→Galdakao

Komunitate gatazkak bideratzen laguntzeko doako bitartekaritza zerbitzua jarri dute martxan Galdakaon

// Galdakaoko Udala

Bizilagunen artean eta komunitatean sortzen diren arazoak konpontzen laguntzeko bitartekaritza zerbitzua jarri du martxan Galdakaoko Udalak. Espazio publikoaren erabilera desegokiarekin lotutako edota eraikin bereko bizilagunen komunitate arazoak konpontzeari begirako bitartekaritza zerbitzua da Udalak herritarren eskura jarri duen baliabide berria, eta familia eremuan sortzen diren arazoak konpontzeko egiten duen bitartekaritza lanari gehitu zaio. Elkarbizitza hobetzen laguntzea helburu duen zerbitzua galdakoztar guztientzat dago zabalik eta doakoa da.

Espazio publikoaren erabilerari dagokionean, plaza, kale eta parkeetan izaten diren jarrera desegokiak, banku eta paperontzien zainketa eza, kale edana edota animaliak direla eta sortzen diren liskarrak izaten dira arazo errepikatuenak. Komunitate gatazkei dagokionez, zaratak, obrak, kalteak, maskotak, espazio komunak eta higienea dira liskar iturri handietako batzuk. Horiek gainditzeko, alde guztien adostasuna lortzea da bitartekaritzaren zeregina. Familia eremuan izaten diren arazoak konpontzen laguntzeko Udalak aurrez duen zerbitzua ere mantenduko dute. Guraso eta seme-alaben arteko eztabaidak eta bikote harremanetako zailtasunak izaten dira gainditu beharreko arazoetako batzuk. Baita familietan estresa eragiten duten egoerak ere: enplegua galtzea, doluak prestatzea, belaunaldien arteko arazoak eta familia elkartzeak, besteak beste.

Konfrontazio egoera guzti horiek modu baketsuan bideratzeko tresna da Udalak eskaintzen duena. Bitartekaritzan aditua den pertsona bat arituko da arazo horiek konpontzeko lanean, inplikatutako pertsona guztien beharrizanak aseko dituen adostasunak lortzeko ahaleginean. Zerbitzua erabiltzeko hitzordua eskatu behar da aldez aurretik, Gizarte Zerbitzuetara 944 010 545 telefono zenbakira deituta (Pontzi Zabala,3).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak