→Galdakao

Josemi Olazabalaga: “Andra Marin sukaldaritzako mundu gogorra ezagutzeko aukera izan zuen Manuk”

Galdakaoko Manu Jugo Barrenetxea sukaldaria (Galdakao, 1983) zendu da gaixotasun baten ondorioz, 39 urte baino ez zituela. Beragaz lan egindako Josemi Olazabalaga chefagaz berba egiteko parada izan du GEURIA komunikabideak

Manu Jugo eta Joan Roca, 2009an // Utzitakoa

Galdakaoko Manu Jugo Barrenetxea sukaldaria (Galdakao, 1983) zendu da gaixotasun baten ondorioz, 39 urte zituela. Altxor horietako bat joan zaigu: eskerrik asko, Manu Jugo, herriari eman diozunagatik. Eskerrik asko, horren modu umilean horren gauza handiak egiteagatik eta Galdakaorekin partekatzeagatik”, azaldu du Galdakaoko Udalak sare sozialetan.

Jugoren gertukoekin berba egiteko aukera izan du GEURIA komunikabideak eta modu batean edo bestean Manurekin konpartitutako momentuak bizi izan dituztenek “egun oso gogorra eta tristea” bezala definitu zuten atzokoa eta pertsona zoragarria izateaz gainera talentudun sukaldari bezala deskribatu zuten galdakaoztarra.

“Bigarren lehengusuak ginen”, azaldu du Josemi Olazabalaga Bilboko Aizian jatetxeko arduradunak eta Galdakao Andramari jatetxeko arduradun ohiak. Josemi Jugoren maixua izan zen Andra Marin lan egin zuen garaian: “Andra Marin lanean egon nintzen denboran zehar jatetxera etorri zen lanean hasteko gomendio eta erreferentzien bila”, azaldu du Jugoren maixu ohiak. “Praktika batzuk egin zituen gurekin batera eta lehen egunetik azkenera arte ikasi eta lan egiteko prest agertu izan da betidanik eta Galdakaoko Jardunaldi Mikologikoetan laguntzeko prest agertu izan da betidanik”.

Galdakaotik mundura

Horrela, lehen lanak Galdakaon bertan hasi baino lehen ‘praktikak’ egin zituen Andra Marin: “Oso aktiboa zen eta lehen egunetan hatzamar asko moztu zituen”, gogoratu du Olazabalagak barre egiten. “Gurean sukaldaritzako mundu gogorra ezagutzeko aukera izan zuen eta prestutasuna adierazi zuen lehen momentutik”. Bertatik abiatuta Andoni Luis Adurizen Mugaritzen eta Valentziako El Poblet jatetxean egin zuen lan, Quique Dacosta chefarekin.

Erroman, Sevillan, Mallorkako ‘Maca de Castro’ (Michelin izar bat), Alakanten, Bartzelonan eta Euskal Herrian lan egindako sukaldaria genuen Manu. Gurean Topa taberna eta jatetxea zabaldu zuen beste hiru kiderekin eta Bilboko Monterreyn lan egindakoa izan zen.

Manu Jugoren hileta bihar arrastian egingo dute (uztailak 21, ostirala) Galdakaoko Santa Maria elizan, 19:00etan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak