→Galdakao

Adierazpen askatasunerako eskubidea Ertzaintzak urratu diela salatu dute Maxameko grebalariek

Era berean, Maxameko enpresa-batzordeko lau kide Ertzaintzak identifikatu dituela salatu dute sindikatuek.

// Utzitakoa

Grebaren seigarren eguna dute gaur Galdakaoko Maxameko langileek. Egunero bezala, gaur ere Zuhatzuko lantokiaren aurrean daude grebalariak. “Alde batean zokoratu eta polizia-hesi bakarra ezartzearekin pozik egon gabe, gaur euria ari duenez, Ertzaintzak furgonak gure aurrean jartzea erabaki du, haiek barruan egoteko, eta, hortaz, ez zaigu ez grebalarioi ikusten. Gaur goizean goiz, polizia-hesia saihesteko asmoz, gure aldarrikapenen pankarta makila batzuekin igo dugu bertatik igarotzen den jendeak ikusi ahal izateko, baina orain, furgonekin ere pankarta ez da ikusten. Adierazpen askatasunerako eskubidea erabat urratu digute”, salatu dute grebalariek.

Ertzaintza Maxemeko grebalarien protesta eta kausa ikusezin bihurtzen saiatzen ari dela salatu dute sindikatuek // Utzitakoa

Era berean, enpresa-batzordeko lau kide Ertzaintzak identifikatu dituela salatu dute sindikatuek: “Ertzaintzaren dispositiboak Maxameko grebalariak zirikatzeko beste ekintza batean, gure protesta eta kausa ikusezin bihurtzen saiatzen ari dira. Enpresa-batzordeko lau kide modu baketsuan joan dira beren haserrea aginteari adieraztera, eta identifikatu egin dituzte”, diote.

Gaur 10:00etan batzar informatiboa deitu du enpresa-batzordeak lantegiaren aurrean. Eta datozen egunetan ere mobilizazio gehiago egingo dituzte fabrikatik kanpo, hala nola, bihar, otsailak 22, manifestazioa eta elkarretaratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzatik Aldundiko egoitzara.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak