Sareak

☉ Galdakao

Andra Mari Dantza Taldea eta Aiko elkarlanean arituko dira Galdakaon euskal dantzen sustapenean

|

Aiko eta Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariak, Udaleko arduradunekin // Galdakaoko Udala

Lumak Dantzan proiektua martxan jarriko dute azaroan Galdakaon. Andra Mari Dantza Taldeak eta Aiko Taldeak indarrak batu eta, erromerietan dantzatzen diren doinu askoren erritmoan, euskal dantzen ikastaroa antolatuko dute ekainera bitartean.

Azarotik ekainera bitartean, asteazkenetan, bi ikastaro eskainiko dituzte: hasierako maila (18:00etatik 19:30era) eta jarraipen maila (19:30etik 21:00etara). Dantza eskolak Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelan izango dira.

Ikastaroetan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, urriaren 17tik 28ra bitartean, Udalaren webguneko egoitza elektronikoan edo Esan herritarren arretarako bulegora hurbilduz.

Jon Eguskiza andra Mari Dantza Taldeko kidearen hitzetan, “euskal kulturaren panorama ez dago bere onenean eta mantendu eta transmititzeko lana guztiona da”. Horregaitik, elkarteak eta Udalak “aurretik lan handia” daukatela aipatu du eta positiboa dela Udalak ardura hartzea.

Larraitz Artetxe galdakaoztarra Aiko taldeko partaidearen arabera, “ikastaroen helburua da modu erraz eta dibertigarrian plazetan egiten diren dantzak egitea, gure artean ondo pasatuz. Ez da terapia, baina badauka efektu terapeutiko bat denok dantzan elkartzen garenean”.

Epe luzerako proiektua

Ekimena epe luzera begira abiatu den arren, momentuz bi fase bereizi dituzte: lehenengoak azarotik ekainera bitartean abiaraziko dituzten helduentzako ikastaroei dagokie, eta bigarren fasea hurrengo ikasturtean jarri nahi dute martxan, euskal dantzei lotutako erritu, ohitura eta jaiak herriko ikastetxeetan irakastekoa. Gazteei eta familiei egokitutako eskaintza ere prestatuko dute.

“Dantza Euskal Herriko kultura ondarearen esparru garrantzitsua da, belaunaldiz belaunaldi eta herriz herri transmititu dena”, dio Edurne Espilla Kultura arloko zinegotziak. Zentzu honetan, “transmisio hori bermatzea erronka handia” dela adierazi du eta proiektuaren helburu nagusitzat nabarmendu du.

Miren Atutxa Galdakaoko Udaleko Euskara eta Hezkuntza arloetako burua da eta euskal dantza ikastetxeetan “modu natural batean eta egunerokotasunean” lantzeko asmoa azpimarratu du, eta proiektua “azken urteetan herriko eskolek egindako eskaeren ondorio bezala” eratu dela jakinarazi du.

“Euskal dantzetatik haratago doa proiektua; ikasleen mugimendua, koordinazioa, erritmoa, psikomotrizitatea eta beste hainbat arlo landuko ditu ekimen honek”, azpimarratu du Atutxak, eta txikiek “gure eguneroko bizitzan presentzia handia duten erritu, ohitura eta jaien ezaugarriak ere” ikasiko dituztela nabarmendu du. LH1 eta LH2ko 300 ume inguruk egingo dute dantzan 2025-26 ikasturtean.

☉ Galdakao

Auzoakeko zinegotziek eta “batzarraren erdiak baino gehiagok” ez zuten sare sozialetan publikatu den komunikatuaren berririk

“Auzoak osatzen dugun batzarraren erdiak baino gehiagok ez genuen Facebooken argitaratu dutenaz ideiarik ere ez. Harrituta gaude denok”, esan diote GEURIAri

|

Toño Gonzalez eta Monika Bailon Auzoakeko zinegotziak, UHko zinegotzien ondoan, atzo aurrekontuari buruzko ez-ohiko osoko bilkuran // Geuria

“Harrituta”. Horrela daude Auzoak plataformako hainbat kide, tartean, Toño Gonzalez eta Monika Bailon zinegotziak.

Atzo, 2026ko aurrekontua onartzeko ez-ohiko bilkura baino bi ordu eta erdi aurretik, Auzoak Galdakao Facebook profilean komunikatu bat kaleratu eta herriko hedabide batzuk etiketatu zituzten, GEURIA barne.

Honakoa dio oharrak: “Jakinarazi behar dugu EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Auzoak osatzen duten gobernu taldeak gaur aurkeztuko duen aurrekontua ez dela gure Auzoakeko batzarrean ez proposatu, ez alderatu, ez eztabaidatu, ez bozkatu ez onartu. Auzoakeko batzarretik behin baino gehiagotan eskatu dugu parte hartzeko interesa, baina Auzoak ordezkatzen duten bi zinegotziek ez diote jaramonik egin gure eskaerari”.

Adierazpena Auzoakeko Batzarra osatzen duen “gehiengoak” sinatu duela adierazi dute.

Komunikatuaren berri izan orduko, Galdakaoko Udalean Auzoaken ordezkari diren zinegotziekin eta plataformako beste kide batzuekin jarri zen harremanetan GEURIA eta “harrituta” zeudela esan zuten.

Eta gauean euren erantzuna idatziz jaso genuen: “Auzoak osatzen dugun batzarraren erdiak baino gehiagok ez genuen Facebooken argitaratu dutenaz ideiarik ere ez. Harrituta gaude denok”, esan diote GEURIAri.

Zentzu horretan, “laster” bilera bat izango dutela esan dute, “gai honi buruz gehiago jakiteko”.

“Sare sozialen bidez jakin dugu Auzoakeko batzordearen kide garen hainbat eta hainbat pertsona. Plataformako kide batzuen aldetik ekitaldi koldar samarra izan dela uste dugu”, esan dute.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Zein da euskarazko hitz politena? Galdakaoko Mintzodromoan galdera bota dugu!

|

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, gaur, abenduak 4, Mintzodromoa antolatu dute Galdakaon [hemen argazkiak!]. Bertan izan gara eta eguna aprobetxatuta, galdera bakarra bota diegu parte hartzaile batzuei: zein da euskarazko hitz politena? Entzun erantzunak!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

2026ko aurrekontua onartu dute Galdakaon gobernu taldearen aldeko botoekin

Oposizioaren “borondate falta” salatu du gobernu taldeak. EAJk eta PSEk adierazi dute gobernu taldearengan “konfiantza galdu” dutela

|

Ez-ohiko osoko bilkura egin dute gaur Galdakaon 2026ko aurrekontua onartzeko // Geuria

EH Bilduren, Usansolo Herriaren eta Auzoaken aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren kontrako botoekin onartu dute Galdakaoko 2026ko aurrekontua.

Guztira 47,6 milioi euro kudeatuko ditu Udalak datorren urtean, eta aurrekontuak herritarren “benetako beharrizanei” erantzuten diela esan du Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak, “galdakoztarren bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin”.

Urtarrilaren lehen astetik aurrera indarrean egongo da aurrekontu berria, Edurne Espilla jarduneko alkateak ez-ohiko osoko bilkuran adierazi duenez.

Oposizioa kontran

EAJk eta PSEk kontran bozkatu dute gobernu taldearen aurrekontu proposamena.

Alfredo Olea jeltzaleak adierazi duenez, gobernu taldearen aurrekontu proiektua “kontinuista” da: “Gardentasunik eza, marketing politikoa eta autobonboa nabarmentzen ditugu”.

Ildo horretan, “oinarrizkoa betetzeko” aurrekontua dela adierazi dute, eta salatu dute gerora gobernu taldeak aurrekontu-aldaketak egingo dituela: “Datorren ekitaldian ziur makromoldaketak bozkatu beharko ditugula, gehiengoa gastu arrunta finantzatzeko”, esan du Oleak.

EAJk ez du emendakinik aurkeztu, eta arrazoia honakoa: “Iaz adostasuna lortu genuen, akordio batzuk lortu genituelako, baina orain errealitatea bestelakoa da, atsekabegarria da. Adostutako proiektu asko egin gabe daude; gure konfiantza eman genuen iaz, eta orain konfiantza hori hautsita dago”, esan du Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleak.

Kontran, PSEk zortzi emendakin aurkeztu ditu, milioi bateko balioarekin. Hala ere, ez dute bat bera ere onartu: gobernu taldeak kontran eta PSEk eta EAJk alde bozkatu dute.

“Izateko bokazioarekin eta oposizio konstruktiboa eginez analisia egin dugu. Emendakinak aurkezten ditugunean horiek baloratzea eskatzen dugu, baina ez da horrela izan gobernu taldearen aldetik”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.

Gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proposamena “urria” dela deitoratu du alderdi sozialistako zinegotziak.

“Iaz abstentziora jo genuen 2025eko aurrekontuaren bozketan gobernu taldearekin proiektuak adostu genituelako, baina gaurdaino ez dira egin”, salatu du Trimiñok: “Ez dute gure konfiantza berriro merezi”.

Alberto Ealo EH Bilduko zinegotziak oposizioaren “borondate falta” salatu du: “Urriaren 24an jakinarazi genien proposamenak jasotzeko prest geundela —oraindik zirriborroa osatu gabe zegoenean, ekarpenak errazago txertatzeko moduan— eta horretarako bi aste eman genizkien. Epea amaituta, ez genuen proposamenik jaso. Ondoren, bi alderdiekin partekatu genuen aurrekontuaren zirriborroa, eta berriro ere ekarpenak egiteko aukera zabaldu genuen”.

“PSEk emendakinak aurkezteari ekin beharrean, prentsara jotzea erabaki zuen, marketing edo propaganda ariketa gisa; gainera, emendakinak epez kanpo aurkeztu zituen. EAJ alderdiak, ez du emendakinik aurkezteko saiakera ere ez egin”, esan dute EH Bilduko ordezkariek.

Zentzu horretan, negoziaketarako “eskua luzatuta” izan dutela argudiatu dute ezker koaliziotik, “nahiz eta udalbatzan gehiengoa izan”.

Eta adibide gisa azaldu dute 2021etik oposizioaren 23 emendakin onartu dituztela: “Horietatik 13 eginda daude, eta beste bost bideratuta ditugu”, esan du Espillak, eta gaineratu du: “Egia da asko iaz onartutako proiektuak direla, baina egia da ere batzuk bideratuta daudela dagoeneko, bidean daudela”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Auzoak plataforman desadostasunak daude 2026ko Udal Aurrekontua dela eta

|

Auzoak plataformako kideak, 2023ko udal hauteskundeen aurkezpenean // Auzoak Galdakao

EH Bilduk, UHk eta Auzoakek osatzen duten Galdakaoko gobernu taldeak 2026ko aurrekontu proposamena aurkeztu dute gaur goizean prentsaurrekoan, arratsaldean ez-ohiko osoko bilkuran eztabaida egon aurretik.

Eta, bitarte honetan, Auzoak plataformak komunikatu bat argitaratu du sare sozialetan 14:00ak aldera, herriko hedabide batzuk etiketatuta, GEURIA barne.

“Jakinarazi behar dugu EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Auzoak osatzen duten gobernu taldeak gaur aurkeztuko duen aurrekontua ez dela gure Auzoakeko batzarrean ez proposatu, ez alderatu, ez eztabaidatu, ez bozkatu ez onartu. Auzoakeko batzarretik behin baino gehiagotan eskatu dugu parte hartzeko interesa, baina Auzoak ordezkatzen duten bi zinegotziek ez diote jaramonik egin gure eskaerari”, salatu dute Facebooken publikatu duten komunikatuan.

Adierazpena Auzoakeko Batzarra osatzen duen “gehiengoak” sinatu duela adierazi dute.

“Atzerapauso larria”

“Udalbatzan onartzeko tramiteak gure batzarraren onespena behar ez badu ere, Auzoaken egoera hau atzerapauso larria da Auzoak proiektuaren funtzionamendu parte-hartzailean eta espiritu asanblearioan”, gaineratu dute.

Auzoakeko bi zinegotziek “zer bozkatuko duten ez” dakiela esan du Auzoakeko batzordearen gehiengoak; “nolanahi ere ziur gaude gure auzoen eta auzotarren ongizaterako erabakirik onena hartuko dutela”.

GEURIAk udalbatzan ordezkaritza duten zinegotziekin hitz egin du eta euren balorazioaren zain gaude. Gainera, Auzoakeko beste kide batzuekin ere jarri gara harremanetan eta adierazi dute plataformako kide guztiak ez zeudela komunikatu horren jakinaren gainean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Galdakaoko Mintzodromoak 120 lagun batu ditu gaur Kurtzeko frontoian

|

Mintzodromoa antolatu dute gaur Galdakaon. Berbalagunak, euskaltegietako eta Bengoetxe, Eguzkibegi eta Elexalde ikastetxeetako ikasleak, herriko elkarteetako ordezkariak eta norbanakoak batu dira euskaraz berba egitera Kurtzeko frontoian. Guztira 120 lagun elkartu dira euskaraz modu parte hartzaile eta lasaian aritzeko.

 

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna