☉ Galdakao
Gozategi, Mconak, The Stowes, Startijenn eta Gipsy Groove taldeak izango dira Galdakaoko Musika Bizian jaialdian

Urriaren 27an eta 28an Musika Bizian jaialdia izango da Galdakaon, Iturrondo plazan. Estaturik gabeko herrialdeen arteko musika jaialdia da eta aurtengoa bederatzigarren edizioa da.
Euskal Herriko, Kornuallesko, Britainiako eta Kosovoko taldeak bertaratuko dira aurten: Gozategi eta Mconak (Euskal Herria), The Stowes (Kornualles), Startijenn (Bretainia) eta Gipsy Groove (Kosovo).
Era berean, Luthier Azoka, kale animazioa, musika erakustaldiak eta umeentzako musika tresnen tailerra antolatu dituzte jaialdiaren barruan, eta txosna eta afaltzeko taloak egongo direla azaldu dute antolatzaileek.

Garazi Maeso (Andra Mari), Leixuri Arrizabalaga (kultura foru diputatua), Iñigo Hernando (Galdakaoko alkatea), Unai Zabala (Andra Mari) eta Garatz Unamunzaga (Andra Mari) // Geuria
Hamar urte
Musika Bizian jaialdia Andra Mari Dantza Taldeak antolatzen du 2014tik. “Jaialdi askotan estaturik gabeko kulturekin topatu gara eta horrek eraman gintuen Euskal Herriaren antzera dauden kulturak Galdakaon erakustera. Euskal dantzez aparte, musikalki zerbait desberdina sortu nahi genuen”, adierazi du Unai Zabala Andra Mari taldeko presidenteak gaur egin duten prentsaurrekoan: “Beste herrialde batzuetako musika, kultura eta hizkuntza erakustea da jaialdia berezi egiten duena”. Garazi Maeso eta Garatz Unamunzaga Andra Mariko kideak ere izan dira aurkezpenean.
Iñigo Hernando alkateak adierazi du Musika Bizian jaialdia “errotuta” dagoela Galdakaon: “Estaturik gabeko nazioengandik ikasteko eta disfrutatzeko aukera ematen digu jaialdiak eta hori eskertzekoa da”, eta gaineratu du “gozada bat” dela herrian Andra Mari bezalako elkarte bat izatea.
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua ere prentsaurrekoan izan da eta “kultura anitzen” jaialdia dela nabarmendu du: “Kultura askoko transmisioa egiten du Galdakaoko Musika Bizian jaialdiak. Gure kultura indartzeko aukera ematez gain, ateak zabaltzen dizkigu beste kulturak ezagutzeko, eta horretarako musika oso baliagarria da hizkuntza unibertsala den heinean”.
Musika Bizian 2023 / Egitaraua
Urriak 27, ostirala
19:00 Kale animazioa Santi Brouard plazatik hasita: Taberna Ibiltaria
21:30 Kontzertuak Iturrondon: The Stowes (Kornualles) + Gozategi (Euskal Herria)
Urriak 28, larunbata
12:00 Luthier Azoka / Musika erakustaldia / Tailerrak:
– Andrea Pissu eta Giancarlo Seu (Sardinia)
– Jean Baudoin (Gaskonia)
– Jachia (Galiza)
– Ezpela (Nafarroa)
– Osses Albokak (Araba)
– Jotzen Perkusioak (Bizkaia)
– Katxarrismos (Bizkaia)
– Trintxa Zurlanketa (Galdakao)
– Koldo Telleria (Galdakao)
19:00 Kale animazioa Iturrondotik: EinGo
21:00 Kontzertuak Iturrondon: Stratijenn (Bretainia) + Gipsy Groove (Kosovo) + Mconak (Euskal Herria)
☉ Galdakao
Galdakaoko 2024ko aurrekontu proposamenak “inbertsio ahalmen handia” du oinarri
48,8 milioi eurokoa da kaleratu duten proposamenaren zenbatekoa, iazkoarekin alderatuta “% 4,91ko igoera” jasotzen duena

Aurrekontu proiektuaren aurkezpena egin du gaur eguerdian Galdakaoko udal gobernuak, Iñigo Hernando alkateak eta Alberto Ealo Ogasun zinegotziak gidatuta. Bertan egon dira, baita, gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak eta Usansolo Herria alderdietako bozeramaileak.
48,8 milioi eurokoa da kaleratu duten proposamenaren zenbatekoa, iazkoarekin alderatuta “% 4,91ko igoera” jasotzen duena, ogasun zinegotziak adierazi duenaren arabera.
Abenduaren 21eko osoko bilkuran onartzeko asmoa daukate. Oposizioarekin hartu eman izan dutela ziurtatu dute, eta “ekarpenen zai” daudela.
Modu berean, eta Usansolori dagokionez, egun aurrekontua “juridikoki zatiezina” dela azaldu dute, baina hainbat partidetan “banaketa proportzionala” aurreikusten dutela.
Gazta, lau zatitan
Proposamena lau zati handitan banatzen den gazta bat bailitzan aurkeztu dute. Ealok zati horien zenbatekoak xehetu ditu:
- Zerbitzuak (% 51): 29.934.591 €,
- Giza Baliabideak (% 29): 13.925.454 €
- Inbertsioak (% 12): 6.039.231 €
- Diru laguntzak (% 8): 3.793.538 €

Udal gobernu taldeak aurkeztu du 2024ko kontuen proposamena // Geuria
Zenbaki orokorrez harago, Hernandok zifra horien atzean dagoen ikuspuntua azaldu du, aurrekontuak bi oinarri dituela azpimarratuz: alde batetik, “herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitatea bermatzea eta hobetzen joatea”, eta bestetik “udalaren inbertsio ahalmen handia indartzea”. Bi helburu handi horien adibide da zerbitzuen atalak gaztaren erdia baino gehiago jaten duela, %51, hain zuzen ere.
Beste partida batzuen artean, hondakinen bilketari dagokion partida bikoiztu dela nabarmendu du, eta guztira hondakinen kudeaketara zein kale garbiketara 5 milloi euro bideratzen direla.
Gazteriari dagokionez, iaz martxan jarri zuten zerbitzu psikologikoa mantenduko dute, eta herriko gazteei emantzipazioan laguntza eskainiko dien zerbitzua martxan jarriko dute. Bi asmoen aurrekontua guztira 433.000 euroko da.
Pertsona nagusien kolektiboa ere aintzat hartzen du proposamen honek, eta 150.000 euro jarriko dituzte programa ezberdinetara.
Inbertsioak, indartsu
Inbersioen atala ere azpimarratu nahi izan du Galdakaoko alkateak: “beste herri batzuekin alderatuta inbertsio ahalmena oso handia da”. Zenbakitan jarrita, 6 milloitik gora, aurrekontuaren % 12a.
Proiektu esanguratsuenen artean, honako hauek aipatu ditu:
- Txomin Egileor kalearen eraldatzea erreka eta bere ingurua biziberritzeko proiektu integral baten baitan kokatu du. Milloitik gorako inbertsioa egingo dute, norabide bakarrekoa izango da kalea, eta bidearen beste karrila bidegorri batekin lotuko dute.
- Saneamendua eta ur honiduran hobekuntza nabarmenak egingo dituzte, Usansolon, Trokan edo Ibaizabal kalean, besteak beste. Hemen ere milloitik gorako inbertsioa aurreikusten da.
- Elexalde eliza aurreko etxea erosiko du Udalak, “herritarren eskura jartzeko”. Proiektuaren nondik norakoak “dagokion momentuan” zehaztuko dira.
Bukatzeko, diru laguntzetan ia lau milloi bideratuko ditu Udalak, besteak beste, larrialde egoeran dauden pertsonentzako laguntzak mantenduz (981.000 euro), sustapen ekonomikoari eta enpleguari dagokion partida hornituz (enplegu plana, ekintzaileei, dendari elkarteari eta Erletxeko enpresariei diru laguntza), edo herriko taxilariekin adostuko den auzo-taxi zerbitzua martxan jarriz.
Gaztaren beste bi zatiak udalaren gastu estrukturalek osatzen dute, Giza Baliabideak, % 29a, (13.925.00 euro), eta Finantza Gastuak (51.650 euro).
☉ Galdakao
Argazkiak / Izaskun Rekalde omendu dute Galdakaon, Euskararen Eguneko ekitaldi nagusian
Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da. Galdakaon ekitaldi nagusia egin dute Torrezabal Kultur Etxean, eta bertan ekainean zendu zen Izaskun Rekalde usansolotar euskaltzalea gogoratu dute.
Ikastolako lagunak, lankideak eta Pantailak Euskaraz eta Arnas Dezagun ekimenetako bere lagunak izan dira ekitaldian, besteak beste. Era berean, Pantxoa Karrere abeslari lapurtarrak eta bere alabak musikaz girotu dute emanaldia. Taupadak Dantza Eskolak ere parte hartu du.
Izaskunen senideak ere ekitaldira bertaratu dira Torrezabalera eta Karmele Gorroño galdakoztarrak egindako ilustrazioa jaso dute. Ekitaldia Johana Lasheras eta Jon Gomez kazetariek gidatu dute.
☉ Galdakao
Gazte berbodromoa, ekitaldia eta Izaskun Rekalderi omenaldia antolatu dituzte Euskararen Egunaren harira Galdakaon

Abenduaren 3a da Euskararen Nazioarteko Eguna. Galdakaon hainbat jarduera antolatu dituzte, ez bakarrik abenduaren 3an bertan, baizik eta aurreko egunetan ere.
Besteak beste, azaroaren 29an Mintzodromoa antolatu zuen Barandiaran AEK euskaltegiak Kurtzeko plazan eta Maximo Moreno Musika Eskolako ikasleek kalejira egin zuten.
Abenduaren 1etik 3ra bitarteko asteburuan ere hamaika gauza egongo dira Galdakaon: gazte berbodromoa, musika ekintza kooperatiboak, beldurrezko ihes gela, euskara eta ostalaritza sustatzeko kanpaina, talo eta sagardo dastaketa eta Euskararen Eguneko ekitaldi nagusia.
Euskararen Eguneko ekitaldi nagusian, euskararen lorpenak eta erronkak aurkeztuko dituzte, eta Izaskun Rekalde usansolotar euskaltzaleari omenaldia egingo diote. Ekainean hil zen. Berarekin batera euskara sustatzeko hainbat ekimenetan parte hartu duten kide ugari etorriko dira Galdakaora igandean, baita Pantxoa kantaria ere. “Izaskunek ereindako haziari ura botatzen jarraituko dugu”, esan du Gaizka Uriarte Aitu elkarteko kideak.
Euskararen Eguna 2023 | Egitaraua
Abenduak 1, ostirala
20:00 Gazte berbodromoa Ganguren tabernan
Abenduak 2, larunbata
12:00 + 17:00 Beldurrezko ihes gela Plazakoetxeko Topagunean (+12 urte)
Abenduak 2-3
Urretako ostalariekin elkarlanean, euskara eta ostalaritza sustatzeko kanpaina. Euskaraz eskatzeak saria izango du.
Abenduak 3, igandea
12:00 ‘Euskararen lorpenak eta erronkak’ ekitaldia eta Izaskun Rekalderi omenaldia Torrezabalen. Sarrerak agortuta
13:00 Talo eta sagardo dastaketa Agirre Lehendakariaren plazan
☉ Galdakao
Argazkiak / ‘Utzi zaintzak pribatizatzeari’ lemapean egin dute manifestazioa Galdakaon
Zaintza sistema eraldatzeko asmoz, egun osoan zehar hamaika ekintza egin dituzte Hego Uriben greba feminista orokorraren barruan. Galdakaon goizeko lehen orduan gosari kolektiboa egin dute, baita piketeak ere, eta ondoren 12:30ean manifestazioa egin dute Zuhatzutik Santi Brouard plazara ehunka herritarrek. Hauek dira Aitzol Zamalloa argazkilari galdakoztarrak atera dituen argazkiak:
☉ Galdakao
Argazkiak / Dozenaka lagun batu dira Galdakaon Azaroaren 25eko elkarretaratzean

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da gaur, azaroak 25. Galdakaon elkarretaratzea deitu du Momoakek udaletxeko plazan. Dozenaka lagun batu dira kontzentraziora.