→Galdakao

Auzoen arteko autobus zerbitzu propioa jarriko du Udalak jaietan, erasoak saihesteko asmoz

Auzoen arteko autobus zerbitzu propioa jarriko du martxan Galdakaoko Udalak, jaietako bi ostiraletan eta larunbatetan.

Eraso matxisten aurkako neurriak prestatu dituzte elkarlanean Galdakaoko Udalak, Talde Feministak, Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak Santakurtzetarako // Argazkia: Geuria

Eraso matxisten aurkako neurriak prestatu dituzte elkarlanean Udalak, Momoak Talde Feministak, Erabide Elkarteak, Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak Santakurtzetarako

Orduak baino ez dira falta Galdakaon jaiak has daitezen. Irailaren 13tik 22ra bitartean ospatuko dira Santakurtzak. Herriko jaiak direla eta, eraso matxisten aurkako protokoloa aurkeztu dute lehen aldiz elkarlanean Udalak, Jai Batzordeak, Txosna Batzordeak eta Mugimendu Feministek (Momoak eta Erabide). “Herriko instituzio nagusia eta herri mugimenduak, eskutik helduta, elkarlanean aritu gara eraso matxistei aurre egiteko”, dio Nerea Orozko Udaleko Berdintasunerako zinegotziak: “Gure herrian eraso matxista bakar bat ere ez egotea da helburu nagusia. Baina zoritxarrez, prestatuta egon behar dugu. Eta bagaude”.

Erasoak izateko arriskua gutxitzeko helburuarekin, auzoen arteko autobus zerbitzu propioa jarriko du martxan Udalak: “Emakumeen kontrako eraso matxistak saihestea da neurriaren helburu nagusia, baina edonork erabili ahal izango du zerbitzua”, dio Orozkok. Jaietako bi ostiraletan eta larunbatetan izango da erabilgarri, 01:00etatik 07:00etara. Juan Bautista Uriarte 30etik irtengo da orduro (01:00, 02:00, 03:00…), eta Urreta, Bengoetxe, Aperribai, Arkotxa, Zuhatzu eta Usansolo lotuko ditu. Ibilbidean zehar bezeroak eskatzen duen lekuan geldituko da autobusa, baldin eta gidariak posible ikusten badu. Ezinezkoa balitz, eskatutako lekutik ahalik eta hurbilen geldituko da.

Erasoen aurrean, arreta integrala

Erasoren bat gertatuko balitz, erasoa jaso duenari “arreta integral, arin eta egokia” emateko konpromisoa hartu dute neurriak prestatu dituzten eragile guztiek: “Gizarte zerbitzuetatik gertuko laguntza emango zaio biktimari lehen unetik azkenera, tramite guztiak amaitu arte. Ondoan izango gaitu biktimak, erasoari lotutako prozedura guztia burutu arte”.

Arreta berehalakoa izan dadin, 688 719 304 telefono zenbakia egongo da erabilgarri jaiek iraun bitartean, eguneko 24 orduetan: “Eraso matxistak jasan dituztenak artatzen aditua den psikologoa egongo da telefonoaren bestaldean, uneoro. Biktimari aholkuak emango dizkio telefonoz, eta erasotuak aurrez aurreko laguntza behar badu berarenganaino joango da beharrezko laguntza emateko prest. Udaltzaingoa ere biktimaren zerbitzura jarriko da eta abisua jaso bezain laster hari laguntzeko zeregina izango du”, dio Orozkok. Larrialdi zerbitzuetako 112 telefono zenbakia ere erabilgarri egongo da eraso matxisten berri emateko.

Atzo erasorik gabeko jaiak aldarrikatzeko manifestazioa egin zuten Galdakaon, Momoak Talde Feministak deituta.

Protokoloa txosnagunean

Emakumeen aurkako indarkeria, sexu eta genero identitateen aurkako indarkeria eta migratzaile eta gutxiengo etnikoen aurkako indarkeria batzen dituen protokoloa egin dute aurten ere Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak.

Eraso baten aurrean, eta hura egiaztatu ondoren, Txosna Batzordeak erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du hurrengo egunean 20:00etan Iturriondo plazan. Era berean, txosnagunean sirena hotsak jo ondoren, 10 minutuko geldialdia egingo dute 24:00etan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak