→Galdakao

Kaserna talde galdakoztarrak Rockeineko tokiko artista onenaren saria irabazi du

Galdakaoko Kaserna taldea Rockeineko finalean izan zen joan den azaroaren 19an egindako Rockein finalean eta tokiko artista onenaren saria irabazi zuen. Soinua sekulakoa izan zen eta taldeak ikuskizun aparta eskainizien Basauriko Social Antzokira hurbildu ziren lagun eta zaletuei. “Kontzertu zaila izan zen guretzat, finalean estilo anitzetako taldeak egon zirelako”, azaldu digute Kasernakoek.

Guztira 20 minutuko tartea izan zuen talde bakoitzak errepertorioko lan egokienak eszenaratzeko. Kasernaren kasuan ‘Esna‘, ‘Irailak 11‘ (lerro hauen gainean ikusgai) eta ‘Rausch‘ aukeratu zituzten. “Abesti borobilenak, dantzagarrienak eta progresioa erakusten dutenak aukeratu genituen Rockeineko finalerako”.

2021eko ‘Gelditu da denbora’ albumaren abestiak ditugu hauek, Taupakarekin ateratako lana. 2021ean ateratako disko honen ostean ez dute bestelako lanik kaleratu Galdakaokoek pandemiak erritmoa eten zielako: “Hala ere bizpahiru abesti berri dauzkagu, edonon jotzeko prest”, aitortu digute gogotsu.

Abestietako kontzientziadun letrek, entzuleen barrenetara heltzen den soinu enpakatuarekin areto eta eszenatoki askotako hormak hautsi dituzte. Hiriko Soinuak jaialdiko finalistak ere izan ziren joan den urrian, Barakaldon. 2020an sortu zen taldea Mr Pongo proiektuaren errautsetatik eta bistan da gogor datozela Kasernakoen orroak.

Rockein 2022 | Irabazleak

Kategoria nagusia: Silitia
Tokiko artistarik onena: Kaserna
Euskarazko artistarik onena: Ginger Taldea
Eskarabilera saria: Arde Marte

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak