Sareak

☉ Galdakao

Etorkizuneko Galdakao irudikatzeko klima aldaketaren inguruko lehen tailerra egingo du Udalak herritarrekin

Galdakaok klima aldaketaren inguruko lehen tailerra antolatu du herritarrekin etorkizun hurbilean Galdakao nolakoa izan beharko litzatekeen definitzeko

|

Lagun bi, bizikletan // Unsplash

Diagnostikoa bukatuta, Galdakaoko Udala Klima eta Energiaren Plana lantzen ari da eta osatzeko herritarren hausnarketak eta ekarpenak ezagutu nahi ditu. Hori dela eta, klima aldaketaren inguruko lehen tailerra antolatu du herritarrekin etorkizun hurbilean Galdakao nolakoa izan beharko litzatekeen definitzeko. Hitzordua otsailaren 16an izango da, osteguna, udaletxean bertan.

Saioa aurrez aurrekoa izango da eta bertan herriko eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalek eta herritarrek hartu ahal izango dute parte. Horregatik, Udalak saio bi antolatu ditu: herritarrentzako saioa 17:30etatik 19:00ak arte prestatu dute eta eragileentzakoa 19:00etatik 20:30ak arte. “Bi tailerren helburua da ikuspegi partekatu bat sortzea etorkizun hurbilean Galdakaoko udalerriak nolakoa izan beharko lukeen jakiteko, klima aldaketaren aurrean erresilienteagoa eta karbono intentsitate txikiagokoa izateko”, azaldu dute Udaletik. Tailerretan izena emateko erabaki.galdakao.eus webgunea eskuragarri jarri du Udalak.

Tailerretan identifikatuko diren “joera global nagusietan” oinarrituta Galdakaorako etorkizuneko ekintza agertoki bat definituko dute eta tailerretan parte hartuko duten pertsona eta eragileekin adostuko dituzte agertoki horretako elementuak eta horiei lotutako inpaktuak. “Bertatik abiatuta, klima aldaketaren aurrean udalerria deskarbonizatzeko eta erresilientziarako plangintza estrategikoaren prozesuan lortu beharreko arintze eta egokitzapen helburuak ezarriko dituzte.

2022tik lanean

Klima eta Energiaren Plana lantzeko lehen hastapenak 2022ko amaieran hasi zituen Udalak: “Informazio iturriak identifikatzeko eta dokumentazioa biltzeko barneko lanaren hasierako fasearen ondoren, energia balantzean eta berotegi efektuko gasen isurien balantzean oinarritutako egoeraren diagnostikoari ekin genion, baita klimaren joeren eta klima mehatxuen aurreko kalteberatasunaren eta arriskuaren azterketari ere”, azaldu dute udal ordezkariek. Fase biak teknikoak izan direla azaldu dute Galdakaoko Udaletik eta horietan bereziki informazio bilketa egin dutela argitu dute.

Diagnostikoko lanen ostean eta ekintza plana idatzi aurretik, Galdakaoko Klimaren eta Energiaren Planaren norabidea ezagutzu behar dela adierazi dute Udaletik eta horretarako herritarren hausnarketek “garrantzi berezia” dutela azpimarratu dute: “Tailer horietan, udalerriko egoeraren diagnostikoaren emaitzak aurkeztuko dira, energia balantzean eta berotegi efektuko gasen isurien balantzean oinarrituta, bai eta klimaren joeren analisia eta klima mehatxuen aurreko kalteberatasuna eta arriskua ere”, argitu dute udal ordezkariek.

Energia Planaren prozesuaren inguruko informazio osatua plataforma honetan eskuragarri jarri du Galdakaoko Udalak.

 

☉ Galdakao

Galdakaoko 2024ko aurrekontu proposamenak “inbertsio ahalmen handia” du oinarri

48,8 milioi eurokoa da kaleratu duten proposamenaren zenbatekoa, iazkoarekin alderatuta “% 4,91ko igoera” jasotzen duena

|

Abenduaren 21eko Osoko Bilkuran onartu nahi dute 2024rako aurrekontua // Geuria

Aurrekontu proiektuaren aurkezpena egin du gaur eguerdian Galdakaoko udal gobernuak, Iñigo Hernando alkateak eta Alberto Ealo Ogasun zinegotziak gidatuta. Bertan egon dira, baita, gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak eta Usansolo Herria alderdietako bozeramaileak.

48,8 milioi eurokoa da kaleratu duten proposamenaren zenbatekoa, iazkoarekin alderatuta “% 4,91ko igoera” jasotzen duena, ogasun zinegotziak adierazi duenaren arabera.

Abenduaren 21eko osoko bilkuran onartzeko asmoa daukate. Oposizioarekin hartu eman izan dutela ziurtatu dute, eta “ekarpenen zai” daudela.

Modu berean, eta Usansolori dagokionez, egun aurrekontua “juridikoki zatiezina” dela azaldu dute, baina hainbat partidetan “banaketa proportzionala” aurreikusten dutela.

Gazta, lau zatitan

Proposamena lau zati handitan banatzen den gazta bat bailitzan aurkeztu dute. Ealok zati horien zenbatekoak xehetu ditu:

  • Zerbitzuak (% 51): 29.934.591 €,
  • Giza Baliabideak (% 29): 13.925.454 €
  • Inbertsioak (% 12): 6.039.231 €
  • Diru laguntzak (% 8): 3.793.538 €

Udal gobernu taldeak aurkeztu du 2024ko kontuen proposamena // Geuria

Zenbaki orokorrez harago, Hernandok zifra horien atzean dagoen ikuspuntua azaldu du, aurrekontuak bi oinarri dituela azpimarratuz: alde batetik, “herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitatea bermatzea eta hobetzen joatea”, eta bestetik “udalaren inbertsio ahalmen handia indartzea”. Bi helburu handi horien adibide da zerbitzuen atalak gaztaren erdia baino gehiago jaten duela, %51, hain zuzen ere.

Beste partida batzuen artean, hondakinen bilketari dagokion partida bikoiztu dela nabarmendu du, eta guztira hondakinen kudeaketara zein kale garbiketara 5 milloi euro bideratzen direla.

Gazteriari dagokionez, iaz martxan jarri zuten zerbitzu psikologikoa mantenduko dute, eta herriko gazteei emantzipazioan laguntza eskainiko dien zerbitzua martxan jarriko dute. Bi asmoen aurrekontua guztira 433.000 euroko da.

Pertsona nagusien kolektiboa ere aintzat hartzen du proposamen honek, eta 150.000 euro jarriko dituzte programa ezberdinetara.

Inbertsioak, indartsu

Inbersioen atala ere azpimarratu nahi izan du Galdakaoko alkateak: “beste herri batzuekin alderatuta inbertsio ahalmena oso handia da”. Zenbakitan jarrita, 6 milloitik gora, aurrekontuaren % 12a.

Proiektu esanguratsuenen artean, honako hauek aipatu ditu:

  • Txomin Egileor kalearen eraldatzea erreka eta bere ingurua biziberritzeko proiektu integral baten baitan kokatu du. Milloitik gorako inbertsioa egingo dute, norabide bakarrekoa izango da kalea, eta bidearen beste karrila bidegorri batekin lotuko dute.
  • Saneamendua eta ur honiduran hobekuntza nabarmenak egingo dituzte, Usansolon, Trokan edo Ibaizabal kalean, besteak beste. Hemen ere milloitik gorako inbertsioa aurreikusten da.
  • Elexalde eliza aurreko etxea erosiko du Udalak, “herritarren eskura jartzeko”. Proiektuaren nondik norakoak “dagokion momentuan” zehaztuko dira.

Bukatzeko, diru laguntzetan ia lau milloi bideratuko ditu Udalak, besteak beste, larrialde egoeran dauden pertsonentzako laguntzak mantenduz (981.000 euro), sustapen ekonomikoari eta enpleguari dagokion partida hornituz (enplegu plana, ekintzaileei, dendari elkarteari eta Erletxeko enpresariei diru laguntza), edo herriko taxilariekin adostuko den auzo-taxi zerbitzua martxan jarriz.

Gaztaren beste bi zatiak udalaren gastu estrukturalek osatzen dute, Giza Baliabideak, % 29a, (13.925.00 euro), eta Finantza Gastuak (51.650 euro).

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Izaskun Rekalde omendu dute Galdakaon, Euskararen Eguneko ekitaldi nagusian

|

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da. Galdakaon ekitaldi nagusia egin dute Torrezabal Kultur Etxean, eta bertan ekainean zendu zen Izaskun Rekalde usansolotar euskaltzalea gogoratu dute.

Ikastolako lagunak, lankideak eta Pantailak Euskaraz eta Arnas Dezagun ekimenetako bere lagunak izan dira ekitaldian, besteak beste. Era berean, Pantxoa Karrere abeslari lapurtarrak eta bere alabak musikaz girotu dute emanaldia. Taupadak Dantza Eskolak ere parte hartu du.

Izaskunen senideak ere ekitaldira bertaratu dira Torrezabalera eta Karmele Gorroño galdakoztarrak egindako ilustrazioa jaso dute. Ekitaldia Johana Lasheras eta Jon Gomez kazetariek gidatu dute.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Gazte berbodromoa, ekitaldia eta Izaskun Rekalderi omenaldia antolatu dituzte Euskararen Egunaren harira Galdakaon

|

Mintzodromoa iaz Torrezabal Kultur Etxean // Geuria

Abenduaren 3a da Euskararen Nazioarteko Eguna. Galdakaon hainbat jarduera antolatu dituzte, ez bakarrik abenduaren 3an bertan, baizik eta aurreko egunetan ere.

Besteak beste, azaroaren 29an Mintzodromoa antolatu zuen Barandiaran AEK euskaltegiak Kurtzeko plazan eta Maximo Moreno Musika Eskolako ikasleek kalejira egin zuten.

Abenduaren 1etik 3ra bitarteko asteburuan ere hamaika gauza egongo dira Galdakaon: gazte berbodromoa, musika ekintza kooperatiboak, beldurrezko ihes gela, euskara eta ostalaritza sustatzeko kanpaina, talo eta sagardo dastaketa eta Euskararen Eguneko ekitaldi nagusia.

Euskararen Eguneko ekitaldi nagusian, euskararen lorpenak eta erronkak aurkeztuko dituzte, eta Izaskun Rekalde usansolotar euskaltzaleari omenaldia egingo diote. Ekainean hil zen. Berarekin batera euskara sustatzeko hainbat ekimenetan parte hartu duten kide ugari etorriko dira Galdakaora igandean, baita Pantxoa kantaria ere. “Izaskunek ereindako haziari ura botatzen jarraituko dugu”, esan du Gaizka Uriarte Aitu elkarteko kideak.

Euskararen Eguna 2023 | Egitaraua

Abenduak 1, ostirala
20:00 Gazte berbodromoa Ganguren tabernan

Abenduak 2, larunbata
12:00 + 17:00 Beldurrezko ihes gela Plazakoetxeko Topagunean (+12 urte)

Abenduak 2-3
Urretako ostalariekin elkarlanean, euskara eta ostalaritza sustatzeko kanpaina. Euskaraz eskatzeak saria izango du.

Abenduak 3, igandea
12:00 ‘Euskararen lorpenak eta erronkak’ ekitaldia eta Izaskun Rekalderi omenaldia Torrezabalen. Sarrerak agortuta
13:00 Talo eta sagardo dastaketa Agirre Lehendakariaren plazan

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / ‘Utzi zaintzak pribatizatzeari’ lemapean egin dute manifestazioa Galdakaon

|

Zaintza sistema eraldatzeko asmoz, egun osoan zehar hamaika ekintza egin dituzte Hego Uriben greba feminista orokorraren barruan. Galdakaon goizeko lehen orduan gosari kolektiboa egin dute, baita piketeak ere, eta ondoren 12:30ean manifestazioa egin dute Zuhatzutik Santi Brouard plazara ehunka herritarrek. Hauek dira Aitzol Zamalloa argazkilari galdakoztarrak atera dituen argazkiak:

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Dozenaka lagun batu dira Galdakaon Azaroaren 25eko elkarretaratzean

|

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da gaur, azaroak 25. Galdakaon elkarretaratzea deitu du Momoakek udaletxeko plazan. Dozenaka lagun batu dira kontzentraziora.

Osorik irakurri