→Galdakao

Jon Crespo preso galdakoztarrari hirugarren gradua baliogabetu diote; Basauriko espetxera itzuli beharko du

Basauriko espetxean sartu beharko du galdakoztarrak, bigarren graduan // Geuria

Jon Crespo preso galdakoztarrari hirugarren gradua baliogabetu diote eta Basauriko espetxean sartu beharko du bigarren graduan. Hala ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak, Fiskaltzak errekurtsoa jarri ondoren. Etxeratek eman du Cresporen gradu-erregresioaren berri.

2002tik dago kartzelan Crespo eta 25 urteko zigorra betetzen ari da, talde armatuarekin kolaboratzeagatik, kalteengatik, sute bat eragiteagatik, lesioengatik, desordena publikoengatik eta lehergailuak edukitzeagatik. Valdemoro, Topas, Murtzia eta El Duesoko espetxeetan izan da, eta iaz Basauriko espetxera lekualdatu zuten, hirugarren graduan. Orain, ordea, bigarren gradura itzularazi dute.

Iazko abuztuan zigorraren hiru laurdenak bete zituen, eta espetxe legedia eta erantzukizun zibila onartu zituen. Biktimen mina arintzeko nahia adierazi zuen idazki baten bitartez, indarkeria erabiltzeari uko eginez eta jarduera armatutik aldenduz. Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak hirugarren graduan utzi zuen Crespo 2021eko urrian, Eusko Jaurlaritzak espetxeen transferentzia jaso baino lehen. “Denbora guzti horretan, preso bizkaitarra kalean izan da, eskatutako baldintza guztiak betetzen baititu, eta ez du, inola ere, sailkapena gaizki erabili”, diote Etxeratetik.

“Birgizarteratzeko eskubidea, urratuta”

Etxeratetik salatu dutenez, “Unai Fano preso larrabetzuarrari gertatutakoaren antzeko egoera errepikatzen da Cresporen kasuan. 2021eko irailaren 28an Basauriko espetxean bigarren graduan sartu zen, Basauriko espetxe horretako tratamendu-batzordeak, Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak (SGIP) berretsita, hirugarren gradura pasa eta zortzi hilabetera”.

“Beste behin ere, salatu nahi dugu AN berriro ere oztopoa dela euskal presoek haien eskubideak erabili eta espetxe-legezkotasunaren aldeko bidea egiteko orduan. Autoak salbuespen handiagoa dakar, duela lau hilabetetik kalean normaltasun osoz eta ezarritako baldintza guztiak errespetatuz zegoen pertsona baten birgizarteratzeko eskubidea urratzen baitu”, diote Etxeratetik: “Horrelako ebazpenen atzean, gainera, ez dago presoa bakarrik, senideak eta ingurukoak ere daude, are gehiago lege arrunta aplikatuko balitzaie euskal preso askok etxean egon beharko luketelako. Uste dugu euskal gizarteak gatazkaren ondorioen konponbidean aurrera egiten jarraitzeko eskubidea duela, eta presoek, kasu honetan Jon Crespok bezala, itzultzeko eskubidea dute”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak