☉ Galdakao
Erreportajea / Sare sozialak, dendaren beste erakusleiho bat
Koba arropa dendako bi jabeetako bat da Leire Loroño galdakoztarra. 2001ean ireki zuen negozioa eta bi hamarkada igaro diren arren, lehen eguneko ilusioa mantentzen du. 2023tik herriko merkatarien elkarteko burua ere bada

[2025eko martxoaren 6an paperezko edizioan publikatutako elkarrizketa – Geuria 116] Hasiberri baten ilusioaz hitz egiten du bere negozioaz eta tokiko merkataritzaz Leire Loroño Fernandez galdakaoztarrak.
Bi hamarkada baino gehiago igaro dira senide batekin batera Koba arropa denda ireki zuenetik, eta 2001etik hona tokiko merkataritzaren eta Galdakaoren errealitatea zeharo aldatu den arren, hasierako helburuak bere horretan dirau: “gure bezeroei arreta pertsonalizatua ematea, gustora egon daitezen”.
Urte hauetan pilatutako eskarmentuak ikasgai baliotsuak utzi dizkio, bat beste guztien gainetik, elkarrizketan zehar hainbat aldiz errepikatuko duen gogoeta bat, bai bere dendaz ari dela, eta bai tokiko merkataritza hizpide duenean ere: “denda eta bezeroa zaindu behar ditugu, egunero. Batzuetan gogorra da, baina baita aberasgarria ere”.
Herriko merkataritzaren egoera ondo baino hobeto ezagutzen du galdakaoztarrak, 2023an “GuDendari” Galdakaoko tokiko merkatarien elkartearen ardura ere hartu baitzuen, beste bi kiderekin batera.
Bide berriak urratzen
Modu “natural” batean eman zen aldaketa GuDendariren zuzendaritzan:”bazkide moduan urte asko generamatzan elkartean sartuta, eta 2023an zuzendaritzatik deitu ziguten, utzi behar zutela esanez”.

Egoera ikusita, “aurrerapausoa” ematea erabaki zuen Loroñok: “Azken finean” borobildu du, “erraza da beti besteei kontuak eskatzea, baina norberak ere eman egin behar du eskatu ahal izateko. Nire kasuan, gainera, seme-alabak koxkortuta dauden lez, banuen aukera, eta momentu egokia iruditu zitzaidan”.
Gogotsu hasi ziren lanean, “oso giro ona aurkitu genuen, eta lan bikaina zegoen eginda aurretik”, erronkari tamaina hartu nahian.
Euren lehentasunen artean, hainbat nabarmendu ditu Loroñok: “Digitalizazioaren erronka, errelebo falta, alokairuen eta beste gastu batzuen garestitzea, saltoki handien konpetentzia, paketeria enpresa handiek eskaintzen dituzten zerbitzuak…”. Arazo horiek ez dira Galdakaori dagozkionak soilik, orokorrak baizik, baina badago merkatarien artean kezka piztu duen beste kontu bat ere: metroaren etorrera. “Beste herri batzuetan gertatu dena ikusita badago kezka hori, azken finean Bilborekin lotura asko erraztuko da, eta jende asko bertara joan daiteke erosketak egitera” dio Loroñok. “Nik, aldiz, alderantziz ikusi nahi dut. Bi norabidekoa da metroa, eta jendea Bilbora doan modu berean etorri daiteke hona ere”.
Izatez “baikorra” dela zehaztu du Galdakaoko merkatariak, “botila erdi beteta ikusi nahi duen horietakoa”. Jarrera hori bera izaten ari da GuDendarin egiten ari den lanean ere. 122 bazkide ditu egun elkarteak, eta hainbat ekimen abiarazi dituzte azken aldian: “web orria sortu genuen, gure saltokien informazioa eta ikusgarritasuna handitzeko, laguntzak kudeatzen laguntzen diegu merkatariei, bono kanpainak ere baditugu, erakusleiho lehiaketa berpiztu dugu.. galtza bete lan ari gara!”.
“Zailtasun handiak” dituztela ez du ukatzen.”Inplikazio handia eskatzen duen lana da hau, ordutegiak ez dira batere onak”, eta hilabetero soldata “duin” bat irabaztea ez dute bermatuta izaten: “Zergak, alokairuak, mota guztietako gastuak, energia… saltoki bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina orokorrean gastu handiei aurre egin behar diegu tokiko saltokiek, eta esan bezala, irabaziak ez dira handiak izaten”.
Zentzu horretan, Loroñoren ustez garrantzitsua da ibilbide honetan Udala bidelagun izatea, hainbat ekimen elkarrekin aurrera eraman ahal izateko: “Udalak ondo baino hobeto ezagutzen du tokiko merkataritzaren garrantzia, eta aldi berean guk badakigu Udala hurbilden daukagun erakundea dela, bidea erraztu edo laguntza zuzenena eman ahal diguna. Zentzu horretan nabarmenduko nuke harremana estua dela”.
Euskara, saltokien barruan ere
Euskarak tokiko merkataritzan duen lekuaz ere aritu gara Leire Loroñorekin. Orain dela bost hilabete eskas, Galdakaoko Udalak tokiko merkataritza euskalduntzeko diru laguntza lerro bat zabaldu zuen. Monika Bailon Sustapen Ekonomikorako zinegotziak adierazi zuenaren arabera, “gure dendetan euskararen erabilera normalizatu nahi dugu eta horregatik errotulazioa eta seinaletika euskaraz ere egon daitezen lagunduko dugu. Euskara gai transbertsala da eta gure arloak bere gain hartzen du euskararekiko erantzukizuna”.

Datorren euskaraldiaren harira ere, tokiko merkataritza xaxatzeko ahalegin berezia egingo dute. Loroñoren arabera, ohitura kontua da: “Galdakaon euskararen ezagutza handia da, baina aldiz, erabilera ez”. Hori horrela, lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia nabarmendu du: “gure dendara datorrenak euskaraz egiten badit euskaraz jarraituko dut, baina bestela gaztelaniara jotzeko ohitura dugu, edo nik behintzat bai”.
Erantzuna bezeroaren bizkar ez uzteko asmoz, dendari euskaldunak identifikatzeko lanean ari dira udalarekin batera, horrela herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko asmoz. Bidea “luzea” izan daitekeela uste duen arren, jarrera, “orokorrean” positiboa dela deritzo Koba Arropa dendako jabeak.
Garaiekin bat aldatuz
“Zoratuta geundela”. Hori da Leirek eta bere bazkideak denda zabaltzeko asmoaren berri emandakoan jaso zuten erantzuna. 2001. urtea zen, “gazteak ginen, gogotsu geunden”, eta aurrera egitea erabaki zuten. Apustua arrakastatsua izan da, bi hamarkada geroago zabalik eta “osasuntsu” baitago denda. Ez hori bakarrik, “hasi gineneko bezero askok gurekin jarraitzen dute egun ere, eta hori da gure arrakastarik handiena”.
Dendaren ezaugarriak nabarmentzerako orduan, zera azpimarratu du Loroñok: “Berritasunei adi egoten gara, noski, baina ez dugu guk jantziko ez genukeen arroparik erosten”. Estilo “nordikoan” oinarritzen dute dendako katalogoa, baina ahal dela, inguruko diseinatzaileekin lan egiten saiatzen dira: “Modaren munduan ere jasangarritasunaren aldeko apustua egin behar dugu, eta horretan egin dira aurrerapausoak azken hamarkadetan, nahiz eta onartu behar dugun diseinatzailea hemengoa izanda ere arropa, gehienetan, Asia aldean egiten dela”. Aldaketez ari garela, arropa aukeratzeko modua ere goitik behera aldatu da: “Lehen Bilboko hoteletara etortzen ziren arroparekin marka ezberdinak, eta bertan egiten genuen aukeraketa”. Aurrerapen handiarekin lan egin behar da arropa denda batean, “urtebete lehenago aukeratzen dugu hurrengo neguko eta udako bilduma”.
Esan bezala, denda ireki zutenean marka ezberdinak Bilbora hurbiltzen ziren, baina urteen poderioz Madrilen kokatu da modaren epizentroa estatu mailan, eta bertara jotzen dute Koba dendako arduradunek urtean birritan: “Showroom ezberdinetara joaten gara, eta bertan aukeratzen dugu bai behar duguna eta bai gustoko duguna ere. Urte asko daramatzagu lan honetan, eta gutxi gora behera badakigu nora eta nondik jo”.
Munduari zabalik dagoen denda
“Dendaren beste erakusleiho bat, kasu honetan mundu guztiari zabalik dagoena, edonoren eskuragarri”. Horrela definitzen du Loroñok sare sozialek egun duten garrantzia. Kobaren kasuan, instagrameko profila elikatzen dute gehienbat, eta bertan dendara heltzen diren berritasunen berri ematen dute, bideo laburren bidez.
“Salmentak lortzeko beste modu bat da, baina hala ere, ez daukagu web orrian katalogoa salgai. Nahiago dugu sareetan jantzi edo dana dalakoa ikusi duen pertsonarekin hitz egitea, telefonoz bada ere, eta bere janzteko ohiturak zein gustoko duena ezagutu”. Beste modu batean bada ere, tokiko merkataritzak berezkoa duen hurbiltasun hori mantendu nahi dute, eta emaitza ona dela zehaztu du Loroñok: “Bidalketak egiten ditugu estatu osora, eta behin ere ez digute bidalitakoa bueltatu. Horrek erakusten du garrantzitsua dela zer edo zer erosi aurretik hainbat xehetasun argi izatea”. “Tokikoa, baina mundura zabalik”. Elkarrizketa laburbildu dezakeen esaldia da hau, Koba denda eta baita egungo eta etorkizuneko tokiko merkataritzaren erronka nagusietako bat definitzeko balio duena.
☉ Galdakao
Adiskide Pilota Elkarteak txapelketa berezia martxan jarriko du Galdakaon: 14 eta 99 urte bitarteko jokalariak gonbidatu ditu
Partidak apirilaren 15etik ekainera bitartean jokatuko dira Kurtzeko frontoian. Binakako txapelketa izango da eta izena emateko epea zabalik dago martxoaren 15era arte

Galdakaoko Adiskide Pilota Elkarteak txapelketa berezia jarriko du laster martxan: I. Adiskide Pilota Txapelketa.
Gaur egun pilotari direnen eta pilotari izan direnen arteko txapelketa izango da, eta 14 eta 99 urte bitartekoak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Txapelketa binaka jokatuko da Kurtzeko frontoian eta lehenengo partidak apirilaren 15ean jokatuko dira. Ostiralero izango dira partidak 19:00etatik aurrera eta finalak ekainaren erdialdean izango dira.
“Ekimen honekin Adiskide Pilota Elkarteko Batzordeak frontoia ostiralero giro alaiarekin betetzea du helburu”, diote antolatzaileek.
Txapelketa jokatu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 15a baino lehen adiskidepelota@gmail.com helbidera mezua idatzita, Kurtzeko frontoian bertan edo Adiskideko batzordekide bati adieraziz. Bikotekako izena ematearekin batera 10 euro ordaindu behar dira eta bakarka izena emango duenak 5 euro ordainduko ditu.
Atzoko eta gaurko pilotariak
“Ostiral arratsaldeetan Kurtzea frontoian giroa sustatzeko helburuz, nagusien maila ezberdinetako partidak izango ditugu ikusgai. Aspalditxoan pilotan aritu gabe ibili direnek ere txapelketan parte hartzea nahi dugu, pilota goxoarekin jokatuko baitira partidak”, zehaztu dute.
Binakako txapelketa izango da eta bikoteka aurkezteko aukera dagoen arren, bikoterik ez duenak ere izena eman dezake eta Adiskidetik bikotea topatuko diote.
Zortzi tantoko bi jokoz osatuko da partida eta berdinketa izatekotan berdinketa haustea lau tantora izango da.
“Hiru kategoria ezberdin izango ditu txapelketak, mailaka sailkatuta, ahalik eta partida berdintsuenak izateko helburuarekin”, diote.
☉ Galdakao
Galdakaoko udal garajeetan 1.284 eskaera jaso dituzte 253 plaza esleitzeko: bost pertsona plaza bakoitzeko
Eskainitako plaza kopurua baino 1.031 eskaera gehiago jaso ditu Galdakaoko Udalak. Behin behineko zerrendak alegatzeko epea zabalik dago martxoaren 20ra arte

Iturrondoko, Paopako, Lapurdiko eta Berezikoetxeko udal aparkalekuetan hutsik dauden plazak esleitzeko prozesua hasi zuen Galdakaoko Udalak otsailean.
Eta prozesuak interes handia piztu du galdakoztarren artean. Izan ere, libre dauden 253 plaza esleitzeko 1.284 eskaera jaso ditu Udalak: eskainitako plaza kopurua baino 1.031 eskaera gehiago, hau da, bost pertsona daude plaza bat lortzeko.
Datuak datu, alokairu erregimenerako 103 plaza daude eskuragarri eta eskaerak 1.061 izan dira, eta lagapen modalitatean 150 plaza betetzeko 223 eskaera aurkeztu dituzte.
Eskaera kopuru horietatik 40 baztertu egin ditu Udalak behin behinean, batez ere, eskatzaile berak ibilgailu berari buruzko eskaera bat baino gehiago aurkezteagatik edo auto bereko titularkide batek baino gehiagok zozketan parte hartzea eskatzeagatik. “Kasu horietan azken eskaera kontuan hartu da, aurrekoak baliogabetuz”, azaldu dute udal ordezkariek.
Behin behineko zerrendak alegatzeko epea zabaldu du Udalak martxoaren 20ra arte: “Tarte horretan, eskaera egin duten pertsonek behin behineko zerrenda aztertu eta alegazioak aurkez ditzakete, akats edo intzidentziaren bat antzemanez gero”, diote.
Alegazioak Udalari zuzendutako eskabide orokorraren bidez izapidetu ahal izango dira, bai egoitza elektronikoaren bidez, bai Esan herritarren arretarako bulegoan.
Epe hori amaitu ondoren, martxoaren 24an argitaratuko dute behin betiko onartutako pertsonen zerrenda. Eta ondoren, martxoaren 27an udal garajeetako plazak esleitzeko zozketa publikoa egingo du Udalak.
☉ Galdakao
Jonkass abeslariak kontzertua emango du Galdakaon, Korrika Kulturalaren barruan
Martxoaren 13an, ostiralez, izango da kontzertua Iturrondo plazan. Egun horretan ere Bertso poteoa ere izango da Galdakaon, besteak beste

Jonkass musikari bizkaitarrak kontzertua emango du Galdakaon, Korrika Kulturala egitarauaren barruan.
Emanaldia martxoaren 13an, ostiralez, izango da Iturrondo plazan 21:00etatik aurrera.
Horrez gain, martxoaren 13an bertan Korrikaren aldeko beste ekimen batzuk antolatuko dituzte Galdakaon: Gurasolagun Gandasegin (17:00etatik 20:00etara), Bertso poteoa Ganguren tabernatik Onintza Enbeitarekin eta Igor Elortzarekin (19:00etan) eta Beti Jai Fanfarriarekin kalejira Iturrondo plazatik hasita (19:00etan).
☉ Galdakao
Korrikaren aldeko Bertso poteoa antolatu dute Galdakaon, Onintza Enbeita eta Igor Elortza bertsolariekin
Martxoaren 13an, ostiralez, izango da jarduera. Gainera, Beti jai Fanfarria eta Jonkassen kontzertua ere antolatu dituzte egun berean Galdakaon

Korrika Kulturalaren barruan, Bertso poteoa antolatu dute Galdakaon martxoaren 13an, ostiralez.
Onintza Enbeita eta Igor Elortza bertsolariak arituko dira bat-bateko bertsoak botatzen.
Bertso poteoa Ganguren tabernan hasiko da 19:00etan eta herriko tabernetatik ibilbidea egingo dute.
Bestetik, martxoaren 13an bertan Korrikaren aldeko beste ekimen batzuk antolatuko dituzte Galdakaon: Gurasolagun Gandasegin (17:00etatik 20:00etara), Beti Jai Fanfarriarekin kalejira Iturrondo plazatik hasita (19:00etan), eta Jonkassen kontzertua Iturrondon (21:00etan).
☉ Galdakao
Poloniarekin egingo dute aurten Gazte Trukea galdakoztarrek
Uztailean izango da Gazte Trukea, eta izena emateko epea dagoeneko zabaldu dute. Martxoaren 11n informazio bilera egingo dute

Uztailean Gazte Trukea programa gauzatuko da beste urte batez Galdakaon.
Programa horren bitartez, Galdakaoko gazteek (2009tik 2011era bitartean jaiotakoek) aukera izango dute nazioartean ingelesa praktikatzeko, “eta abentura berriak bizitzeko”, diote Argizai Proiektuakeko ordezkariek.
Aurten Poloniarekin izango da trukea uztailaren 8tik 20ra bitartean. Denbora tarte horretan Poloniara bidaiatu eta bertako gazteekin ekimen desberdinak egingo dituzte, eta era berean, Poloniako gazteak Galdakaora etorriko dira gauza bera egitera.
Gazte Trukean parte hartzeko izena emateko epea dagoeneko zabaldu du Argizai Proiektuakek, martxoaren 17ra arte. Interesa dutenek esteka honen bitartez eman dezakete izena.
Guztira 13 plaza eskainiko dituzte, eta baldintza ere izango da martxoa eta ekaina bitartean Youth4change saioetan parte hartzea.
Aurretik, ordea, informazio bilera bat antolatu dute martxoaren 11n, asteazkenez, Indarrako lokalean (Urreta, 16): 17:30ean gurasoei zuzendutako bilera izango da eta 18:30ean gazteei zuzendutakoa.
Informazio gehiagorako proiektuak@argizai.org helbide elektronikoa eta 688 842 899 telefono zenbakia daude herritarren eskura.
Iaz Frantziarekin egin zuten Gazte Trukea galdakoztarrek:











