☉ Galdakao
Bideoa | Iskander Sagarminaga: “Manhattaneko hogei zubiak zeharkatuko ditut; oso froga esanguratsua da, leku oso berezian”
Ekainaren 29an Manhattaneko zeharkaldia egingo du Iskanderrek igerian eta Eider irudiak hartzen ariko da. Eguraldia lagun izango dutela adierazi diote GEURIAri
Erronka berria dute esku artean Iskander Sagarminaga igerilariak eta Eider Eibar marrazkilariak. Hiru zeharkaldi gogor egitea, hain zuzen: Manhattan (New York), Katalina Kanala (Kalifornia) eta Ipar Kanala (Irlanda-Eskozia). Ekainean, uztailean eta abuztuan.
‘Hirukokoroa’ izena jarri diote erronkari eta kokoak.eus webgunean eta @kokoakgara Instagram kontuan emango dute jarraipena. Ez da kirol erronka soila izango; egitasmoa umeei begira sortu dute: “Kokoen bila goazela adierazi diegu”, diote.
Lehenengo zeharkaldia ekainaren 29an, igandez, egingo dute Manhattanen: “Mahattaneko hegoaldetik irtengo gara, Battery parketik, gero East ibaitik igoko gara, Harlem ibaia zeharkatuko dugu eta Hudson ibaitik behera egingo dugu berriro Pier A-ra, Battery parkera”, adierazi dio Sagarminagak GEURIAri.
Guztira 48,5 kilometro egingo ditu igerian galdakoztarrak, zortzi orduan. “Domekan irtengo gara 10:45ean, Euskal Herriko 16:45ean”, dio Sagarminagak.
“Manhattaneko hogei zubiak zeharkatuko ditugu eta oso froga esanguratsua da, leku oso berezian”, dio.
Iganderako eguraldi ona iragarri dute: “Gogotsu gaude. Hasiera batean iganderako ekaitz arriskua zegoen bero handiagatik, baina orain egun eguzkitsua izango dela iragarri dute. Beraz, oso pozik!”.
Entrenamenduetaz galdetuta, zera esan digu Iskanderrek: “Zeharkaldi guztiak moduan, astean sei bat egun entrenatu ditut bai itsasoan bai igerilekuan”.
Bigarren erronka uztailaren 7tik 8ra bitartean egingo dute Katalina Kanalean, Kalifornian. Zeharkaldi hori gauez egingo dute, “haizeen kontuagatik”, eta guztira 33 kilometro dira.
Hirugarren erronka ezaguna du Iskanderrek: Irlanda eta Eskozia arteko Ipar Kanala berriro zeharkatzeko saiakera egingo du galdakoztarrak abuztuan. Iaz egin zuen lehen saiakera, baina ezin izan zuen burutu egueraldiagatik.
Manhattaneko eta Katalinako zeharkaldiak burutzen baditu, Sakarminagak Triple Crown of Open Water Swimming edo Itsas Zabaleko Igeriketako Koro Hirukoitza lortuko du, 2023an Mantxako Kanaleko zeharkaldia egitea lortua baitzuen.
☉ Galdakao
Bideoa | “Euskal selekzioa-Palestina partida aitzaki, gure kaleak aldarriz bete ditugu”

Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko lagunartekoa jokatuko dute gaur San Mamesen. Hori aitzakia hartuta, Zizpak elkartasun ekintza antolatu du Galdakaon: eskailera margoketa. Malen Agirre Espilla zizpakidearekin berba egin genuen atzo ekintza honen inguruan.
☉ Galdakao
Galdakaoko PSEk ez du 2026ko aurrekontua negoziatuko, “2025eko proposamen gehienak bete gabe dauden bitartean”
Aurrekontua negoziatzeari uko egin dioten arren, emendakinak aurkeztuko dituztela esan dute alderdi sozialistako ordezkariek

Galdakaoko Udalak oraindik ez du 2026ko aurrekontua onartu, baina PSEk dagoeneko aurreratu du ez duela negoziaziorik egingo gobernu taldearekin.
Arrazoia, honakoa: “Udal Talde Sozialistaren aldetik ezinbestekotzat jotzen dugu, 2026ko aurrekontuari buruzko edozein elkarrizketa eduki baino lehen, gobernu taldeak 2025eko aurrekontuan sartzea onartu zituen gure taldearen proposamenen egoeraren buruzko informazioa ematea”, diote talde sozialistatik.
“Ez zaigu oso serioa iruditzen 2026ko aurrekonturako proposamen berriei buruzko eztabaida hasteko planteamendua bultzatzea, 2025eko proposamen gehienak bete gabe dauden bitartean”, diote.
Eta adibideak eman dituzte: “Galdabusari buruzko edo negoziazioa azterlana, Ibaizabalen inguruko jarduketak, Maximo Moreno parkea eraberritu eta egokitzea edo Elexaldeko igerilekuak estaltzeko proiektua”.
“Beraz, jakinarazi nahi dugu ez dugula aurrekontu-negoziaziorik egingo Gobernuarekin, aurrez aipatutako gaiak konpontzen ez diren bitartean”, diote.
Negoziazioa ez, emendakinak bai
Alderdi sozialistako zinegotziek aurrekontua negoziatzeari uko egin dioten arren, emendakinak aurkeztuko dituztela esan dute.
“Bidezkotzat jotzen ditugun enmendakinak ohiko bideetatik erregistratuko ditugu, udalerriaren onerako zuzenketa horiek herritarrei ekar diezazkiekeen onuren arabera baloratuko direlakoan, eta ez jarrera errebantxisten, interes alderdikoien edo kontakizun politikoaren beharren arabera”, diote.
☉ Galdakao
Eskailera margoketa egingo dute gaur Galdakaon, Euskal Selekzioren eta Palestinaren arteko partidaren atarian
Ekintza Zizpa Gazte Konpartsak antolatu du: irekia da eta Iturrondo plazan izango da

Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko futbol partida jokatuko da bihar, azaroak 15, San Mamesen.
Eta, partida horren atarian, Galdakaon, elkartasun ekitalkia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak gaur, azaroak 14, ostiralez.
Eskailera margoketa irekia antolatu dute Iturrondo plazan 17:00etatik aurrera.
“Herrialde askeen aldeko elkartasun keinua egin nahi dugu. Bi herri, borroka bakarra”, diote.
☉ Galdakao
Ganguren Mendi Taldeak hamaika ekitaldi antolatu ditu Galdakaon bere sorreraren 80. urteurrenean
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da, baina azaroan Mendi Astearen barruan erakusketa, dokumentalak eta hitzaldiak antolatu dituzte

Ganguren Mendi Taldeak 80 urte bete ditu aurten, eta azaroa eta abendua bitartean ekintza bereziak antolatuko dituzte.
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da. ‘Iragana bihotzean, etorkizuna bidean’ lelopean, topaketa egingi dute Torrezabal Kultur Etxean (19:00).
Topaketa horretan, iraganeko pasadizoak gogoratuko dituzte, oraina ospatuko dute eta etorkizunera begiratuko dute.
“Topaketa xumea baina sentitua izango da. Bertan, klubaren azken 30 urteak laburbiltzen dituzten liburua eta bideoa aurkeztuko ditugu, eta ekitaldia mokatu baten bueltan bukatuko da”, diote.
Mendi Astea
Bestetik, ekitaldia nagusia baino lehen, Mendi Astea antolatuko dute.
Erakusketak, proiekzioak eta hitzaldiak eskainiko dituzte, mendizaletasunaren arloan aditu diren profesionalen parte hartzea barne.
Pou anaiek, Txomin Uriartek, Elixabete Arbek, Joanna Maluendak eta Bego Gonzalezek hartuko dute parte jardunaldietan.
Hona hemen Mendi Asteko egitaraua:
Azaroak 3-28
Erakusketa Ganguren MTren egoitzan: ‘Everesterako lehen euskal espedizioa’
11:30-22:00
Azaroak 13, osteguna
MendiTour Mendi Film zirkuitua: ‘Hiru Haundiak. Taupadak eta Gailurrak’ eta ‘Of a Lifetime’ film luzeak eta ‘Red Rock Revolution’ film laburra
19:00 Torrezabal
Azaroak 20, osteguna
Dokumentala eta hitzaldia: GR11 ibilbidea. Elixabete Arbe, Joana Maluenda eta Bego Gonzalez
19:30 Ganguren MTren egoitza
Azaroak 29, larunbata
Dokumentala eta hitzaldia: ‘Bizitzari sokaz lotuta’. Eneko eta Iker Pou anaiak
19:00 Torrezabal
☉ Galdakao
Etxebizitza prefabrikatuak Urretan eraikitzeko lanek trafikoan eta aparkalekuetan izango du eragina, Galdakaon
Ganguren eta Ramon Rubial kaleak trafikoari itxita egongo dira abenduaren 19ra arte. Gainera, ezin izango da aparkatu eskuineko lerro osoan

Etxebizitza prefabrikatuak eraikiko ditu JIT Housing enpresak Galdakaon. Ekintza pribatua da eta Urreta auzoan eraikiko dituzte, Ganguren eta Ramon Rubial kaleen artean.
Moduluka eraikitzen dituzte etxebizitza mota hauek eta lanak azaroaren 14an, ostiralez, hasiko dituzte. Materialak ekarri eta jarriko dituzte, eta Galdakaoko udal ordezkariek adierazi dutenez, trafikoan eta aparkalekuetan eragina izango dute obrek.
“Lehenengo fasea hilabete batez luzatuko da, abenduaren 19ra arte. Epe horretan, Ganguren eta Ramon Rubial kaleetan trafiko mozketak eta aparkatzeko murrizketak izango dira, makineria instalatzeko beharrezkoa den espazioa eta izango diren kamioien joan etorriak direla eta”, diote.
Zehazki ,Ramon Rubial kalearen sarreratik eta Ganguren kaleko 7. zenbakiraino sarbidea itxita egongo da abenduaren 19ra arte, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:00etara.
Era berean, ezin izango da aparkatu zirkulazioaren norabideko eskuineko aparkaleku lerro osoan.
“Bizkai kaleko 92, 94 eta 96. zenbakietako bizilagunei pasabidea baimenduko zaie. Horretarako, seinale emaileak egongo dira ibilgailuen pasabide txandakatua koordinatzeko, muntaketa lanen faseen arabera”, diote udal arduradunek.
Herritarren joan etorriak ahalik eta gehien errazteko, gunea behar bezala babestuklo eta seinaleztatuko dute.

















