☉ Galdakao
Mikel Larunbe: «Pilotariak ez daude langile bezala antolatuta gaur egun; lan handia dago egiteko oraindik»
Mikel Larunbe pilotari ohi galdakoztarrak pilota profesionala utzi zuen iazko azaroan eta urte berria dela eta beragaz elkartu gara Galdakaoko Kurtzea frontoian
Mikel Larunbe pilotari ohi galdakoztarrak pilota profesionala utzi zuen iazko azaroan. 2013an egin zuen debuta 19 urte zituela, eta ia 10 urteko ibilbidearen ostean eta Baiko Pilota enpresarekin tirabirak izan ondoren (ez zioten kontratua berritu) pilota profesionaletik kanpo lotu da Galdakaokoa. Etaparen itxiera borobila izan zedin, 500 herritarrek sorpresaz eta detaile bereziz betetako agurra egin zioten Galdakaoko Kurtzea frontoian, Adiskide Klubarekin hainbestetan entrenatu eta jokatu duen leku berean.
Hasi eta amaitu, emozioak pilotari profesional ohia harrapatu zuen eta ibilbide profesionaleko azken pilotakadak konpartitu zituen agurrean: Beroiz-Ajuria, Bidaurre-Kantxo eta Atutxa-Varela Adiskideko beteranoena, Legorburu-Ibarron eta Carregal-Gorostiaga Adiskideko nagusiena eta Artola-Eskiroz eta Elezkano II-Larunberen artekoa izan ziren jaialdia osatu zuten hiru neurketak. Frontoiko harmailak hutsik daude gaur eta pistan, pilotan jokatzen ari diren haur batzuk.
Galdakoztarren agurraren ostean oporrak hartu zenituen. Hilabetea igarota eta atseden hartuta, zelan zaude, Mikel? Ondo, egia esan. Eskerrik asko! Pilotari profesionalaren etapa erarik onenean amaitu zen Kurtzean jokatutako partida itzelarekin. Jende asko hurbildu zen agurrera: senideak, lagunak, ezagunak… Egun batzuk igarota oporretan joan nintzen eta momentu honetan trantsizio moduko baten nago, guztiz deskonektatuta, eta bizitzak aurrera jarraitzen du. Betiko martxan, hala ere!
Jende asko eta esku-pilota partida polita. Zer suposatu zuen horrek guztiak zuretzat? Era guztietako sentsazioak piztu zitzaizkidan bertan. Urduri egon nintzen, baina ez partidagatik edo jendeagatik; nire karrera amaitzear zegoen, azken partida zen, nire bizitzako etapa bat itxi nuen egun hartan. Azken pilotakadak eman nituen Kurtzean eta emozio asko piztu zitzaizkidan bertan. Herria primeran portatu zen nirekin: animoak ematen, opariak egin zizkidaten. Egun oso berezia izan zen niretzat.
Gurasoei aipamen berezia egin zenien Kurtzean. Bai, nola ez nien egingo? Nik lan izugarria eta sakrifizio ugari egin ditut ibilbidean zehar baina txikitatik izugarrizko laguntza jaso dut gurasoengandik. Ez didate inolako presiorik egin, asteburu asko eman dituzte nirekin partidaz partida. Askotan etxetik urruti jokatu izan dut eta beti egon dira hor, behar izan dudan guztietan inor baino gehiago laguntzen. Kurtzeakoa nire agurra zen, bai, baina eskerrak eman nahi izan nizkien jende guztiaren aurrean, omenaldi modura. Merezi dute.
Zelan daude etxean? Pozik daude. Momentu txarretan sufritu dute, dena esan behar da. Eurentzat ez da erraza izan: semea telebistan irteten da, beti ez du ondo jokatzen, bolada txarrak daude, amaiera garratza izan da… Hala ere zoriontsu daudela uste dut. Beti bezala.
Egia esateko amaiera garratza izan zuen zure ibilbide profesionalak. 2013an, 19 urterekin debutatu nuenean oso gaztea nintzen. Urteek aurrera egin ahala pilota profesionaleko gabeziez ohartzen hasi nintzen. 2018an Asegarce Baiko Pilota izatera pasa zen eta Jose Ramón Garai gerentea heldu zen. Gauzak okertzen joan ziren eta jendea ez zegoen gustura. Aldi Baterako Erregulazio-Espedientearen (ABEE) hiru hilabete zail horietan kontratua amaitu behar zuten bederatzi pilotari zeuden enpresan eta babesa emateko elkartu ginen, Baikoren aurrean indarra izateko eta pilotari horiei zer gertatuko zitzaien jakiteko, besteak beste. Emaitza modura lau pilotari bota zituzten enpresatik: Mariezkurrena, Laso, Eskiroz eta Victor. Enpresaren tratua ez zen batere ona izan eta ez gintuzten kontuan hartzen, entrenamendu saioak eskasak ziren… Greba egitea erabaki genuen. Urtez urte nekatzen hasiak ziren pilotariak, eta kaleratzeak hasi zirenean eztanda egin zuen denak.
Hala ere, bizitzan borrokatuz gero helburuak lor daitezkeela esan duzu behin baino gehiagotan hedabideetan. Esku-pilotan zenituen helburuak bete dituzu hainbesteko lehiaren ostean? Denok debutatu nahi dugu eta urteren batean txapela irabazi. Nik txapelik ez dut lortu. Talentu izugarriko pilotaria ere ez naiz izan. Nire meritua egunez egun egindako lanean ikusten dut islatuta. Lanari eta inguruko jendeari esker nire helburu propioak lortu ditut eta onenen aurka jokatzeko maila eduki dut.
Egoera ikusita eta alde “on” bat aipatzearren, pilotari askok ez bezala, kirol honek ez zaituela “erre” esan dezakezu nolabait. Jende asko lehiaketan, emaitzetan edota tituluetan zentratzen da eta ez dago txarto. Nik txapelketetako momentu on guztiak goitik behera disfrutatu ditut. Horrek ez dauka atzera bueltarik eta une horiek guztiak betirako gordeko ditut. Egia da nire karrera, epeari dagokionez, ez nuela nahi bezala amaitu: urte gehiago irauteko maila daukat. Baina horregatik ez naiz erreko. Baita zera ere!
Beraz, esan genezake ibilbide profesionalari begira balorazio positiboa egin dezakezula? Bai, noski. Esperientzia oso positiboa izan da. Pribilegiatua sentitu naiz 10 urteko ibilbidean: gehien gustatzen zaidan arloan egin dut lan, horretatik bizi ahal izan naiz, frontoiak beteta ikustea primerako esperientzia izan da eta jokalari onenen aurka lehiatu naiz.
Ibilbidea hasi eta bukatu duzun urte horien artean pilota profesionala aldatu dela esan dezakezu? Kirol arloan ikusten dudan alde nabarmenena, beste kirol batzuetan gertatzen den bezala, abiadura da. Gaur egun abiadura handiagoagaz jokatzen dute pilotariek eta pilota azkarrago heltzen dela esango nuke. Aurrelariak ere beste erritmo bat ezartzen ari dira: aireko jokoa ezinbestekoa da gaur egun eskuz banakakoan. Bestalde, badira berdin diharduten faktoreak: enpresek nagusikeriaz jokatzen dute pilotariekin eta kirolariak ez daude langile bezala antolatuta. Hori izan zen, besteak beste, greban lortu nahi izan genuen helburuetako bat. Enpresari aurre egiteko eta langileen eskubideak eta lan baldintzak defendatzeko babes faltak berdina izaten jarraitzen du. Langile kontzientzia bereganatu behar dute pilotariek eta lan asko dago egiteko oraindik.
Pilota jokoa da harmailetatik edo kameren kristaletatik begiratzen dugunontzat, baina atzetik enpresa bat egongo da beti. Pilota profesionala enpresa pribatuen esku dago eta negozioa izango da. Kontua da enpresa pribatu horiek hartzen dituzten erabakiak nolakoak diren enpresa horiek beraiek diru-laguntza publiko asko jasotzen dituztelako, bai Eusko Jaurlaritzatik eta baita ETBtik.
Oso diferentea izango da azken urteetan aurrez aurre bizi izan duzun esperientzia pilotan izan zenituen lehen urteekin alderatuta, ezta? Ez dago alderik. 8 urtegaz hasi nintzen esku pilotan, Galdakaoko Adiskide Klubean, frontoi berria inauguratu zuten urte berean. Kirol oso ezezaguna zen niretzat eta erabat harrapatu ninduen. Bertako jendea zoragarria da, esku-pilotan bizi den giroa paregabea izan ohi da, bai jokoan eta baita partiden ostean ere. Klubeko jendeari esker zaletasun handia hartu nion kirolari eta lanaren ondorioz goranzko progresioa izan nuen. Haurtzaro eta gaztaroko gogorapen oso politak ditut.
Eskualdetik irten barik ere zaletasun izugarria dago Zaratamon, Zeberion, Etxebarrin… Danel Elezkano eta Mikel Urrutikoetxea bertakoak ditugu eta inoiz elkarrizketatu ditugu haiek ere. Danelegaz eta Anderregaz (Danelen anaia) bereziki harreman oso estua dut, kadete kategoriatik aurrera elkarrekin entrenatzen eta jokatzen genuelako Adiskide Klubean.
Nola definituko zenuke zure burua, Mikel? Kirolari moduan pertsona konprometitua eta langilea naizela esan daiteke. Galdakoztar moduan pertsona hurbila naizela esan dezaket. Kalean denbora asko ematen dut lagunekin eta ezagunekin. Oso aktiboa naiz herrian eta bazkarietan edo Galdakaon antolatzen dituzten ekitaldietan bertan egon ohi naiz.
Bazkarietan ez dakit baina santakurtzetako hanburgesa lehiaketan jo eta su ikusi zintugun kuadrillakoekin. (Barreak) Jaietan ere bai, noski! Herriko semea naiz eta bizitzaren parte handi bat bertan egin dut. Horregatik, bertako jardueretan parte hartzea oso gustuko dut. Azken batean “derrigorrez” lotuta nago herriari.
Bizitzako etapa bat itxi duzu eta urte berriari ekin diogu. Nolako planak dituzu 2023rako? Lan etorkizunari begira asmoa hezkuntzan sartzea da hasiera batean. Zerrendetan nago eta apurka-apurkua puntuak egitea da nire helburua. Kirol profesionalari dagokionez, momentuz atsedenaldi bat hartuko dut. Lasai ibiliko naiz, deskonektatuta. Hori bai, ahal dudan heinean kirola praktikatzen jarraituko dut. Baina pilotara bueltatu edo ez… ez da orain hartuko dudan erabakia.
☉ Galdakao
Gurasolagun egitasmoaren urteko lehen tailerra antolatuko dute bihar Galdakaon
Berbalagunak martxan dira urritik Hego Uribe eskualdean, eta Gurasolagunak ere hasiko dira urtarriletik aurrera elkartzen.
Galdakaon urtarrilaren 24an antolatu dute ikasturteko lehen tailerra: Igel mihiluzeak. Barandiaran AEK Euskaltegian izango da tailerra, 17:15etik aurrera.
Tailerra 3 eta 9 urte bitarteko umeentzat eta euren familientzat dago zuzenduta. Materiala bertan jasoko dute.
“Ikasturteko lehen tailerra izango da. Beraz, proiektua ezagutzeko aukera paregabea izan daiteke. Euskaraz aritzea eta ondo pasatzeko gogoa izatea da eskatzen dugun bakarra”, diote Hego Uribeko Berbalagunetik.
☉ Galdakao
Fernando Izagirre DYAko presidente izandakoarentzat 7 urteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak
Ikerketa judiziala 2022an hasi eta hilabete honetan bukatu da. Izagirre eta Juan Diego Gallardo bere bazkidea epaiketaren zain daude orain
DYAko presidente izan zen garaian (2016-2021) ustez egindako irregulartasunengatik ikerketapean egon da Fernando Izagirre galdakoztarra.
Ikerketa 2022an hasi zuten eta ia hiru urte ostean, epaiketaren zain geratuko da akusatua, baita Juan Diego Gallardo bere bazkidea ere.
Fiskaltzak 7 urteko espetxe-zigorra eskatu du Izagirrerentzat: 4 urte eta erdi administrazio desleialeko delitu jarraituengatik eta 2 urte eta erdi DYAren egoera ekonomikoa islatu behar zuten dokumentuak faltsutzeagatik. Gallardorentzat 4 urteko kartzela-zigorra eskatu du.
Era berean, bi inputatuek DYAri 4,75 milioi euro baino gehiagoko kalte-ordaina ematea eskatu du Fiskaltzak. Eta akusatuen “bizibideak” eta “ondasunak” ikertzeko agindu dio Poliziari, etorkizunean gerta daitezkeen enbargoei begira, kondena bete behar badute.
Akusazio partikularrak, DYAk berak, urte gehiagoko espetxe-zigorra eskatu du inputatuentzat, eta Estibaliz Guevara aurreko gerentea epaitzea ere eskatu du, baina azken eskaera hori ez dute onartu eta errekurtso judizial baten zain dago.
Ikerketa 2022tik
DYAko zuzendaritza batzorde berriak salaketa jarri zuen 2022an, barne-auditoria batek alarmak piztu ondoren. Zehazki, “gauza arraro askorerekin” egin zuten topo auditorian, besteak beste, “diru txartelen erabilera okerra”.
Salaketa publiko egin eta Izagirrek Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako zuzendari karguari eta Galdakaoko Udaleko EAJren bozeramailetzari uko egin zuen.
1986an hasi zen boluntario gisa Izagirre DYAn eta 2016an izendatu zuten presidente. 2021ean kargua utzi zuen Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaritza hartu ondoren.
☉ Galdakao
Galdakaoko Ibilaldiaren abestia aurkeztuko du Eguzkibegi Ikastolak otsailean
Ibilaldia izango da aurten Galdakaon, maiatzaren 25ean. Eguzkibegi Ikastola antolaketa lanetan ari da eta iazko ekainean leloa eta logoa iragarri ondoren, otsailean abestia aurkeztuko dute.
Otsailaren 21ean, ostiralez, izango da 2025eko Ibilaldiaren abestiaren aurkezpena Torrezabalen. Ekitaldia arratsaldean izango da, baina oraindik ordua zehazteke dago.
Bestetik, otsailaren 23an Kanporamartxoa antolatuko dute Eguzkibegik, Ganguren Mendi Taldeak, Adiskide Pilota Taldeak eta Andra Mari Dantza Taldeak. Azken hiru elkarte galdakoztarrek urteurrenak ospatuko dituzte aurten.
Bizkaiko ikastolen egun handia iritsi bitartean, hamaika ekintza antolatuko ditu Eguzkibegik. Lehena urtarrilaren 19an izan zen: Herri kirolen desafioa. Hemen argazkiak!
☉ Galdakao
Bideoa / Ibilaldia 2025 batzordea: “Herri kirolen desafioa arrakastatsua izan da! Oso pozik gaude”
Ibilaldia izango da aurten Galdakaon, maiatzaren 25ean. Eguzkibegi Ikastola antolaketa lanetan ari da eta Bizkaiko ikastolen egun handia iritsi bitartean, hamaika ekintza antolatuko dituzte.
Urteko lehen jarduera urtarrilaren 19an, igandez, egin zuten Kurtzeko plazan: Herri kirolen desafioa. Hemen argazkiak!
Otsailean, bi ekintza izango dira: alde batetik, hilaren 21ean aurtengo Ibilaldiaren abestia aurkeztuko dute Torrezabalen, eta otsailaren 23an Kanporamartxoa antolatuko dute Eguzkibegik, Ganguren Mendi Taldeak, Adiskide Pilota Taldeak eta Andra Mari Dantza Taldeak. Azken hiru elkarte galdakoztarrek urteurrenak ospatuko dituzte aurten.
☉ Galdakao
Argazkiak / Ibilaldiaren urteari hasiera emateko Herri kirolen desafioa giro bikainean ospatu dute Galdakaon
Ibilaldia antolatuko du maiatzaren 25ean Eguzkibegi Ikastolak Galdakaon. Herrian giroa prestatzeko ekintzak antolatzen hasi dira: gaur, urtarrilak 18, Herri kirolen desafioa izan da Kurtzeko plazan. Eguraldi bikainarekin, giroa ezin hobea izan da! Hona hemen GEURIAn egin ditugun 86 argazki!