Datorren urtarrilaren 30ean Art Spiegelmanen (Estokolmo, 1945) ‘Maus’ komikiaren irakurketa saioa antolatu dute 18:30ean (lekua laster iragarriko dute). ‘Maus’ Pulitzer saria irabazi zuen lehen komikia dugu. Columbiako Unibertsitateak 1992an eskaini zion saria eta Julen Gabiria itzultzaile eta idazleak (Galdakao, 1973) euskarara ekarri zuen kontakizun biografikoa Astiberri argitaletxeagaz.
Galdakaoko saioan Julen Gabiria bera egongo dela iragarri dute irakurketa taldetik. Gabiriaren bigarren aldia izango da Galdakaoko Irakurketa Taldean: lehen aldia 2020ko urtarrilaren 7an izan zen, “Han goitik itsasoa ikusten da” eleberriaren inguruko saioa antolatu zutenean. “Pandemia heldu baino lehen Galdakaoko Tartalo eta Topa tabernetan antolatzen genituen saioak”, azaldu du Nagore Ferreira Zamalloa Galdakaoko Irakurketa Taldeko kideak. “Pandemia garaian irakurketa saioak online prestatu behar izan genituen eta pandemiaz geroko saioak leku diferenteetan antolatzen ditugu”.

Maus komikiko ilustrazioa // ‘Maus’, Art Spiegelman
Saguak eta katuak, holokaustoan
Spiegelmanek bere aita Vladeken ezpainetatik kontatutako fabula dugu Maus, II. Mundu Gerran kokatutakoa. Saguek juduen errola hartzen dute eta katuek, nazienak. Spiegelmanen gurasoek (Anjak eta Vladek) lazeriak bizi izan zituzten Auschwitzeko kontzentrazio zelaian eta Mausek Bigarren Mundu Gerra eta, konkretuki, judutarrek kontzentrazio esparruetan bizitakoak jasotzen ditu, Spiegelmanek aitaren kontakizunetan oinarrituta. Holokaustoari buruzko kontakizun biografiko hau 1977 eta 1991 bitartean Art Spiegelman beraren eta Françoise Moulyren Raw aldizkarian argitaratu zuten.
Astiberri argitaletxea Spiegelmanen agenteekin harremanetan jarri zen euskarazko bertsioa proposatzeko eta lau hilabete itxaroten egon ostean baiezkoa eman zion Spiegelmanek berak euskarazko bertsioari. Julen Gabiria galdakoztarra, Harkaitz Cano idazlearen gomendioz, izan zen lan hura itzultzeko erronkari eutsi ziona. Hamalau hilabeteko lan gogorra eta “intentsoaren” ostean kaleratu zuten euskarazko bertsioa eta Durangoko Azokan izan zen salgai, iazko abenduan.
“Holokaustoari buruz aritzeko erabili izan diren ohiko moduetatik urrunduta, Art Spiegelman guztiz era berritzailean hurbiltzen da aipatutako gaira, eta, horretarako, bere familiaren esperientzia kontatzen du, memoir grafiko estiloan, generoaren baliabide estilistiko eta narratibo tradizional guztiak erabiliz eta, aldi berean, baliabide berriak ere asmatuz. Lan honen erradikaltasun narratiboak mugarria ezarri zuen nobela grafikoaren unibertsoan”, azaldu dute Astiberritik.
“Guztiz ezinezkoa da Maus irakurtzeari uztea, ezta lotara joateko ere. Saguetako bi maitasunari buruz hizketan hasten direnean, hunkitu egiten zara; sufritzen dutenean, negar egiten duzu. Sufrimenduz, umorez eta eguneroko bizitzak jarritako oztopoz osatutako ipuintxo honetan murgiltzen zarenean, apurka-apurka harrapatu egiten zaitu Europa Ekialdeko familia honen hizkerak, eta gatibu hartzen zaitu kontakizunaren erritmo gozo eta hipnotikoak. Eta, Maus amaitzen duzunean, pena ematen dizu mundu magiko hori utzi behar izateak”, (Umberto Eco).
Julen Gabiria | Bibliografia
Azken lanak itzulpenak izan arren, Gabiriarenak dira ‘Connemara gure bihotzetan’ (2000), ‘Han goitik itsasoa ikusten da’ (2004) edo ‘Nire aita ikusezina da’ (2011) eleberriak.
Eleberriak
- Connemara gure bihotzetan (Elkar, 2000). Igartza Sariaren irabazlea.
- “Han goitik itsasoa ikusten da” (Elkar, 2004). Igartza Sariaren irabazlea.
- “Nire aita ikusezina da” (Elkar, 2011).
Beste batzuk
- “Jose Mari Iparragirre”, biografia (Elkar, 2001)
- “Peter Pan”, James Matthew Barrieren itzulpena (Alberdania 2004)
- “Metro bateko letrak” (Elkar, 2005)
- “Beruna Patrikan”, Ander Izagirreren ‘Plomo en los bolsillos’en itzulpena, Libros del K.O.
- “Coraline”, Neil Gaimanen itzulpena (Elkar, 2019)
