→Galdakao

Galdakaoko Coca Colako greba “arrakastatsua” izaten ari dela diote sindikatuek, % 90eko jarraipenarekin

Norgeba-Coca Colako langileak protestan // Geuria

Lehen greba eguna dute gaur Galdakaoko Norbega-Coca Colako langileek. Ekainean eta uztailean lanuzte partzialak egin dituzte, baina gaur eta bihar egun osoko greba deitu dute. Besteak beste, langileen soldata eta lan-baldintzak hobetzea, kontratazio gehiago, organigrama hobea eta lanaldi-murrizketa eskatzen dituzte. Sindikatuek GEURIAri adierazi diotenez, grebaren jarraipena % 90koa da: “Greba arrakastatsua ari da izaten, % 90eko jarraipenarekin”, diote ELAtik.

Goizean zuzendaritzarekin batu dira sindikatuak. Enpleguari, lanaldiei, soldata-igoerari edota dietei buruz proposamenak egin ditu zuzendaritzak. Hala nola, 11 kontratu mugagabe eta aldizkako 14 lan-kontratu eskaintzea, soldata-igoera orokorra ezartzea (202erako % 3,5eko igoera, 2022rako % 3,7ko igoera, eta 2023rako % 4ko igoera), edota eguneko 12,50 euroko jantoki-txartelak banatzea.

UGTk zuzendaritzaren proposamena “positiboa” dela uste du, baina igoera orokorrak nahikoak ez direla iritzi du. ELAk eta LABek, ordea, proposamen berri bat egin dute. Besteak beste, soldata igoera % 6,5ekoa izatea 2021erako, 2022rako eta 2023rako; edota  aldizkako lan-kontratuak lanaldiko % 100ean izatea eta gutxienez sei hilabetekoa izatea. “Soldataren igoera orokorra gehi plusak batuta, ulertzen dugu langile guztiek erosteko ahalmena bermatuko duen igoera izango dutela. Gainera, plus batzuk aldatzea proposatu dugu, ikusten baitugu sailen artean bidegabekeria konparatibo bat dagoela, eta sail batzuek onura handiak ateratzen dituztela, hala nola, komertzialak, eta beste batzuek kalte handiagoak jasan dituztela, hala nola, ekoizpenak edota biltegiek”, diote ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek.

Goizeko bilera ondoren, arratsaldean ere berriro batu dira, eta zuzendaritzak soldata-igoera orokorrean aldaketa bat proposatu du: 2021ean % 3,5eko igoera, eta 2022an eta 2023an % 4ko igoera. “Sindikatuok balorazioa egin ostean uste dugu zuzendaritzaren azken proposamenak ez duela bermatzen erosteko ahalmenari eustea. Gainera, lanaldian edota txanda-aldaketan ez du bestelako proposamenik luzatu”, diote ELA eta LAB sindikatuetatik: “Gure ustez, zuzendaritzaren proposamena ez da nahikoa, eta hortaz, lanuzteak egiten jarraituko dugula adierazi diegu”. Bihar 09:00etan beste bilera bat izango dute eta 12:30ean asanblada egingo dute sindikatuek langileekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak