☉ Galdakao
Bideoa / Manuela Arrieta: «Zelango bonbak eta zelango sarraskie Gernike bonbardatu zeurienean»
15 urte zituen Manuela Arrieta Apellanizek Gerra Zibila piztu zenean. Galdakaoko bonbardaketa ez zuen bizi, Sopuertara ihes egin baitzuen.
Gerrek erbesteratzeak dakartzate maiz. Herritar askok beste herrialde batera ihes egin behar dute askotan, beren etxeetatik eta senide eta lagunetatik aldenduz. Asko atzerrira doaz, baina beste askok, ordea, lurralde bereko beste udalerri batera ihes egiten dute. Manuela Arrieta Apellaniz (Iberluze, Galdakao, 1921) galdakoztarraren kasua izan zen hori. Gerra Zibilaren erdian, 1937an Galdakaotik, bere etxetik, ihes egin behar izan zuen bere ama, bere ahizpekin eta osaba batekin, gurdi eta behiekin. Berrogei kilometro-edo egin zituzten oinez, gauez, Sopuertara iritsi arte.
100 urte dituen Manuelak (aurten 101 urte beteko ditu) oroitzapenak ondo gogoan ditu. Aurtengo maiatzean 85 urte bete dira Francoren agindupean zeuden Alemaniako Legión Cóndorrek eta Italiako Aviazione Legionariak Galdakao bonbardatu zutenetik. 1937ko apirilean, maiatzean eta ekainean zehar hainbat bonba jaurti zituzten bondardeatzaile alemaniarrek eta italiarrek herrian. Gutxienez 28 bonbardaketa zenbatu ziren Galdakaon. Gerra Zibilean Burdin Hesiaren barruan kokatuta zegoen Galdakao, eta Zuhatzun Dinamita lantegia zegoen; hortaz, helburu militar bat izan zen Galdakao. Gainera, herritar zibilen kontrako eraso asko egon ziren. 1937ko maiatzaren 19an jazo zen gertaerarik latzena Galdakaon, Plazakoetxeko babeslekuan: 16 hildako utzi zituen egun hartako bonbardaketak (Ramona Astigarraga, Encarnación Basarrate Burgoa, Adelaida Etxebarria Ibarra, Sergia Etxebarria Ibarra, María Mercedes Izagirre, Moisés Jugo Abasolo, Maria Begoña Moreno Etxebarria, Tomás Lekue Etxebarria, Maria Lourdes Moreno Etxebarria, María Pilar Salaberria Egiluz, Tomás Sierra Etxeberria, Isabel Tutor Izagirre, Ascensión Ugalde Basauri, Sabino Uranga Ocerin, Maria Manuela Zamakona eta Jose Goiarrola Agirre). Baina hildako gehiago egon ziren: 1937ko apirila eta ekaina bitartean 40 herritar hil zituzten Galdakaon faxistek.
Manuelak 15 urte zituen, baina ez zituen Galdakaon jaurti zituzten bonbak bizi, zorionez. Bai, ordea, Gernikara bidean zihoazten hegazkinak ikusi zituen. Sopuertan bi hilabete inguru eman zituzten eta ondoren Galdakaora bueltatu zen. Iberluzen jaio zen Manuela, baina gero Itzagara joan ziren bizitzen. Berarekin solasaldia izan dugu.
Manuela, Gerra Zibila bertatik bertara bizi zenuen. Zer gogoratzen duzu garai haietaz?
Guk martxe gendun Galdakotik Soportara. Joan gintzezan Soportara eta Galdakon ez genun ikusi bonbardaketa. Gurdiegaz eta behiekaz joan gintzezan Soportara. Gau guztie eman gendun bidean. Bonbak ezkozkuezen botaten, baia argiek botaten ezkuen. Gau guztie parau barik.
Eta Sopuertan, zelan?
Soportan etxe bat erosi gendun, eta han hile bi edo holan egin genduzen. Ez dakit fijo baie hile bi inguru egin genduzen.
Eta gero buelta Galdakora.
Galdakora etorri gintzezan nire ahizteagaz —niri segitan doztana eta Usansolon bizi dana— eta osaba bategaz, nire amaren neba bategaz. Galdakon egon zan dana zarratute, baie egon zan lehen Laliega deitzen dotziena zabalik, fatxak ziran eta. Gaur egun Peña Santa Cruz alkartea dago bertan. Hori egon zan zabalik, eta nire osabiak ikusi zeuzen ogiek salduten; zaku bat erosi eta Soportara eroan zauen. Nire ama eta ahiztea zegozan han eta euren bile joan zan.
Zelan bizi zineten Galdakaon?
Etorri gintzezenean Galdakora gero, ondo bizi gintzezan. Gu bizi gintzezan Itzagan. Ni jaio egin naz Iberluzen, baia gero gu joan gintzezan Itzagara, orain Abiadura Handiko Treneko (AHT) zuloetatik gertu egozan baserri batera. Nire amak eta aitek erosi zeurien baserria basoan eta joan gintzezan hara. Han egin zuerien etxetxu bet eta hara biziten joan gintzezan. Neu ezkondu nazenean be ez zan egon Galdakon etxerik, eta egin zauen nire gizonak Itzagan pisue. Ezkondu gintzezan eta hara joan gintzezan biziten. “De viaje de novios” ez gintzezan joan, ze dirue gaste gendun etxea iten. Itxagan jaio direz lau pertsona: Florentxu, Maria Jesus, Joseba eta Bego.
Zure aitak edo senarrak frontera joan behar izan zuten?
Nire aite gerra hasi baino lehenago hil zan. Nire aite hil zen 1936ko urtarrilean eta uztailean urten zeuen gerrea. Osaba Honorio bai joan zan gerrera, baia egon zan gerran denbora gitxien. Seme bakarra zan eta ez zeurien eukin aitarik; ordun etxera etorri zan nahiko arin. Nire gizonak egin zeuzen gerran eta gero soldaduzkan zazpi urte.
Zuk zeuk bonbak jaurti zituzten hegazkinak ikusi izan zenituen.
Soportan gintzezala Gernika bondardatzera joan zirezan abioiak ikusi genduzan. Egon nintzan ni miradorean. Etxe horrek deko miradora eta joan zirezan hiru, hiru eta hiru abioi segidan; bederatzi guztire. Harek ez zeurien atzerantza begituten, harek jakin zeurien firme nora zoazten, firme. Gero zelango bonbak, zelango sarraskie Gernike bonbardatu zeurienean. Baie zelango bonbak… Harek ez zeurien eroan beste misiorik: harek eroan zeurien gauze bet bakarrik, Gernike bonbardatzea. Ene! Halangorik… Zelako tristura…
Horrelakorik ez dadila berriro errepikatu.
Jaungoikoak ez dezala utzi holangorik pasaterik. Gerreak izena moduen deko, gerrea.
☉ Galdakao
Julen Gabiria galdakoztarrak euskaratu duen ‘Elkanoren herriari bueltaka’ liburua aurkeztuko dute Durangoko Azokan
Julen Gabiria idazle eta itzultzaile galdakoztarrak ‘Elkanoren herriari bueltaka’ liburua euskaratu du aurten, eta Durangoko Azokan salgai egongo da abenduaren 5etik 8ra bitartean.
Ander Izagirre idazle donostiarrak argitararatu zuen gazteleraz liburua 2022an, eta bi urte ondoren, euskarazko bertsioa aurkeztuko dute euskal liburuen eta diskoen azoka handian.
Bai Gabiriak bai Izagirrek liburuaren aurkezpena egingo dute abenduaren 8an, igandez, Ahotsenea-Literatura gunean, 16:30etik 17:00etara bitartean.
☉ Galdakao
Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Durangoko Azokan izango dira ‘Margo Pitarak’ proiektua aurkezten
Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Durangoko Azokan izango dira ‘Margo Pitarak’ proiektua aurkezten. Abenduaren 6an, ostiralez, izango da 17:30etik 17:50era Landakoguneako Kabi@n.
Proiektu transmedia da eta igerilari galdakoztarrak eta Eider Eibar ilustratzaileak 7 itsasoen erronkak igerian eta marraztuz euskaraz sorturiko eduki digitalak biltzen ditu: eskulanak, euskarazko sticker animatuak, mapa interaktiboak, bideoak edota animazioak.
Beste alde batetik, Galdakaon bizi den Eider Eibarrek ‘Kokoak’ liburua argitaratu du aurten, eta Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo du. Abenduaren 5ean, ostegunez, izango da 16:30etik 17:00etara Saguganbara gunean.
‘Kokoak’ liburua 3 urtetik gorako umeentzat dago zuzenduta eta Kokoen unibertsoa ezagutaraztea du helburu: “Koko Mako, Maki Moko, Kako Mako eta Koko Miko hitz-joko magikoa abestu eta Kokoak azaldu dira, izaki fantastiko txikiak, gure sorkuntza artistikoko lanetan laguntzen digutenak marrazkietan zulotxoak egin eta bertara sartuz”, dio sinopsiak.
☉ Galdakao
Bideoa / Zein da euskarak duen hitzik politena? Galdakaon erantzun dute!
Abenduak 3 ditu gaur: Euskararen Nazioarteko Eguna. Galdakaon goizean Mintzodromoa egin dute Iturrondoko karpan (hemen argazkiak!) eta jarduera aprobetxatuta Maria, June, Naroa, Aitor eta Rebeca galdakoztar saltseroak GEURIAko mikroaren aurrean jarri ditugu!
Zein da eurentzat euskal abestirik onena? Eta liburu bat aukeratu beharko balute? Zein da euskarak duen hitzik politena? Euren erantzunak jaso ditugu!
☉ Galdakao
Argazkiak / Euskara ahoan, 120 lagunek hartu dute parte Galdakaoko Mintzodromoan
Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur. Galdakaon Mintzodromoa egin dute Iturrondo plazako karpan eta guztira 120 lagun batu dira: Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako eta euskaltegietako ikasleak eta irakasleak, herriko eragileetako ordezkariak eta norbanakoak elkartu dira eta euskara ahoan izan dute ordu t’erdiz. Hiru gai izan dituzte hizpide: ‘Urak har ditzakeen eremuetan eraikitzea’, ‘Zeregin gehiegi, baina denbora gutxi’ eta ‘Ikasgai berria proposatzea’.
☉ Galdakao
Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi galdakoztarrek ‘Momotxorroak’ dokumentala aurkeztuko dute Durangon
‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala abenduaren 5ean aurkeztuko dute Irudienean. Bertan izango dira Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariak
Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala egin du Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi taldekideek zuzenduta.
Dokumentalak Altsasuko (Nafarroa) inauteri tradizionalak berreskuratzeko eta biziberritzeko prozesua jasotzen du: “Antzinate handiko jaia izan zen, eta ahaztuta geratu zen, harik eta Ricardo Aldasorok, herriko nagusienetako batek, momotxorro mitikoak (ospakizun horren elementu nagusia) gogora ekarri zituen arte. Hain zuzen ere, oroitzapen horrek bultzatu zuen Altsasuko inauterien berpiztea, ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentalak jasotzen duen prozesua”, diote.
Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak inauteri horiei buruzko ikerketa eta berreskuratze lanari ekin zion, Juan Antonio Urbeltz folkloristak bultzatuta, azken horrek Jose Maria Satrustegiren ‘Neguko solstizioa’ lanean oinarrituta.
“Urteetan ikertu ondoren, 1978an Andra Mari dantza taldeak lehen aldiz plazaratu zuen inauteria Altsasun, interes handia piztuz eta Altsasuko komunitatea mugiaraziz, bereziki belaunaldi berriak, non, jai hau biziberritzeko erronka hartu baitzuten. 1982an, inauteriak gogo biziz ospatu ziren berriro Altsasun, eta, ordutik, tradizio horri eutsi dio urtez urte, 2012an Nafarroako Gobernuaren interes turistikoko festa gisa aitortuta”, diote.
Galdakao-Altsasu konexioa
Ikus-entzunezkoaren helburu nagusia da Andra Mari Eusko Dantzari Taldearen lana eta tokiko komunitateak ospakizun hori berpizteko hartu zuen konpromisoa erakustea, XX. mende hasieran azken aldiz antzeztu zenetik, 70eko hamarkadan berpiztu zen arte.
“Dokumentalaren helburu nagusia da belaunaldi berriei euskal kulturaren balioa eta esanahia helaraztea, inauteri horien berreskurapenean parte hartu zutenen testigantza zuzenen bidez”, diote.
Euskal folklorearen arloko pertsona aipagarrienen esperientziak eta testigantzak jaso dituzte dokumentalean. Besteak beste, Mikel Zamalloa, Manu Jauregi eta Koldo Telleria Andra Mariko kideek; Patxi Goikoetxea, Amaia Oiarbide, Enrique Zelaia eta Satur Leoz Altsasuko kultur eragileek; eta Juan Antonio Urbeltz Euskal Herriko folklore maisua zein kultur eragileak hartu dute parte dokumentalean.
Era berean, ikus-entzunezkoak Galdakao eta Altsasuren arteko lankidetza-harremanei balioa eman diela adierazi dute Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariek.
Durangoko Azokan
‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala Durangoko Azokan aurkeztuko du Andra Mari Dantza Taldeak.
Abenduaren 5ean, ostegunez, Durangoko Zugaza zineman, Irudienean, ikusi ahal izango da dokumentala, 17:30etik aurrera. Emanaldiaren ostean solasaldia egongo da.