→Galdakao

Bi eguneko greba egingo dute Galdakaoko Coca Colako langileek aste honetan

Ekainean hasi ziren protestan Norgeba-Coca Colako langilak // Geuria

Norbega-Coca Cola enpresako langileak protestan daude. Besteak beste, langileen soldata eta lan-baldintzak hobetzea, kontratazio gehiago, organigrama hobea eta lanaldi-murrizketa eskatzen dituzte. Ekainean lanuzteak hasi zituzten eta uztailean mobilizazio gehiago izango dituzte. Hain zuzen ere, greba egunak egingo dituzte uztailaren 14an eta 15ean: “Ostegunean 06:00etan hasiko dugu lanuztea, larunbateko 06:00ak arte”, adierazi diote langileek GEURIAri.

Informazio-piketeak egingo dituzte uztailaren 14an 05:00etatik aurrera eta 06:00etan hasiko dute bi eguneko lanuztea. Ondoren, 12:00etan batzarra egingo dute, “negoziazio-bilera nola joan den azaltzeko eta datozen egunetako lanuzteak zehazteko”, diote. Asmoa dute uztailaren 15ean manifestazioa egitea Bilbon, baina oraindik zehaztu barik dute.

Grebaren alde

“Hitzarmena berritzeko zuzendaritzaren negoziazio falta salatzen dugu”, diote langileek. ELA eta LAB sindikatuen babesa dute langileek, eta orain arte hiru asanblada egin dituzte. Azkenengoa uztailaren 7an egin zuten eta bi puntu bozkatu zituzten. Alde batetik, lanuzteekin eta negoziazioekin jarraitzea edo lanuzterik gabe negoziatzen jarraitzea bozkatu zuten: “Lanuzteekin jarraitzea 69 langilek bozkatu zuten, beste batek lanuzteekin ez jarraitzea bozkatu zuen, eta beste bik abstentziora jo zuten”, diote.

Bestetik, greba mugagabea edo egunetako lanuzteak egitea bozkatu zuten, eta emaitzak hauek: egunetako lanuzteen alde 38 langile agertu ziren, 28 langilek greba mugagabea egitearen alde egin zuten, bost langilek abstentziora jo zuten, eta beste batek ez zuen bozkatu. Gauzak horrela, hemendik aurrera egunetako lanuzteak egingo dituzte Norbega-Coca Colako langileek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak