→Galdakao

Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansolo Metroarekin lotzearen alde dago EH Bildu

galdakao-metro-l5-2018-proiektua-eh-bildu

Galdakao erdigunetik Usansolorainoko bidea egingo luke Metroak, “ondoren Arratia, Durangaldea eta Busturialdearekin bat egiteko, Euskotren sarea erabiliz”

Sarratu (Basauri), Aperribai, Bengoetxe, Galdakao, Usansolo eta Euskotren lotzea proposatzen du EH Bilduk // EH Bildu

Aperribai eta Bengoetxe auzoetatik Metroa igarotzea proposatzen du EH Bilduk. Galdakao erdigunetik Usansolon bukatuko luke ibilbidea, “ondoren Arratia, Durangaldea eta Busturialdearekin bat egiteko, Euskotren sarea erabiliz”

Metroa Galdakaora heltzeko azterketa aurkeztu du gaur EH Bilduk. Ezker koalioaren proposamenaren arabera, L3 linea luzatuz iritsiko litzateke Metroa Galdakaora. Horretarako Etxebarritik Basauriko Sarratu auzoraino egingo luke bidea, eta hortik Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloraino.

“Sarratu-Galdakao-Usansolo metro lineak 8 kilometroko inguruko luzera izango luke”, dio Zigor Isuskiza EH Bilduko batzarkideak: “EAJ eta PSEren hasierako proposamenarekin alderatuz, geltoki berri bat gutxiago izango luke gure proiektuak, hau da, Usansolon, Ospitalea eta Usansolo geltokiak izan beharrean, Usansolon geltoki bakarra proposatzen dugu, bi irteerekin: bata Ospitalera eta bestea herrigunera, Unkina plazara. Zentzu horretan estima liteke obra guztiaren kostu totala L5 linearena baino pixka bat baxuagoa izan daitekeela”. Usansolon Euskotren sarearekin bat egingo luke proiektuak, “Arratia, Durangaldea eta Busturialdea eskualdeekin lotzeko”, dio.

galdakao metroa 2018 eh bildu proposamena bea ilardia zigor isuskiza

EH Bilduko Bea Ilardia Galdakaoko zinegotziak eta Zigor Isuskiza batzarkideak aurkeztu dute gaur Metroaren proiektua Galdakao-Usansolorako // Geuria

Gaur egun EAJ eta PSEren proposamena da Euskotren sarea erabiltzea Zuhatzu geltokiraino eta bertatik Galdakaora trenbidea luzatzea. “Proiektu horren arabera, Aperribai eta Bengoetxe erabat baztertuko lituzkete”, dio Bea Ilardia Galdakaoko EH Bilduko zinegotziak.

“Superbidegorria” eraikitzea

EH Bilduk aurteztu duen proiektuaren harira, Metro zerbitzuaz gain hainbat hobekuntza ere proposatzen dituzte: N-634 errepidean mugikortasuna hobetzea eta bidegorri eta bide berde sarea osatzea.

“Besteak beste, konexioak indartu, ontzi-aldaketa azkar, eroso eta doakoak bermatu garraio publiko sare osoan zehar, eta irisgarritasuna hobetu. Era berean, autobusen berrantolaketa ere planteatzen dugu: autobusentzat bide bereziak ezartzea. Modu horretan, abiadura irabazi eta kotxearekiko lehiakorragoa bihurtuko litzateke”, dio Isuskizak.

Bidegorri sareari dagokionez, “superbidegorri” bat eraikitzea proposatzen dute EH Bildutik: “Superbidegorriak bidai luzeagoak abiadura handiagoz egitea ahalbideratzen dute. Hauek bidegurutze eta semaforo gutxiko bidegorriak dira, ohiko bidegorriak baino zabalagoak”, dio Isuskizak. Proiektu honek Bilbo-Usansolo ardatzean Euskotrenek libre utziko lituzkeen trenbide zati batzuk superbidegorri bihurtzea proposatzen du, Atxuri-Sarratu eta Zuhatzu-Usansolo zatiak, alegia.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak