Sareak

☉ Galdakao

#M28 / Bengoetxe eta Urtebieta artean babes ofizialeko 100 etxebizitza eraiki nahi ditu Galdakaoko EH Bilduk

|

Iñigo Hernando eta Iker Casanova EH Bilduko hautagaiak, zenbait galdazkoztarrez lagunduta // Geuria

Iker Casanova Bizkaiko Foru Aldundirako EH Bilduko hautagaia Galdakaon izan da gaur goizean Iñigo Hernando alkategaiarekin batera eta etxebizitzaren arazoaz berba egin dute.

Hernandok adierazi du etxebizitza “negozioa” izan dela “hamarkada luzez”, eta horri “buelta” eman nahi diotela: “Alokairu soziala bultzatu behar dugu, etxebizitza parke publikoa handitu nahi dugu eta alokairuen prezioa mugatzeko neurriak hartu behar ditugu”, dio Hernandok. Iberluzen eraikitzen ari diren alokairu baxuko 60 etxebizitzez gain, Bengoetxe eta Urtebieta artean babes ofizialeko 100 etxebizitza eraiki nahi ditu Galdakaoko EH Bilduk.

“Etxebizitza bizitza proiektua garatzeko ezinbesteko elementua da, eta horretarako herritarrek euren administrazioak alboan daudela sentitu behar dute etxebizitza eskubidea bermatzeko. Eta horretan ari gara Galdakaoko Udaletik ere bai”, dio Hernandok, eta gaineratu du etxebizitza “ikuspuntu sozialetik” garatu dutela bukatzear den legegintzaldian.

Iberluzeko alokairu baxuko etxebizitzak eraikitzen ari dira, batez ere, gazteei zuzenduta // Geuria

“Adibidez, behar gehien dutenentzat eta gazteei emantzipatzeko aukera errazteko 60 etxebizitza eraikitzen ari gara Iberluzen, larrialdi-egoeretarako 10 etxebizitza gehiago ditu orain Udalak, eta Alokabiderekin hitzarmena sinatu dugu hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jartzeko eta hori bultzatzeko. Gainera, Non Bizi zerbitzua ere martxan jarri dugu”. Horretarako etxebizitza bulegoa ireki zuen duela ia urtebete egungo Galdakaoko udal gobernuak.

1.403 etxebizitza huts

Galdakaoko Udalak iaz egin zuen azterketan 1.403 etxebizitza huts zenbatu zituzten herrian: “Etxe asko daude hutsik herrian; azken zenbaketaren arabera, 1.403. Aldi berean, alokairuzko etxebizitzarako eskaria oso handia da. Iaz, 600 eskaera zeuden Etxebiden. Hori kontuan hartuta, Alokabiderekin akordioa egin, eta etxebizitza hutsak alokairuan jar daitezen lanean izan da Udala. Hartarako hainbat etxe jabeekin harremanetan jarri gara eta etxebizitza arazoaren berri eman, eta Alokabide programaren nondik norakoa azaldu diegu”, dio Hernandok.

“Alokabide programa horri esker instituzioen bermea dute jabeek: hileroko alokairua Jaurlaritzak bermatuko du, eta etxean kalterik balego, hori ere Jaurlaritzak ordainduko luke. Galdakaon hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzeko bitartekaritza lanean jarraituko du Udalak, eta etxe hutsen jabeei dei egin die baliabide horiek erabilgarri jar ditzaten”.

“Lehentasuna”

Iker Casanova Bizkaiko Foru Aldundirako EH Bilduko hautagaiak adierazi duenez, etxebizitza da euskal herritarren “kezka nagusietako bat” eta “lehentasuna” koalizioarentzat: “Horregatik dena emango dugu bizkaitar guztiek etxebizitza izateko aukera izan dezaten”.

Iñigo Hernando eta Iker Casanova Galdakaoko zenbait gazterekin berbetan // Geuria

“Euskal herritarrek errentaren % 30 baino gehiago bideratzen dute etxebizitzara, batez beste, hilean 700 euro baino gehiago bideratzen dituzte familiek”, dio Casanovak: “Drama bat familia bizkaitar askorentzat eta arazo larri bat gazte askorentzako ere, izan ere, ez dute emantzipatzeko aukerarik euren soldataren %50a etxebizitzara bideratu behar dutelako”.

Etxebizitzatzen arazoari amaiera emateko, EH Bilduk eta ERCk Espainiako Gobernuarekin alokairuen mugak ezartzeko akordioa lortu dutela gogorarazi du prentsaurrekoan Casanovak: “Hilabete asko izan dira lanean eta negoziatzen, baina azkenean lortu dugu euskal herritarren eta elkarteen eskaria errealitate bihurtzea”.

“EH Bilduk bere onena emango du Udaletan eta beste erakunde batzuetan, eman beharreko pausoak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen; EH Bilduk dena emango du bizkaitar guztiek etxebizitza eskuratzeko aukera izan dezaten”, dio Casanovak: “Etxebizitza eskuratzea eskubidea delako eta ez luxua eta, erakutsi dugun bezala, jendearen kezka nagusiak EH Bilduren kezkak direlako, horiei irtenbideak bilatzeko lan egiten eta lan egingon dugu”.

☉ Galdakao

Metroko tunelak egiteko zulatze-lanak Aste Santua ostean hasiko dituzte Galdakaon

|

Suhiltzaileen eraikina zena eraitsiko dute eta tunelak egiteko makina bat bertan hasiko da lanean // Geuria

Metroaren 5. Linea eraikitzeko lanak hasi dituzte Basaurin, Galdakaon eta Usansolon. Momentuz langileak lurra aztertzen eta prestaketa lanak egiten ari dira. Usansoloren kasuan, Puentelatorre Bidea erabat itxita egongo da lau urtez ibilgailuentzat eta oinezkoentzat, “Puentelatorre zubitik Unkinara arteko tartean”.

Galdakaon, tunelak egiteko lanak Aste Santuan hasiko dituztela adierazi du Udalak: “Orduan hasiko dira lurra zulatzen, bideak ixten eta kamioien joan-etorria handitzen”.

Hain zuzen ere, suhiltzaileen eraikina zenaren ondoan, Lapurdiko aparkalekuan eta Agirre Lehendakaria plazaren inguruan, Bengoetxeko Ostalaritza Eskolaren atzealdean, eta Olabarrietan izango du eragina obrak.

Suhiltzaileen eraikina zegoen gunea izango da lanerako eremu handietako bat, “baina, kasu honetan, ez du eragin handirik izango herritarrengan”, diote udal ordezkariek. Hasteko suhiltzaileen eraikina zena eraitsiko dute, eta tunelak egiteko makina bat bertan hasiko da lanean, “Usansoloko makinak egindako zuloarekin bat egin arte”.

Galdakao erdigunean, Lapurdiko aparkalekuan eragina izango dute lanek, eta baita Agirre Lehendakaria plazaren inguruan Metroak izango dituen bi sarreren guneetan ere: plazan bertan haurreskola ondoan, eta Euskadi kaleko etxe berrien ondoan.

“Eragin handiena, halere, Bengoetxen izango da. Metroak Ostalaritza Eskolaren atzealdean geltokia izango du eta beraz, eraikitze lanak nabarituko dira. Baita hortik gertu, Sixta Barrenetxea ondoko aparkalekuan ere, lanek irauten duten artean bertan egongo baitira obren beharretarako kasetak. Lurra ateratzea eta kamioien joan-etorria etengabea izango da inguru horretan zulatze lanak hasten direnean. Errail bat moztu egingo da kamioiak N-634tik sartu eta irten daitezen, herrira sartu barik, eta horrek asko txikituko ditu kalteak”, diote udal ordezkariek.

Aperribaiko geltokia Olabarrietan egongo da. Lanak egiten diren bitartean N-634 errepidera zuzenean joateko bidea moztuta egongo da eta oinezkoek altueran jarritako pasabide bat izango dute autobus geltokira joateko.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Aperribai / Korrika 23 / 2024

|

Aperribaitik agurtu dute 23. Korrika Galdakaon. Hauek furgonetatik atera dituzten argazkiak:

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakao / Korrika 23 / 2024

|

Usansolotik galdakaora iritsi da 23. Korrika. Jendetza batu da lekukoari ongi etorria emateko eta hainbat argazki publikatu ditugu GEURIAn. Eta hauek furgonetatik atera dituzten argazkiak:

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Galdakaon jendetza batu da 23. Korrikari ongi etorria emateko

|

Usansolok lekukoa eman dio Galdakaori 23. Korrika. Euskararen aldeko lasterketa iritsi artean bertan izan gara!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Korrika Txikiak Galdakaoko kaleak hartu ditu zirrara betean

Korrika Txikia egin dute gaur goizean Galdakaon Urreta, Aperribai, Gandasegi eta Eguzkibegiko ikasleek

|

23. Korrikak hasi du bere bidea Euskal Herrian. Bigarren egun honetan Iparralden jarraitzen du lekukoak eta Nafarroara igaroko da arratsaldean. Bitartean, Hego Uribe eskualdean, euskararen aldeko lasterketa erraldoiarekin bat egiteko ekimenak antolatu dituzte. Gaur goizean Korrika Txikia egin dute Galdakaoko Urreta, Aperribai, Gandasegi eta Eguzkibegiko ikasleek, eta hauek GEURIAn jaso ditugun irudiak:

 

Ver esta publicación en Instagram

 

Una publicación compartida de Geuria (@geuria.eus)

Osorik irakurri