tailerrak egin zenituzten bertan? Aipatu dudan moduan, zaila da ekintza orokorrak deskribatzea, egun bakoitza oso desberdina zelako. Ekintza guztien helburua kultura elkartrukatzea zen. Batzuetan, museoak bisitatzen genituen edota hitzaldiak entzuten genituen. Baina beste askotan ekintzak askoz ere dinamikoagoak ziren, snorkela, dantza indigenak praktikatzea, kozinatzea, ehizan edo arrantza egitea, krokodiloak ikustea, oihanean ibiltzea, yoga egitea…

Orokorrean, merezi izan du Ruta Inti proiektuarekin Panamara egindako bidaiak? Bai, duda barik, esperientzia itzela izan da. Momentu txarrak egon dira, hori ezin dut ukatu. Batzuetan oso zikin nengoen, oihanaren erdian, bustita, gose nintzen eta motxila oso pisutsua zen…negar egiteko gogoa nuen eta etxera joan nahi nuen. Baina, momentu horretan nire lagunei begiratzen nien, zuhaitz batean eskegita zegoen tximinoa ikusten nuen eta ezinezkoa zen aurpegian irribarre bat ez edukitzea… esperientzia ikaragarria izan da eta oso zaila da hori bizitu ez duen norbaiti deskribatzea. Minutu bakoitzean zerbait ikasten nuen eta orain nire bizitza ikuspuntu askoz ere zabalago batetik bideratzeko gai naiz.

Zer erakutsi dizu esperientzia honek? Lehendabizi, nire bizitzan ditudan gauzak gehiago baloratzen ikasi dut. Oso erreza da gure eguneroko bizitzan nahi materialistetan arreta jartzea eta gauza garrantzitsuak ahaztea. Panaman dutxa bat, etxe bat edota janari plater bat mahaian edukitzen baloratzen ikasi dut. Bestalde, mugikorrik erabiltzen ez genuenez, mundu digitaletik deskonektatu dut eta orainean, hau da, aurrean bertan ditudan pertsona eta momentuez gozatzen ikasi dut, kanpoan dauden arazo materialistak ahaztuz. Orain badakit pozik egoteko eta ondo sentitzeko ez dudala hainbeste gauza behar, eta gutxiagorekin konformatzen naiz. Horrez gain, biologiaz, medikuntzaz eta gure arbasoei buruzko historiaz pila bat ikasi dut, baita neure burua zaintzen eta nire eguneroko bizitza antolatzen ere. Izan ere, egunero motxila egin eta desegin behar izateak, eta leku finko bat ez edukitzeak, nire antolakuntza ahalmena asko hobetu du. Halaber, edozein animalia nire bidean topatu ahal izateak edota hainbeste gaixotasunekin kontaktuan egoteko posibilitateak nire zentzuak ere hobetu ditu nolabait ere.
Hala ere, oraindik hilabete baino ez da igaro bueltatu nintzenetik eta denbora gehiago behar dut esperientzia guztia prozesatu ahal izateko. Ziur nago urtebete barru esperientzia honek irakatsitakoa gehiago izango dela.

Panaman ikusitakotik zer izan da zure arreta gehien erakarri duena? Jada aipatu dudan moduan, izugarri harritu naute Panamako aniztasunak eta desberdintasun sozialek. Halaber, bertako jendearen adeitasuna eta ikasteko gogoak ere nire arreta erakarri dute.

Harremanak egin dituzu bertakoekin? Bai, esan dudan moduan, bertakoak oso atseginak eta abegitsuak dira. Oso erreza da bertakoekin harremanak egitea, beti laguntzeko prest daudelako. Bereziki, komunitate indigenekin izan ditugu harremanak bertakoekin bizi izan ginelako. Adin guztietako jendea ezagutu dut, baina nire harreman estuena Emberá komunitateko 9 urteko neskatila batekin izan zen. Egunero egoten nintzen berarekin, bere jokoak irakasten zizkidan eta elkarrekin margotzen genuen. Asko ikasi nuen berarekin eta espero dut nik ere zerbait irakatsi izana berari.

Bidaiak ateak zabal diezazkizuke etorkizunean beste nonbait antzeko esperientzia bizi ahal izateko? Bai, duda barik, errepikatzeko esperientzia da. Ez dakit hurrengo urtean egin nahi dudan ala ez, beste proiektu batzuk ditudalako buruan, baina Ruta Intira bueltatuko naizela argi daukat. Hala ere, bidaia honek bidaiatzeko modu berria erakutsi dit, eta irrikan nago motxila bat hartzeko eta edozein herrialde arakatzeko. Nire ustez, kultura askoz ere hurbilagotik bizitzen da bertakoekin bizi bazara eta haien ohiturak praktikatzen badituzu, turista moduan joan beharrean. Hurrengo urtean, pila bat gustatuko litzaidake 'motxilera' moduan Indiara joatea.

Hala ere, gaur egun ez zara Galdakaon bizi; Italian ikasten ari zara. Zertan diharduzu momentu honetan bertan? Europako Komisioak antolatzen duen Erasmus Mundus programaren master bat ikasten ari naiz, metodo kuantitaboei buruzkoa. Bi urteko masterra da, eta Venezian hasi dut orain dela hilabete. Beraz, Italian igaroko ditut hilabete hauek; dena ondo badoa, hurrengo urtean Parisen amaituko dut masterra.

Itzultzeko asmorik baduzu? Euskal Herrira? Noski, baina momentuz bidaiatzeko eta atzerrian bizitzeko gogo izugarria dut. Euskal Herria asko gustatzen zait eta nagusia izatean bertan bizi nahi dudala uste dut, baina orain beste kultura batzuk ezagutu eta esperientzia aberasgarriak bizi nahi ditut itzuli baino lehen.

Panamara? Panaman egin dudan bidaia nire bizitzan inflexio-puntu bat izan dela esan dezakegu. Herrialde osoa arakatu dut modu oso berezi batean eta ez dut inoiz ahaztuko. Hurrengo urteetan ez dut uste bueltatuko naizenik, beste herrialde batzuk bisitatu nahi ditudalako, baina baliteke etorkizunean bueltatzea.

☉ Galdakao

Usansoloko batzorde kudeatzaile berria urrian osatuko dute

Usansoloko Kudeaketa Batzorde berria 11 kidez osatuta egongo da. Aurreko batzordearekin alderatuta, EAJk ordezkari bat gutxiago izango du eta EH Bilduk bat gehituko du

|

Kudeaketa Batzorde berria maiatzaren 28ko udal hauteskundeen emaitzen arabera eratuko dute // Geuria

Bizkaiko Foru Aldundiak Usansoloko batzorde kudeatzaile berria izendatzea onartu du Gobernu Kontseiluan. Batzorde kudeatzaile berria, etorkizuneko udalaren ernamuina, maiatzaren 28ko udal hauteskundeen emaitzen arabera sortuko dute, Hauteskunde Batzorde Zentralak bidalitako ziurtagirian jasotzen dena betez.

Aurreko kudeaketa batzordean bezala (duela bost hilabete sortua, 2019ko udal hauteksundeen emaitzen arabera), 11 kidek osatuko dute batzorde berria: Usansolo Herrako zortzi kidek, EAJko bik eta EH Bilduko batek. Aurreko batzordearekin alderatuta, EAJk ordezkari bat gutxiago izango du eta EH Bilduk bat gehituko du.

Batzorde berriaren eraketa urriaren 5ean, ostegunez, izango da 18:00etan Usansoloko Txapelena baserrian.

Helegitea Madrilen

Lurralde Politikako Ministerioak ukatu egin zuen ekainean Usansolo Bizkaiko 113. udalerria toki-erakundeen erregistroan inskribatzea 5.000 biztanle baino gutxiago izateagatik. Bada, Galdakaoko Udalak helegitea aurkeztu du administrazioarekiko auzi-prozesu bidez, eta Madrilgo Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu du.

Ekainean bertan Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskadi Irratian jakinarazi zuen Foru Aldundiak ere helegitea jarriko ziola Lurralde Politikako Ministerioaren erabakiari. Eta hala egin dute: Bizkaiko Foru Aldundiak helegitea ere aurkeztu zuen irailaren 1ean Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusian. "Errekurtso horretan, gainera, foru-zerbitzu juridikoek kautelazko neurri positiboa hartzeko eskatu zuten Usansolo udalerri gisa inskriba zedin", diote foru ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Unai Etxezarraga: "Erronka berri honetan aspaldi eduki ez dudan motibazioa lortu dut"

Nepaleko Island Peak mendia igo eta eskalatzea izango da Unai Etxezarraga usansolotarraren hurrengo erronka. Irailean hasiko du bidaia eta, gauzak ondo bidean, urriaren erdialdean iritsiko da 6.189 metroko tontorrera

|

Erronka polita du aurretik Unai Etxezarraga usansolotarrak (Usansolo, 1990). Irailaren 28tik urriaren 17ra bitartean Nepaleko Island Peak mendia eskalatzeko "ahalegina" egingo du beste 11 lagunekin batera. Guztira, 6.189 metro ditu Island Peak tontorrak, eta eskalatzeko ahalegina egingo dutela dio Etxezarragak, "horrelako mendietan baldintza asko sartzen direlako tartean eta ez delako batere erraza helburua betetzea", dio usansolotarrak. Nepalera bidaia hasi aurretik berarekin solasean izan gara.

Irailaren 28tik urriaren 17ra Nepaleko Island Peak mendia eskalatuko duzue (6.189 metro). Zergatik aukeratu duzue Islan Peak eta ez besteren bat?
Erabakia erraza izan zen. Pasa den urteko oinarrizko kanpalekuko igoeran Island Peak mendia ikusi genuen. Momentu horretan gurekin gida moduan etorri zen Lur Uribarrenek mendi hura eskalatzea nahiko "erraza" zela esan zigun. Hori entzutean, Ibai nire lehengusuari begiratu nion eta erabakita geratu zen: 2023ko helburua, Island Peak! Eskalatzeko ahalegina egingo dugu.
Mendi berezia da, izotzezko itsaso erraldoi batean dagoen irla txiki baten tankera daukan mendia da. Hori da bere izenaren jatorria, nahiz eta bere benetako izena Imja Tse izan.

Erabakia azkar hartu zenuten, beraz.
Azken erabakia 2022ko abenduan hartu genuen. Lehengusuagaz elkartu, laneko egutegia begiratu eta proposamena Lur gure gida izango denagaz elkarbanatu ostean, taldea osatzen hasi ginen. Laster hasi ginen gure ingurukoekin bidaia elkarbanatzen eta denbora gutxian 10 pertsonako talde bat osatzea lortu genuen.

Island Peak eskalatzeko "ahalegina" egingo duzuela diozu. Zergatik ahalegina? Zaila da gailurrera iristea?
Edozein mendi eskalatzeko orduan ezin dugu inoiz pentsatu tontorrera helduko garenik. Tontorra da helburua, baina horrelako mendietan baldintza asko egoten dira eta ez da batere erraza helburua betetzea. Horregatik, eta mendiari diodan errespetuagatik, zuhurtziaz ibiltzea gustatzen zait eta beti "ahalegina" aipatzea. Egun bateko tartea gorde dugu tontorra egin behar dugun egunerako eguraldiaren arabera horrekin jolasteko, baina agian ez da nahikoa izango. Gainera, mendi honek 6.189 metro ditu eta altuera horretan denok dakigu zelako zailtasunak dauden…Kontu handiz ibili beharko gara mendiko -gaitzik ez izateko. Gauzak oso ondo egin beharko ditugu, hau da, hidratazioa asko zaindu, janaria zaindu eta abar.

Eskualdeko bakarra zara?
Guztira 12 laguneko talde bat joango gara, Lur gure gida kontuan hartuta. Gero Nepalen ia 30 pertsonako talde bat sortuko dugu gida, sherpa eta laguntza emateko egongo den jende guztiagaz.
Usansoloko bakarra izango naiz, Trapagatik beste bi lagun (Borja eta Gorka), Janire gernikarra, Ermuko aspaldiko laguna den Iñaki eta Bediatik nire lehengusua den Ibai etorriko dira. Gainera, taldea osatzeko, irailaren 9ko asteburuan ezagutu berri ditugun bost gipuzkoar etorriko dira. Itzelezko taldea osatzen dugu!

Fisikoki prestakuntza berezirik egin behar izan duzue?
Ez dugu ezer berezirik egin baina azkenaldian kirola ia egunero egiten ibili gara, batez ere mendia. Pasa den maiatzean Lanzaroteko Ironmana egin nuen eta ordutik, egia esan, nahiko geldi egon naiz…Oso gogorra izan zen Ironamana eta kirola egiteko gogoa ere galdu nuen. Orain Nepalerako hilabete baino falta ez den honetan, berriro ere oso gogotsu nago eta erronka berri honekin aspaldi eduki ez dudan motibazioa lortu dut.
Mendi honetan zati teknikoak ere izango ditugu baina mendian ibiltzera ohituta egonez gero, ez dago arazorik. Lehen esan dudan moduan, altueraren kontua izango da garrantzitsuena, eta gure inguruan hori lantzea ez da batere erraza, ez dagoelako hainbesteko altuera duen mendirik.

Bidaiaren antolaketa zelan egin duzue? Laguntzarik eskatu behar izan duzue?
Bai, pasa den urtean egin genuen bezala, gure laguna den Lur Uribarren mendi gidarekin kontaktuan jarri ginen eta beragaz antolatu dugu bidaia guztia. Berak baditu Nepaleko kontaktuak eta hango kontu guztiak berak antolatzen ditu.
Aurten pauso bat gehiago eman dugu eta bidaia honetarako proiektu txiki batean sartuta gaude: guk egindako 100 liburu inguru eramango ditugu Nepaleko eskoletan banatzeko. Bidaia honetatik bueltan publikoki gure bidaia kontatzea eta gure proiektua zein izan den kontatzea pentsatu dugu. Liburu honen ale batzuk ere salmentan ipiniko ditugu eta uste dugu oso interesgarria izango dela, Nepaleko eta Euskal Herriko kontuak komunean azaltzen direlako.

Proiektu txiki batean sartuta zaudetela diozu.
Bai, hala da. 'Nire benetako izena ez da Island Peak' du izena proiektuak. Niretzat Nepalera bigarrengo joanaldia izango den honetan, nire bidaikideekin batera, modu xumean bada ere, gehienetan alpinismoaren gora-beheren ezkutupean gelditzen diren bi munduak, Himalayakoa eta Euskal Herrikoa, kontatzeko eta konektatzeko aukera aprobetxatu nahiko nuke.
Testuinguru honetan bi munduen elementu, ezaugarri edo berezitasunen arteko ume eta gazteei zuzendutako marrazki bidezko "elkarrizketak" erakutsiko dituen liburua proposatzen dugu. Guk hango errealitatearen berri eta beraiek gurearen berri izan dezaten, eta bertatik tiraka, hurrengo belaunaldiek ere, kulturen arteko bestelako harremanak sortu ditzaten.

Hau da, bi errealitateak ezagutaraztea da proiektuaren helburua.
Hori da. Bi urruneko errealitate hurbiltzeko ahalegina egin nahi dugu. Himalaya Elurraren Herria da, eta Euskal Herria Euskararen Herria. Bi munduen arteko elkarrizketa liburu bakar batean.
Bi norabideko helburuak ditu proiektuak. Alde batetik, euskal unibertsoa ezagutzera ematea Himalayako herri eta herrixketan, eta bestetik, Himalayaren inguruko mendebaldeko ilusioa desmitifikatzea. Guretzat, mendizaleen egitandietatik haratago, Nepal, orokorrean, eta Himalayako herriak bereziki, errealitate guztiz arrotzak dira.

Liburuaren edukia zelan landuko duzuen badakizue?
Bai. Himalayako eta Euskal Herriko errealitate kulturalak, geografikoak eta sozialak kontrajarritako diptiko eran jarri nahi ditugu. Marrazkiaren bidez irudikatzen duen liburua izango da, Euskal Herriko hainbat ilustratzailek eta artista grafikok egina. Era berean, Suku Mayaren hitzaurrea izango du liburuak.

Nor da Suku Maya?
Gaur egun Euskal Herrian bizi den gazte nepaldarra da. Gaixotasun batek ekarri zuen hona, zehazki, Gipuzkoara. Bere bizipen-istorioak hanka bat Himalayan eta bestea Euskal Herrian du. Bere izatea, bi unibertsoak barruan dituen gaztea izanda, hango eta hemengo umeekin elkarrizketa zabaltzen duen pertsona, aukera ederra deritzogu. Gainera, bere mendian gora egiteko programatu dugun ibilbidean bere haurtzaroko eskolatik pasatzera eramango gaitu.

Nepalen egingo duzuen ibilbideaz ari zarela, egunez egun zer egingo duzue?
Lehenengo egunetan pasa den urteko treking bera egingo dugu, baina gero bidegurutze batean beste norabide bat hartuko dugu eta Gokyorako bidea hartuko dugu ibilbide zirkular bat egiteko. Printzipioz, eta dena ondo bidean, hamaikagarren egunean tontorra zapalduko dugu.

Duela bi urte Everesteko oinarrizko kanpalekura igoera egin zenuten.
Aurreko bidaiatik bueltatu ginenean argi geneukan hurrengo bidaian tontorra egin behar genuela. Everesteko oinarrizko kanpalekua leku mitikoa da eta bertan egotea itzela izan zen, baina mendi baten gailurrera heltzeak mendi hori konkistatua izan dela esan gura du eta guk horrelako zerbait behar dugu.
Gainera, Himalayan alpinismoa egiteko aukera izango dugu. Tontorrera heldu baino lehen zati teknikoak izango ditugu, eskailera bat, yumar egin beharko dugu…Horrelako kontuekin berba egin eta urduritzen hasten naiz! (kar, kar, kar)

Island Peak eskalatu ondoren, baduzu buruan beste erronkarik?
Momentuz ez. Etxekoak ere zaindu behar dira! (Kar, kar, kar) Ainara nire neska-lagunarekin horrelako helburu handi batean murgiltzea ere gustatuko litzaidake. Agian berriro ere Nepalera bueltatuko gara, batek daki!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Aukeren Azoka antolatu dute irailaren 28tik 30era Galdakaon

|

Zuzeneko musika eta zozketak izango dira azokak irauten duen bitartean // Geuria

Aukeren Azoka antolatu dute irailaren 28tik 30era bitartean Galdakaon. Kurtzeko plazan dagoen karpan jarriko dituzte herriko dendek euren standak. Azoka zabalik egongo da egunero 10:30etik 20:30era bitartean.

Era berean, egunero zuzeneko musika entzuteko aukera izango dute azokara bertaratuko direnek, eta 20:00etan, egunero ere, bi opari txartel eta ostalaritzarako beste bi txartel zozketatuko dituzte.

Irailaren 29an, ostiralez, 17:00etatik 20:00etara aurpegi margoketa egomgo da, eta puxikak banatuko dituzte haurren artean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Libe Goitiaren eta Xabier Mendigurenen liburuak aztertuko ditu Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak urrian

|

Libe Goitia Artetxe galdakoztarra eta Xabier Mendiguren Elizegi beasaindarra // Elkar/Wikipedia

Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak ikasturte berriari ekin dio eta urriko hitzorduaren berri eman du. Bi liburu aztertuko dituzte: Libe Goitia Artetxe galdakoztarraren 'Fast Fatum' eta Xabier Mendiguren Elizegi beasaindarraren 'Oso latza izan da'.

Hitzordua urriaren 23an, astelehenez, izango da 18:30ean Peña Santa Cruz txokoan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Galdakaoko jaien osteko kuadrillen bazkariak 200 lagun bildu ditu

|

Galdakaoko jaiak pasa den igandean bukatu arren, atzo berriro bildu ziren kuadrillak Kurtzeko plazan jaietako kamisetan soinean. Bazkaria izan zuten eta 200 lagun batu ziren.

Osorik irakurri