☉ Galdakao
Galdakaoko lorezaintzako langileentzat soldata igoera lortu du ELA sindikatuak
Galdakaoko Lorezaintza zerbitzuak hitzarmen berria sinatu du gaur. Lortutako aurrerapenen artean daude: langileen erosteko ahalmena bermatzea KPIari lotutako soldata igoerekin, eta hobekuntzak izatea lorezain laguntzaileentzat, lorezainen kategoriara igoko baitzaie, eta horrek % 4,28ko soldata igoera suposatzen du (KPIaz gain).
Guztira 18 langile dira, eta kategoria igoera zortzi langileri ezarri diete; lorezain laguntzaile izatetik, lorezainak izango dira aurrerantzea. Era berean, 300 euroko ordainsari ez-finkagarria erdietsi dute hitzarmenarekin.
Bestalde, txandakako kontratua nahitaezkoa izango da enpresarentzat, eta hurrengo urteetan erretiroa 67 urte bete baino lehen hartu ahal izatea bermatuko zaie langileei, “baita 65 urte baino lehen ere, kotizatutakoaren arabera”, diote ELA sindikatutik.
ELA sindikatuak du % 100eko ordezkaritza Galdakaoko Lorezaintza zerbitzuan eta akordioa lortu dute enpresarekin. 2020an esleitu zion Udalak kontratua Enviser enpresari lau urterako, urteko 1,2 milioi euroko aurrekontuarekin.
“ELAk balioa eman die akordioaren eduki ekonomikoari, baina baita Galdakaoko lorezainen bizitza hobetuko duten beste hobekuntzei ere, hala nola, erretiro adina aurreratzeari, edo aldi baterakoen eta lanaldi partzialeko langileen defentsari. Aurrerapen horiek langileen negoziazioari eta antolaketari esker lortu dira”, diote ELAko ordezkariek.
☉ Galdakao
Argazkiak / Txantxa Gutxi kuadrillak irabazi du Errelebo lasterketa Galdakaoko jaietan
Galdakaoko jaietan proba berriak antolatu dituzte. Horietako bat da Errelebo lasterketa, Errotuk antolatu duena. Txapeldun izan da Txantxa Gutxi kuadrilla, bigarren Antzeko, hirugarren Weekandugu eta laugarren Lonjelvi.
☉ Galdakao
Bideoa / Oilasko ala haragizko hanburgesa? Edo beganoa akaso? Inkesta egin dugu Galdakaoko jaietan!
Hanburgesa txapelketa izan zen atzo, irailak 17, Galdakaoko jaietan. Patakonek antolatzen du lehiaketa eta aurten 60 kuadrilla aurkeztu direla zehaztu digute: “Partaidetza handia izan dugu aurten ere!”, dio Beñat Elias Patakoneko kideak. Epaileek “100 hanburgesa baino gehiago” dastatu dituztela esan digu Maite Uribarri Patakoneko kideak.
Atzokoan ere GEURIA mikroa eskuan atera zen Santakurtzetara! Hanburgesa haragizkoa ala oilaskokoa? Akaso beganoa? Eta hanburgesa laguntzeko zein da aukerarik onena: patatak ala natxoak?
Beñat eta Maite (Patakon), Gorka (Elkarlaguntza Sarea), Asier eta Kristian (Antrotarrak), Eñaut (Bost Axola) eta Oier (Sukherrak Zauk) galdakoztarrek erantzun dute gure galdetegia!
☉ Galdakao
Argazkiak / Gusak da Galdakaoko jaietan talentu gehien duen kuadrilla
Talentu Txapelketa antolatzen du Zizpa Gazte Konpartsak Galdakaoko jaietan. Aurten txapeldun izan da Gusak kuadrilla magia ikuskizun batekin, bigarren Bertan Kaldo kuadrilla sailkatu da eta hirugarren Dekantzekoz. Laugarren Sukuzu izan da eta bosgarren Piperrak.
☉ Galdakao
Bideoa / Mari Carmen Alvarez: “Gorantza Futbol Taldeak nire garapen pertsonalean lagundu zidan”
Atzo, irailak 16, omenaldia jaso zuten Galdakaoko Gorantza Futbol Taldeko emakumeek: duela 57 urte, 1967ko irailean, Galdakaoko emakumeen lehen futbol taldea eratu zuten.
1967tik 1972ra bitartean Gorantza Futbol Taldeko emakume aitzindari hauek omendu zituzten: Eguzkiñe Loroño, Pili Moreno, Blanqui Goiri, Emili Suarez, Amaia Garay, Eguzkiñe Garay, Rosario Etxabe, Maribel Saratxaga, Marieli Aurtenetxe, Maria Angeles Yarritu, Henar Yarritu, Maria Jesus Urgoiti, Belen Urgoiti, Virginia Gonzalez Ramos, Mari Carmen Alvarez eta Maria Pilar Torres jokalariak, Miguel Caballero entrenatzailea, eta Koldo Tutor eta Arturo Maza laguntzaileak.
Omenaldia jaso aurretik Mari Carmen Alvarez jokalari ohiarekin berba egiteko aukera izan genuen GEURIAn: “Oso pozik gogoratzen ditut Gorantza Futbol Taldeko garaiak. Nire garapen pertsonalean asko lagundu zidan taldeko parte izateak”, adierazi digu Mari Carmenek. 1968tik 1972ra bitartean jokatu zuen Mari Carmenek Gorantzan.
Omenaldiko argazkiak ere publikatu ditugu geuria.eus webgunean. Hemen argazki galeria.
☉ Galdakao
Argazkiak / Galdakaoko Gorantza Futbol Taldeko emakume aitzindariei omenaldia
Duela 57 urte, 1967ko irailean, aitzindari izan ziren Galdakaoko zenbait emakume: herriko emakumeen lehen futbol taldea sortu zuten, Gorantza Futbol Taldea.
Gaur, ia sei hamarkada ostean, omenaldia egin diete Galdakaoko Udalak eta Galdakao Futbol Klubak Santa Barbara futbol zelaian.
Honakoak izango dira omenduak: Eguzkiñe Loroño, Pili Moreno, Blanqui Goiri, Emili Suarez, Amaia Garay, Eguzkiñe Garay, Rosario Etxabe, Maribel Saratxaga, Marieli Aurtenetxe, Maria Angeles Yarritu, Henar Yarritu, Maria Jesus Urgoiti, Belen Urgoiti, Virginia Gonzalez Ramos, Mari Carmen Alvarez eta Maria Pilar Torres jokalariak, Miguel Caballero entrenatzailea, eta Koldo Tutor eta Arturo Maza laguntzaileak.
Omenaldia eta gero, Galdakao Futbol Taldeko eta Athleticeko jokalari ohiek partida jokatu dute.