→Galdakao

Bideoa | Galdakaoko 67 eraikin eta monumentu babestuko ditu Ondare Katalogoak

Iazko abenduko Galdakaoko osoko bilkuran alderdi politiko guztiek argi berdea eman zioten Ondare Katalogoari eta gaur Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelan aurkeztu diete herritarrei.

“Urteetan zehar ikusi izan dugu gure ondarea nola desagertzen zihoan”, azaldu du Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. “Gazteok hala ikusi dugu eta hain gazteak ez direnek, askoz gehiago”. Hori ez errepikatzea da Ondare Katalogoaren helburua, Galdakaoko hainbat eraikin eta monumentu babesteko. “Gandasegiren etxearekin gertatu zena ekidin nahi dugu. Etxe hura ez zegoen babestuta”.

Talde argazkia, Ondare Katalogoaren aurkezpenean // Geuria

Aurreko legegintzaldian Galdakaoko 14 leku babestuta zeudela  adierazi du alkateak: “Herriko erreferenteak diren Andra Mariko eliza, Merkadilloko zubia… babestuta zeuden aurreko legegintzalditik. Gaur aurkeztu dugun katalogo honetan 67 eraikin eta monumentu babestuko ditugu guztira”. Katalogoaren parte dira Torreko zubia, San Andres eliza, Galdakaoko udaletxea, Merkadilloko zubia, Usansoloko zubia, Poblado Firestone… Ondare Katalogoan agertzen diren leku guztiak eraikin edo monumentu motaren arabera sailkatu dituzte.

Fitxak, Torrezabaleko Kultur Etxeko erakusketa aretoan // Geuria

Gaurko hitzorduan 30 herritar inguru hurbildu dira Torrezabaleko erakusketa gelara, babestutako eraikin eta monumentuen izenak ezagutzeko. Hurrengo hiru asteetan hitzaldiak antolatu ditu Udalak herritarrei Katalogoaren nondik norako guztiak azaltzeko, ondarean adituak diren pertsonekin.

“1997tik daramagau Ondare Katalogoari berrikusketarik eman gabe”, azaldu du Olaia Parra Kultura Zinegotziak. “Momentu honetan Katalogoaren onarpen fasean gaude. Egoera honetara heltzeko lantalde bat osatu genuen Galdakaoko ondareko adituekin: Jesús Muñiz arte historiagilea eta Edu Marina aditua eta Xabier Valencia historian lizentziatua”. Katalogazio eta sailkapen lanak arkitektura talde bati eskatu zion Udalak.

Eraikuntza mota guztiak

“Eraikuntza potoloak babestetik harago joan behar gara”, azaldu du Xabier Valencia historian lizentziatuak. “Azken urte hauetan, modagatik (eta zorionez), gizartea arkitektura industriala babesten hasi da eta Galdakaon hiru auzo industrial azpimarragarri ditugu: Iaz 75 urte bete zituen Poblado Firestone, Tximelarre edo ‘Olabarrieta’ eta Santa Barbara. Hiru horietatik hoberen kontserbatzen dena Poblado Firestone dugu”.

Lizentziatu galdakoztarraren arabera, 1950. urtean Revista de la Arquitectura Española publikazioan agertu zen Olabarrieta, eredu bezala. Geroago Tximelarre agertu zen eta aurrerago, Santa Barbara: “Poblado Firestone penintsulan bakarra dugu bere osotasunean sortutakoa, eskulana edo “mano de obra” (erdaraz) finkatzeko.

Herritarrak, babestutako eraikinen fitxa teknikoak ikusten // Geuria

“Hemendik aurrera, interesdun guztiak informatzeko eta komunikatzeko tartea egongo da eta tartean euren propietateak katalogatzeko proposamenaren berri eman behar zaie”, jarraitu du Parrak. “Izapideak aurreikusten duen bezala, jabe guztiek jakinarazpen bat jasoko dute onarpen honen berri emateko katalogo honetarako sortutako fitxa espezifikoaren bidez informazio zehatza emateko”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak