→Galdakao

Lan Eskaintza Publikoa martxan jarriko dute, 16 lanpostu egonkortzeko

Udal langileen %42 inguru behin behinekoak direla diote udal ordezkariek. “Instituzio publikoek izan behar duten funtzioari heldu, eta lanpostuak egonkortzeko bidea hasi dugu”, diote Udaletik.

udal langileen %42 inguru behin behinekoak direla diote udal ordezkariek // Galdakaoko Udala

Lan Eskaintza Publikoa jarri du martxan Galdakaoko Udalak, udal langileen egoera egonkortzeko asmoz. Hain zuzen ere, udal langileen %42 inguru behin behinekoak direla diote udal ordezkariek. Gauzak horrela, momentuz 16 lanpostu egonkortzeko eskaintza aurkeztu du Udalak: lau administrari, administrazio orokorreko hiru teknikari, bi administrari laguntzaile, atezain bat, aholkulari juridiko bat, ogasun eta tributuen kudeaketa teknikari bat, kultura, gazteria eta kirol arduradun bat, informatika teknikari bat, obra proiektuen eta informaziozko arkitekto tekniko bat, eta gizarte langile bat.

“Behin behineko kontratuarekin dauden langile askok 15 urte ere badaramate egoera horretan lanean. Hori, legearen kontrakoa izateaz gain, langileen eskubideen kontrakoa ere bada. Beraz, instituzio publikoek izan behar duten funtzioari heldu, eta lanpostuak egonkortzeko bidea hasi du udal gobernu honek, gobernu planeko 60. puntuan agindutakoari jarraituta”, diote udal ordezkariek. Legegintzaldi honetan beste 8 lanpostu egonkortu dituzte, denak Udaltzaingoan. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak