☉ Galdakao
«Ekintzaile izatea gure pasioa ofizio bihurtzea da: gogorra da, baina aberasgarria aldi berean»
Kala Studio ireki dute Nagore De la Torre usansolotarrak eta Zuriñe Gutierrez astrabuduarrak Galdakaon, “irudimenak mugarik ez duen espazioa”. Sormen tailerrak antolatzen dituzte eta ekintzailetzatik, euren pasioa ofizio bihurtu dute

Eguneroko zalapartan, deskonektatzeko eta norbere buruarekin konektatzeko une bat aurkitzea luxu bat izan daiteke. Hala ere, Nagore De la Torre Amurizak (Usansolo, 1997) eta Zuriñe Gutierrez Santiagok (Astrabudua, 1992), sormena maite duten bi ekintzailek, Kala Studio sortu eta ireki dute Galdakaon, artea eta inspirazioa biltzen dituen gunea, eta eurek dioten bezala, “irudimenak mugarik ez duen espazioa”.
Hainbat tailer eskaintzen dituzte: margolaritza, josteko tailerrak, kakorratz-lanak, zeramika, sormenezko idazketa, brodatuak, kosmetika naturala eta umeentzako margolaritza, besteak beste.
Bakoitzak bere arropa-dendarekin (Ene Gertu Usansolon eta So Much Galdakaon), bi diseinatzaileek indarrak batzea erabaki dute komunitateari leku bat eskaintzeko, non eskuzkoa eta pertsonala elkartzen diren, eguneroko errutinan etenaldi sortzaile eta eraldatzailea eskainiz.
Lehenik eta behin, zer da Kala Studio?
Nagore De la Torre: Kala Studio Galdakaon sortu dugun sormen tailerra da. Guk esaten dugun bezala, Kalan irudimenak ez du mugarik. Esperientzia eta tailer desberdinen bidez, sormena lantzeko sortutako lekua da. Bertan, kakorratz-lanak, marrazketa, buztina eta josteko tailerrak eskaintzen ditugu, beste batzuen artean. Teknikak ikasteaz gain, prozesuaz disfrutatzeko espazioa da. Egia esateko, kafe eta infusio gunea ere sortu dugu, (des)konektatzeko eremu gisa. Egunerokotasuna alde batera uzteko eta sormena pizteko lekua da, hain zuzen.

Margolaritza, josteko tailerrak, kakorratz-lanak, zeramika, sormenezko idazketa, brodatuak, kosmetika naturala eta umeentzako margolaritza eskainitzen dituzte Kala Studion, Galdakaon // Kala Studio
Eta zergatik sortu duzue espazio hau?
Zuriñe Gutierrez: Betidanik gustatu izan zaizkigu eskulanak, eta sormena lantzeko espazio baten falta sentitu dugu geure inguruan. Gaiari bueltak eman, eta gure espazio propioa sortzea erabaki genuen. Eta horrela sortu da Kala Studio!
Nagore, zu ezaguna zaitugu, baina ez zaude bakarrik proiektu honetan: Zuriñe duzu ondoan.
N.DT.: Hori da, Zuriñe eta biok gara proiektu honen sortzaileak. Zuriñek @so_much_shop moda-denda kudeatzen du Galdakaon eta nik @ene_gertu izeneko artisau proiektua dut Usansolon, non eskuz egindako produktuak saltzen ditudan Usansolon.
Z.G.: Elkar ezagutu genuen gure proiektuei esker eta konturatu ginen biok gustuko genuela sortzea zein eskulanetan aritzea. Denbora luzez bata bestearekin ideiak elkarbanatzen ibili ginen eta Kala Studio sortzea erabaki genuen.
Noiz hasi zineten proiektu hau ehuntzen?
Z.G.: Ideia kafe bat hartzen genuen bitartean atera zen. Duela hilabete batzuk, uda aurretik, hasi ginen proiektua ehuntzen.
Zein helbururekin?
N.DT.: Gure helburua beti izan da espazio bat sortzea jendeak bere denboraz disfrutatu, lasai egon, sormena garatu eta (des)konektatu dezan.
Norberak bere buruarekin konektatzeko eta egunerokotasunaz (des)konektatzeko espazioa dela diozue.
Z.G.: Egunerokotasuneko zurrunbiloan murgilduta bizi gara eta Kala Studion erritmo hori aldatzen saiatzen gara. Norbere buruarekin konektatzea, sortzea eta erlaxatzea bilatzen dugu. Ideia des(konektatzea) da: egunerokotasunetik deskonektatzea, eta aldi berean, zure barne-sormena piztuz konektatzea!
Pintura, kosmetika, marrazketa, idazketa, zeramika, joskintza edota diseinua bezalako tailerrak eskainiko dituzue. Eskualdean ba al dago horrelakorik?
N.DT.: Gure inguruan ez dago antzeko proiekturik eta beharrezkoa ikusten genuen horrelako bat sortzea. Baina ez gara soilik tailerrak ematen dituen espazio bat, komunitate bat sortzen ari baikara; eroso sortzeko eta deskonektatzeko talde bat, alegia.
Zein material mota erabiliko duzue tailerretan?
Z.G.: Gure tailerretan eskainiko ditugun materialak kalitatezkoak dira, eta ahal dugun guztietan, inguruko saltokietan erositakoak.
Elkarlanik ba al dago beste ekintzaileekin Kala Studion?
N.DT.: Bai. Egia esan, geure tailerrak eskainiko dituzten irakasleak inguruko herrietakoak dira, besteak beste, Areatzakoak, Sopelakoak, Plentziakoak, Bilbokoak…
Zuen sareetan ikusi ahal izan dudanez, tailerreko mahaiak zuek eginak dira.
Z.G.: Bai, bai! Mahaiak guk eskuz egindakoak dira eta ez bakarrik itxura zaindu nahi genuelako, baita birziklapena landu nahi genuelako ere. Eta ez mahaietan bakarrik! Aulkiak antzinako altzariak dira, bigarren eskuko azoketan erositakoak. Horrela, espazio oso berezi bat sortzea izan da gure asmoa. Gainera, zoragarria izan da sortze-prozesu hau elkarrekin bizitzea!
Zu, Nagore, iaz ezagutu zintugun: Ene Gertu proiektuaren sortzailea zara. Enen sortutako zure diseinuak edo ideiak irakatsiko dituzu Kalan? Ez al duzu beldurrik zure ideiak “lapurtuak” izan daitezkeelako?
N.DT.: Beldurra? Baita zera ere! Egia esan, proiektu desberdinak dira, helburu desberdinekin. Noizean behin tailerrak eskainiko ditut Kalan, beti er, teknikak eta prozesuak irakasteko asmoarekin, Ene esentzia mantenduz, noski!
Jasangarritasunaren eta ingurumenaren alde ere egingo duzue Kala Studion.
Z.G.: Bai, jasangarritasuna oso garrantzitsua da Kalan, Ene Gertun eta So Much dendetan bezala. Materialak tokiko saltokietakoak edo birziklatuak izan daitezen saiatzen gara, behintzat ahal dugun guztietan, eta tailerretan sortzen ditugun produktuak ere horretan oinarrituko dira. Zabor gutxiago sortzea eta birziklatzea dira gure lehentasunak.
Ekintzaileak zaretela esan dezakegu. Zer suposatzen du gaur egun ekintzaile izateak?
Z.G.: Gure ustez, ekintzaile izatea da zure pasioa ofizio bihurtzea. Gogorra da ekintzaile izatea, baina aberasgarria ere bai. Zure ametsei jarraitzea, arriskatzea eta, aldi berean, beti ikastea eta egokitzea. Horregatik maite dugu egiten duguna!
Laguntzarik jaso duzue Kala Studioa martxan jartzeko?
N.DT.: Hasiera batean gehiena gure kabuz egin genuen, baina badugu familiaren eta lagunen laguntza, eta hori oso garrantzitsua izan da proiektua aurrera eramateko.
Badago ekintzailetza munduan laguntza nahikorik proiektu edo negozio berriak abiarazteko, ala zerbait gehiago egin dezakete erakundeek?
Z.G.: Laguntzak badaude, baina horrek ez du esan nahi laguntza horiek guztiak jasoko ditugunik. Horretarako, hainbat baldintza bete behar dira eta ez da gauza erraza. Administrazio-prozesuek sinpleagoak izan beharko lukete eta, batez ere, ekintzaile berrientzako baliabideak eskuragarriagoak egin.
Zer ekarpen egingo diozue Galdakaori eta Hego Uribe eskualdeari? N.DT.: Kala Studiok Hego Uribe eskualdeari sortzeko eta deskonektatzeko espazio bat eskaintzen dio. Egia esan, oso beharrezkoa dugu horrelako espazio bat egunerokotasuneko estresa alde batera uzteko.
Gogotsu hasi zarete lanean. Etorkizuneko ametsei buruz galdetuko banizue?
N.DT.: Asko gustatuko litzaiguke jendeak Kalan disfrutatzea eta gure proiektua babestea.
Z.G.: Ametsa? Inguruko sormen-espazio erreferente bihurtzea eta, zergatik ez, etorkizunean beste toki batzuetara ere zabaltzea!
☉ Galdakao
Bideoa | “Euskal selekzioa-Palestina partida aitzaki, gure kaleak aldarriz bete ditugu”

Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko lagunartekoa jokatuko dute gaur San Mamesen. Hori aitzakia hartuta, Zizpak elkartasun ekintza antolatu du Galdakaon: eskailera margoketa. Malen Agirre Espilla zizpakidearekin berba egin genuen atzo ekintza honen inguruan.
☉ Galdakao
Galdakaoko PSEk ez du 2026ko aurrekontua negoziatuko, “2025eko proposamen gehienak bete gabe dauden bitartean”
Aurrekontua negoziatzeari uko egin dioten arren, emendakinak aurkeztuko dituztela esan dute alderdi sozialistako ordezkariek

Galdakaoko Udalak oraindik ez du 2026ko aurrekontua onartu, baina PSEk dagoeneko aurreratu du ez duela negoziaziorik egingo gobernu taldearekin.
Arrazoia, honakoa: “Udal Talde Sozialistaren aldetik ezinbestekotzat jotzen dugu, 2026ko aurrekontuari buruzko edozein elkarrizketa eduki baino lehen, gobernu taldeak 2025eko aurrekontuan sartzea onartu zituen gure taldearen proposamenen egoeraren buruzko informazioa ematea”, diote talde sozialistatik.
“Ez zaigu oso serioa iruditzen 2026ko aurrekonturako proposamen berriei buruzko eztabaida hasteko planteamendua bultzatzea, 2025eko proposamen gehienak bete gabe dauden bitartean”, diote.
Eta adibideak eman dituzte: “Galdabusari buruzko edo negoziazioa azterlana, Ibaizabalen inguruko jarduketak, Maximo Moreno parkea eraberritu eta egokitzea edo Elexaldeko igerilekuak estaltzeko proiektua”.
“Beraz, jakinarazi nahi dugu ez dugula aurrekontu-negoziaziorik egingo Gobernuarekin, aurrez aipatutako gaiak konpontzen ez diren bitartean”, diote.
Negoziazioa ez, emendakinak bai
Alderdi sozialistako zinegotziek aurrekontua negoziatzeari uko egin dioten arren, emendakinak aurkeztuko dituztela esan dute.
“Bidezkotzat jotzen ditugun enmendakinak ohiko bideetatik erregistratuko ditugu, udalerriaren onerako zuzenketa horiek herritarrei ekar diezazkiekeen onuren arabera baloratuko direlakoan, eta ez jarrera errebantxisten, interes alderdikoien edo kontakizun politikoaren beharren arabera”, diote.
☉ Galdakao
Eskailera margoketa egingo dute gaur Galdakaon, Euskal Selekzioren eta Palestinaren arteko partidaren atarian
Ekintza Zizpa Gazte Konpartsak antolatu du: irekia da eta Iturrondo plazan izango da

Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko futbol partida jokatuko da bihar, azaroak 15, San Mamesen.
Eta, partida horren atarian, Galdakaon, elkartasun ekitalkia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak gaur, azaroak 14, ostiralez.
Eskailera margoketa irekia antolatu dute Iturrondo plazan 17:00etatik aurrera.
“Herrialde askeen aldeko elkartasun keinua egin nahi dugu. Bi herri, borroka bakarra”, diote.
☉ Galdakao
Ganguren Mendi Taldeak hamaika ekitaldi antolatu ditu Galdakaon bere sorreraren 80. urteurrenean
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da, baina azaroan Mendi Astearen barruan erakusketa, dokumentalak eta hitzaldiak antolatu dituzte

Ganguren Mendi Taldeak 80 urte bete ditu aurten, eta azaroa eta abendua bitartean ekintza bereziak antolatuko dituzte.
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da. ‘Iragana bihotzean, etorkizuna bidean’ lelopean, topaketa egingi dute Torrezabal Kultur Etxean (19:00).
Topaketa horretan, iraganeko pasadizoak gogoratuko dituzte, oraina ospatuko dute eta etorkizunera begiratuko dute.
“Topaketa xumea baina sentitua izango da. Bertan, klubaren azken 30 urteak laburbiltzen dituzten liburua eta bideoa aurkeztuko ditugu, eta ekitaldia mokatu baten bueltan bukatuko da”, diote.
Mendi Astea
Bestetik, ekitaldia nagusia baino lehen, Mendi Astea antolatuko dute.
Erakusketak, proiekzioak eta hitzaldiak eskainiko dituzte, mendizaletasunaren arloan aditu diren profesionalen parte hartzea barne.
Pou anaiek, Txomin Uriartek, Elixabete Arbek, Joanna Maluendak eta Bego Gonzalezek hartuko dute parte jardunaldietan.
Hona hemen Mendi Asteko egitaraua:
Azaroak 3-28
Erakusketa Ganguren MTren egoitzan: ‘Everesterako lehen euskal espedizioa’
11:30-22:00
Azaroak 13, osteguna
MendiTour Mendi Film zirkuitua: ‘Hiru Haundiak. Taupadak eta Gailurrak’ eta ‘Of a Lifetime’ film luzeak eta ‘Red Rock Revolution’ film laburra
19:00 Torrezabal
Azaroak 20, osteguna
Dokumentala eta hitzaldia: GR11 ibilbidea. Elixabete Arbe, Joana Maluenda eta Bego Gonzalez
19:30 Ganguren MTren egoitza
Azaroak 29, larunbata
Dokumentala eta hitzaldia: ‘Bizitzari sokaz lotuta’. Eneko eta Iker Pou anaiak
19:00 Torrezabal
☉ Galdakao
Etxebizitza prefabrikatuak Urretan eraikitzeko lanek trafikoan eta aparkalekuetan izango du eragina, Galdakaon
Ganguren eta Ramon Rubial kaleak trafikoari itxita egongo dira abenduaren 19ra arte. Gainera, ezin izango da aparkatu eskuineko lerro osoan

Etxebizitza prefabrikatuak eraikiko ditu JIT Housing enpresak Galdakaon. Ekintza pribatua da eta Urreta auzoan eraikiko dituzte, Ganguren eta Ramon Rubial kaleen artean.
Moduluka eraikitzen dituzte etxebizitza mota hauek eta lanak azaroaren 14an, ostiralez, hasiko dituzte. Materialak ekarri eta jarriko dituzte, eta Galdakaoko udal ordezkariek adierazi dutenez, trafikoan eta aparkalekuetan eragina izango dute obrek.
“Lehenengo fasea hilabete batez luzatuko da, abenduaren 19ra arte. Epe horretan, Ganguren eta Ramon Rubial kaleetan trafiko mozketak eta aparkatzeko murrizketak izango dira, makineria instalatzeko beharrezkoa den espazioa eta izango diren kamioien joan etorriak direla eta”, diote.
Zehazki ,Ramon Rubial kalearen sarreratik eta Ganguren kaleko 7. zenbakiraino sarbidea itxita egongo da abenduaren 19ra arte, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:00etara.
Era berean, ezin izango da aparkatu zirkulazioaren norabideko eskuineko aparkaleku lerro osoan.
“Bizkai kaleko 92, 94 eta 96. zenbakietako bizilagunei pasabidea baimenduko zaie. Horretarako, seinale emaileak egongo dira ibilgailuen pasabide txandakatua koordinatzeko, muntaketa lanen faseen arabera”, diote udal arduradunek.
Herritarren joan etorriak ahalik eta gehien errazteko, gunea behar bezala babestuklo eta seinaleztatuko dute.

















