Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Galdakao

Galdakaoko jaietako kontzertuetarako 460 proposamen egin dituzte herritarrek

|

Momentu honetan proposamenak teknikoki aztertzen ari dira udal teknikariak, apirilaren 19ra arte // Galdakaoko Udala

Irailaren 13tik 22ra bitartean izango dira Galdakaoko jaiak. Oraindik bost hilabete falta diren arren, jai egitaraua zehazteko lanean ari dira Udala eta Jai Batzordea.

Besteak beste, jaietako kontzertuak aukeratzeko prozesu parte-hartzailea zabaldu zuen martxoan Udalak. Herritarrek guztira 460 proposamen egin dituzte. Hala nola, Micxpert, Izaro, Doctor Deseo, Ladilla Rusa, Ezpalak, Moonshine Wagon, Amaral, Rozalen, Los de Marras, La Oreja de Van Gogh, Bulego, Malakias, Zea Mays, Olaia Inziarte, Mafalda, Skabidean, Chill Mafia, Lagrimas de Sangre, Neomak edota Ealain bezalako taldeak proposatu dituzte galdakoztarrek.

Momentu honetan proposamenak teknikoki aztertzen ari dira udal teknikariak, apirilaren 19ra arte. “Talde bakoitzak ezarritako baldintzak betetzen dituen aztertuko dute eta galbahea gainditzen duten taldeen disponibilitatea egiaztatuko dute”, diote udal ordezkariek.

Horrez gain, beste irizpide batzuk hartuko dituzte kontuan. Esaterako, komntzertu guztietarako aurrekontua 80.000 eurokoa da: “Helburu horretara heltzeko, 50.000 euro baino gehiagoko kostua duten taldeak automatikoki geratuko dira kanpoan”, diote. Era berean, emakumeen presentzia, euskarazko musika eta estilo aniztasuna ere kontuan hartuko dituzte udal teknikariek.

Ondoren, irailaren 13rako, 14rako, 20rako eta 21erako aukera posibleak proposatu eta adostuko ditu Jai Batzordeak, apirilaren 22ra arte, eta taldeak erabakitzeko bozketa fasea apirilaren 26tik maiatzaren 8ra bitartean zabalduko du Udalak.

Galdakaon erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek izango dute botoa emateko aukera. Pertsona bakoitzak egun bakoitzeko talde bakarraren aldeko botoa emango du erabaki.galdakao.eus udal plataformaren bitartez edo Torrezabalen, Aperribaiko Libuurtegian, Urreta kiroldegian eta udaletxean jarriko dituzten hautestontzien bitartez. Bozketaren emaitza maiatzaren 15etik aurrera emango du jakitera Udalak.

☉ Galdakao

Argazkiak / Euskara ahoan, 120 lagunek hartu dute parte Galdakaoko Mintzodromoan

|

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur. Galdakaon Mintzodromoa egin dute Iturrondo plazako karpan eta guztira 120 lagun batu dira: Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako eta euskaltegietako ikasleak eta irakasleak, herriko eragileetako ordezkariak eta norbanakoak elkartu dira eta euskara ahoan izan dute ordu t’erdiz. Hiru gai izan dituzte hizpide: ‘Urak har ditzakeen eremuetan eraikitzea’, ‘Zeregin gehiegi, baina denbora gutxi’ eta ‘Ikasgai berria proposatzea’.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi galdakoztarrek ‘Momotxorroak’ dokumentala aurkeztuko dute Durangon

‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala abenduaren 5ean aurkeztuko dute Irudienean. Bertan izango dira Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariak

|

Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi Andra Mari Dantza Taldeko kideek zuzendu dute 'Momotxorroak: Kaos baten istorioa' dokumentala // Durangoko Azoka

Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala egin du Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi taldekideek zuzenduta.

Dokumentalak Altsasuko (Nafarroa) inauteri tradizionalak berreskuratzeko eta biziberritzeko prozesua jasotzen du: “Antzinate handiko jaia izan zen, eta ahaztuta geratu zen, harik eta Ricardo Aldasorok, herriko nagusienetako batek, momotxorro mitikoak (ospakizun horren elementu nagusia) gogora ekarri zituen arte. Hain zuzen ere, oroitzapen horrek bultzatu zuen Altsasuko inauterien berpiztea, ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentalak jasotzen duen prozesua”, diote.

Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak inauteri horiei buruzko ikerketa eta berreskuratze lanari ekin zion, Juan Antonio Urbeltz folkloristak bultzatuta, azken horrek Jose Maria Satrustegiren ‘Neguko solstizioa’ lanean oinarrituta.

“Urteetan ikertu ondoren, 1978an Andra Mari dantza taldeak lehen aldiz plazaratu zuen inauteria Altsasun, interes handia piztuz eta Altsasuko komunitatea mugiaraziz, bereziki belaunaldi berriak, non, jai hau biziberritzeko erronka hartu baitzuten. 1982an, inauteriak gogo biziz ospatu ziren berriro Altsasun, eta, ordutik, tradizio horri eutsi dio urtez urte, 2012an Nafarroako Gobernuaren interes turistikoko festa gisa aitortuta”, diote.

Galdakao-Altsasu konexioa

Ikus-entzunezkoaren helburu nagusia da Andra Mari Eusko Dantzari Taldearen lana eta tokiko komunitateak ospakizun hori berpizteko hartu zuen konpromisoa erakustea, XX. mende hasieran azken aldiz antzeztu zenetik, 70eko hamarkadan berpiztu zen arte.

“Dokumentalaren helburu nagusia da belaunaldi berriei euskal kulturaren balioa eta esanahia helaraztea, inauteri horien berreskurapenean parte hartu zutenen testigantza zuzenen bidez”, diote.

Euskal folklorearen arloko pertsona aipagarrienen esperientziak eta testigantzak jaso dituzte dokumentalean. Besteak beste, Mikel Zamalloa, Manu Jauregi eta Koldo Telleria Andra Mariko kideek; Patxi Goikoetxea, Amaia Oiarbide, Enrique Zelaia eta Satur Leoz Altsasuko kultur eragileek; eta Juan Antonio Urbeltz Euskal Herriko folklore maisua zein kultur eragileak hartu dute parte dokumentalean.

Era berean, ikus-entzunezkoak Galdakao eta Altsasuren arteko lankidetza-harremanei balioa eman diela adierazi dute Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariek.

Durangoko Azokan

‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala Durangoko Azokan aurkeztuko du Andra Mari Dantza Taldeak.

Abenduaren 5ean, ostegunez, Durangoko Zugaza zineman, Irudienean, ikusi ahal izango da dokumentala, 17:30etik aurrera. Emanaldiaren ostean solasaldia egongo da.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Pontzi Zabala kaleko azken bi arrapala mekanikoak martxan dira dagoeneko, Galdakaon

|

Apirilean hasi zituzten lanak, eta aurreikuspenak betez, urte amaieran bukatu dituzte // Argazkia: Galdakaoko Udala

Pontzi Zabala kalean beste bi arrapala mekaniko jartzeko lanak bukatu ditu Galdakaoko Udalak. Obrak apirilean hasi zituzten eta zazpi hilabeteko epean amaitu dituzte.

Bi arrapala mekaniko berriak Zabalearaino heltzen dira. Bi norabidekoa dira, igotzekoa zein jaistekoa, eta estalita daude.

Udalak 1,9 milioi euro bideratu ditu obra honetara. Lehenengo arrapala mekanikoa iaz jarri zuen Udalak eta inbertsioa 1,2 milioi eurokoa izan zen. Hau da, lanak bere osotasunean burutzeko kostua 3 milioi eurokoa izan da guztira.

Lanak apirilean hasi zituzten eta bide onean, epeen barruan bukatu dituzte // Google

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko EAJk 22 neurri proposatu ditu, “herritarren eskariei erantzuteko”

Proposamenen artean igogailuak eta arrapala mekanikoak eraikitzea, Galdabus zerbitzua hobetzea, Auzo-Taxia ezartzea eta bide-segurtasuneko neurriak daude. Proposamenak udal gobernu taldeari helaraziko dizkiote

|

Mugituz Plana aurkeztu zuen atzo Gandasegin Ganldakaoko EAJk // Galdakaoko EAJ

Galdakaoko EAJk Mugituz Plana aurkeztu zuen atzo Gandasegin, 60 lagunen aurrean. Planak 22 neurri jasotzen ditu, irisgarritasunari, garraioari, herritarren segurtasunari, hiri-egokitzapenari eta merkataritzari lotutakoak, “eta herritarren eskariei erantzuna emango lioketeenak”, adierazi zuen Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleak.

Proposamenen artean daude: Kurtzea eta Zabalgane lotzeko igogailua lehenestea; Zuatzaurren arrapalak jartzea; Lapurdi eta Tximelarre eta Elkano-Zubiarro lotzeko igogailua eraikitzea; zaborrak biltzeko plan integrala eta arketetako mantentze-lan integralak egitea Olabarrietan; eta Bengoetxe-La Troka-Olabarrieta sarbidean ikuspena egokitu eta hobetzeko lanei lehentasuna ematea.

Era berean, Ibarluze, Urtebietan eta erdigunea bezalako “gune estrategikoetan” aparkatzeko plaza berriak sortzea proposatu du Galdakaoko oposizioko talde buruak.

Garraoiari dagokionez, Taxi-Auzunea ezartzea eta Galdabusa handitzea “premiazkoa” dela adierazi zuen Agirregoikoak aurkezpenean, eta Bekeako zubian esku hartzea eta Ibarluze eta Guturribai artean pasabide bat jartzea ere “garrantziskotzat” hartu zituen.

“Galdakaoko EAJ-PNVk auzokideei entzun diegu eta garraio eta aparkaleku beharrak helarazi dizkigute eta plan honen helburua Galdakaon mugitzea eta aparkatzea guztiontzat errazagoa eta eraginkorragoa izatea da”, esan zuen Agirregoikoak.

Zaintza-kamerak

Bestetik, Lugoko argiztapena eta asfaltatzea hobetzea, Zuatzu-Merkadilloko berdeguneak berreskuratzea, Olabarrieta eta Aperribaiko azpiegiturak berritzea eta mantentzea proposatu du Galdakaoko EAJk, “ingurune zaindua eta erosoak eskainiz”.

Herritarren segurtasunari buruzko neurriei dagokienez, Udaltzaingoa indartzea, protokoloak hobetzea eta zaintza-kamerak jartzeko azterketa egitea iradoki du alderdi jeltzaleak. “Horretarako, alderdi politikoen artean adostasuna eta segurtasun-ituna lortzeko proposamena egin dugu”, adierazi zuen Agirregoikoak.

Merkataritzarako ekintza-planari dagokionez, Merkataritza Foroa sortzea proposatu zuten, “udalerriko merkataritzan eragina duten jarduerak abian jartzeko organo gisa, Udalaren eta Galdakaoko merkatari, ostalari eta zerbitzu-enpresa txikien arteko zuzeneko harreman-kanal gisa funtzionatuz, eta, horrela, kideen arteko sinergiak sortuz”.

“Foro horretan, merkataritzaren eremutik planteatutako proposamenek izango lukete lehentasuna, eta sektore horietako ordezkariek gai izan behar dute udalerri osoarentzat interesgarrienak diren jarduketak eta proposamenak adostasunaren bidez lehenesteko”, zehaztu zuen Agirregoikoak.

Proposamen hauek udal gobernu taldeari helaraziko dizkio alderdi jeltzaleak, “baloratu ditzaten eta onestsiko balira, aurrekontuan txertatzeko”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Programa / Zugutzuko jaiak 2024

|

IV. Mus txapelketa antolatu dute Zugutzuko jaietan // Argazkia: nhfournier.es

Azaroaren 30ean, larunbatez, Zugutzuko jaiak izango dira. Auzokideek hainbat jarduera antolatu dituzte, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin.

Egitaraua / Zugutzuko jaiak 2024

Azaroak 30, larunbata
10:30 Argazkiak Esker tabernaren kanpoaldean
11:00 Triki-kalejira Zaharren Egoitzatik
12:00 Pregoia eta txupinazoa Santa Barbara futbol zelaian
12:15 Triki-poteoa Iraragorri Hotela eta Esker tabernetatik
13:00 Luntxa karpan
13:15 Da Capo Musika Bandaren emanaldia karpan
14:30 Herri bazkaria Esker tabernan
16:30 IV. Mus txapelketa
17:00 Txokolate banaketa Zaharren Egoitzatik
19:30 Rock kontzertua: Buzkentza
22:00 Agurra: Santa Barbara Bendita abestia

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna