Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Galdakao

Kale garbitzaile bati eta udaltzain bati erasotzeagatik pertsona bat atxilotu dute Galdakaon

Galdakao Santakurtzak jaietan murgilduta dago eta asteburuari begira Udaltzaingoaren presentzia handiagoa izango dela jakinarazi du Udalak

|

Kale-garbigailu bat Galdakaon // Artxiboko irudia

Pertsona bat atxilotu dute Galdakaon, kale garbiketan ari zen langile bati eta udaltzain bati eraso egitea leporatuta.

Gertaerak atzo, irailak 15, goizeko 07:30ean jazo ziren. Udalak adierazi duenez, pertsona bat kale-garbigailura igotzen saiatu zen eta langileak bertatik jaisteko eskatu zion. Orduan erasotu zuen langilea. Gainera, udaltzain bati haginka egitea egotzi diote. Udaltzaingoak atxilotuta eraman zuen.

Galdakaoko Udalak erabateko babesa adierazi nahi die bi langileei eta pertsona guztiekiko errespetuz aritzeko deia egin du, beste behin ere, udal talde guztien babesarekin.

Udaltzaingoaren presentzia

Galdakao Santakurtzak jaietan murgilduta dago eta asteburuari begira Udaltzaingoaren presentzia handiagoa izango dela jakinarazi du Udalak, “segurtasuna ahalik eta gehien bermatze aldera”, diote.

“Edozein kasutan, jakinarazi nahi dugu Udaleko Herritarren Segurtasun Arloko arduradunek adierazi digutenez atzo goizeko gertaerak ez du loturarik jaiekin, gertatu den ordu eta lekuagatik”, diote udal arduradunek.

☉ Galdakao

Ipar Kanalaren erronkari buruzko hitzaldia eskainiko dute gaur Galdakaon Iskander Sagarminagak eta Eider Eibarrek

|

Abuztuan saiatu zen Iskander Ipar Kanala igerian eta neopreno barik zeharkatzen, baina ezin izan zuen itsaso zakarragatik // kokoakgara + Iskan83

Iskander Sagarminaga igerilari galdakoztarrak Zazpi Itsasoen Erronka burutu nahi du. Zazpi itsaso horiek dira: Ipar kanala, Cook itsasartea, Molokaiko kanala, Mantxako kanala, Katalinako kanala, Tsugaruko itsasartea eta Gibraltarko itsasartea.

Iaz Mantxako kanala zeharkatu zuen galdakoztarrak, Erresuma Batutik Frantziaraino, eta aurtengo abuztuaren 31n Ipar Irlandatik Eskoziara bitarteko zeharkaldia egiteari ekin zion, baina ezin izan zuen burutu, “itsasoa oso bortitz jarri zelako”.

Iskanderrek GEURIAri aitortu zion abuztuan bertan “oso zaila” zela egun bat topatzea zeharkaldia egiteko: “Eguraldia oso ezegonkorra da Ipar Kanalean, eta haizea da arazorik handiena; zeharkaldia beri egin behar da marea hiletan, bizietan ezinezkoa da”.

Ipar Kanalaren erronka herritarrek gertutik ezagutzeko, Iskanderrek berak eta Eider Eibar ilustratzaileak —eta Iskanderren bidelagunak— hitzaldia emango dute gaur, urriak 3, Galdakaoko Basoa tabernan, 19:00etan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaon zehar mugitzeko moduei buruz hausnarketa egingo dute Ondare Jardunaldietan

Galdakaon bi hitzaldi antolatu dituzte urrian: ‘Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa’ eta ‘Erromeria topaleku Gorbeialdean’

|

Bideak, bideek sortutako harreman eta loturak eta garraioen bilakaera aztertuko dituzte Galdakaon, Ondarearen Europako Jardunaldietan // Geuria

Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu berriro Bizkaiko Foru Aldundiak urrian zehar lurraldeko 71 udalerritan. Hego Uribe eskualdean hainbat jarduera antolatu dituzte.

Galdakaon bi hitzaldi antolatu dituzte urriaren 3an eta 17an, hurrenez hurren: ‘Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa’ eta ‘Erromeria topaleku Gorbeialdean’.

Juanjo Olaizola Elordi historialari gipuzkoarrak eskainiko du ‘Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa’ hitzaldia urriaren 3an, 19:00etan Torrezabalen: Galdakaoko garraio publikoen bilakaeraz arituko da Olaizola, lehen diligentziatik hasi eta eraikitzen ari den Metroa izango dena arte.

“Historia horretan, funtsezkoa izan da 1882an inauguratu zen Bilbotik Durangorako trenbidea, Euskadiko bide estu eta zerbitzu komertzialeko lehena, bai eta Bilbotik Durangora eta Arratiara zihoan tranbia ere, 1902an martxan jarri zena. Azken hori duela 60 urte desagertu zen arren, trena Galdakaoko komunikazioen bizkarrezurra izango da”, diote udal ordezkariek.

Bigarren hitzaldia Juan Manuel Etxebarria Ayesta galdakoztarraren eskutik izango da, urriaren 17an, 19:00etan, Torrezabalen: ‘Erromeria topaleku Gorbeialdean’. Euskal erromeriek topaleku legez izandako ibilbidea jorratuko du Etxebarriak, leku-denboretako aldaketak kontutan hartuta.

“Besteak beste, hitzaren etimologia aztertuko du, eta eliza, santutegi eta ermiten inguruko erromerietatik dantza folklorikora izandako bilakaera historian zehar. Horretarako, bibliografía idatziaz gain, Gorbeialdeko berriemaileengandik jasotako testigantzak ere erakutsiko ditu Etxebarriak”, diote.

Hausnartzeko tartea

“Jardunaldietan proposatutako gaia herritarrekin hausnarketa bat partekatzeko ere baliatu nahi dugu”, diote udal arduradunek: “Erabil ditzagun herri barruko bideak oinez mugitzeko. Kotxeak alboratu eta leku batetik bestera oinez mugitzeak ingurumena zaintzen lagunduko digu, osasunez bizitzen eta herritarrekin harremantzen”.

Ildo horretan, Bizi Galdakao Oinez leloa duen mapa sortuko du Galdakaoko Udalak, “herriko auzo eta gune desberdinen arteko distantziak adierazita”: “Batetik bestera oinez behar den denbora ere adieraziko du mapak eta erakutsiko digu herriko leku gehienetara joateko 15 minutu baino gutxiago behar ditugula”, diote.

Metrominutu ekimenaren bidetik sortuko da mapa, Europako Batasunaren 2030 agendaren printzipioetan oinarrituta; hain zuzen ere, herri eta hiri barnean oinez mugitzea sustatzea da helburua. Basaurin 2021eko irailean aurkeztu zuten Metrominutu ekimena.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Programa / Elexaldeko jaiak 2024

|

Artzain txakurren nazioarteko zortzigarren topaketa iznago da Elexaldeko jaietan // Geuria

Elexaldeko jaiak izango dira Galdakaon, urriaren 5ean eta 6an. Goiko Elizako Batzarra Kultur Elkarteak hamaika jarduera antolatu ditu, hala nola, kultur irteera, artzain txakurren erakustaldia, soka-dantza, herri bazkaria eta erromeria.

Programa / Elexaldeko jaiak 2024

Urriak 5, larunbata
08:30 Kultur irteera Xabier Orue-Etxebarriaren eskutik eta Ganguren Mendi Taldearen laguntzagaz
09:00 Kalejira auzotik
10:00 Artzain txakurren nazioarteko zortzigarren topaketa
11:00 Hamaiketakoa jai esparruan
13:00 Sari banaketa
13:30 Inguruko fruta, barazki eta produktuen enkantea, Eguzkik animatuta
14:30 Soka-dantza Andra Mari dantza taldearekin
15:00 Herri bazkaria herriko txoko eta taldeekin
16:30 Musika girotzea eta bertsolariak
17:00 Umeentzako herri jolasak eta buruhandiak
18:00 Musika emanaldia Andra Mari elizan
19:00 Erromeria jai esparruan

Urriak 6, igandea
13:00 Elexaldeko hildako guztien omenezko meza

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko ekintzaileek 1.500 eurora arteko laguntza jasoko dute negozio berriak sortzeko

|

Interesdunek dirulaguntza eska dezakete urriaren 24ra arte // Argazkia: Scott Graham, Unsplash

Galdakaoko ekintzaileak edo herrian bertan negozio bat sortuko dutenak diruz lagunduko ditu Udalak.

Hain zuzen ere, negozio bat abian jartzea pentsatzen ari diren baina oraindik autonomo gisa ari ez diren langabeei 1.500 eurora arteko dirulaguntza emango die Udalak.

Bi laguntza ildo zehaztu ditu Galdakaoko Udalak Lanbiderekin elkarlanean: alde batetik, negozio ideiak garatzera bideratutakoak, eta, bestetik, proiektuak garatzera bideratutakoak, behin ideiak definituta daudenean.

Laguntza hauetan interesa duten pertsonek Galdakaoko Udaleko Toki Sustapen eta Enplegu Arlora jo dezakete 94 401 05 80 telefonora deituz, janirebehargintza@galdakao.eus helbide elektronikora idatziz edo Zabalea auzoa 35, atzealdea helbidean dagoen Behargintzako bulegora hurbilduz. Dirulaguntza eskatzeko azken eguna urriaren 24a da.

Aholkularitza, prestakuntza eta laguntza

“Autoenplegu zerbitzuaren bitartez, aholkularitza, prestakuntza eta laguntza eskainiko diegu laguntza horien eta beste batzuren eskaerak aurrera eramateko beharrezkoak diren izapideak egiteko eta ezinbesteko betekizunei buruzko beharrezko informazioa lortzeko”, diote udal ordezkariek: “Gainera, Behargintzako bulegoak ekintzaileei aholkularitza zerbitzua eskaintzen die gainerako laguntza eta izapideetan, deialdi berriak ireki ahala eta pertsona bakoitzaren beharren arabera”.

Ildo horretan, aurten dagoeneko 50 herritar baino gehiago artatu ditu Galdakaoko Udaleko Toki Sustapen eta Enplegu Arloak: “Horietatik, 25 enpresa berri sortu dira Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, guztira 119.000 euroko laguntzak izapidetuz”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko dendek “gangak” kalera aterako dituzte salmentak handitzeko asmoz

Urriaren 3tik 5era bitartean izango da Outlet Gu Dendari ekimena Galdakaon: herriko dendek beherapenetan dauden produktuak lokaletik kanpo aterako dituzte

|

Urriaren 3tik 5era bitartean izango da Outlet Gu Dendari ekimena // Argazkia: Artificial Photography, Unsplash

Galdakaoko dendek euren gangak kalera aterako dituzte beste urtez batez. Aurten, urriaren 3tik 5era bitartean izango da Outlet Gu Dendari ekimena.

Herriko dendek beherapenetan dauden produktuak lokaletik kanpo aterako dituzte: “Beheratutako produktuen eskaintzarik onenak aprobetxatu ahal izango dira dendetara sartu beharrik gabe”, diote udal ordezkariek.

Kanpaina honen helburua da saltoki bakoitzak dituen gangak kalean erakustea, salmentak handitzea eta herritarrek gure udalerriko saltoki txikiek eskaintzen dituzten eskaintzarik onenak aprobetxatu ahal izatea.

Gu Dendari Merkatari Elkarteak antolatzen du Outlet ekimena, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin.

Osorik irakurri