Sareak

☉ Galdakao

Ibon Lopez de Letona: «Pregoia ondo egiteko eta herritarrengan hunkidura txiki bat eragiteko presioa sumatzen dut»

Santakurtzen atarian Ibon Lopez de Letonarekin berba egin dugu, aurtengo pregoilaria. Gizarte hezitzailea eta Bilbao Basketeko entrenatzaile laguntzailea da, eta aurten LDLCoach izeneko proiektu pertsonalari ekin dio. Proiektu horietaz guztietaz hitz egin dugu berarekin, jaien hasieraren atarian baina harago joanda

|

Urreta auzoan elkartu eta solasaldi sakona izan dugu Ibonekin // Geuria

Gaur hasiko diren Galdakaoko santakurtzetan, udaletxeko balkoira igoko da Ibon Lopez de Letona (Galdakao, 1994). Aurtengo pregoilaria da, eta bere mezuarekin inpaktua sortu nahi du herrikideengan. Baina balkoitik kanpo ere balioak, konfiantza eta konpromisoa transmititu ere egiten ditu. Bi kantxetan jokatzen du aldi berean Ibonek: batetik bizitzaren kantxan, haurren eta gazteen alboan gizarte hezitzaile bezala ari da; eta bestetik saskibaloiaren kantxan, jokalarien garapen indibidualaz arduratzen da entrenatzaile laguntzaile gisa. Aurten, bere pasio horiei norabide berria emateko proiektu propioa jarri du martxan: LDLCoach. Jaien, saskibaloiaren eta gizarte hezkuntzaren inguruan berba egin dugu Ibonekin.

Galdakaoko jaiak hemen, zuk emango diezu hasiera santakurtzei Zizpako Garbiñe Sagarduy txupinerarekin batera. Zelan daramazu ardura hori? Bada, egia esan ez nago urduri. Herrikideen babesa jaso dut eta bihar ere nire ingurukoen babesa jasoko dut: familia, lagunak, lanekoak… Horrek lasaitasuna ematen dit. Hala ere, oso kritikoa naiz ahotsa duten eta publikoki hitz egiten duten, baina mundu hobe bat eraikitzeko euren ahotsa erabiltzen ez duten pertsona ezagunekin; orduan, orain, exijentzia hori nigan daukat. Ni oso exijentea naiz nire buruarekin, orduan, pregoia ondo egiteko eta behintzat nire herritarrengan hunkidura txiki bat eragiteko presio hori sumatzen dut.

Eta presio horretatik kanpo, zer suposatzen du zuretzat pregoilari izateak? Harrotasun handia. Oilo-ipurdia jartzen zait. Harro egoteko zerbait da eta nik behintzat ez nuen inoiz espero Santakurtzetako pregoilaria izatea. Niretzat erreferenteak izan diren batzuk dagoeneko igo dira udaletxeko balkoira jaiei hasiera emateko, hala nola, Ibaizabal Saskibaloi Taldeko emakumezkoak. Duela urte batzuk eurak izan ziren pregoilari eta une hori oso markatuta daukat.

Gogoratzen duzu orduan oraindik ere Ibaizabaleko nesken pregoi hori. Bai! Txikitatik izan naiz Ibaizabaleko jarraitzailea eta gero entrenatzaile ere izan nintzen. Lehenengo Maila igo ginenean izan zen taldea pregoilari eta oso berezia izan zen. Atzo izan balitz bezala gogoratzen dut.

Ibonek pregoia irakurri eta Zizpako Garbiñek piztuko du txupina // Geuria

Eta, gaur, badakizu zein mezu botako duzun udaletxeko balkoitik? Badaukat oso argi zeintzuk izango diren pregoiaren puntu garrantzitsuak. Alde batetik, Galdakaori eskerrak eman nahi dizkiot. Gero, hezkuntza publikoari garrantzia emango diot. Herriko kirol eta gizarte taldeei ere aipamena egin nahi diet eta egiten duten lana goraipatu. Izan ere, Ibaizabalez gain, Argizainen ere egin dut lan urte askoz.

Gainera, urte hauetan guztietan erreferente izan ditudan guztiak emakumezkoak izan dira eta hori lotu egingo dut nire amamarekin. Amama guztiek edo gehienek egiten dute zaintza lan handia, eta hori nabarmendu gura dut. Eta amaituko dut esaten Galdakaon ez dela inolako eraso matxistarik ez homofoborik onartuko eta jaiak izan behar direla denok disfrutatzeko, eta Palestinaren aldeko mezua ere emango dut, gaur egungo egoerak oso haserre jartzen nauelako.

Amama aipatu duzu. Pregoia irakurtzerakoan bera etorriko zaizu burura. Noski! Amama batez ere, baina baita familia eta lagunak ere. Badakit amamarentzat oso berezia izango dela momentua, orduan, bera izango dut buruan momentu guztietan. Eta nigan konfiantza izan duten horiek ere. Bihar udaletxe azpian izango ditut denak eta horrek lasaitasuna ematen dit; nahiz eta lagunen partetik adarjotzeak ere egon daitezkeen ostean! (barreak)

Pregoia eta gero, zein plan izango duzu Galdakaoko jaietan? Ba aurten jaiak bereziak izango dira. Ez naiz aspaldi pregoian egon, saskibaloi aurredenboraldi bete-betean egon naizelako. Eta aurten baimena eskatu dut jaietan egoteko. Beraz, pregoia eta gero, asteburua barne, disfrutatzeko aukera izango dut!

Lagunekin eta familiarekin disfrutatzeko momentuak izango dituzu jaietako lehen asteburuan behintzat! Bai! Pregoia eta gero lagunekin eta lankideekin elkartuko naiz afaltzeko eta gauaz disfrutatzeko, eta familiarekin beti egiten dugu bazkaria. Hori izango da nire plana.

Lagunek kuadrilla txapelketan parte hartuko dute? Noski! Jaikiriki da nire lagun kuadrilla eta ziur proba guztietan parte hartuko dutela!

Zein da santakurtzetatik gustukoen duzun jarduera? Astean zehar proba asko daude. Duela urte asko ez dudala Jaikirikirekin modu zuzenean parte hartzen, baina bai gustatzen zaidala batzuetan presente egotea eta proba batzuk ikustea, hala nola, paellak edo playback lehiaketa.

Aurten zu zara pregoilaria, baina zure ustez, nork mereziko luke pregoilari izatea Galdakaon? Nori emango zenioke lekukoa? Izan behar da erreferente positibo bat gizarte osoarentzat. Gazteak dira nire arloa, eta herrian erreferente bada eta mezu positiboa ematen badu, pertsona horrek mereziko luke pregoilari izatea nire ustez. Galdakaon jende asko izan daiteke pregoilari ona.

Izen propiorik bururatzen zaizu? Bada ez dut pentsatu, baina agian ez da izan behar pertsona oso ezaguna. Adibidez, Galdakaoko pentsionisten mugimendua eredu da. Badakit txupinero izan zirela duela urte gutxi batzuk —2019an—, baina euren borrokak ez du etenik izan. Hurbiletik ezagutzen dut mugimendua, amama astelehenero doalako plazara. Ez dute eurengatik bakarrik borrokatzen; atzetik gatozen belaunaldiongatik ere egiten dute.

Herrikideek zu bozkatu zaituzte, besteak beste, aurten Bilbao Basketekin Europa Kopa irabazi duzulako. Hilabete batzuk igaro dira, baina oraindik gogoan izango duzu momentu historiko hori, ezta? Begira, berriro jartzen zait oilo-ipurdia! (barreak). Lehen egon naiz pentsatzen ordutik ez naizela geratu ere egin! Momentu benetan ahaztezina izan zen, esperientzia oso potentea eta handia. Finaleko partida osoa kontatu ahal dizut, zelan izan zen bidaia eta ondorengo parranda ere! (barreak)

Orain aurredenboraldi bete-betean zaudete. Hala da. Abuztuaren 25ean hasi zen taldea entrenatzen. Ni, ordea, lehenago hasi nintzen lanean, abuztua erdialdetik jada jokalari batzuk Bilbora etorri zirelako eta orduan hasi genituelako bakarkako entrenamenduak.

Aurre-denboraldi bete-betean daude Surne Bilabo Basketeko jokalariak eta talde teknikoa // Argazkia: Aitor Arrizabalaga

Hain zuzen ere, jokalari bakoitzaren garapenaz arduratzen zara, Ibon. Bai. Entrenamenduak baino lehen ‘Bitaminak’ deitzen duguna egiten dugu: jokalari bakoitzarekin —batzuetan binaka— 20 minutuko saioak egiten ditugu eta ariketa desberdinak egiten ditugu ondo egiten dituzten gauzak indartzeko edo gauza berriak lantzeko.

Era berean, bideoaren bidez denboraldian zehar jokalari bakoitzari erakusten diogu zer egiten duen txarto eta zer hobetu behar duen. Batez ere gazteekin egiten dugu hori. Arlo hau gustatu egiten zait, zerikusia daukalako nire hezitzaile lanarekin.

Bideoena azken aldian kirol-entrenamenduetan hedatu den zerbait berria da, ezta? Bai. Bideoarena mundu berri bat da eta asko hedatu da azken urteetan, baina gehienbat aldaketa handiena eman den arloa, orokorrean, jokalari bakoitzaren garapen indibidualari dagokiona izan da. Ulertzen da atleta bakoitzak behar duela arlo hori eta horregatik jokalari guztiek udan lan egiten dute entrenatzaile pertsonalekin.

Aurrez aurre lan egiten duzu jokalari bakoitzarekin. Eurekin duzun harremana estua izango da. Erabat. Jaumerekin entrenatzaile laguntzaile izan aurretik, lehenengo entrenatzaile bezala aritu nintzen juniorrekin. Eta zentzu horretan asko ikasi behar izan dut. Izan ere, gazteekin harreman hurbila izan behar duzu, baina aldi berean, distantzia hezitzailea izan behar duzu eta “lider erreferentziala” izan. Orain, entrenatzaile laguntzaile bezala, jokalarien egunerokotasunean presenteago nago, eta horregatik harremana oso estua izaten da: bakarkako entrenamenduak direnez, gehiago hitz egiten duzu eurekin eta euren kezkak edo ardurak azaleratzen dizkizute.

Ibon Bassala Bagayoko jokalariarekin hizketan // Argazkia: Aitor Arrizabalaga

Zein helburu ditu Bilbao Basketen lehen taldeak denboraldi honetan? Europako Kopa berriro irabazi ahal badugu, irabaziko dugu! (barreak) Badakigu zaila izango dela, baina saiatuko gara. Oso berezia da bi liga aldi berean jokatzea! Bestetik, klubak azkenengo urteetan lan handia egin du taldea ekonomikoki egonkortzeko, eta nik uste dut momentua dela aurrerapauso txiki bat emateko eta Ligako sailkapenean gora egiteko. Hori izango litzateke aurtengo denboraldiko erronka edo helburua. Aurredenboraldiko lehen egunetan izan dugun feeling-a oso positiboa izan da.

Jaume Ponsarnau berriro entrenatzaile buru, nolakoa da berarekin lan egitea? Honakoa nire hirugarren denboraldia da Jaumerekin (berak lau daramatza). Bera izan zen apur bat nire figura eskatu zuena eta harremana oso ona da, bai profesionala zein pertsonala. Ikusten da profesionala baino lehen pertsona ona dela. Nire aitaren figura gogorarazten dit askotan. Eta lanari dagokionez, oso metodologikoa da, dena oso ondo planifikatuta eta aztertuta dauka. Oso erraza da berarekin lan egitea. Exijentea ere bada, baina lantaldean, denok, jokalariak barne, eskertzen dugu horrelakoa izatea. Liderra da: adibidea emanez gidatzen duen liderra, hain zuzen.

Zer ikasi duzu Ponsarnaurengandik? Asko! Hasteko, planifikazioa. Ni pertsona antolatua naiz, baina ez Ponsarnauren maila beretsuan (barreak). Gero, zu ezagutu barik konfiantza osoa jartzen du zugan, eta horrek, hezitzaile naizen heinean, balio handia dauka. Bestetik, taldea eramateko duen modua ere nabarmenduko nuke: oihu barik eta gatazka barik, nahiz eta nik uste dudan noizean behin gatazka ere beharrezkoa den. Oso gutxitan dago giro negatiboa, berak giro ona islatzen duelako.

Eta zuk berari zer irakatsi diozun galdetuko banizu. Hori berari galdetu beharko genioke! (barreak) Baina zerbait esan behar badut euskaraz hitz asko irakatsi dizkiot! (barreak) Euskal kulturaren alde dago eta aurten Together lema jarri diogula denboraldiari, galdetu zigun euskaraz zelan itzuli genezakeen. Eta nire lan egiteko moduari dagokionez, jokalariekin lan egiten dudan metodologia eta jokalari bakoitzaren bakarkako garapena zelan lantzen dudan irakatsi ahal izan dizkiot, hori eskatu baitzuen berak. Era berean, 3×3 modalitatearen inguruan ere galdetzen dit asko: ni horretan oso frikia naiz. Baina ez dakit zer erantzungo lukeen berak (barreak).

Saskibaloi entrenatzailea izateaz gain, lanbidez, gizarte hezitzailea zara. Ordu asko ematen ditut lanean, egia esan, baina nire bi pasioak dira eta bi lanbideak uztartu egiten ditut. Bizgarri Elkartean egiten dut lan gizarte hezitzaile bezala, eta Bilbao Basketen entrenatzaile laguntzaile naiz. Egunero 09:00etatik 11:00etara arte, gutxi gorabehera, entrenatu egiten dut eta gero lanera noa. Egia esan, bai Bizgarrik bai Bilbao Basketek laguntza ematen didate eta moldatu egiten naiz ordutegiekin.

Zein da zure zeregina Bizgarri Elkartean? Bizkaia mailan familia-hezitzailea naiz. Batez ere, haurrekin eta gazteekin egiten dut lan. Haurren eta nerabeen babesa maila guztietan bermatzeko lan egiten du Bizgarrik.

Gizarte hezitzaile izateak eta saskibaloi entrenatzaile izateak, zein balio irakasten dizkizu? Disziplina eta esfortzua, baina baita enpatia, besteak laguntzea eta eskuzabala izatea ere. Denok ditugu arazoak eta denok behar dugu momentu bat gure gauzen inguruan hitz egiteko. Saskibaloia joko bat da, baina jokalarien lana ere bada.

Bizgarri eta Bilbao Basketez gain, proiektu pertsonal bati ekin berri diozu. Hala da. LDLCoach (@ldlcoach Instagramen) da martxan jarri dudan proiektu pertsonala. Oso motibatuta nago. Beti ibili naiz taldeak entrenatzen eta duela hiru urte Jaumek eta Bilbao Basketek bakarkako entrenamenduekin hasteko aukera eman zidatenetik sentitu dut gehiago gustatzen zaidala lan egiteko modu hori eta hezitzaile izatearekin harreman zuzenagoa duela. Jokalari asko hasi zitzaizkidan idazten udan entrenatzeko eta orduan pentsatu nuen zerbait nire kabuz hastea, ideia ona izan zitekeela.

Eta LDL marka sortu duzu. Bai. Lagun baten laguntzarekin sortu nuen marka. Nire abizenaren lehen hizkiak dira eta abuztua amaieran ireki genuen Instagram kontua. Ideia da bakarkako entrenamenduak egitea, gehienbat udan, baina aukera egon daiteke urtean zehar jokalariren batek prestakuntza bereziren bat nahiko balu ere horiek egiteko. Aurten, adibidez, Itziar Ariztimuñorekin arituko naiz: saskibaloi jokalari bizkaitarra da eta IDK Gipuzkoan jokatuko du denboraldia. Asmoa da urtean zehar bere jarraipena egitea eta bideoaren bitartez zer hobetu dezakeen ikustea.

Eta proiektu pertsonal hau egiteko erakundeen laguntza jasotzen ari zara? Udal eta elkarte desberdinekin ari naiz berba egiten entrenatzeko lekuak lortu ahal izateko.

Proiektu horiez guztiez gain, Bilbao Basketen 3×3 talde berrian ere aritu zara. Bai. Bilbao Miners du izena taldeak eta aurten lehen aldiz sortu dugu. Berezia da alde batetik modalitatea beragatik eta bestetik nesken talde bat sortu delako. Harrobiaz gain, emakumeen talde hori sortu da eta zerbait historikoa da. Eta horri bultzada eman nahi diogu klubetik ere.

3×3 modalitatea gero eta ezagunagoa da, ezta? Bai. Joko Olinpikoetan modalitatea da Tokio 2020tik (2021) eta iazko Parisko Jokoetan Espainia bigarren sailkatu zen. Gracia Alonso de Armiño bilbotarra zegoen taldean. Orduan gorakada izan zuen modalitateak eta aurten gizonezkoek Munduko txapelketa irabazi dute.

Oso erakargarria eta bizia da. Bai. Partidak oso azkarrak dira, 10 minutukoak. Ez da saskibaloi hutsa, baina oso erakargarria da eta jolasteko oso dibertigarria. Liga egon badago, baina momentuz ez da oso garrantzitsua. Udan oihartzun handia du 3x3ak eta ondo dago bateragarria delako urtean zehar dagoen saskibaloi ligarekin: jokalariek hobetu dezakete urte osoan zehar saskibaloian jokatzen bi modalitate desberdinetan.

Etorkizunean non ikusten duzu zure burua: gizarte heziketan ala saskibaloian? Bada hori da familiak eta lagunek errepikatzen didaten galdera bera! (barreak) Egia esan, ez dakit, baina ziur nago gustura nagoen, ilusioa daukadan eta baloratuta sentituko naizen leku batean egongo naizela. Aurten, lehen esan dizudan bezala, konturatu naiz oso gustura nagoela entrenamendu indibidualekin, ikusten dut mundu hori hedatzen ari dela eta eroso nago. Baina, aldi berean, taldean lan egitea eta 3×3 modalitatean ere gustura sentitzen naiz. Hori bai, esku-hartze sozialean bai ikusten dudala nire burua, agian saskibaloiaren aurretik.

Zein aholku emango zenieke harrobi desberdinetan dauden jokalari gazteei? Lehenik eta behin disfrutatu dezatela. LDL proiektu pertsonalarekin transmititu nahi dudana da garrantzitsuena dela disfrutatzea eta aldi berean entrenatzea. Oso bateragarriak dira. Eta bestetik, esango nieke bakoitzak bere burua zaintzeko. Mezua argia da: disfrutat

☉ Galdakao

Auzoakeko zinegotziek eta “batzarraren erdiak baino gehiagok” ez zuten sare sozialetan publikatu den komunikatuaren berririk

“Auzoak osatzen dugun batzarraren erdiak baino gehiagok ez genuen Facebooken argitaratu dutenaz ideiarik ere ez. Harrituta gaude denok”, esan diote GEURIAri

|

Toño Gonzalez eta Monika Bailon Auzoakeko zinegotziak, UHko zinegotzien ondoan, atzo aurrekontuari buruzko ez-ohiko osoko bilkuran // Geuria

“Harrituta”. Horrela daude Auzoak plataformako hainbat kide, tartean, Toño Gonzalez eta Monika Bailon zinegotziak.

Atzo, 2026ko aurrekontua onartzeko ez-ohiko bilkura baino bi ordu eta erdi aurretik, Auzoak Galdakao Facebook profilean komunikatu bat kaleratu eta herriko hedabide batzuk etiketatu zituzten, GEURIA barne.

Honakoa dio oharrak: “Jakinarazi behar dugu EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Auzoak osatzen duten gobernu taldeak gaur aurkeztuko duen aurrekontua ez dela gure Auzoakeko batzarrean ez proposatu, ez alderatu, ez eztabaidatu, ez bozkatu ez onartu. Auzoakeko batzarretik behin baino gehiagotan eskatu dugu parte hartzeko interesa, baina Auzoak ordezkatzen duten bi zinegotziek ez diote jaramonik egin gure eskaerari”.

Adierazpena Auzoakeko Batzarra osatzen duen “gehiengoak” sinatu duela adierazi dute.

Komunikatuaren berri izan orduko, Galdakaoko Udalean Auzoaken ordezkari diren zinegotziekin eta plataformako beste kide batzuekin jarri zen harremanetan GEURIA eta “harrituta” zeudela esan zuten.

Eta gauean euren erantzuna idatziz jaso genuen: “Auzoak osatzen dugun batzarraren erdiak baino gehiagok ez genuen Facebooken argitaratu dutenaz ideiarik ere ez. Harrituta gaude denok”, esan diote GEURIAri.

Zentzu horretan, “laster” bilera bat izango dutela esan dute, “gai honi buruz gehiago jakiteko”.

“Sare sozialen bidez jakin dugu Auzoakeko batzordearen kide garen hainbat eta hainbat pertsona. Plataformako kide batzuen aldetik ekitaldi koldar samarra izan dela uste dugu”, esan dute.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Zein da euskarazko hitz politena? Galdakaoko Mintzodromoan galdera bota dugu!

|

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, gaur, abenduak 4, Mintzodromoa antolatu dute Galdakaon [hemen argazkiak!]. Bertan izan gara eta eguna aprobetxatuta, galdera bakarra bota diegu parte hartzaile batzuei: zein da euskarazko hitz politena? Entzun erantzunak!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

2026ko aurrekontua onartu dute Galdakaon gobernu taldearen aldeko botoekin

Oposizioaren “borondate falta” salatu du gobernu taldeak. EAJk eta PSEk adierazi dute gobernu taldearengan “konfiantza galdu” dutela

|

Ez-ohiko osoko bilkura egin dute gaur Galdakaon 2026ko aurrekontua onartzeko // Geuria

EH Bilduren, Usansolo Herriaren eta Auzoaken aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren kontrako botoekin onartu dute Galdakaoko 2026ko aurrekontua.

Guztira 47,6 milioi euro kudeatuko ditu Udalak datorren urtean, eta aurrekontuak herritarren “benetako beharrizanei” erantzuten diela esan du Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak, “galdakoztarren bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin”.

Urtarrilaren lehen astetik aurrera indarrean egongo da aurrekontu berria, Edurne Espilla jarduneko alkateak ez-ohiko osoko bilkuran adierazi duenez.

Oposizioa kontran

EAJk eta PSEk kontran bozkatu dute gobernu taldearen aurrekontu proposamena.

Alfredo Olea jeltzaleak adierazi duenez, gobernu taldearen aurrekontu proiektua “kontinuista” da: “Gardentasunik eza, marketing politikoa eta autobonboa nabarmentzen ditugu”.

Ildo horretan, “oinarrizkoa betetzeko” aurrekontua dela adierazi dute, eta salatu dute gerora gobernu taldeak aurrekontu-aldaketak egingo dituela: “Datorren ekitaldian ziur makromoldaketak bozkatu beharko ditugula, gehiengoa gastu arrunta finantzatzeko”, esan du Oleak.

EAJk ez du emendakinik aurkeztu, eta arrazoia honakoa: “Iaz adostasuna lortu genuen, akordio batzuk lortu genituelako, baina orain errealitatea bestelakoa da, atsekabegarria da. Adostutako proiektu asko egin gabe daude; gure konfiantza eman genuen iaz, eta orain konfiantza hori hautsita dago”, esan du Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleak.

Kontran, PSEk zortzi emendakin aurkeztu ditu, milioi bateko balioarekin. Hala ere, ez dute bat bera ere onartu: gobernu taldeak kontran eta PSEk eta EAJk alde bozkatu dute.

“Izateko bokazioarekin eta oposizio konstruktiboa eginez analisia egin dugu. Emendakinak aurkezten ditugunean horiek baloratzea eskatzen dugu, baina ez da horrela izan gobernu taldearen aldetik”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.

Gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proposamena “urria” dela deitoratu du alderdi sozialistako zinegotziak.

“Iaz abstentziora jo genuen 2025eko aurrekontuaren bozketan gobernu taldearekin proiektuak adostu genituelako, baina gaurdaino ez dira egin”, salatu du Trimiñok: “Ez dute gure konfiantza berriro merezi”.

Alberto Ealo EH Bilduko zinegotziak oposizioaren “borondate falta” salatu du: “Urriaren 24an jakinarazi genien proposamenak jasotzeko prest geundela —oraindik zirriborroa osatu gabe zegoenean, ekarpenak errazago txertatzeko moduan— eta horretarako bi aste eman genizkien. Epea amaituta, ez genuen proposamenik jaso. Ondoren, bi alderdiekin partekatu genuen aurrekontuaren zirriborroa, eta berriro ere ekarpenak egiteko aukera zabaldu genuen”.

“PSEk emendakinak aurkezteari ekin beharrean, prentsara jotzea erabaki zuen, marketing edo propaganda ariketa gisa; gainera, emendakinak epez kanpo aurkeztu zituen. EAJ alderdiak, ez du emendakinik aurkezteko saiakera ere ez egin”, esan dute EH Bilduko ordezkariek.

Zentzu horretan, negoziaketarako “eskua luzatuta” izan dutela argudiatu dute ezker koaliziotik, “nahiz eta udalbatzan gehiengoa izan”.

Eta adibide gisa azaldu dute 2021etik oposizioaren 23 emendakin onartu dituztela: “Horietatik 13 eginda daude, eta beste bost bideratuta ditugu”, esan du Espillak, eta gaineratu du: “Egia da asko iaz onartutako proiektuak direla, baina egia da ere batzuk bideratuta daudela dagoeneko, bidean daudela”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Auzoak plataforman desadostasunak daude 2026ko Udal Aurrekontua dela eta

|

Auzoak plataformako kideak, 2023ko udal hauteskundeen aurkezpenean // Auzoak Galdakao

EH Bilduk, UHk eta Auzoakek osatzen duten Galdakaoko gobernu taldeak 2026ko aurrekontu proposamena aurkeztu dute gaur goizean prentsaurrekoan, arratsaldean ez-ohiko osoko bilkuran eztabaida egon aurretik.

Eta, bitarte honetan, Auzoak plataformak komunikatu bat argitaratu du sare sozialetan 14:00ak aldera, herriko hedabide batzuk etiketatuta, GEURIA barne.

“Jakinarazi behar dugu EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Auzoak osatzen duten gobernu taldeak gaur aurkeztuko duen aurrekontua ez dela gure Auzoakeko batzarrean ez proposatu, ez alderatu, ez eztabaidatu, ez bozkatu ez onartu. Auzoakeko batzarretik behin baino gehiagotan eskatu dugu parte hartzeko interesa, baina Auzoak ordezkatzen duten bi zinegotziek ez diote jaramonik egin gure eskaerari”, salatu dute Facebooken publikatu duten komunikatuan.

Adierazpena Auzoakeko Batzarra osatzen duen “gehiengoak” sinatu duela adierazi dute.

“Atzerapauso larria”

“Udalbatzan onartzeko tramiteak gure batzarraren onespena behar ez badu ere, Auzoaken egoera hau atzerapauso larria da Auzoak proiektuaren funtzionamendu parte-hartzailean eta espiritu asanblearioan”, gaineratu dute.

Auzoakeko bi zinegotziek “zer bozkatuko duten ez” dakiela esan du Auzoakeko batzordearen gehiengoak; “nolanahi ere ziur gaude gure auzoen eta auzotarren ongizaterako erabakirik onena hartuko dutela”.

GEURIAk udalbatzan ordezkaritza duten zinegotziekin hitz egin du eta euren balorazioaren zain gaude. Gainera, Auzoakeko beste kide batzuekin ere jarri gara harremanetan eta adierazi dute plataformako kide guztiak ez zeudela komunikatu horren jakinaren gainean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Galdakaoko Mintzodromoak 120 lagun batu ditu gaur Kurtzeko frontoian

|

Mintzodromoa antolatu dute gaur Galdakaon. Berbalagunak, euskaltegietako eta Bengoetxe, Eguzkibegi eta Elexalde ikastetxeetako ikasleak, herriko elkarteetako ordezkariak eta norbanakoak batu dira euskaraz berba egitera Kurtzeko frontoian. Guztira 120 lagun elkartu dira euskaraz modu parte hartzaile eta lasaian aritzeko.

 

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna