→Galdakao

Galdakaoko Coca Colako langileek lanuzte gehiago eta manifestazioa deitu dituzte datorren astean

Norgaba-Coca Colako langileak protestan, Galdakaoko lantegiaren aurrean // Geuria

Norbega-Coca Colako langileen protestek aurrera darraite. Atzo eta gaur zuzendaritzarekin bildu ostean, lanuzte gehiago deitzea erabaki dute enpresa batzordeak eta sindikatuek. Hain zuzen ere, uztailaren 19an, 20an eta 21ean egun osoko greba egingo dute.

Gainera, uztailaren 20an, asteazkenez, manifestazioa deitu dute Bilbon: “Uztailaren 20an manifestazioa egingo dugu Bilbon, EITBren egoitzatik Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiraino”, adierazi diote GEURIAri Galdakaoko Coca Colako langileek. Martxa 11:00etan hasiko dute, eta herritarrak batzea eskatu dute.

“Zuzendaritzak bere behin betiko proposamena helarazi digu. Aldaketa bakarra egin du: gaueko lanaldiaren plusa 2021an 31,43 eurotik 32,05 eurora igaroko litzateke, eta 2022an eta 2023an 40  eurokoa izango litzateke”, diote ELA sindikatuko ordezkariek: “Proposamen horrekin ados ez gaudela jakinarazi diogu zuzendaritzari, erosteko ahalmena bermatu gabe jarraitzen baita”.

Gaur bigarren greba eguna dute Galdakaoko Norbega-Coca Colako langileek. Ekainean eta uztailean lanuzte partzialak egin dituzte, baina atzo eta gaur egun osoko greba deitu dute. Besteak beste, langileen soldata eta lan-baldintzak hobetzea, kontratazio gehiago, organigrama hobea eta lanaldi-murrizketa eskatzen dituzte. Sindikatuek GEURIAri adierazi diotenez, grebaren jarraipena % 90koa da: “Greba egunak arrakastatsuak ari dira izaten, % 90eko jarraipenarekin”, diote ELAtik.

Galdakaoko Coca Colako greba “arrakastatsua” izaten ari dela diote sindikatuek, % 90eko jarraipenarekin

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak