→Galdakao

Metroaren 5. lineak Usansoloko tren geltokia desagerrarazi eta abiadura handiko igogailuak ekarriko ditu ospitalera

Loly de Juan de Miguel Garraio Azpiegituren zuzendaria eta Julian Ferraz Sumillera Euskal Trenbide Sareko zuzendari ondokoak metroko 5. linearen inguruko hitzaldia eskaini dute Galdakaon

Julian Ferraz eta Loly de Juan // Geuria

Ehunka herritar Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxera hurbildu dira Metroaren 5. lineari buruzko hitzaldira gaur arrastian . Hitzaldian Loly de Juan de Miguel Garraio Azpiegituren zuzendaria eta Julian Ferraz Sumillera Euskal Trenbide Sareko (ETS) zuzendari ondokoa izan dira.

Metroaren 5. lineak, edo Ferraz Sumillerak argitu duen bezala, L3 lineako II faseak (Lezamatik Galdakao-Usansolo ospitalera doana) Galdakaora ekarriko dituen nondik norako guztiak azaldu ditu, atalez atal eta infografia eta plano ugari eskainiz adi-adi zeuden herritarrei: zati bakoitzean egingo diren lanak, ‘Cut & Cover’ sistemadun geltokien ezaugarriak (zuloa egin eta egitura estaltzea dakarrena, alegia):

– Sarratuko intermodalean nasa bi jarriko dituzte: batean Metro Bilbaoko tren unitateentzat eta bestea Euskotreneko unitateentzat. Getoki berriak sarrera zuzena izango du La Baskoniako zubitik

– Aperribain, esaterako, erdi lurperatutako eta bi trenbideen artean nasa duen geltokia eraikiko dute, muinoaren magalari doituta (auzoa eta Bi-634 errepide nagusiaren artean)

– Bengoetxen Sarriko auzoan dagoen metro geltokiaren antzekoa jarriko dute, lur azpian eta sarrera bakarrekoa (Aperribai aldetik).

– Galdakao erdigunean, erabiltzaile gehien espero den geltokian hain zuzen ere, haitzulo tankerako geltokia egingo dute (Bilboko metro geltoki gehienen bezalakoa) Torrezabal Kultur Etxeko plaza gorrian bertan sarrera bi eta igogailu batekin (kultur etxeko atzeko aldean).

– Galdakao-Usansolo ospitalea. Galdakaoko erdigunetik Galdakao-Usansolo ospitalera doan tartea lur azpitik igaroko da eta 1.900 metro dauzka. 5. lineako azken geltokiak Galdakaoko erdigunekoaren antza izango du ere eta Norman Fosterren lantaldearen laguntza izan dute arkitektura diseinua egiteko orduan. Basarrate geltokiaren antza izango duen sarrera nagusia Usansolotik gertuago dagoela azaldu du Ferrazek. Balio erantsi modura, igogailu bateria batek erabiltzaileak ospitaleko sarrerara eramango ditu abiadura eta edukiera handiko bi igogailuekin (26 lagun garraiatzeko edukiera izango dute): “Bilboko Zazpikaleak geltokian erabiltzen diren modukoak izango dira eta jende kopuru handia mugitu ahal izango dituzte jende-pilaketak ekidinez”, azpimarratu du Julianek. “Zazpikaleak geltokiko igogailuek milioi bat pertsona mugitzen dituzte urtero”.

Usansolo, kolokan

Sarratu, Bengoetxe, Aperribai, Galdakao eta Galdakao-Usansolo ospitalea geltokien sorrerak bestelako eragina sortu du usansolotarren artean: Usansoloko gaur egungo tren geltokia itxi egingo dute. Horrek eragina izan du jendartean. “Gaur egun ospitalea eta tren geltokia konektatzen duen lanzadera txiki bat dago”, azaldu du Julián Ferrazek. “Planteamendu horri buelta ematea litzateke: autobus zerbitzua jartzea Usansoloko erdigunetik ospitaleko metro geltoki berriarekin. Azken batean, gaur egungo tren geltokia urrun xamar dago”. Konexio berri hori egiteko edukiera handiagoko autobusa beharko dela azaldu du ETSko zuzendari ondokoak.

Gaur egungo tren zerbitzuaren bidez usansolotarrek trena hartu eta “17 minutuko kontuan” Bilboko alde zaharrera iristen direla azaldu du herritar batek hitzaldian: “Metroko 5. lineako planteamenduarekin, usansolotarrok aukera bi ditugu: Galdakaotik Zuhatzura dagoen distantzia bera egin beharko dugu oinez edo lanzadera bat erabili metro geltokira heltzeko”. Usansolotarren arabera, gaur egun 17 minutuko bidaia dena handitu egiten da: bidaiari ekin baino lehen lanzaderaren ibilbidea egin beharko dutelako: “Lanzaderan 10 minutuko ibilbidea egin beharko dugu eta gero trenean Galdakao-Usansolo ospitaleko geltokitik Bilborantz jo beharko dugu, Galdakaoko erdigunetik, Bengoetxetik eta Aperribaitik igaroz”, kexatu da Usansoloko bizilaguna.

Ordubeteko hitzaldiaren ostean hitza herritarrei eskaini dio adituak eta herritarren kezkak eta zalantzak azaleratu dira momentu horretan. Herritar bakoitzak zalantza propioak zituen arren, hainbat izan dira errepikatu diren galderak: L5 linea izenaren zergatia, tren-aldaketak eta linea berriak ekarriko dituen maiztasunak, metroak galdakoztarrengan izango duen eragina (zarata, lanak herritarren lursailetan eta horren ondorioak…

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak