→Galdakao

2022ko Galdakaoko jaietako pregoilaria proposatzeko epea zabaldu dute

galdakao jaiak 2017 pregoia txupinazoa argazkia ander arrieta
Galdakaoko jaiak izango dira irailaren 9tik 18ra // Argazkia: Geuria

Irailaren 9tik 18ra bitartean izango dira Santakurtzak, Galdakaoko jaiak. Bi hilabete falta direla, pregoilaria eta txupineroa hautatzeko prozesua abiarazi du Udalak, eta horretarako herritarren parte-hartzea bultzatuko dute beste behin ere.

Pregoilaria aukeratzeko prozesua herritarren esku dago, eta dagoeneko zabalik dago proposamenak egiteko epea uztailaren 10era arte. Herritar bakoitzak hiru proposamen egin ditzake erabaki.galdakao.eus plataforma digitalaren bitartez edota Torrezabalen, Urretan eta Esan bulegoetan jarri dituzten kutxen bitartez. Ondoren, Galdakaoko Udaleko Kultura arloak eta Jai Batzordeak hautagaiak aztertu, eta bozketa fasea jarriko dute martxan. Bozkatzeko epea zabalik egongo da uztailaren 15etik 30era bitartean. Botoa 16 urtetik gorako galdakoztarrek eman dezakete, eta hautagai bozkatuena izango da pregoilaria. “Berdinketa balego, Jai Batzordeak hartuko du erabakia”, diote udal ordezkariek.

Txupineroa hautatzeko prozesuari dagokionez, Jai Batzordea osatzen duten elkarteek proposatu eta aukeratuko dute. Izan ere, azkeneko jaietan parte hartu zuten kuadrilletako batekoa izango da txupineroa. Jai Batzordeko elkarte bakoitzak proposamen bana aurkeztuko du eta batzordeko bilera batean aurkeztu eta aztertuko dituzte hautagaitzak, eta ondoren bozkatuko dute txupineroa.

Parekidetasuna

Pregoilaria eta txupineroa aukeratzeko prozesua parekidea izango da. “Hain zuzen ere, pregoilariak baldintzatuko du txupineroaren aukeraketa generoari dagokionean: pregoilaria gizona bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen kuadrillak txupinera emakumea proposatuko du. Pregoilaria emakumea izatekotan, Jai Batzordeak aukeratzen duen kuadrillak gizonezko txupineroa proposatuko du. Eta pregoilaria ez-bitarra bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen kuadrillak txupineroa nahi duen generoko pertsona proposatuko du. Berdin gertatuko da, pregoilaria elkartea bada”, diote udal arduradunek.

Santakurtzen harira ez da irekita dagoen prozesu parte-hartzaile bakarra. Kartel lehiaketa ere martxan jarri zuen Udalak ekaina hasieran. Lanak aurkezteko epea gaur, uztailak 5, bukatuko da eta irabazleen izenak datozen egunetan jakinaraziko dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak