☉ Galdakao
Pintxo solidarioa eta umeekin basora irteera egingo dituzte Galdakaoko Jardunaldi Mikologikoetan
Programazioaren aurkezpena gaur (azaroak 2) egin dute elkarteko kideek eta udal ordezkariek
Bizkaiko 54. Jardunaldi Mikologikoen baitan, Galdakaoko Peña Santa Cruz Perretxiko Elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu azaroaren 3an, 5ean eta 6an. “Perretxiko zale sutsuak” dituen herrian —taldekideek “mikologiaren unibertsitate” ere deitu diote Galdakaori—, txikienen eta adinekoen artean bultzatu nahi dute onddoekiko interesa eta ezagutza.
Programazioaren aurkezpena gaur (azaroak 2) egin dute elkarteko kideek eta udal ordezkariek, Jose Maria Mintegiren Perretxikoen izenak euskaraz liburuaren aurkezpenarekin batera. Besteak beste, sukaldaritza erakustaldiak eta pintxo solidarioa, umeentzako baso irteera eta argazki lehiaketa bilduko ditu aurtengo jardunaldiak, eta Galdakaoko Udalaren eta herriko beste hainbat elkarteren laguntzarekin (Barrengorri eta Fungipedia perretxiko elkarteak zein Andra Mari Dantza Taldea eta Adiskide Pilota Elkartea) antolatuko dituzte.
GALDAKAOKO JARDUNALDI MIKOLOGIKOAK, 2022 / PROGRAMAZIOA
Azaroak 3, osteguna
19:00
Show-cooking zuzeneko sukaldaritza erakustaldia
Torrezabal Kultur Etxean
Azaroak 5, larunbata
08:30, irteera; 13:30-14:00, etorrera
‘Perretxikoak basora’ mendi irteera Sarriako parketxera
Galdakaoko ikastetxeetako ikasleekin batera
Kurtzeko plazan, Peña Santa Cruz elkartearen egoitzan
Azaroak 6, igandea
10:00-13:30
Argazki erakusketa
Gandasegi ikastetxeko arkupeetan
Azaroak 6, igandea
11:00-13:30
Lehiaketa gastronomikoa
Ostalaritza eskola, txoko/ elkarte eta partikularrei zuzendua
Parte hartzaileek perretxikoen platerrak egin eta sukaldari ospetsuek probatuko dituzte
Gandasegi ikastetxean
Azaroak 6, igandea
10:00-13:30
Perretxiko-erakusketa (54. Urteurrena: Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoak)
Eskolarteko perretxiko lehiaketa
Pintxo dastaketa (pintxo solidarioa)
Pilota partidak
Kurtzeko plazan
☉ Galdakao
Galdakaoko GBGE elkarteak 6 tona ur eramango ditu Paiportara, Valentzian
Galdakaoko GBGE elkarteko boluntario talde batek Valentziara joko du azaroaren 6an, asteazkenez. Zehazki, Paiportara joango da boluntario taldea eta 6 tona ur eramango dituzte.
“Paiportako Udalarekin harremanetan gaude boluntariotzako lankidetza-hitzarmen antolatu eta koordinatu bat ezartzeko”, adierazi dute sare sozialetan GBGEtik.
Era berean, elkartetik adierazi dute momentuz ez dutela material bilketarik egingo Galdakaon, “zer eta non behar den argi izan arte”, diote. “Oraingoz ura, palak, kuboak eta garbiketa-elementuak eskatu dizkigute”.
Galdakaoko elkartetik kontu-korronte zenbaki bat jarri dute herritarren eskura dohaintzak egiteko: ES46 0182 2738 6802 0162 1936 (BBVA). Eta bizum bat ere errazte dute: 05028 kodea (Zero Hondakinak).
☉ Galdakao
Etxebizitzetan igogailuak jartzeko edo isolamendua hobetzeko 200.000 euro bideratuko ditu Galdakaok
Era berean, etxe barruetan, bainuontzien ordez dutxak jartzeko dirulaguntza ere eskainiko du Galdakaoko Udalak
Galdakaoko etxebizitzetan eta bizitegi-eraikinetan irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko eta energia iturri berriztagarriak instalatzeko lanetarako 200.000 euroko laguntza lerroa onartu du aho batez Galdakaoko udalbatzak.
Alde batetik, etxebizitza pribatuetako lanetarako eta bizitegi eraikinetako elementu komunetarako izango dira laguntzak.
“Oztopo arkitektonikoak ezabatzeko lerroan igogailuak jartzeko erabili ahalko dira, adibidez, komunitatean, eta etxe barruetan, bainuontzien ordez dutxak jartzeko, esaterako”, dio Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak.
Bestetik, energia eraginkortasuna hobetzeko laguntza lerroari dagokionez, besteak beste, eraikinen isolamendua hobetzera bideratuko ditu Udalak dirulaguntzak. Eta, hirugarren lerroa, autokontsumorako energia berriztagarri iturriak jartzeko laguntzak izango dira.
☉ Galdakao
Zabor tasa hilean 3,86 euro gehiago ordainduko dute bataz beste galdakoztarrek
Europak hala behartuta, zaborraren bilketaren eta tratamenduaren gastua herritarrek eta enpresek bere gain hartu beharko du 2025etik aurrera. Gauzak horrela, datorren urtean gora egingo du zabor tasak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri gehienetan.
Galdakaoren kasuan, % 69 igoko da zabor bilketari dagokion tasa, hau da, hilean bataz beste 3,86 euro gehiago ordaindiko dute galdakoztarrek.
“Orain arte, kostuaren % 40 inguru ordaintzen zuten galdakoztarrek zuzenean tasekin, eta beraz, % 100 hala ordaindu behar dutenez, nabarmen igo behar da tasa hori. Zehazki, % 69 igoko da zabor bilketari dagokion tasa: hilean 5,59 euro ordaintzen da batez beste etxebizitzako eta aurrerantzean 9,45 euro ordaindu beharko da batez beste”, azaldu zuen Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak.
Zabor tasa igotzeko erabakia urriko osoko bilkuran onartu zuten, EH Bilduren, UHren eta Auzoaken aldeko botoekin, EAJren kontrako botoekin eta PSEren abstentzioarekin.
Hobariak
Bestelako zerga, tasa edo prezio publikoetan gertatu bezala, Galdakaoko Udalak hobariak ezarriko ditu herritarren diru sarreren arabera.
“Gaur egun zaborrak biltzeko zerbitzua arautzen duen ordenantza fiskalean hobari batzuk jasotzen ditugula. Zehazki, % 50ekoak, familia unitate bakoitzeko pertsona kopuruari eta eskura dituzten baliabide ekonomikoei erreparatuta”, adierazi zuen Ealok.
Galdakaoko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek bat egin zuten aurrerantzean beste hobari batzuk ezarri beharko liratekeela, “gutxien kutsatzen dutenak saritzeari begira”.
Ildo horretan, alderdi jeltzaleak % 69ko igoera salatu eta, “etxeetara, merkataritzara edo industriara egokitzen den eredu bat” aurkeztu zuen: hiri-hondakinen bilketarako tasa justua, alegia. Besteak beste, etxeetan bilketa bereizia sustatzea eta konpostajea egiten dutenei tasa murriztea; hondakinak berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatze aldera bilketa bereizietan parte hartzen dutenek ere hobariak jasotzea; eta merkatariei begira, hondakinen gaikako bilketan aktiboki parte hartzen duten negozioei ere hobariak aplikatzea proposatu zuten.
Hala ere, gobernu taldeak ez zuen EAJren emendakina onartu: “Azterketa sakona egin dugu eta aspalditik ari gara hau lantzen. Alderdi jeltzaletik hobariak proposatu dituzue, baina planteamendu seriorik gabe”, adierazi zuen Ealok.
“Hondakinen sorreran guztion jarduerak bereiztea eta kontuan hartzea posible egingo duten konponbideetan aurrera egiteko konpromisoa hartzen dugu, jokabide jakin batzuei murrizketak edo pizgarriak aplikatu ahal izateko. Baina, era berean, badakigu egokitzapen horiek guztiak ezin direla egun batetik bestera egin. Zeregin konplexua izango da, baina horretan ahaleginduko gara planteatu daitezkeen aukerak ebaluatzeko. Dagoeneko urratsak eman dira ildo horretan: bilketa pneumatiko postontziak gehitzea, industrialdeetan atez ateko zerbitzua edota Smart Galdakao. Gure herrian hondakinak kudeatzeko gura dugun ereduagaz ados jarri beharko genuke, eta atseginez hartuko dugu egin dezakezuen edozein ekarpen, betiere kontrastatutako informazioetan oinarrituta badago”, izan ziren Ealoren azken hitzak.
☉ Galdakao
Bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik
Bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik. Atxilotuek 28 eta 40 urte dituzte eta lapurretekin lotutako delitu-aurrekariak dituzte.
Gertakariak atzo 12:00etan jazo ziren: Ertzaintzak lapurretaren berri izan zuen eta Galdakaoko Udaltzaingoaren laguntzarekin bi gizonak harrapatu zituzten aipatutako etxebizitzaren atarian, ihes egiten saiatuz.
Harrapatu zituztenean lapurretak egiteko erabili ohi diren tresnak eta erremintak antzeman zizkieten, hala nola, bi gakorde eta bi xafla metaliko (xafla horiek etxeetan sartzeko erabiltzen dira, “inpresioning” delako teknikaren bidez).
Atxilotuak ertzain-etxera eraman zituzten beharrezko eginbideak egiteko eta datozen orduetan epailearen esku utziko dituzte.
☉ Galdakao
Gazteei zuzendutako Petanka Txapelketa antolatu dute asteburuan Galdakaon
Mozoilo Petanka Klubak eta Topaguneek gazteen Petanka Txapelketa antolatu dute azaroaren 2an, larunbatez, Galdakaoko Zuhatzuko pistetan, Skateparkaren ondoan, 17:00etatik 20:00etara bitartean.
Txapelketa 12 eta 18 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta eta sariak egongo direla adierazi dute antolatzaileek. “Gainera, egunaeren amaieran txokolate goxoa dastatuko dugu!”, diote.
Txapelketan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete Topaguneetan edo txapelketaren egunean bertan.