→Galdakao

Mairi elkarte feminista berria eratu dute Galdakaon, “emakumeen artean aliantzak eraikitzeko”

Galdakaok elkarte feminista berri bat izango du aurrerantzean: Mairi emakume feminista batza. Ahalduntzeari buruz hausnartzeko eta, “emakumeen arteko aliantzak eraikitzeko” gunea izateko asmoz eratu dute elkartea.

Mairi elkarteko zuzendaritza batzordea aurkeztu dute gaur // Argazkia: Mairi emakume feminista batza

Galdakaok elkarte feminista berri bat izango du aurrerantzean: Mairi emakume feminista batza. Ahalduntzeari buruz hausnartzeko eta, “emakumeen arteko aliantzak eraikitzeko” gunea izateko asmoz eratu dute elkartea. Batza honen helburuak izango dira emakumeen aurkako indarkeria salatzea, biktimei laguntza eta orientazioa eskaintzea, eta genero indarkeriaren inguruko jarrerak, mitoak eta estereotipoak desagerraraztea.

“Mugimendu feminista sustatuko dugu Galdakaon, emakumeen aurkako indarkeria salatuz; genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat eskuragarri dauden baliabideei buruz lagunduko eta orientatuko dugu; eta, genero-indarkeriaren inguruko jarrerak, mitoak eta estereotipoak ere desagerraraziko ditugu”, dio Ane Valencia Laso Mairi elkarteko presidenteak. Begoña Ormaetxe -aurreko legegintzaldian Berdintasun zinegoztia izan zen- Mairiko presidenteordea izango da.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Galdakaoko zenbait zinegotzia izan dira Mairi elkartearen aurkezpenean // Argazkia: Mairi

Gaur, azaroak 14, aurkeztu dute publikoki Mairi elkartea Gandasegiko areto nagusian. Bertan izan dira, besteak beste, Mairi emakume feminista batzako kideak, arlo sozial, kultural eta politikoko zenbait lagun eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria. “Emakumeen elkarteak funtsezko tresna eta tresna estrategikoa izan dira eta badira emakumeen eraldaketa eta ahalduntze prozesuetan”, dio Landaidak: “Emakumeen elkarteak espazio kolektiboak baino askoz gehiago dira, emakumeen bizitzak eraldatzen eta aldatzen laguntzen duten prozesuak ahalbidetzen dituzte. Beraz, emakumeen elkarte-mugimenduak norbanakoaren aldaketa prozesuetan eta, ondorioz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorraren eraikuntzan duen garrantzia nabarmendu eta ikusarazi behar dugu”.

Gaur egun Galdakaon talde feminista hauek daude indarrean: Momoak Talde Feminista, Usansoloko Talde Feminista eta Erabide Emakumeen Elkartea, besteak beste.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak