☉ Galdakao
Galdakaoko Momoak talde feministak bere ibilbidea amaitutzat eman du, 20 urteren ostean
Oharrean bertan zehazten dutenez, erabakia “proiektuaren eraginkortasunari buruzko hausnarketa sakon baten ostean” hartu dute, egungo testuingurura egokitzeko estrategia aldaketa baten beharra ikusita

Galdakaoko Momoak talde feministak atzo jakinarazi zuen bere ibilbidearen amaiera sare sozialetan jarritako mezu baten bidez, bi hamarkadaz Galdakaoko herri mugimenduan parte hartu ondoren.
Oharrean bertan zehazten dutenez, erabakia “proiektuaren eraginkortasunari buruzko hausnarketa sakon baten ostean” hartu dute, egungo testuingurura egokitzeko estrategia aldaketa baten beharra ikusita.
Ibilbidearen balorazioa eta amaieraren arrazoiak
Taldeak 2004an hasi zuen bere bidea herrian, eta urte hauetan guztietan “denbora, indar eta baliabide asko” bideratu dituzte borroka feministara.
Argi utzi nahi izan dute bi hamarkada luzeren ondoren borroka feminista birpentsatzeko beharra ikusi dutela: “Ikusi dugu proiektua ez dela garai batean izan zen bezain eraginkorra”.
Hogei urteko epean, Momoak taldea Galdakaoko erreferente nagusietako bat izan da feminismoaren alorrean, eta hainbat ekintzetan parte hartu edo antolatu dituzte: Indarkeria matxistaren aurkako protokoloak jaietan eta eremu publikoetan, M8 eta A25 daten inguruko mobilizazioen antolakuntza herrian, edo sare feminista baten eraikuntza herriko emakume eta identitate disidenteen artean.
Testuinguru politikoa eta etorkizuna
Proiektua amaitu arren, taldeak adierazi du feminismotik eragiten jarraitzeko asmoa dutela, bereziki “oldarraldi erreakzionarioaren eta ideia faxisten gorakadaren” aurrean.
Momoaken zutabeetako bat “zisheteropatriarkatu kapitalistaren aurkako borroka” dela berretsi dute, eta “klase, jatorri edo identitateagatiko zapalkuntzarik gabeko herri baten aldeko” lana aldarrikatu dute.
Bide batez, taldekideek esker ona adierazi diete bi hamarkada hauetan parte hartu duten kide guztiei eta herritarrek emandako babesari. Halaber, dei zuzena egin diete herritarrei antolatzen jarraitzeko, feminismoa “bizitza ulertzeko tresna” gisa defendatuz.
Agurrerako deia
Oharraren amaieran, “mina eta ezinegona politizatzeko” eta aldaketarako gogoa antolatzeko beharra azpimarratu dute. Nahiz eta egitura gisa desagertu, mezu argia utzi dute Galdakaoko etorkizuneko mugimendu feministarentzat: “antolakuntza kolektiboa da bide bakarra zapalkuntza mota guztiei aurre egiteko”.
☉ Galdakao
Adiskide Pilota Elkarteak txapelketa berezia martxan jarriko du Galdakaon: 14 eta 99 urte bitarteko jokalariak gonbidatu ditu
Partidak apirilaren 15etik ekainera bitartean jokatuko dira Kurtzeko frontoian. Binakako txapelketa izango da eta izena emateko epea zabalik dago martxoaren 15era arte

Galdakaoko Adiskide Pilota Elkarteak txapelketa berezia jarriko du laster martxan: I. Adiskide Pilota Txapelketa.
Gaur egun pilotari direnen eta pilotari izan direnen arteko txapelketa izango da, eta 14 eta 99 urte bitartekoak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Txapelketa binaka jokatuko da Kurtzeko frontoian eta lehenengo partidak apirilaren 15ean jokatuko dira. Ostiralero izango dira partidak 19:00etatik aurrera eta finalak ekainaren erdialdean izango dira.
“Ekimen honekin Adiskide Pilota Elkarteko Batzordeak frontoia ostiralero giro alaiarekin betetzea du helburu”, diote antolatzaileek.
Txapelketa jokatu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 15a baino lehen adiskidepelota@gmail.com helbidera mezua idatzita, Kurtzeko frontoian bertan edo Adiskideko batzordekide bati adieraziz. Bikotekako izena ematearekin batera 10 euro ordaindu behar dira eta bakarka izena emango duenak 5 euro ordainduko ditu.
Atzoko eta gaurko pilotariak
“Ostiral arratsaldeetan Kurtzea frontoian giroa sustatzeko helburuz, nagusien maila ezberdinetako partidak izango ditugu ikusgai. Aspalditxoan pilotan aritu gabe ibili direnek ere txapelketan parte hartzea nahi dugu, pilota goxoarekin jokatuko baitira partidak”, zehaztu dute.
Binakako txapelketa izango da eta bikoteka aurkezteko aukera dagoen arren, bikoterik ez duenak ere izena eman dezake eta Adiskidetik bikotea topatuko diote.
Zortzi tantoko bi jokoz osatuko da partida eta berdinketa izatekotan berdinketa haustea lau tantora izango da.
“Hiru kategoria ezberdin izango ditu txapelketak, mailaka sailkatuta, ahalik eta partida berdintsuenak izateko helburuarekin”, diote.
☉ Galdakao
Galdakaoko udal garajeetan 1.284 eskaera jaso dituzte 253 plaza esleitzeko: bost pertsona plaza bakoitzeko
Eskainitako plaza kopurua baino 1.031 eskaera gehiago jaso ditu Galdakaoko Udalak. Behin behineko zerrendak alegatzeko epea zabalik dago martxoaren 20ra arte

Iturrondoko, Paopako, Lapurdiko eta Berezikoetxeko udal aparkalekuetan hutsik dauden plazak esleitzeko prozesua hasi zuen Galdakaoko Udalak otsailean.
Eta prozesuak interes handia piztu du galdakoztarren artean. Izan ere, libre dauden 253 plaza esleitzeko 1.284 eskaera jaso ditu Udalak: eskainitako plaza kopurua baino 1.031 eskaera gehiago, hau da, bost pertsona daude plaza bat lortzeko.
Datuak datu, alokairu erregimenerako 103 plaza daude eskuragarri eta eskaerak 1.061 izan dira, eta lagapen modalitatean 150 plaza betetzeko 223 eskaera aurkeztu dituzte.
Eskaera kopuru horietatik 40 baztertu egin ditu Udalak behin behinean, batez ere, eskatzaile berak ibilgailu berari buruzko eskaera bat baino gehiago aurkezteagatik edo auto bereko titularkide batek baino gehiagok zozketan parte hartzea eskatzeagatik. “Kasu horietan azken eskaera kontuan hartu da, aurrekoak baliogabetuz”, azaldu dute udal ordezkariek.
Behin behineko zerrendak alegatzeko epea zabaldu du Udalak martxoaren 20ra arte: “Tarte horretan, eskaera egin duten pertsonek behin behineko zerrenda aztertu eta alegazioak aurkez ditzakete, akats edo intzidentziaren bat antzemanez gero”, diote.
Alegazioak Udalari zuzendutako eskabide orokorraren bidez izapidetu ahal izango dira, bai egoitza elektronikoaren bidez, bai Esan herritarren arretarako bulegoan.
Epe hori amaitu ondoren, martxoaren 24an argitaratuko dute behin betiko onartutako pertsonen zerrenda. Eta ondoren, martxoaren 27an udal garajeetako plazak esleitzeko zozketa publikoa egingo du Udalak.
☉ Galdakao
Jonkass abeslariak kontzertua emango du Galdakaon, Korrika Kulturalaren barruan
Martxoaren 13an, ostiralez, izango da kontzertua Iturrondo plazan. Egun horretan ere Bertso poteoa ere izango da Galdakaon, besteak beste

Jonkass musikari bizkaitarrak kontzertua emango du Galdakaon, Korrika Kulturala egitarauaren barruan.
Emanaldia martxoaren 13an, ostiralez, izango da Iturrondo plazan 21:00etatik aurrera.
Horrez gain, martxoaren 13an bertan Korrikaren aldeko beste ekimen batzuk antolatuko dituzte Galdakaon: Gurasolagun Gandasegin (17:00etatik 20:00etara), Bertso poteoa Ganguren tabernatik Onintza Enbeitarekin eta Igor Elortzarekin (19:00etan) eta Beti Jai Fanfarriarekin kalejira Iturrondo plazatik hasita (19:00etan).
☉ Galdakao
Korrikaren aldeko Bertso poteoa antolatu dute Galdakaon, Onintza Enbeita eta Igor Elortza bertsolariekin
Martxoaren 13an, ostiralez, izango da jarduera. Gainera, Beti jai Fanfarria eta Jonkassen kontzertua ere antolatu dituzte egun berean Galdakaon

Korrika Kulturalaren barruan, Bertso poteoa antolatu dute Galdakaon martxoaren 13an, ostiralez.
Onintza Enbeita eta Igor Elortza bertsolariak arituko dira bat-bateko bertsoak botatzen.
Bertso poteoa Ganguren tabernan hasiko da 19:00etan eta herriko tabernetatik ibilbidea egingo dute.
Bestetik, martxoaren 13an bertan Korrikaren aldeko beste ekimen batzuk antolatuko dituzte Galdakaon: Gurasolagun Gandasegin (17:00etatik 20:00etara), Beti Jai Fanfarriarekin kalejira Iturrondo plazatik hasita (19:00etan), eta Jonkassen kontzertua Iturrondon (21:00etan).
☉ Galdakao
Poloniarekin egingo dute aurten Gazte Trukea galdakoztarrek
Uztailean izango da Gazte Trukea, eta izena emateko epea dagoeneko zabaldu dute. Martxoaren 11n informazio bilera egingo dute

Uztailean Gazte Trukea programa gauzatuko da beste urte batez Galdakaon.
Programa horren bitartez, Galdakaoko gazteek (2009tik 2011era bitartean jaiotakoek) aukera izango dute nazioartean ingelesa praktikatzeko, “eta abentura berriak bizitzeko”, diote Argizai Proiektuakeko ordezkariek.
Aurten Poloniarekin izango da trukea uztailaren 8tik 20ra bitartean. Denbora tarte horretan Poloniara bidaiatu eta bertako gazteekin ekimen desberdinak egingo dituzte, eta era berean, Poloniako gazteak Galdakaora etorriko dira gauza bera egitera.
Gazte Trukean parte hartzeko izena emateko epea dagoeneko zabaldu du Argizai Proiektuakek, martxoaren 17ra arte. Interesa dutenek esteka honen bitartez eman dezakete izena.
Guztira 13 plaza eskainiko dituzte, eta baldintza ere izango da martxoa eta ekaina bitartean Youth4change saioetan parte hartzea.
Aurretik, ordea, informazio bilera bat antolatu dute martxoaren 11n, asteazkenez, Indarrako lokalean (Urreta, 16): 17:30ean gurasoei zuzendutako bilera izango da eta 18:30ean gazteei zuzendutakoa.
Informazio gehiagorako proiektuak@argizai.org helbide elektronikoa eta 688 842 899 telefono zenbakia daude herritarren eskura.
Iaz Frantziarekin egin zuten Gazte Trukea galdakoztarrek:











